Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2003-09-21 -- 1912.zenb

Pilar Iparragirre

Nola laburbilduko zenuke zure narrazio hau?
Austriako Vienan has zitekeen istorioa dela esanez, oso musikazaleak baitira hiri horretan. Maite dudan hiria da Viena. Duela urte asko denboraldi bat eman nuen bertan, eta liluraturik geratu nintzen: hango lorategiak, hango parkeak, hango jauregiak, hango museoak, hango tabernak! Gogoratzen naizenez, hiriko parkeetan orkestra txikiren bat edo beste aritzen zen jo eta jo, baltsean. Egia ere bada umeek eta atzerritarrek soilik egiten zutela dantza, inozentziaren ausardiak emandako hegalez. Nolanahi ere, «Itzarri nahi ez zuen printzesa» liburua baltse bat da, dantza arin eta alaia, dantza jostalaria hasieratik bukaeraraino.

Zer esan nahi duzu horrekin?
Baltsea, maitasunaren ateak irekitzen dituen mugimendua da, eta «Itzarri nahi ez zuen printzesa» maitasun istorio bat, Joanes eta Justinaren istorioa, mende eta mendeetan kontatu izan diren istorioak bereganatu eta laburbiltzen dituen istorioa. Nik, egia esan, maitasun istorio bat kontatu nahi nuen. Maitasun istorio aspaldikoa, baina gaur egun ere baliagarri izan zitekeena.

Eta zertan oinarritu zara hori egiteko?
Justina Joanesekin maitemindurik dago, eta Joanes Justinarekin, baina ez da horretaz jabetzen ahalik eta Justina bere begien aurrean printzesa eginik -hau da, printzesaz mozorroturik- ikusten duen artean. Gizonezkoak ez baitu emakumea maite bere bihotzeko errepresentazioan printzesa bat ikusten duelako, baizik eta kanpoko begiz printzesa ikusten duelako.

Josu Iztueta

Duela 20 urte joan nintzen estreinakoz Jugoslaviara, bazuen orduan xarma berezia, Europa ekialdeko sistema politikoak ez ziren bidaiatzeko egokienak baina Jugoslavia bai, erakargarria zen oso.

Mendia, itsasoa, herriak, hiriak, ibaiak, irlak... paisaje ederrak zituen, herrialde merkea zen eta gainera ez zegoen etxetik oso urruti (2.000 kilometro).
Hogei laguneko taldea ginen, hogei pertsonaz osatutako giza-puzzlea hiru astetako elkarbizitzan. Guk taldean ederki pasatu genuen, asko gure artean ezagunak ginen, beste asko betiko lagun onak egin ziren eta gaurdaino diraute gure arteko hartu-emanek.

Garai hartan, 1983an, gutariko gutxi ohartu zen orduko herrialde hura herri, etnia, eta erlijio desberdinez osatutako puzzle konplexu bat zela. Elkarbizitza zaila zen, Jugoslaviako giroa, txartzen, okertzen, usteltzen joan zen eta 1991n gerra lehertu zen.

Gerra hura esplikatzea ez da batere erraza (beste batzuekin alderatuz behintzat), eta bere osotasunean ulertzea guztiz konplikatua. 1990. urte inguruan Europako mapa politikoa etengabe aldatuz joan zen, orduan erositako atlas liburuek ez zuten denbora askorako balio izaten. Bi Alemaniak bat egin asmoz zebiltzan, Txekoslovakiak beranduxeago bi errepubliketan bereiztea erabaki zuen, Jugoslavia ohia lauzpabost zatitan deuseztatzen ari zen... Haietako baten izena Mazedonia. "Mazedonia" hitzak egokia dirudi nahaste-borraste hura definitzeko edo orduko saltsa ulertzeko.

Eslovenia eta Euskal Herria

Esloveniak 1991ko ekainaren 25ean aldarrikatu zuen bere independentzia. Biharamunean gerra hasi eta bi aste iraun zuten borrokek. Esloveniak Austria eta Italiarekin egiten du muga besteak beste eta kokapen geografiko horrek zerikusi handia izan zuen eta du gaur egun errepublikaren etorkizunean. Bere 20.000 kilometroko azalera Euskal Herrikoaren antzekoa da, populazioari dagokionean, hemen hiru milioi inguru gara eta han bi milioi dira. Eslovenia eta Euskal Herriaren artean parekotasunak bilatzen hasiz gero asko topa genitzake baina desberdintasunak nahi izanez gero ere beste hainbeste aurkituko genituzke.

Irailean gaude, Gipuzkoa erdigunean dagoen Ernio mendia gogoratuko dugu. Bere 1.076 metroak itsasotik 15 kilometrotara altxatzen dira. Bere tontor nagusiaren eta Gazume mendiaren arteko Zelatun lepoa askoz urrutiagotik bereizteko modukoa da. Urtero bezala, hilabete honetako igande guztietan, milaka lagun bilduko da bertako erromerietan.

Asteasu, Larraul, Alkiza, Hernialde, Albiztur, Bidegoian, Errezil eta Aia dira Ernio besarkatzen duten herriak eta Erniozaleak Kultur Elkartekoek dioten bezala: "Ernio, batu eta aldentzen gaituena da". Erdian egoteak bere abantailak baditu eta gerturatzeko bide aukerak ugariak dira. Bide luzeenak eta motzenak bat egiten dute goialdean, auto pilaketak handiak izaten dira behealdean, batez ere Andazarrate eta Iturriotzen, hauetatik abiatzen baitira ibilbide laburrenak.

Triglav mendia, Esloveniako altuena da bere 2.864 metroekin, Juliotar Alpetan kokaturik dago eta beste inguruko bimilakoen artean nabarmen altxatzen da bere tontor tente eta zuria. Sei hilabetez zuri elurrak estaltzen duelako eta beste seiretan ere bai kareharrizkoa delako. Bitxikeria bezala aipatu, geologian "karst" izena maiz erabiltzen dugula Euskal Herrian. Hitz hori izen bereko Esloveniako Karst eskualdetik dator. Bertan dagoen erliebea disolba daitezkeen harri sedimentarioz osatua dago eta forma bereziak sortzen ditu. Triglav, mendi zaila da igotzeko baina gaur egun badira gutxienez bi baldintza tontorra erosoago egiten dutenak:

- Bailarako herrietatik tontorreraino 2.000 metrotako desnibela dago eta aterpetxe egiturarik ez balego oso gutxi lirateke igo eta jaitsi egun berean egingo luketenak.

- Aterpe horietatik gorainoko bideak kablez prestaturik daude. Harkaitz-labar horietako batzuk ez dira oso zailak baina bai arriskutsuak.

Uda partean ehunetik gora lagun igotzen da egunero Triglav tontorreraino bide ezberdinetatik, eguraldi onarekin hainbestean, baina txarrarekin gauzak oso bestelakoak izan daitezke. Praka motzetan, kirol zapatilekin, agure zaharrak, gazteak, haurrak... denek iritsi nahi dute gorenera Ernioko erromeria bailitzan. Esloveniar batentzat, Triglav, bizitzan gutxienik behin edo ahal badu askotan igo beharreko mendia baita!

Iraileko lehen hiru egunetan, Donostiako Miramar Jauregian, udako ikastaro bat antolatu da mendiari buruz. Atzerriko aditu batek zera zioen: "Munduan badira bi herri txiki mendizale tradizio handikoak, bata Eslovenia eta bestea Euskal Herria, proportzioan, biak hala biak, goi mailako alpinistak, eliteko eskalatzaileak eta puntako himalayistak dituzte... baina ez hori bakarrik, igandero-igandero milaka lagun joaten da mendira bai han bai hemen".

Munduko artzainak

Mendia gu bezalako askoren atsedenleku eta jomuga izan liteke baina erabat mendian bizi direnak beste batzuk dira, artzainak. Garai bateko ikazkinak, basomutilak eta meategi gizonak desagertuz joan dira baina artzaintzak bizirik dirau. Bizirik eta biziago, horren adibide egunotan Arantzazun egiten ari den Artzain Mundua izeneko topaketa. Bertan elkartu dira mundu zabaleko hainbat artzain kulturako ordezkari. Alpeak, Argentina, Kalifornia, Kenya, Mongolia, Laponia eta beste leku askotatik etorritakoak elkartuko dira. Guztion artean iragana gogoratzeko, oraina indartzeko eta geroa ziurtatzeko.

Irailean Ernio mendira joan gaitezkeela esatean ez ditugu gailurreko gurutzeak aipatu, harritzekoa. Gurutzea jarritako tontorrak asko dira gurean baina perretxikoak bezala ugaritutako dozenaka gurutze Ernion bakarrik daude. Guztiak ez dira hildako mendizaleen izenean jarritakoak, baina urtero mendian hiltzen direnenentzat bada beste egun jakin bat. Irailaren hirugarren igandean Betsaiden (Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia elkartzen diren mugarrian), beste mendizale asko elkartzen dira. Mendiak askori bizipoza ematen digu eta gutxi batzueri heriotza.

Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda



Hegazkin supersonikoen danbatekoa txikitu nahian

Soinua baino abiadura handiagoan bidaiatzen duten hegazkinek danbateko bortitzak sortzen dituzte eta ia erotzeraino ernegarazten dute inguruan hartzen duten jendea (ez belarriei sortutako sufrikarioagatik bakarrik, baita pareta arinak edota etxeetako leihoak dardararen dardarez apurtu arte astintzen dituztelako ere).
Zientzialariek, arazoari irtenbidea eman nahian, aspaldi heldu zioten gaiari. Amerikako Estatu Batuetako Armadako Ikerkuntza taldeak, esate baterako, 7 milioi dolarreko inbertsioa egin berri du eta frogak egiten hasi dira dagoeneko (orain dela 56 urte Chuck Yeager pilotuak abiadura horretan egindako lehen bidaia egin zuen inguruan, hain zuzen ere).
Azken ikerketen arabera, orain dela 40 urte ingeniari batzuek aipatutako susmoak baieztatzen ari dira eta hegazkinaren beraren itxura dago arazoaren oinarrian. Antza denez, hegazkin batek 1.200 kilometro orduko abiadura gainditzen duenean, presio-uhinak izugarri konprimatzen dira eta horren ondorioz zarata eztanda gertatzen da. Funtsa jakinda, helburua presio-uhinen konprimaketa eragoztea da, eta horretarako, hegazkinaren itxura aztertu beharra dago.
Aipatu berri dugun ikerketaren haritik, orain dela gutxi ehiza-hegazkin bati hainbat elementu aldatu zizkioten. Besteak beste, eskularru itxurako pieza bat ipini zioten muturrean eta aluminiozko egiturari eta fuselajeari material konposatu batez eginiko egitura berezia erantsi zioten. Geroztik, soinua baino abiadura azkarragoan bidaiatzean sortzen den zarata jasangarriagoa zaie gure belarriei.
Aurrerantzean, pentsa liteke laster batean hegazkin komertzialek ere soinua baino azkarrago bidaiatu ahal izango dutela.


Ordulari zehatz-zehatza patrikan

Office of naval research-eko ikerlariek, denbora ahalik eta doien neurtzen duen aparatuen ikerkuntzan jarduten dutenek bederen, euren azken asmazioa plazaratu dute oraintsu: 10.000 urtetik behin segundo bat besterik galtzen ez duen ordulari atomikoa, pospolo kaxa baten tamaina besterik ez duena.
Paretako nahiz eskumuturreko ordulari arruntak ez dira horren zehatzak inondik ere, eta egia esan, beharrik ere ez. Baina aplikazio teknologiko ugarik -hegazkin eta itsasontzi, satelite edota misilen gidaritzarako erabiltzen direnek, esate baterako- ezinbestekoa dute zehaztasuna.
Ordulari atomiko oso zehatzak bazeuden lehenagotik ere, baina 4.800 zentimetro kuboko bolumena zuten eta 50 watt kontsumitzen zuten. Aurkeztu berri den honek ez du lehengo erraldoi horiekin zerikusirik: 40 zentrimetro kuboko bolumena besterik ez du eta watt bakar bat kontsumitzen du. Guztiz eramangarria da, beraz. Aurki, dena den, ordulari are txikiagoa plazaratuko dutela dirudi, beste ikerketa talde bat 10 zentimetro kuboko bolumena besterik izango ez duen erlojua lantzen ari baita.


Etxeetan sortzen diren hondakinak: kezkatzeko moduko datuak

Bi urtetik behin, Frantziako industriariek, administrariek eta ingurugirorako elkarteek pare bat eguneko jardunaldiak antolatzen dituzte hondakinen gainean eztabaidatzeko.
Hona hemen hainbat datu. 2002 urtean 25 milioi tona hondakin sortu ziren etxeetan eta zifraurtero %2 handitzen da. Produktuen estalkiak hondakin guztien erdia dira bolumenean eta % 30 pisuan. Hondakin mota hau, gainera, neurririk gabe hazten da urtero, moda berriari jarraiki, gauzarik txikienari ere estalkia jartzen baitzaio. Halaber, ekipamendu elektriko edo elektronikoen hondakinak (telebistak, garbigailuak...) %5 hazten dira urtean.
Jardunaldi hauen helburua, negutegi-efektua sortzen duen karbono dioxidoa mantentzea edo ahal den neurrian txikitzea, hondakinen errausketaren ondorioz kanporatzen diren gasak gutxitzea eta garbiago izatea, hondakin erradioaktiboak kontrolatzea eta politika garbizale honen kostuak ebaluatzea eta segitzea da.

Jon Gurrutxaga

Urteak pasa ahala musika mundua gero eta estilo gehiagotan banatzen ari da. Azkenaldian fusioak musika mota gehiago sortzeko parada eman du. Eta hortaz, entzuleak askoz ere aukera zabalagoa du. Euskal Herrian musika estilo bat izan da nagusi hainbat urtetan. Azken urteotan, ordea, mundu zabalean bezala estiloak ugaritu egin dira: heavy-a, rock-a, hip-hop-a, technoa... Bob Marley eta The Wailers taldeak Europan hain ezagun egin zuen reggae-ak ere bere tokia topatu du gure artean. Asko ez badira ere, badaude Jamaikako doinu horiek jorratzen dituzten taldeak. 12 Tribu banda azpeitiarrak ia zortzi urte daramatza rastafari doinu dantzagarriak Euskal Herrian barrena hedatzen.

Popetik reggaera

Aurrekariak topatzen hasiz gero Uztauek izan zen 12 Triburen hazia erein zuen banda. Izan ere, talde hartatik zetozen Jorge, Txato eta Galo izan ziren proiektu berriaren bultzatzaileak. Borja, Mark, Jaques eta Peio izan ziren beraiekin batera lehen formazio sendoa osatu zutenak. Bi gitarra, baxua, bateria, saxoa, teklatua eta tronboiaz osatutako bandak Tau Ceti izenpean egin zuen lehen grabaketa. Lau abesti haiek, ordea, ez ziren bakarrik argitaratu. Bilduma hartan beste hiru talde azpeitiar izan zituzten lagun. "Atxuiya Sound" izenarekin kaleratu zen lana. Orain bezala, grabaketa hartan ere ingelesez mintzatu ziren, izan ere, Mark abeslaria australiarra da. "Egia da ukitu internazionala ematen diola taldeari. Baina egia esan, beharrizanagatik egiten dugu ingelesez. Mark eta Txato bateria-joleak dira abesten jartzen diren bakarrak. Bestalde, bateria jo eta abestea ez da batere erosoa. Hortaz, Mark da abeslari nagusia. Gustatuko litzaiguke abesti guztiak euskaraz abestea, baina... ", diosku saxofoi-joleak. Lehen grabaketa hartan oraindik pop doinuak jorratzen zituzten, baina jadanik hasiak ziren reggae munduan murgiltzen. Estraineko diskoa 1998. urte inguruan kaleratu zuten. Grabazio berriarekin batera banda azpeitiarrak izena ere aldatu zuen. Horrela, Israelgo hamabi tribuak gogoratuz 12 Tribu izenez bataiatu ziren. Formazioan hainbat aldaketa izan eta gero, beste hiru partaide sartu ziren taldean, banda azpeitiarra tronpetaz, DJ batez eta perkusioaz indartuz. Eizagirreren esanetan baliabide oso gutxirekin burutu zuten grabaketa: "Zortzi pistako mahai analogiko batean grabatu genuen, ahal zena egin genuen". Produkzio guztiaz taldea arduratu zen eta banaketarako Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen laguntza izan zuten. Argitaletxeak "Hotsak" zigiluarekin kaleratu zuen "Who´s your leader" izeneko estraineko lan hura. Makina bat kontzertu eskaini zituzten lan harekin. "Armintzako Txapel Reggae Jaialdian izan ginen, Nafarroan ere hainbat emanaldi egin genituen, gaztetxe askotatik pasa ginen. Eskarmentu handia hartu genuen garai hartan", onartzen du saxofoi joleak. Kontzertuak eskaintzeari utzi gabe bigarren disko bat grabatzeko abestiak konposatzeari ekin zion banda azpeitiarrak. Horrela, joan zen neguan "In it together" grabatu zuten. Gaur egun zazpi partaidek osatzen dute 12 Tribu: Mark (ahots nagusia, gitarra solista eta erritmikoa), Ladis "Ras la" (baxua eta koroak), Imanol (teklatua), Txato (bateria eta koroak), Dono (tronpeta), Pello (tronboia) eta Borja "Txarly" (saxoa, flauta eta koroak).

Jamaika, rastafaria, filosofia eta bizimodua

Gaur egungo beste hainbat estilok bezalaxe reggaeak ere Ameriketara Afrikatik eramandako esklaboen musika tradizionalean ditu sustraiak. Horrela, bluesa Mississippi inguruan sortu zen moduan, reggaea Jamaikatik dator. Mento izenekoa, Jamaikako musika tradizionala da Eizagirreren esanetan reggaearen jatorria. "Mentoa rythm&blues eta soularekin nahastean ska musika sortu zen Jamaikan. Skatalites eta Laurel Aitken dira, besteak beste, estilo hori gure artean ezagun egin dutenak. Bob Marley bera hasieran ilea soilduta ibiltzen zen eta ska estiloa jorratzen zuen The Wailing Wailers taldearekin. Ska-ren erritmoak pixka bat aldatuz eta makalduz rocksteady eta reggae estiloak sortu ziren gero", azaltzen du Borja Eizagirrek. Banda azpeitiarreko saxofoi- joleak, gainera, Euskal Herrira etortzen den bakoitzean Lauren Aitkenek lagun duen bandan parte hartzen du, Basque Ska All Stars izenekoan, alegia.

Reggaea rastafari mugimenduarekin oso loturik izan da beti. 12 Tribuko saxofoi-joleak dioskunez, sinestunak, rastafariak, elizetan biltzen ziren abestu, danborra jo eta Jah jainkoa gurtzeko. Marihuana erretzearen filosofia ere bide horrekin bat zetorren. Taldeko partaide guztien kasua ez bada ere, Eizagirreren esanetan badira zenbait kide rastafari mugimenduarekin oso identifikaturik sentitzen direnak. "Beste era batera bizi izango bagina, agian, denok txurroekin joango ginateke kaletik, baina... ni alde horretatik agnostikoa naiz", onartzen digu saxofoi-joleak. Azpeitiarraren esanetan, zerbait barruraino sentitzeko ez da zertan janzkera zehatz batekin joan behar kaletik.

Reggaezale sutsuak ez direnen artean Bob Marley da, dudarik gabe, Jamaikako musika estilo honen erreferentziarik garrantzitsuena. Bestalde, musikari eta pertsona handia izan zela uste badute ere, Marley ez da, ezta gutxiagorik ere, azpeitiarren eragin bakarra. "Taldean entzuten dugu Bob Marley, baina beste hainbat banda mitiko daude, Burning Spear, kasurako. Disko berrian gainera talde horren kanta bat sartu dugu. Hor daude Al Jaman, Gregory Isaac... zortzi mila klasiko esan ditzaket", dio Eizagirrek.

Jon Garaño

Izenak argi uzten duen moduan, Donostiako Nazioarteko Zinemaldian mundu osoko filmak izaten dira ikusgai. Europa, Amerika, Afrika, Asia zein Ozeaniakoak. Nazioarteko zinemaldi bihurtu zenetik, bigarren edizioan, bokazio hori izan baitu beti Zinemaldiak.

Aurrekoa egia izanik ere, azken urteetan Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak Hego Amerikako zinegintzari arreta berezia eskaini izan diola nabaria da. Eta horren lekuko da aurtengo edizioan "Etorkizun Latinoa" saila jarriko dela abian. Hego Amerika zein Iberiar penintsulako zinematografien erakusleiho berria, hain zuzen.

Sail berri honetan Espainian ezezagunak diren filmak, osorik edo partzialki Hego Amerikako herrialde batean ekoiztu izan direnak, jatorri latindarreko zinegileek zuzendu edota mundu zabaleko komunitate latinoen egoera hizpide duten pelikulak ikusi ahal izango dira. Arturo Ripstein zine zuzendari mexikarrak zuzendutako nazioarteko epaimahai baten esku geratuko da hauen artean onena zein den erabakitzea. Sarituak "Horizontes" saria eta 18.000 euro jasoko ditu.

"Etorkizun Latinoa" sail orokor honetan, "Horizontes Aukeraketa", "Made in Spain" eta "Zinema Eraikitzen" azpisailak daude. Lehenengo azpisailean Hego Amerikarekin zerikusia duten filmak sartzen dira, bigarrenean berriz Espainian azken urte honetan ekoiztuak izan diren filmak.

Hirugarren azpisailean berriz film multzo bitxiago bat topa daiteke: amaituak izateko diru laguntza baten beharra eduki eta horren bila dabiltzan film latinamerikarrak, hain zuzen.

"Zinema Eraikitzen" ekimen hau 2002. urtean sortu zen Toulouseko Rencontres Cinémas d'Amérique Latine Zinemaldia eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren elkarlanaren ondorio bezala.

Hasitakoa bukatzeko ekimena

Lehenengo aldiz Europako bi zinemaldi elkartu ziren zinema latinoamerikarrari irtenbide berriak eskaintzeko asmoz, herrialde hauetako segurtasun ekonomiko ezak izugarrizko trabak jartzen baitizkie amaitzear dauden film proiektuei.

Bi zinemaldien elkarlanetik jaiotako ekimen honek, zorrozki aukeratutako fikziozko film luze latinoamerikarren osatzea erraztea du helburu. Errodajea egina izan arren, amaitu gabeak dauden filmak baitira aukeratutakoak. Hots, grabatuak izan ostean post-produkzioari, irudi eta soinuaren muntaia eta egokitzapenari ekin ahal izateko zailtasunak dituzten filmak.

Teknologia digitalaren etorrerarekin, jende askok kamera digitalarekin filmak grabatzeari ekin dio. Grabaketaren kostuak asko jaitsi dira, eta hori horrela izanik, teknologia berriek orain dela gutxi arte existitzen ez zen aukera bermatu diete zinegileei euren filmak grabatu ahal izateko.

Baina film bat ez da grabaziora, errodajera, mugatzen. Behin grabatua dagoenean era profesionalean editatu behar baitira bai irudia eta baita soinua ere, filma publikoak eskatzen duen gutxieneko maila teknikora irits dadin. Hemen hasten dira zinegileen arazoak, post-produkzio teknologia eta teknikari hauen lana ez baita batere merkea izaten.

Gainera, nahiz eta bideo digitalean grabatuak izan, zine aretoetan ikusgai izateko film hauek zine formatura pasa behar izaten dira eta hau ere ez da merkea izaten. Honi guztiari soinu nahasketak, musika konposaketa, banatze eta publizitate kostuak, besteak beste, gehitu behar zaizkio. Hori horrela izanik, film asko bukatu gabe geratzen dira gaur egun eta hauei irtenbide bat emateko sortu zen "Zinema Eraikitzen" ekimena.

Lehen ere film bukatu gabeak bazeuden, baina orain askoz gehiago daude. Grabaketak zine formatuan egiten zirenez, garestiagoa zen errodaje bati ekitea eta jende gutxik ekiten zion honi teknologia digitala asmatu aurretik.

Egun pelikula bat egin nahi duenak maiz ez du filma grabatu ostean zer etorri daitekeen pentsatu nahi izaten. Nahiago izaten du grabatu eta gerokoak gerorako utzi. Badira beste zinegile batzuk filma bukatzeko arazo guztiak grabaketaren ondoren etorriko direnaren oso jakitun direnak, baina grabaketari ekiten diotenak, grabatutako irudiak filma bukatzen interesatua egon daitekeen ekoizle bati konbentzitzeko bidea izan daitezkeelakoan.

Arrazoi batengatik edo bestearengatik, kontua da zinegile hauek hasiak dituztela euren filmak, grabaketa burutua izaten dute, eta hortaz "Zinema Eraikitzen" egitasmorako hautagai direla.

Zine profesionalentzat

Egitasmoaren mekanika sinplea da: Zinemaldian zine profesional talde bati erakusten zaizkie amaitu gabeko film hauek, zine profesional hauek nahi izanez gero film hauen finantzazioan parte har dezaten.

Egia esan, film hauek ez daude publiko orokorrari begira zuzenduak, amaiturik gabeko filmak diren heinean. Nazioarteko ekoizle, banatzaile, industria teknikoen ordezkari, telebista, zinemaldi, erakunde eta prozesu zinematografikoaren etapa desberdinekin zerikusia duten enpresei zuzenduta daude soilik. Izan ere, profesional hauek baitira filmak ikusleengana eraman ditzaketenak.

"Zinema Eraikitzen" ekimen honek aukera berria eskaintzen die post-produkzio aldian dauden latinoamerikar eta Espainiako zinegile gazteen film independenteei. Donostiako Zinemaldiak honako ekimenean esku hartzea eskaintzen baitie Espainiako zinegile gazteei ere.

Esperientziaren fruituak

Esperientziak Toulouseko Rencontres Cinémas d'Amérique Latineren lankidetzarekin gauzaturiko sail honek zuzendari eta ekoizleei euren lanak gauzatzeko aukera berriak eskaini dizkiela frogatu du. Beharbada inoiz ikusi ahal izango ez genituen filmak bi zinemaldi hauen ekimen honen haritik pantailaratu ahal izan baitira.

Lekuko esanguratsuena ziurrenik "Zinema Eraikitzen"en lehenengo edizioan jaio zen Carlos Sorinen «Historias Mínimas» film argentinarra izan daiteke. Toulosen burutu zen "Zinema Eraikitzen" ekimenaren lehen edizioan jaiotako film honek, besteak beste, iazko Donostiako Zinemaldian epaimahaiaren sari berezia, Sundance World Cimena sailerako aukeraketa eta Argentinako zine kritikak ematen dituen zortzi Zilarrezko Kondor lortu zituen, horien artean film onenaren saria. Horrez gain, Hego Amerikako hainbat herrialdetan, Frantzian eta Espainian estreinatu zen.

Sarituak eta estreinatuak izan diren beste film batzuk ere atera dira ekimen honetatik, baina baita estreinatu ezin izan diren film batzuk ere. Dena den, denak izan dute «Historias Mínimas» filmak izan duen aukera bera, izan ere ekimen honek ez du bermatzen filmeen arrakasta; filmak osatzeko aukera bat besterik ez du eskaintzen.

Aurtengoa "Zinema Eraikitzen"en laugarren edizioa da, eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldian gauzatzen den bigarrena. Edizio honetarako aukeratuak izan diren zortzi filmak «El transcurso de las cosas», «El cielito», «Fugaz», «Pueblo chico» eta «Otra vuelta» argentinarrak, «Los suspiros de mi corazón» espainiar-argentindar koprodukzioa, «Metero» brasildarra eta «La sombra del caminante» kolonbiarrak izan dira. Oraindik grabaturiko film proiektuak baino ez diren arren, aurki akaso hauetakoren bat zine aretoetan edota datorren urteko Zinemaldian ikusteko aukera izan dezakegu. Hala bedi.


Zakurra zeure laguna
Gotzon Garate
Elkar
171 orrialde
12 euro



Harreman luze baten emaitza


Zakurrenganako maitasunez eta haien ohoretan idatzitako liburua dugu Gotzon Garateren hauxe. Izan ere, txikitatik izan ditu zakurrak bere inguruan Gotzon Garatek, baita gaur egun ere, Deustuko unibertsitatean, eta zakurrekiko harreman luze horren emaitza eskaini nahi izan digu Elkar argitaletxearen eskutik plazaratu duen "Zakurra, zeure laguna" lanean. Aipatutako liburuan, zakurrekin lotura estua duten era askotako pasadizo eta gertakizunak biltzen ditu Gotzon Garatek, etxekoenak ez ezik Euskal Herrian zehar baserrietan egindako egonaldietan ezagutu dituenenak ere bai. Era berean, gizakiaren lagunik onena dela esaten den horren ezaugarri orokorrak, ohiturak, ondo hezteko egitea komeni dena eta beste hainbat jakingarri jaso ditu liburuan.


Memoria 2002
Eusko Ikaskuntza
Eusko Ikaskuntza
191 orrialde



Urte oso bateko ekitaldi eta gorabeheren kontu ematea


Ohiko duenez, aurten ere plazaratu du Eusko Ikaskuntzak aurreko urteko memoria, non jasorik dauden 2002an zehar burutu dituen jarduera ugariak eta epe bereko txosten ekonomikoa. Albiste bikain batekin abiatu zen urte hura Eusko Ikaskuntzakoentzat, urtarrilaren 16an sinatu baitzen "Euskal kulturaren aldeko apustu garbia" ziurtatzen zuen hitzarmena Eusko Jaurlaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundiak eta euskal kulturaren ikerketa, irakaskuntza eta zabalkundea eginkizuntzat dituen erakunde horren artean. Gero, Asmoz eta Euskomedia fundazioen eraketa, Euskal Herri osoan barrena nahiz gure geografia eremutik kanpo egin ziren 16 foro akademikoen antolaketa, eta beste asko etorri ziren.


Diario de un clandestino
Miguel Bonasso
Txalaparta
280 orrialde
13,50 euro



Militantziaren gazi-gozoak


Duela urte batzuk "Memoria de la Muerte" (1994) nobelarekin dar-dar batean utzi gintuen Miguel Bonasso idazle argentinarrak, Videlaren diktadurapean bahitu eta desagerrarazi zituzten milaka hiritarrei gertatutakoa kontatuz. "Diari de un clandestino"n, berriz, Montoneroen erakundeetan hamar urtez bizi izan zuen militantziaren gazi-gozoak jasotzen ditu. Izugarriak jasan behar izan zituzten Argentinaren agintea Bonassok bezala eskuetan zeukaten hainbat militarri ikuspegi iraultzaile batetik aurre egiten saiatu zirenek. Juan Domingo Peron generalaren itzulerarengatik borrokan zebiltzan makina bat kide hiltzen ikusteaz gain, Peronek berak iraultzaileak nola arbuiatzen zituen bizi behar izan zuten, eta baita Montoneroek beraien artean izan zituzten liskarrak ere.


Eguberri kanta
Charles Dickens
Hiria
132 orrialde
11,50 euro



Dickens, bere garaiaren isla


Nerea Mujika Arandak euskaratu du Hiria argitaletxeak plazaratutako Charles Dickensen "Eguberri kanta". Familia behartsu bateko semea izanik, hamabi urterekin hasi behar izan zuen Charles Dickensek, bere aita, zorrak zirela eta, espetxeratu zutelako. Sekula ez zitzaizkion ahaztu bere haurtzaroko giro eta nekeak idazleari, bere idazlan guztietan ondo asko ikus daitekeenez. "Eguberri kanta" esandakoaren lekuko ezagunenetakoa dugu. Victoria erreginaren garaian bizi izan zen gizon zeken bat du protagonista nagusi. Inori ez zion laguntzen, eta bistan da, inork ez zuen bera asko maite, bere eskribau gazte jatorrak izan ezik. Baina Eguberriarekin batera gizon zekenaren bizitza erabat aldatuko zuen ustekabeko bisita etorri zen.


Maitagarria zarelako
Guido van Genechten
Ibaizabal
26 orrialde
17,20 euro



Bost urtetik aurrerako haurrentzat


Bere pelutxezko hartz txuri eta guzti dator "Maitagarria zarelako", haurrek egin ohi dituzten galderak eta eskatzen duten baldintzarik gabeko maitasuna gai dituen ipuina. Nekane Umerezi esker orain euskaraz irakur daitekeen kontakizun hau, Guido van Genechtenek sortu eta marraztu zuen, bost urtetik aurrerako umetxoentzat, eta erabat adierazkorrak dira bertan azaltzen diren irudiak. Elurtsu deitzen den hartz txiki bat du protagonista. Gauza asko dakizki Elurtsuk, baina kontutxo batzuk ez ditu ondo ulertzen, eta amatxori galdetzen dizkio. Adibidez, zergatik maitatzen duen bera hainbeste. Eta amatxok esan egiten dio Elurtsuk entzun nahi duen horixe.


Bat Soziolinguistika aldizkaria
Batzuen artean
sei
144 orrialde / 6,01 euro



Euskara azterketa "makroetan" eta egitasmo berrietan


Azkeneko "Bat" soziolinguistika aldizkarian, besteak beste, makroikerketa soziolinguistikoei buruzko irakurketa kritikoa egiten da, UNESCO erakundeak osatutako munduko hizkuntzei buruzko txostena aurkeztuz eta hari buruz zenbait adituk diotena azalduz. Eta gauza bera egiten dute Europako Batzordeak 1992an argitaratu zuen "Euromasaic" izeneko lanarekin. "Euromasaic"ek, Europako Batasuneko hizkuntza komunitate gutxituak, hizkuntza politika eta hizkuntza aniztasuna ditu gaitzat.


Itzarri nahi ez zuen printzesa
Felipe Juaristi
Alberdania
274 orrialde
17 euro



Errealitatea eta nahiaren arteko jokoa


Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak eta Alber dania argitaletxeak batera plazaratutako liburua da Felipe Juaristiren "Itzarri nahi ez zuen printzesa", Joseba Jaka beka eskuratu zuen kontakizun poetikoa. Ipuin luze batean hainbat eta hainbat ipuin laburrago tartekatzen ditu Felipe Juaristik errealitatearen eta nahiaren arteko jokoa den maitasun istorioa agertzen duen kontakizun honetan. Maitasunaren kariaz gizonezko guztiak printze eta emakume guztiak printzesa bihurtzen direla esan ohi da, baina gertatzen dena zerbait konplikatuagoa dela iruditzen zaio berari, gehienetan gizonezkoa printze bilakatzen denean jartzen baitu emakumeak harengan begia, eta emakumea printzesa bihurtutakoan erreparatzen baitiote gizonezkoek ere hari. Hau da, gizonezkoak ez du emakumea maite bere bihotzeko errepresentazioan printzesa bat ikusten duelako, baizik eta kanpoko begiz printzesa ikusten duelako. Eta horixe gertatzen zaio "Itzarri nahi ez zuen printzesa"ko Joanesi ere, printzesa bat maitatu nahi du, eta Justina maitatzen amaituko du, baina printzesaz antzaldaturik etortzen zaionetik aurrera.

hemeroteka

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan