Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-09-21 -- 1912.zenb



Haur eta gazteak banatuta

Orain artean sail bera konpartitzen bazuten ere, hemendik aurrera Pamielak sail bana eskainiko die haurrei eta gazteei. Gazte literaturari dagokionez, Patxi Zubizarretaren «Gizon izandako mutila» liburuaren berrargitarapenak inauguratuko du saila. Ondoren kaleratuko da Iban Zalduaren «Ileluzeen kondaira» lan berria. Haur literatur sailan berriz, Joxemari Iturraldek idatzitako «Zikoinen kabian sartuko naiz» berrargitaratuko dute. Haur poesari ere lekua eskainiko dio sail honek. Honela, Xabier Olasoren «Pupuan trapua» plazaratuko da.


Argazkilarien XI. Biltzarra

Argazkilariei eskainitako biltzarra burutzen ari da egunotan Donibane Garazin. Argian argazkilari profesionalen elkarteak antolatuta, irailaren 28a arte luzatuko da. Bi sailetan dago banatua. Lehiaketa egingo da batetik eta bertan parte hartzeko, 150 argazki jaso dituzte. Horrez gain, hiru erakusketa egingo dira. Oraindik ikusgai daudenak hauexek dira: Hendaiako argazkilaritza Clubeko kideen lanak, Orthezeko argazkilaritza eskolako ikasleen argazkiak, eta Ziburuko argazkilari profesionala den Robert Thurinen obrak.


Nafarroako Auditorioa epeen barruan

1.564 pertsona hartzeko gaitasuna, 830 metro koadroko eszenatokia, bi erakusgela, kongresuetarako aretoak eta kamara areto bat izango ditu Nafarroako Auditorio eta Kongresuen Jauregiak. 2000ko urtarrilan hasi ziren hau eraikitzeko lanak, eta dirudienez, aurreikusitako epean bukatua izango da. Izan ere, urriaren 30a ezagutarazi da inaugurazio data gisa. Data erabat ziurra ez den arren, inaugurazio ekitaldian parte hartuko duten musikarien izenak publiko egin dira. Maria Bayo eta Iñaki Fresan, Pablo Sarasate Orkestra, Iruñeko Orfeoia eta Pablo Sarasate biolin lehiaketako irabazlea izango dira ekitaldian. Ekitaldi bera bigarren aldiz eskainiko da azaroan publikoari zabalik.


Kaleko musikariak

Herriz herri joango dira Musikale, Kale Musikarien Nazioarteko hirugarren Topaketetan parte hartuko duten musikariak. Basauri, Erandio, Leioa eta Sestao dira Musikale Jaialdian parte hartuko duten herriak. Guztira hamabi talde ibiliko dira batetik bestera, estilo guztietako musika eskainiz: Kolonbia eta Kubako doinuak, Ghanako musika, jazz erritmoak, Errumaniako doinuak edota Asturiaseko gaitak entzun ahal izango dira hilaren 19an hasi eta 21a bitartean.


Ikus-entzunezko industria erakarriz

Hiriko 200 irudi esanguratsu biltzen dituen gida plazaratu du Donostiako Udalak. Honen xedea hiria zinema, musika eta publizitate ekoizpenak egiteko leku bilakatzea eta ikus-entzunezko industria erakartzea da. Zinemaldian banatuko zaie atzerriko zuzendari eta ekoizleei.


Bide berriak bizirauteko

Hirugarren Topaketak ditu aurten Okupgraf artista elkarteak. Bide berriak arakatu nahian, arrakasta izan zuten aurrekoek, eta oraingoan ere, bi ekitaldi deigarri prestatu dituzte. Lehena, Iruñeko Ziudadelan abuztutik irailera bitartean ikusgai izan diren sei erakustetek osatzen dute. Bigarrena, urrian ikusi ahal izango da Donostiako La Bretxa merkatal zentroan. «Lehenengo munduan biziraupenerako kartelak» izenburupean kulturaren munduko 19 pertsonei Okupgrafek kartelak osa zitzaten eskatu zien. Esther Ferrerrek, Maialen Lujanbiok, edota Ivan Zuluetak hartu dute parte ekimenean. Lehenengo munduan bizirauteko kartelak Okupgrafen web gunean, eta argitalpen berezi batean ere ikus ahal izango dira.


Abentura Liburuei buruz.

Galtzagorri Elkarteak urtero antolatu ohi du haur literaturaren inguruko biltzarra. Iaz haur poesiari buruz mintzatu ziren. Aurten go azaroan berriz, abentura liburuen inguruko biltzarra egingo dute Gasteizko Villa Suso jauregian. Bertan bilduko dira ikerlariak, adituak eta alor honetako idazlerik onenak.


Zinemarekin maitemintzen.

Zinema maitatzeko moduetako bat zinema bera ezagutzea dela frogatzen du Gasteizko Montehermoso Kulturuneak abian jarri duen Zinema Maitatu ikastaroan. Jada abian da aurtengo ikasturtea. Bertan saio didaktikoak eskainiko dituzte asteazkenero. Hirugarren Munduko Zinema, Zinema eta Gerra, Zinema eta Erlijioa, Abenturazko Zinema... gaiak jorratuko dira, besteak beste. Eta ostegunetan zine proiekzioak egingo dira Florida zinema aretoetan.


Musikenek ez du behin betiko egoitzarik izango 2005a baino lehen.

Hori da Anjeles Iztuetaren sailaren aurrekontuetatik ondorioztatu daitekeena. Goi Mailako musika kontserbatorioko ikasleak kexatu egin ziren iaz Miramar Jauregian ez zutelako leku nahikorik. Konpontzeko, Hezkuntza Sailak ikasleak beste bi zentroetan banatu ditu. Behin betiko egoitza ordea, 2005ean inauguratzea zegoen aurreikusia.

Urtzi Urrutikoetxeak zera zioen «Berria»n: «Literatur zale gutxi dira saltoki handietara beren beregi liburuaren bila doazenak, baina behin han egonda...».

Aitzol Aramaio zinegilearen hitzak dira hauek «Habe» aldizkarian jasoak: «Berton egiten dena, oro har, kalitate handikoa da. Eusko Jaurlaritzaren æKimuakÆ egitasmoak asko lagundu du honetan. Hala ere, nire ustez, film luzeak egin beharko lirateke. (...) Eta æeuskal zinemarenÆ etiketa hori ez zait asko gustatzen. Komuneko zerbait izan beharko genuke, estilo antzekoa (...). Film laburrei begiratuta, ikusten dut kontatzeko oso modu ezberdinak ditugula batzuek eta besteok».

Juan Garziak «Zeberri» aldizkarian: «Literatur lan bat itzultzean hizkuntza beti zabaltzen da pixka bat. Obra on guztiek dute aurrez esan gabe zegoen zerbait».

Xabier Erkiziak honakoa idatzi zuen «Berria»n: «Globalizazio musikala ere badagoela erran dezakegu (...). Orain dela urte batzuk herrialde bakoitzaren kultura promozionatzea zen helburua, egun ia esterilizazio kultural batera hurbiltzen ari gara (...)».


Vincent Barthe izendatu dute Baiona eta Lapurdi Kostaldeko Orkestrako zuzendari. Barthe Parisko Sorbona Unibertsitateko zuzendari artistikoa izan da orain artean. Urriaren 5ean hasiko du orkestrak denboraldi berria Baionan.

Juan Ramon Madariagak «Izozmendiak» izeneko poema liburu berria plazaratuko du udazkenean Susaren eskutik.

Zarama taldearen diskografia guztia berrargitaratuko du urrian Elkar diskoetxeak.

Koldo Chamorro argazkilari gasteiztarrak «Filico» izeneko erakusketa paratu du Iruñeko Zapateria aretoan urriaren 21a arte. Bertan, txikitatik ezindua den bere lagun bati egindako 37 argazki ikus daitezke.

Paco Sagarzazuk eta Itziar Lazkanok hartzen dute parte Txalo Produkzioak-en azken lanean. «Cabaret Latino» izenburupean estreinatu berri dute Barañainen eta hilaren 19an Gernikan ikusi ahal izango da.

hemeroteka

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan