Maialen Lujanbio
Bertso munduan teoria betekada gehiegizkoa dugula zioen Unai Iturriagak.
Teoriak egiteari utzi eta sentsazioak kontatzeari ekin nahi nion nik. Bizitza plazaz plaza pasatzeak zer pentsatu ematen du eta. Bizitza kalez kale emateak bezalaxe. Azken batean, bertsolaritza gizartearen maketatxo bat da, errimatuz errimatuz mintzo dena.
Sentsazioak dira; pare bat txikikeria, garrantzitsu.
2001.eko Txapelketa Nagusia zen, final laurdenak Etxarrin. Niri egokitutako gaiak, gutxi-gehiago, honela zioen: "Jubilatu zinenetik maiz joaten zara mendira, seme-alabek bakarrik ez joateko esaten dizuten aren. Gaur aldapan gora zoazela, ondoezik sentitu zara". Buruan istorio bat irudikatu, ikusi, eta bertsotara ekartzen saiatu nintzen. Ondo joan zen. Entzuleei kontaketa iritsi zitzaielakoan geratu nintzen.
Handik egun batzuetara, neska batek esan zidan ikaragarri gustatu zitzaizkiola aitonaren bertsoak. Nik ez nion ulertu. «Aitonaren bertsoak», esan zidan ozenago. Nik ulergaitz, buruarekin ezetz. «Bai, aitonarenak, Etxarrikoak». «A! jubilatuarenak!» atera zitzaidan; izan ere, ez zen aitona, amona zen.
Nire buruan amona zen; gona urdin-ilun klasikoa, seme-alabaren baten kamiseta eta kirol zapatila zuri-zuriekin mendian gora.
Sentipen arraroa utzi zidan, jende zenbaiten eta nire istorioak ez zirela guztiz bat ohartzeak, nahiz eta mezuak bi kasuetan berdin balio zezakeen.
Baina, pentsatzen nuen nire baitan, zer arrazoi zuen nire lagun hark, "jubilatu" entzun eta aitona bat imaginatzeko, kantari ari zena, eta lehen pertsonan gainera, neska bat baldin bazen?
Ereñozun, antzekorik gertatu zitzaidan. Gaiak zioen: "Irazu, zu enpresa burua zara eta zu Maialen bere enpresako langilea. Errenta aitorpena egin duzue eta nagusiari dirua jasotzea tokatu zaio, langileari aldiz, ordaintzea". Aipamen generikorik gabe zihoan saioa baina azkenaldera Irazuk "nere kontura mantentzeituzu/ bost ume eta senarra" kantatu zidan. Eta bihotzean zerbait hautsi zitzaidan, krak! Atzean eseri arte ez nuen arrazoia deszifratu. Gero konturatu nintzen, ni, inkonszienteki gizonezko bat interpretatzen aritu nintzela.
Baina, pentsatzen nuen nire baitan, zer arrazoi nuen nik, "enpresako langile" entzun eta gizon bat imaginatzeko, kantari ari nintzena, eta lehen pertsonan gainera, neska bat baldin banintzen?
Neure buruaren kontzientziarik ez nonbait...
Horra bistara atera buruaren sakoneneko geruzatako fosilak. Urteetako sedimentuak.
Azkenaldian arduratzen eta amorrarazten nauen jokaera, biolentoa, injustua eta korapilotsua da.
Bertso afarietan-eta gertatu ohi da. Saioa bukatze aldera, jendea banan bana aipatu eta zirikatzeko ohitura hartu dugu, mahai bueltari jarraituz. Bata halako dela, bestea honako; bataren tripa, bestearen bibotea; hau eta hura. Mahaiaren hurrenkeran ordea, emakumeak tokatzen direnean, halako bertigo batek, txanda-pasa egitera bultzatzen gaitu sarri. Emakumeak aipatu ere ez (laudorioren bat, izatekotan). Ez da, noski, mespretxuz egindakoa; ezintasunez baino.
Sinetsi, bertsolariarentzat ere sentipen gogorra dela ezin asmatu hori. Baina umore tonuan emakume ezezagun bat publikoan zirikatzea arrunt lan gaitza zaigu: ezaugarri fisikoak, lanbidea, juerga edo maitasun kontuak... kontuz, beti oso kontuz.
Gizarteko tabu eta lotsek, emakumeekiko 'korrekzio' behar gaizto horrek, geure barre eragin nahiak eta kontestuko konplizidadeak baino indar gehiago dute.
Egia da, horrelako afari giroetan, ezaugarri fisikoen eta burla txikien bidez lortzen dela nagusiki (gehiegitan) umorea. Akaso umore landuago bat garatzeko aukera izan liteke, bai emakumezko, bai gizonentzat. Edonola ere, ezintasun hau, gizartearen prejuizio eta presioen ondorio izatea da arduratzekoena.
Emakumeari edo edozein pertsonari egin dakioken anputazio gordinena, umorea, barrea ukatzea da. Berarekin, berataz, beretzako... eta deklinabideko kasu guztietan, ezin barrerik ere egina. Algara, irria, zirika, ukapen latzegiak dira. Gaixotasun larria gizarte itxuraz osasuntsu baterako.
Irrifar erdia baino ez dakigu egiten.
Bertsolaritza gizartearen maketa izaki, delako normaltasun horretara bidean, txikikeria hauek ematen dute zer pentsa. Formak, eta kanpoko geruzak aldatu badira ere, geure burmuinek tranpako hondo bikoitza dute.
Ruben Sanchez
Azken ARGIAko alean irakurri nuen zure iritzi artikulua, EH-ko egoera politikoaz-eta. Intelektuala ez naizen arren, gaian sakondu nahiko nuke nik ere.
Ez naiz hasiko España-ren ideiaren izenean zenbat eta zenbat norbanako eta herri hil dituzten Euskal Herrian, egun Españatzat daukaten beste herri batzuetan, eta baita beste hainbat lekutan ere, ETA-k eragindako mila bat hildakoak justifikatzeko.
Onartzen dut etikoki «begia begi truk» dioen legea ez dela onargarria. Ez eta begi bat herri oso bat denean ere. Ez pertsona bat bakarrik.
Zaila da baina, lege hori beti errespetatzea begian ziria etengabe sartzen ari bazaizkizu. («Alde batean, zein bestean»). Niri, akaso, ez didate behar beste ziria sartu, eta erreakzioak pertsonatik pertsonara ere aldatzen dira.
Argi dagoena da gatazka politiko bat dagoela. Eta indarkeria dagoela. Eta horren aurrean batzuk alde batera, beste batzuk bestera, eta beste «galdu» batzuk, antza, «armairuetan» gordetzen direla, «ez batarenak, ez bestearenak» direla-eta. Bakoitzak bere egoera pertsonala bizitzen du.
Baina nik uste dut egoeretan baino gehiago irtenbidetan merezi duela sakontzea. (Akaso hori izan da zure gogoetan faltan bota dudana).
Niretzako beti egon dira bi irtenbide posible: 1- Negoziatzea. 2- Kaka guztia atera, aitortu, garbitu eta konpontzea.
1.ak huts egin du orain arte: Argel-en (ETA-estatu espaniarra) eta Lizarra-Garazin (EH-ko talde/erakunde batzuek egina).
Etorkizunean ikusi beharko da zer eman dezakeen.
2.ari ekiteko gonbita bat dago Udalbiltzak luzatua: salatu eta betearazi ditzagun Euskal Herri osoan egindako emagiza eskubide urraketa guztiak. Guztiak. Norbanakoei egindakoak zein herriari egindakoak.
Askok kontrakoa uste arren, ezker abertzalea 1.a da prest dagoena bide horri ekiteko. Zergatia oso sinplea da, begi bistakoa. Helburu horretara iristeko geratzen zaion pausoa oso-oso txikia da. Egia esan, ia ez dago. Zergatik?
Behin irakurri nuen emagiza eskubide baten urraketa gertatzen denean zeintzuk diren urratzaileak jarraitu beharreko pausuak. Lehen-lehenik egiletasuna aitortzea, bigarrenik ekintza salatzea, gero, nahi bada, dolua adieraztea, barkamena eskatzea...
Baina EH-ko gainerako urratzaileen artean, badaude batzuk (PP, PSOE, PNV-EA-IU, PSF...) oraindik ere lehen pausoa ezin luzatu dabiltzanak. Lotsagorrituko ziren. Bakezaleak, pluraltasunzaleak eta demokraziazaleak direlako. Jakina, ni ere horren txintxoa banintz oso gaizki pasatuko nuen, batzuetan zeinen koldarra eta biolentoa naizen ikustean. (Ertzaintza eta abarren torturak kasu).
Baina tira, hala ere, pluraltasuna, demokrazia eta bakearen ikur den Juan Jose Ibarretxeri luzatuko nioke gonbite bat. Bere karrera politiko paregabean beste ekimen ausart bat æeuskal gizarteaÆ bere etxetik aterarazteko: manifa bat.
Baina manifa bat ausarta: æEmagiza eskubide guztiak, Euskal Herri osoanÆ Gasteizen egingo genuke, karga polizialak (Ibarretxek deitzen badu ez dira egongo, ezta?) eta desadostasun politiko batzuk ekiditeko. Eta nik betiko moduan autobusa hartu behar ez izateko.
Polita izango da atxikimenduen kontua. Nork ematen duen lehenengo, bigarren... ze intelektual joango diren, zenbat herritar... Tamalez, uste dut Ibarretxeren plana autonomiaren hobekuntzan geratuko dela, galdeketa edo inkesta batekin zurituta (kontraindikazioa: inkesta erkidegoko biztanleei bakarrik egingo zaie, nafarrek, lapurtarrek, xiberutarrek-eta badakite zer egin hurrengorako: PNV bozkatu).
Euskal intelektualen artean nortzuk apuntatzen zarete? Geratuko gara Ibarretxeren deiaren zain? Ertzaintzak kargatuko du? (hurrengo manifarako lehen urraketa izango genuke). Baina tira denok nahiago dugu inongo urraketarik ez gertatzea. Ez hori, ez besterik.
Jesus Mari Ariznabarreta
Duela bizpairu aste kaleratu zen berria: «Arcelor Taldearen zuzendaritzak enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu du Sestaoko ACB altzairutegian». Eta guztiok sentitu genuen berriro ere kontu zahar baten aurrean geundela. Berehala etorri zitzaizkigun burura aurtengo urtean bertan izandako gora-beherak Volkswagenen, Mercedesen eta beste zenbait enpresatan, denak multinazionalak, jakina!
ACBn, urtearen lehen sei hilabeteetan 13 milioi euroko irabaziak izan ondoren planteatu dute espedientea. Eskaeraren beherakada eta abagune honetako zenbait aldagai baldintzatzaile omen direla-eta, ekoizpena gelditzea eta langileak denboraldi baterako etxera bidaltzea izan da erabakia. Ez galerak ekiditeko, irabazi erraldoien mailari eusteko baizik. Eta, kontuan hartuta ACBn azpikontratazio gastuak langile propioen gastuak baino hiru aldiz handiagoak direla, zer gertatuko da ACBrentzat lan egiten duten azpikontratazio enpresekin eta, ondorioz, eskualdeko enpleguan izango duen eraginarekin? Ba, «alla cuidaus» , hori ez zaie inporta!
Arcelorrek zera nahi du, ekoizpena geldirik duen bitartean bere langilegoaren nominak diru publikotik ordaintzea, eta zeharka espedientearen eraginez langabezira joan daitezkeen subkontratazio enpresetako langileek ere toki beretik jasotzea dagozkien langabezi laguntza eskasak. ACBren irabaziak ikusita, honek izen bakarra du: gizarte osoari iruzurra. Zer dio honetaz Eusko Jaurlaritzak, bera izanik ACBren %10aren jabe?
Baina arazoa are okerragoa izan daiteke, oraingo espedientea onartuz gero, hurrengoan mehatxu askoz larriagoekin etor daitezkeelako. Kontua ez da berria, Volkswagen, Mercedes, Michelin eta abar luzeak, irabazi oso handiak izan arren, espedienteekin, lanpostu murrizketekin eta ekoizpena Euskal Herritik kanpora eramatearekin egiten dute mehatxu behin eta berriz, lanaren antolaketaren malgutzea, lan baldintzen desarauketa eta prekarietatea inposatzeko. Logika ultraliberalaren bidetik lan indarra koste soiltzat hartzen dute eta soldata kostuen murrizketa besterik ez dute ikusten irabaziak areagotzeko orduan.
Kontzentrazio enpresarial eta finantzieroaren bitartez talde multinazionalek monopolio eran harrapatzen dituzte merkatuak eta zuzen-zuzenean baldintzatzen dute gobernu eta erakunde publikoen papera. Hau oso garbi ikusten da Euskal Herrian, euskal instituzioek ez dute multinazionalak kontrolatzeko gaitasunik, eta, zoritxarrez, ezta borondaterik ere. Alderantziz, diru laguntzak, abantaila fiskalak, instalazio baldintza bikainak eta erraztasun guztiak eskaintzen dizkiete gure lurraldean finka daitezen, inolako betebehar eta baldintzetara behartu gabe. Horrez gain, gatazka soziolaboralak datozenean, indar polizialak enpresarien zerbitzura jartzen dituzte langileak erreprimitu eta isilarazteko. Zentzu horretan, gobernu eta erakunde publikoak globalizazio neoliberalaren eta talde multinazionalen morroi bilakatu dira eta ardura zuzena dute ondorio guztietan: gure ekonomiaren dependentzian, multinazionalen erabakiek sortzen dizkiguten ezusteko ekonomikoetan, arazo soziolaboraletan eta iruzurretan.
Eragile politiko, sozial eta ekonomikoen artean Euskal Herriaren errealitatea aztertu eta etorkizuna eraikitzeko ezinbestekoak diren baldintza eta tresnak zehazteko ordua da, eta eztabaida horretan euskal esparru sozioekonomikoaz, globalizazio neoliberalaz eta multinazionalen eraginaz hitz egin beharko da. Hor ikusi nahi nituzke euskal enpresariak beren ekarpenak mahai gainean jartzen. Ze, «por zierto», multinazionalen erabakiek gure ekonomian sortzen duten ezegonkortasunak ez dauka eraginik bere jardueran, ala?
Bizkor ibili beharko dugu, globalizazio neoliberalaren aldekoak aspalditik ari baitira herrien eskubideen deuseztatze lanean. Duela egun batzuk burutu du Munduko Merkataritza Erakundeak Cancunen gailur berri bat talde trasnazionalen eta kapital finantzieroaren diktadura mundiala areagotzeko pauso berriak finkatzeko asmoz, eta bertan hartzen diren erabakiak eragina izango dute hemen ere. Gezurra badirudi ere, pentsatzen genuen baino askoz hurbilago daude Sestao eta Cancun.
Gorka Urbizu
Zaila da esplikatzen gure herria non dagoen, urruti bizi den bati. Estatubatuar batekin saiatu nintzen azkenekoz, nire ingeles makarroniko (hamburgesiko?) murritzaz "somewhere between Spain and France" esanez. Baietz zioen berak, baina ulertu ez duenaren begitartea nabari zitzaion. Zaila da esplikatzen eta horrek txiki sentitzera eramaten gaitu, NOR galdera basiko horrek ere ezbaian jartzen gaituelako-edo. Baina berdin dio, ohituta egon beharko genuke, gure harrotasunean txiki sentitzen mundu zabalaren aurrean.
Lehengoan ziztada berezko hori sentitu nuen MTV-a ikusten ari nintzela. Show bussiness-a bere osotasunean, Music Video Awards delakoa bideoklip onenak saritzeko ikuskizun-ikuslizun (teklatu demonio hau!) erraldoia da. Handik pasatu ziren Justin Timberlake, Coldplay, 50 Cent, Beyonce erregina berria, Metallica eta glamour-aren klubeko beste hainbat kide. Baina zein "gailendu" zen sariketa hori guztian? Ba show bussiness-az dezente dakien beste erregina bat: Madonna, alegia. Bere salmentak urritze aldera egin bezain pronto eskandaloaren katalogora jotzen du honek berehala, askotan ikusi izan dugu. Jendeak zer nahi eta hura eskaini, audientziaren dekalogoak agindu bezala. Demasa izan zen hura: "Like a virgin" kantua entzuten zela, hara non agertzen diren ezkon-jantzi xuri-xuritan, superpoparen bi izarrak, Britney Spears eta Christina Aguilera, ilehoria eta (orain) beltzarana, Zipi ta Zape. Ave Fenix-a bailitzan Madonna agertzen da bien erdian eta ikuskizunaren amaieran, ez zien ba bata zein besteari ezpainetan muxu bero bana eman!! Demasa, bai horixe. Eta hortxe, zur eta lur, ordura arte artista polemikoaren rola jokatzen ari zirenak, bere statusa mantentzearren besteak-baino-gehiago-nauk diotenak deseroso euren eserlekuetan, protagonismoa lapurtua izan zaionaren ezinaz. Snoop Doggy Dog, Eminem (raparen ardi txuria), Fred Durst, ahaztuak eta jokaldirik interesgarrienetatik kanpo, ti-ta batean. Handinahiak txiki, muxu bat dela-eta. Nola ez zitzaion inori aurretik bururatu? Missy Elliot-en txandal jasanezina ere ahaz genezan lortu zuen ekintza zuzen horrek, eta hori ez zen batere lan xamurra!
Eta berriz ere sinestu egin nuen "boikot" forma bereziotan, helburuen diferentzia alde batera utziz, opari lesbiko hori New York-eko Giraldilla izango balitz bezala. Eta gauza dagoen bezala egonda Madonnaren ekintza morboso hori artisten artean "aldarrikapen" bakarra izateak kezkatu egin ninduen, bai. Musika sentimenduak adierazteko bide motzenetakoa izateaz gain, errealitateaz hausnar arazteko ahalmena duela sinestu nahiko nukeelako. Dixie Chicks gorrotatuentzat inork ez zuelako hitzerdirik esan. Mezudun kamiseta ziztrin bat ere ez. Izan ere garai latzak dira ezberdin pentsatzeko, 11-S horretan dorreekin batera beste zeozer gehiago erori zelako inperioan, pentsamolde askatasun apur bat, esaterako. Baina hori beste kontu bat da. Haria galdu egin dut azkenaldian asko kezkatzen nauen gai honekin. MTV Video Musi Award-ei buruz ari nintzen eta Madonnaren menage a trois-az, aipatu ekintzaren oihartzun mediatikoaz. Eta txiki sentitu nintzenaz.
The Mars Voltaren disko handia entzuten dudanean bezalaxe, txiki. Izan ere ez ditut ikusten Alaitz eta Maider elkarri muxuka Gaztea Sarietan, triki-popak bizi duen krisialdia konpontzeko saiakera batean. Ez jauna. Nahiz eta ETB-n eskuak igurtziko lituzkeen batek baino gehiagok, azkenaldion inposatu nahi den eusko-glamourra ikusirik. Gure herria txikiegia da ordea, eta non dagoen esplikatzeko zaila gainera: "Somewhere between Spain and France".