Xabier Telletxea
Euskara erabiltzeko beharraz jabeturik, Mintzalagun egitasmoa sortu zuen 1993ko abuztuan Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak. Orduz geroztik mila ikasle baino gehiagok parte hartu du egitasmoan. Euskaltegian ikasirikoa praktikan jartzeko xedez, bi ikasle euskara menderatzen duen lagun batekin biltzen dira astero ordubetez gutxienez. Lehenengo topaketa elkartean bertan egiten duten arren, hortik aurrerakoak kanpoan egiten dituzte: mendian, kalean, zineman, tabernan edota euren zaletasunen araberako giro eta guneetan.
Hil honetan hasten da Euskal Autonomia Erkidegoan zabalduta dagoen Mintzalagun programa honetan parte hartzeko aukera. Euskaltegietan egitasmoari buruzko informazioa eskaintzen dute eta interesatuen fitxak biltzen dira. Praktika hauetarako, elkarteak konfiantzazko norbait aurkitu ohi du, bere euskalkiaz hitz egingo duena eta diru saririk jasoko ez duena. Parte-hartzaileak bost edo seigarren urratsean dauden ikasleak direnez, hasieran teoria praktikara eramatea zail izaten zaie, lotsa ere tartean izaten dela, noski. Adiskidetasuna lortu ostean ordea, hizkuntzaren erabilera hobetu eta euskalki ezberdinak ezagutzen dituzte, kaleko hizkera alegia.
Asteroko hitzorduez gain, hilero aparteko eskaintzak antolatzen dira programaren barruan, besteak beste, egonaldiak, irteerak eta afariak. Ekimen horien helburua ikasleek jende gehiago ezagutzea eta euskaldun esparrua zabaltzea da. Gainera, parte-hartzaileek "Mintzalagunen txokoa" izeneko buletina jasotzen dute non Bagerak eskaintzen dituen ekimen edota euskal hizkuntzaren inguruan izaten diren egitasmoen berri ematen zaien. Hitz egiteaz gain irakurri ere euskaraz egin dezaten, egitasmoan parte hartzen dutenek «Irutxulo» eta «Gaztetxulo» aldizkariak jasotzen dituzte.
Bizkaia mailan, Berbalagun du izena egitasmoak. Getxon esaterako, Udalak eta beste zenbait euskaltegi eta euskara elkartek sustaturiko Egizu proiektua murgildu da egitasmoan. Egizu Getxon euskaraz hitz egitea bultzatu nahi duen proiektua da. Metodologia berdina jarraitzen badu ere, zenbait xehetasun aldatzen dira. Taldeak bostekoak izan ohi dira. Bertako euskara sustatzaile Nahia Guenagak ikaslearen profilari dagokionez jende irekia izan ohi dela azaldu digu: "Taldeak gustu eta adinaren arabera antolatzen direnez, giro polita sortu ohi da euren artean eta programaren baitan eskaintzen diren hitzorduez gain, euren kabuz gelditzen dira maiz. Iaz 60 lagunek parte hartu zuten egitasmoan". Getxoko euskaltegien eskaintzan, besteak beste, hitzaldiak, kontzertuak eta ipuin kontalarien saioak ere sartzen dira, betiere euskara jakintzak hedatzeko xedez antolatuak.
Esperientzia aberasgarria
Ikasturte amaieran galdeketa bat egin ohi zaie ikasleei, euren esperientzia zein izan den eta euskararen erabilpenean izan duten garapena nolakoa izan den jakiteko. Parte-har- tzaileen iritzia jakiteko xedez, Aitziber Gurutzeaga Bagerako koordinatzailearengana jo dugu. Ekainean amaitutako ikasturtean eginiko galdeketen emaitzen arabera, %85 euskara erabiltzen hasi da inguruko norbaitekin, batik bat auzokideekin, lagunekin eta lankideekin. Erabiltzen hasi ez direnek ohitura eta ziurtasun falta jarri dituzte argudio gisa. Denek erantzun dute euren hizkuntz gaitasuna hobetu dela. Hizkuntzaren erabileran aurrerapauso hori familian eta komunikabideak kontsumitzerakoan eman dutela adierazi dute ikasleek. Aurreko urteetako ikasleek, aldiz, aurrerapausoa lan esparruan eman zutela jakinarazi digu Bagerako koordinatzaileak.
Kolaboratzaileek (euskaldun zaharrek) ere galdetegi hau betetzen dute ikasturtearen amaieran. Ekimen honetan parte-hartzea nolakoa izan den galdetu zaienean %75ak oso ona eta aberatsa dela erantzun du eta %25ak ona. Beraiek izaniko konpromisoari esker ikasleek euskararen erabileran izan duten garapena ikustea oso aberasgarria izan dela zehaztu dute. Eta, %83ak hastear den ikasturtean jarraitzea erabaki du.
Talde hauek lortzen duten konfiantza maila ikasturtean zehar areagotuz doanez, lagunak egiten dira eta sarriago elkartu ohi dira. Hori dela-eta, parte-hartzaile askok egitasmotik irtetea erabakitzen dute, jada ez baitute zertan programan izena eman euren artean elkartzeko. Ikasle izandako batzuk euskara menderatzen duen kidearen papera betetzera ere heltzen dira. Beste batzuek berriz, hizkuntz gaitasuna garatzen jarraitzeko izen emango dute ikasturte honetarako.
Mintzalaguna adiskide
Egitasmoan parte hartzen duten gehienak helduak badira ere, azken aldian geroz eta jende gazte gehiagok izena ematen duela baieztatu digu Gurutzeagak. Iritzi horrekin bat dator Nahia Guenaga euskara sustatzailea. Kolaboratzaileak bilatzea omen da egun lanik zailena, ordainsaririk gabe bere jakintzak eskaintzeko prest dagoen jendea alegia. Mintzalagun proiektuan euskara praktikatu nahi duen edonor apunta daiteke euskaltegien bitartez nahiz elkarteetara joz. Halaber, Donostian, Arrasaten, Deustun, Elgoibarren, Elorrion, Ermuan, Getxon, Irunen, Lasarten, Errenteria-Oreretan, Ortuellan eta Pasaian eskaintzen da programa. Herri bakoitzean programak izen ezberdina badu ere funtsean metodologia bera erabiltzen dute.
Ekimena lantzeko gidaliburua abian
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak, gainera, laster kaleratuko du eskuliburu bat mintzalagun esperientziei buruz. Gidaliburua metodologia mailan egitasmo honekin hasi nahi duten taldeei zuzendua egongo da. Hola nola, parte-hartzaileen esperientziak eta herri ezberdinetan programa hauek komunean dituzten ezaugarriak bilduko ditu. Topaguneak jakinarazi digunez, gidalibururako edukiak hil honetarako prest izatea espero dute eta urte amaierarako kalean izango da. Gidaren helburua praktikotasuna sustatzea eta euskara ikasten dutenei mintzapraktikak jarraipena eskatzen duela helaraztea da. Jasone Mendizabal Topaguneko kideak adierazi digunez, "ez da bilduma bat izango, sintesi bat baizik. Euskara ikasten ari direnei erantzuna eman eta ariketa erraztuko dien eskuliburua izango da".
Etakide bat hilik eta bi ertzain larri zauriturik.
Igande gauean Herrerako Mendatean Ertzaintzaren aurka izandako atentatuan, bi ertzain larri zauriturik izan ziren eta atentatuan partehartutako etakide bat hilik, dirudienez ertzainek atentatu egileei tiroz erantzun eta zauritata geratu ondoren. Zenbaki honen erredakzio lanak ixterako orduan oraindik ez ziren argi atentatuaren xehetasunak, baina dirudienez, zauritutako etakideak ezin izan zuen urruti ihes egin eta etakideen miaketa lanetan ari ziren segurtasun indarrek hilik topatu zuten mendatearen inguruetan. ETAk jadanik 15 ertzain hil ditu, atentatuz zuzenean edo etakideekin izandako enfrentamenduetan. Azken hilabeteetan, halaber, Barne Sailak aditzera eman izan duenez, ETAk Ertzaintzaren aurkako atentatu saiakera desberdinak egin ditu lehergailuz.
Aralarrek konferentzia politikoa egingo du urriaren 4an Araian.
Aralarrek Araian egingo du, urriaren 4an, bere etorkizun hurbileko bide politikoari buruzko hausnarketa. Euskal herriko egoera politiko orokorra, indar desberdinekiko harreman politikoak eta Ibarretxe plana izango dira jorratuko diren eremu nagusiak. Datozen Espainiako hauteskunde orokorrei buruzko nahaiak ere azaleratzen ari dira prentsa bidez; Aralarrek Nafarroan EA, EAJ, Batzarre eta Ezker Batuarekin osatutako koalizioa osatzea nahiko luke dauden bost diputatuetatik bat lortzeko. EAJk jadanik begi onez ikusi du proposamena. Horrez gain, Patxi Zabaletak adierazi du jada EAEra begira EArekin ere egingo lukeela koalizio saiakera.
Imaz eta Egibar EBBko lehendakaritzaren lasterketa buruan.
Josu Jon Imaz Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta sailburua eta Joseba Egibar EAJko EBBko bozeramailea dira EBBko lehendakari izateko hautagai nagusiak. EAJk oraindik ez du informazio ofizialik jakinarazi, baina egunkari desberdinetan, æÆDeiaÆ barne, atera diren informazioak kontuan hartuta, aipatutako buruzagi biak izango bide dira urtarrilean amaituko den prozesuaren hautagai nagusiak. Imazek Juan Jose Ibarretxeren eta BBBren sostengua izango luke eta horrek Egibarren aurretik jarriko luke lasterketan. Egibarrek, besteak beste, Gipuzkoako sostengua ei du.
Estrasburgoko auzitegira iristeko zalantzak
Jaurlaritzak Alderdi Politikoen Legearen aurka Estrasburgon aurkeztutako auzi eskeak aurrera egiteko aukera txikia du zenbait iturriren arabera. Europako Giza Eskubideen Auzitegian, estatu batek beste baten aurka jo dezake, baina estatu baten barneko instituzio batek bere estatuaren aurka ez, edo behintzat ez ei dago horren aurrekaririk. Batasunak, bestalde, bere ilegalizazioa kalean salatzen jarraitzen du eta datorren larunbatean, hilak 20, manifestazioa egingo du Bilbon «No apartheid. Autodeterminazioa lelopean». Ertzaintzak iazko irailaren 14an Bilbon galarazi zuen manifestazioaren oroitzapena Bilbon izango da larunbatean ere.
Gene eta hizkuntzen harremanaz
Euskal Kultur Erakundeak IKER euskal ikerketa zentroaren partaidetzarekin, «Hizkuntzak eta genetika: euskaldunak bereziak ote dira?» mintzaldia antolatu du. Abiapuntua Frantzian argitaratutako bi artikulu zientifiko dira; bata euskarari buruzkoa eta bestea euskal genei buruzkoa. Jean-Marle Hombert, Jon Landaburu eta Beñat Oyharçabal hizkuntzalariek; Lluis Quintana genetikalariak eta Gérard Lenclud antropologoak gai hauei buruz duten ikuspuntua azalduko dute. Mintzaldia irailaren 19an, arratseko 20:30etan izango da.
Eskatutakoa baino gutxiago
Ostiralean egin zuten bilera Seaskako ordezkariek eta Bordeleko Errektoretzak irakasle postuez eta hitzartutako orenez hitz egiteko. Tentsio handiko bilera izan zen. Seaskak ikasturte honetarako irakasle aski ez zituela adierazi zuen eta gainera Hezkuntza Ministeriotik agindatutakoa bete ez zuela. Lehen mailarakoSeaskak eskatutako lanpostua ez zuen onartu Errektoretzak eta Seaskak irakasle gehiegi ditela esan zuen. Beste bi eskakizun onartu zituen ordea: Seaskak bigarren mailarako eskatutako 35 orenak eta bigarren mailako titulua ez duten irakasleek hura lortzeko urtebeteko prestakuntza eskaintzea.
Trebiñuko lehen ikastola
Argantzonen zabalduko dute hilaren amaieran edo urriaren hasieran gehien jota Trebiñuko lehen ikastola izango dena. Ikastolen Elkarteak kudeatuko du eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza izango du., nahiz eta hasieran gurasoek diruz babestu beharko duten. Lehen ikasleak urtebeteko eta bi urteko 20 haur izango dira. Bi zati izango ditu Argantzongo egitasmoak: 0 eta 3 urte bitartekoentzako Haur Eskola eta 3 eta 6 urte bitarteko uneak eskolatzeko egoitza berria ( datorren ikasturterako martxan jarri nahi dutena).Bestalde, datorren urte hasieran Francon beste Haur Eskola bat zabalduko dute. Dagoeneko 30 haurrek eman dute izena.
Autofinantzazioa erdiesteko kanpaina
Bi helburu ditu Gure Irratiak abiatutako kanpainak. Batetik, irratiak elkarteekin dituen harremanak sendotzea eta iraunkor egitea eta bestetik, autofinantzazioa lehenbailehen lortzea. Urriaren 15a bitartean, 700 elkarterekin bilduko dira Gure Irratiko ordezkariak partaidetza proposamen bat egiteko. Egun irratiaren aurrekontuaren %65 diru laguntza publikoen bidez heltzen da eta %50era jaitsi nahi dute irratiko ordezkariek diru laguntza publikoen zenbatekoa.