Joxean Agirre: «Literaturarekin bakarrik bizitzeari sekulako beldurra diot»


2003ko irailaren 07an
«Romain zen bere izena» da zure azken literatura lana. Nola hasi eta nola gauzatu zenuen berau?
Nobeletan eskeletoa egitea da zailena niretzat. Etxe baten egituraren antzera ikusten dut, egina izanez gero, bere menpe jartzea da kontua: adreilu batzuk hemen, atea hor, leihoak han... Hemen, literaturari buruzko nobela idaztea erraztuko zidan eskeleto bat behar nuen. Hainbat idazleen aholkuei jarraitu ondoren, William Boyd idazle anglosaxoiak idatzi zuena kontuan hartu nuen. Idazle honek margolari faltsu baten biografia eta obra idatzi zituen, eta New Yorkeko galeria inportante batean aurkeztu zuen, beste margolari ospetsuen aldean aurkeztu ere. Galerietako adituek eta pinturako puntako kritikoek obra guztiak izugarriak zirela esan zuten, izugarri onak, inpaktu handikoak. Ordea, Londreseko kazetari batek gauza arraroak ikusi eta katalogoan zeuden biografia eta obra bat ez zirela existitzen esan zuen. Editoreari deitu eta iruzurra salatuko zuela esan zion. Iruzur kontuetan ari nintzela Romain Gary idazlearen kasua topatu nuen, literaturaren munduko iruzur kontuetan egin den kasu politenetako bat.



Zergatik Romain Gary idazlea?
Idazle frantziar honekiko omenaldi moduko bat egin nahi izan dut. Idazle honek bere "ordezko" bat sortu zuen, "Golem" da hitzik jatorrena. Ordezko txingote edo esperpento bat sortu zuen bere aginduetara lana egin zezan, bere nobelak firmatzeko eta kazetarien eskaerei erantzuteko. Bere liburuen promozioa egiteko, hitz bitan esanda. Hartara, bere lehengusu batekin akordio batera iritsi zen, muntaia bat egin zuten eta literatur estilo erabat diferente bat sortu ere. Emile Ajar izan zen ordezko autorea edo "Golem"a. Roman Garyren eta Emile Ajaren lanak erabat diferenteak dira. Gero, bien arteko tirabirak sortu ziren eta horiek erabili ditut nire nobela egiteko.



Nobela bat gauzateko modu bitxia, nolanahi ere.
Idaztea bizitzeko modu bat da. Sormenaren sustraiak gure baitako leku ezkutuenetan aurki daitezke hartara. Nik Garyri buruzko dozena bat liburu irakurri dut eta nire buruari galdetzen diot: Nola landu daiteke horrenbeste estilo diferenterik? Romain Garyk bere barruko alderdi batzuk azaltzen zituen eta Emile Ajarek beste batzuk. Horrek gure baitan pertsona bat baino gehiago bizi direla erakusten digu. Are gehiago esango nuke, gure izaera, dualista ez ezik anitza dela.



Literaturak pertsona baten bizitza osoa hartzen al du?
Kasu batzuetan hartzen du, neurri batean hala ere. Idazle batzuk kontatzeko bizi dira, beste batzuk, berriz, bizitakoa ezin dute kontatu, asmatua bakarrik kontatzen dute. Kasuistika asko dago.



Liburuaren azalean emakume baten gorputzaren silueta agertzen da. Gustura geratu al zara berarekin?
Nire ideia idazle baten aurpegi tapatua edo ezabatua islatzea zen. Ezkutatzen den idazlearen irudi bat azaltzea zen nire asmoa, nolabait. Baina, liburuan maitasun istorio pare bat ere badaude eta horregatik neskaren gorputza azaltze hori.



Nobelan emakumeek berebiziko tokia dute, islatzen duten liluraz egiten dituzun deskripzioak nabari dira.
Xabier Mendigurenek, nobelaren editoreak, nobelan emakumeekiko deboziozko kontenplazioa ote dagoen esan zuen. Ez ninduen molestatu horregatik. Nobelan "voyeurismo" moduko bat dago, oso maskulinoa, baina ez da matxista inola ere, emakumeak begiratzeko modu bat besterik ez da. Horrekin asko jokatzen dut.



Zaila ote da nobela hau?
Nahiko lineala dela uste dut, atzera-aurrera askorik gabekoa, eta mantsoa. Idazten ari nintzenean estiloa motela ote zen pentsatu nuen, nobela girotzean nolabaiteko gozamena bizi izan nuen. Irakurri duten batzuek maitasunez eta emozioz hitz egin didate, erraz irakurri dutela. Beste batzuek, berriz, alderantzizkoa esan didate.



Literatura gai izan duzu. Abentura bat narratu duzu eta halaber narratzearen abentura hizpide izan duzu.
Batzuek nobela gidoi batekin idazten dute, nik ezin dut hori egin. Hau da: bi orrialde drama, beste bi komedia, beste bi umorea... Aspergarria iruditzen zait. Nik, gutxi gorabehera, idatziko dudan honen inguruan gogoeta egiten dut, eta ondoren, honen bilbeak edo tramak ematen dio nobelari abentura itxura.



Nobelak beltz ukitua du hasieran.
Hiltzailea krimenaren lekuan bertan gelditzen da, eta beraz poliziak harrapatzen du. Argitu beharreko misterioa da, ea hiltzaileak zergatik hil duen idazlea. Misterio hori istorioa garatu ahala argitzen da. Nire planteamendua -literaturaren ikuspuntutik- autore anonimoa zein den aurkitzea da. Komisarioak -nobela poliziakoaren ildoan- ez du hiltzailea nor den argitu behar, hori oso garbi dagoelako, zergatik hil duen baizik.
Hasieran, nobela beltzaren bilbe edo trama paralelo bat gauzatzeko aukera ikusi nuen, nobela poliziakoetan badaude beti aukera horiek, krimen perfektuaren kontakizuna gauzatzea helburu dute nobela hauek. Krimen perfektuari buruzko nobela asko idatzi da eta politak dira. Hilketaren gauzapena literatur arte obra bat bezala ikusten dute literatur kritikoek. Nik neuk ere baneukan paralelismo hori gauzatzea, baina zailtasunak emateaz gain ez zen nire intereseko zeregina.



Nobelak funtsean kritika kutsu bat dauka eta galdera nagusi bat: «Zer da literatura»?
Bai. Eta, nire uste apalean, literatura ez da bere ondorioz ekoizten diren elkarrizketak eta prentsaurrekoak, gaur egun literaturaren parte handiena dena. Aitzitik, literatura isiltasunean egiten den lana da, sorkuntzari buruzko gogoeta. Literaturak daukan gauza magikoa eta polit bakarra gure buruarekin egiten dugun lan isil hori da.



Zure burua ezkutatu nahi zenukeen idazlea ote zara? Hots, aukeran, nobela zure «Golem» batek azaltzea nahiago zenuke?


Bai, jakina. Ez daukat inolako dudarik. Baina, Euskal Herrian literaturak oso dimentsio apala edo xumea dauka. Nobelan literaturari egiten diodan kritika -ikuskizun eta espektakulu bezala azaltze hori, dena aurkeztu behar izate hori- ez diot euskal literaturari egiten, bereziki normalizatua dagoen literaturari egiten diot. Dena dela, literatura normalizatuaren balizko kasu horretan, nik neuk nahiago nuke anonimo izan eta ez agertu inon.



Ezkutatu nahi hori idazle askoren nahia al da?
Jorge Luis Borgesek ikusezina bihurtzeko nahia zuela esan ohi zuen. Gure literaturan, Bernardo Atxagaren kasua oso adierazgarria da. Seguru ikusezina bihurtzea desiratzen ari dela. Topiko hori erabili dut nobela honetan, protagonistak ikusezin bihurtu eta ezkutatu nahi hori. Idazleak ezkutatzea lortzen du, baina bere ordezkoa hil eta gero. Guzti horren atzean sorkuntzaren garapena dago, oso garrantzizkoa, oso ikuspegi erromantikotik garatua, kutsu erromantikoegitik, agian.

«Literatura bizitzeko lilura moduko bat dut»
Irudikatu dezagun euskal literatura paisaia gisara. Nola ikusten duzu euskal literaturaren paisaia?
Azken sei edo zazpi urteotan gorakada moduko bat sumatu dut bai kantitatean bai kalitatean, denetarik daukagu. Arte espresio guztietan bezala, sentsibilitate eta espresio talde ezberdinak daude. Irakurle bakoitzak bere gustuaren araberako aukerak dauzka. Nobelan, adibidez, modu askotako ereduak lantzen eta ikusten dira.



Nolako harrera izan du nobela honek?
Nobela hau batzuei asko gustatu zaie eta beste batzuei batere ez. Izan ere, irakurle bakoitzak bere autore kuttunak ditu, bakoitzak literatura heziketa propio bat du, nork bere bideak egiten ditu, nik neureak egin ditudan bezala. Ibilbide horretan idazleak eta irakurleak topo egiten badute, bien arteko elkar hartze bat baldin badago, errazagoa da nobelak harrera on bat izatea. Baina, tira, nobela baten harrera baloratzea eta neurtzea zail samarra da.



Literatura bizitzeko modu propioa duzula esan dezakegu?
Badut literatura bizitzeko lilura moduko bat, literaturarekiko eta idazle batzuekiko maitasun moduko bat. Nobela honetan maitasun hori etengabe ageri da. Nobelan agertzen diren hainbat idazlerekin bueltaka ibiltzen naiz eta literaturari buruzko galderak egiten dizkiot nire buruari.



Zehaztu iezazkiguzu galdera horiek.
Honen aurreko nobelan - «Elgeta» izenekoan- oso kezkatuta ibili nintzen artearen inguruko galderekin. «Elgeta»ren azpian «Posible al du pertsona batek musikarekin bizitzea?» galdera dago. Elgetak ez baitzuen ez familiarik ez etxerik. Elgeta soinu txikiarekin bizi izan zen, nolabait. «Romain zen bere izena» delakoan galdera antzekoa da: «Pertsona bat bizi edo ase ote daiteke literaturarekin?»
Elgeta soinujoleak musika nola, halaxe maite du literatura nobela honen protagonistak. Nobelako protagonistak literatura gauza guztien gainetik maite du. Are gehiago, idazle hau hiltzeko prest dago bere sorkuntza babesteko.



Literaturak gatibatua, eta aldi berean, bere burua ezkutatu nahiko lukeen idazlea zara, akaso.
Literatura egileekin gatibatua, akaso. Baina literaturarekin bakarrik bizitzeari sekulako beldurra diot. Nik ez nuke jasan ahal izango egun osoan sorkuntzatik bakarrik bizi behar hori. Nire egoera oso erosoa da, soldata kazetaritzatik lortzen dut, eta bestalde-edo, literaturari ordu batzuk eskaintzen dizkiot. Baina ez badut ezer sortzen, ez da ezer gertatzen.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude