Berreraiki dezagun euskal presoen aldeko mugimendu sendoa
Txema Matanzas
Iritsi da iraila, eta badirudi irailerako aurreikusirik dagoen hizpide bakarra Ibarretxeren planak sortu duen egoera dela. Honen ondorioz, desagertu ote zaizkigu aurtengo lehenengo hilabeteetan eztabaida politikoan oihartzun -eta gure herriaren eguneroko bizitzan garrantzia- handia izan duten -eta duten- beste kontu batzuk? Ez dut uste. Adibidez, euskal presoen bizi baldintzetaz burutu diren (eta burutzear dauden) lege aldaketak eta abarrekoak. Izan ere, uda osoan zehar ez baita horren inguruan deus ere entzun. Balirudike kolpea «enkajaturik» dagoela, ez dagoela horren aurka zer egiterik eta, beraz, ez duela gaiak dedikaziorik merezi.
Nire ustez, ordea, gai hauekiko gutxieneko sentikortasuna dugun euskaldunok gogoetatxoa egin beharko genuke. Izan ere, «euskal gatazka» deritzoten hau bukatzear balego, zinez maizegi aipatzen dugun aro erresolutiboan bageunde, ez luke presoen gaiak horrenbesteko garrantzirik. Urte gutxi batzuen buruan bukatuko litzateke gatazka (edo, gutxienez, gatazkaren gaurko aro hau, talka armatuak markatzen duena, alegia) eta, beraz, presoek pairatzen dituzten tankera guztietako erasoak laster txikian desagertuko lirateke. Horrela balitz, seguruenik askoz arreta handiagoa eman beharko genioke beste zenbait gauzari eta oharkabean pasa litezke kontuok.
Baina litekeen gauza da gatazkaren amaiera horren gertu ez egotea, eta, hala balitz, arduragabekeria barkaezina litzateke giltzaperaturiko euskaldunek pairatzen duten jazarpena erantzunik gabe uztea, areago etorkizun hurbileko (eta, are, gaur egungo) espetxe-politikak gero eta eduki ankerragoak agertzen dituen honetan. Ikuspegi ezberdinetatik (giza-eskubideekiko begirunearen oinarrizko exijentziatik elkartasun politiko osoraino) ugari dira euskal presoen aldeko ekimenak sustatzeko arrazoiak. Azken hilabeteetan indarrean jarri diren lege-neurriekin batera, oharkabean igarotzen ari diren beste kontu batzuek ihardespenen bat edo beste merezi dute. Izan ere, koadroa ezin argiagoa da. Leku-aldaketa gehien-gehienen ondorioz kilometro gehiago korritu behar izaten dituzte etxekoek, bizi-baldintzetan atzera pausoak diskretoak baina etengabeak dira (bereziki salagarriak direlarik bisitak egin ahal izateko jartzen ari diren oztopoak) eta auzitegiek jarririko zigorrak oso-osorik betetzeko ahaleginak emankorrak agertzen ari zaizkigu. Besteak beste, azken maila horretan derrigorrez artatu beharrekoak dira, bai Madrilen sortu zuten espetxe-zaintza epaitegi nagusiaren jarrera (zigorrak laburtzeko baliagarriak ziren luditzeak nola murriztuko dituen erakusten ari baitzaigu epaitegi hori) bai Enrike Letona arrasatearra berriro espetxeratzeko erabiltzen ari diren trikimailu -juridikoki- lotsagarria eta -politikoki- esanahi argikoa.
Handiegia da esku artean dagoena. Lagun askoren bizitza-urte gehiegi daude jokoan. Bizi baldintza eskasagoetan ordaindu beharko dituzte atxilotzen dituzten euskal borrokalariek zigor luzeagoak. Fenomenoaren magnitudeak ez dira txantxetakoak, eta horren aurka borrokatzeak merezi du. Eta borroka horren kakoak oso argiak dira. Eskabideak aspalditik ezagutzen ditugu, eta Espainako Estatuak eskaera horietariko batzuk bere legeditik arrankatu izanak ez die zilegitasun izpirik kentzen. Euskal presoek Euskal Herrian behar dute egon, gaixo daudenak kalean, eta kondenen «betetze osoa» barik nazioarteko zuzenbidean eredu diren bestelako instituzioak (baldintzapeko askatasunak, zigorren berraztertzeak eta kaleratzeak, espetxe-onuren aplikazioa, ...) aplikatu behar dira hemen ere.
Hasierara itzuliz, bai, egia da aurreko guztia ez litzatekeela beharrezkoa izanen baldin eta behin betirako konponbiderik erdietsiko balitz eta errepresaliatuen itzulerarekin batera gatazkaren konpontze orokorra gertatuko balitz. Baina aurreko horretara hurbiltzea nekosoegia bazaigu eta horrek eskatzen duen ahaleginerako prest ez bagaude, gutxien-gutxieneko borroka-ardatzak eta konpromiso zioak izan beharko lirateke aipatutakoak. Berreraiki dezagun, beraz, euskal presoen aldeko mugimendu sendoa
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.