Emilio Lopez Adanek ezker abertzaleari buruz ćBerriaĆn egindako elkarrizketan esana: «Beldur naiz ezker abertzalean marxismo-leninismotik atxiki duten gauza bakarra estalinismoa dela, erran nahi baita ideia hau: gutxiengo batek egiten du iraultza, eta gutxiengo horrek, historiaren giltzak ulertu baititu eta historiaren aldatzeko gaitasuna baitu, badu inpunitatea disidentzia eta herria zanpatzeko edo, bederen, baztertzeko».
Alardearen auzia berriz ere Hondarribian.
Datorren astelehenean alarde nagusia berriz abiatuko da Hondarribiko kaleetan barrena, eta berarekin berriz ere emakumezkoak ekitalde horretatik baztertzearen salaketa. Abuztuaren erdian, Mertxe Agundez EAEko Arartekoak alarde mistoa bultza zezala aholkatu zion Hondarribiko udalari, Alardea eta festen pribatizazioa ez dezala baimendu eskatuz. Emakunde, halaber, gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasunaren aldeko legea bultzatzen ari da eta jadanik 50en bat elkarte presioa egiten ari da emakumezkoek elkarteetan partehartzeko eskubidea aipatzen den artikulua alda dadin, beren ustez elkarteetan libreki antolatzea Espainiako Konstituzioak bermatzen duen eskubidea delako.
Mario Onandia eta Saez de Santamaria hil dira.
Mario Onaindia Arabako PSE-EEko lehendakaria eta Espainiako Saez de Santa Maria generalaren heriotzek izan dute beren oihartzuna Euskal Herrian, oso modu desberdinean bada ere. Mario Onaindia ETA eta Burgosko prozesutik PSE-EEko buruzagitzarako jauzia egin zuelako eta bizitza politiko oso ezagun eta oparoa eraman izan duelako ETA, EIA, EE eta PSEn, besteak beste. Azken urteetan, halaber, idazle gisa ere nabarmendu zen. Saez de Santamaria generala ere arras ezaguna izan zen 80ko hamarkadan ETA eta oro har ezker abertzalearen errepresioan izandako garrantziagatik. PSOEren garaira ongi egokitu zen militarra eta PPrenean bere sufrikarioa bizi izan zuen, nagusiki estatuaren gerra zikina dela eta.
Enrike Letonak espetxean jarraitzen du.
Enrike Letona arrasatearra maiatzaren 16an atera zen Murtziako espetxetik, ia 16 urteko espetxealdiaren ondoren eta 30 urteko espetxe zigorra beteta. Uztailaren 31n Ertzaintzak atxilotu zuen Arrasaten Auzitegi Nazionalaren aginduz. Bere familiak salatu duenez, «1981eko sumario bat berrireki diote orain, baina sumario hori 1988an ireki zioten lehenbiziz eta, beraz, hamabost urtez eduki dute epaitu gabe». Bere abokatuaren esanetan, Enrike Letonaren kasua halako lehena da, eta leporatutako delitua 1981ekoa denez, orain arte bete duen 30 urteko zigorrarekin betea izango luke, baita berriz errudun aterako balitz ere». Kasua paradigmatikoa izan daiteke 30 urteko espetxe zigorra beteta ateratzen diren beste preso batzuentzat ere.
Urtebete legez kanpo
Urtebete iragan da Baltasar Garzon epaileak Batasunaren jarduera eten zuenetik. Urte honetan bertan, halaber, Espainiako Auzitegi Nagusiak legez kanpo utzi zuen Batasuna. Estatu Batuek eta Europako Batasunak ere talde terroristen zerrendetan sartu dute. Korapilo juridiko-politiko estua egin zaio alderdi politikoari, baina honek aurrera jarraitzen du bere jardunean, funtsean, euskal gizartean sostengu garrantzitsu bat duelako eta gizartearen gehiengoak aintzat hartzen duelako bere jardun politikoan. PP eta PSOEren ilegalizazio apustuak, dena den, bere alde beltz ugari ditu: batetik, Batasunak berak joko politiko osoan aritzeko dituen zailtasunak begi bistakoak dira; bestetik, euskal gizarteak ere arazo gordina du gai honekin, ezin baita aritu ezer gertatuko ez balitz bezala eta elkarbizitzan ondorioak etengabekoak direlako, hauteskundeetatik mundu oso bat baztertzeak dakartzanak, esate batera, edota manifestazioen debekuetatik sortzen direnak.
Ibarretxe plana: dena prest txanpari ekiteko
Juan Jose Ibarretxek hilaren 26an auzkeztuko du bere planaren testu artikulatu ospetsua Eusko Legebiltzarrean. Zirriborro ugari ezagutu ondoren, zer aldatzen den eta zer ez harrapatzeko, arretaz jarraituko da bere diskurtsoa. Ez da zalantzarik bide malkartsua duela planak ikasturte osoan zehar, baina egoera bitxi eta berriak sortzeko gaitasuna ere izan dezake. Espainiako indar nagusienen jarrera eta Eusko Legebiltzarrean gehiengoa lortzeko diren zailtasunak ikusita, planak, legegintzaldi honetan behintzat, bere bidea agortua duela pentsa liteke gainbegirada orokor batean. Urtebeteren iraganean, dena den, zirrikitu ugari zabaltzen dira eta Ibarretxe lehendakariaren planean ere bai seguruenik. Ikusmina behinik behin sekulakoa da.
Nafarroako diru laguntzen auzia
Pedro pegenaute Nafarroako Hizkuntza Politikako zuzendari nagusiaren aurka ustezko prebarikazioarengatik zabaldu diren aurretiazko diligentzien barruan, Zuzendaritzako hainbat arduradun eta teknikarik deklaratuko du hil honen 10 eta 11n Nafarroako II. Instrukzio Epaitegian. Zuzendaritzak 2001eko diru laguntza deialdian "Euskaldunon Egunkaria"ri laguntza ukatu zion dokumentazioa epez kanpo aurkeztu zuela argudiatuz eta bitartean "Diario de Navarrak" diru laguntza jaso zuen, hark ere eskaera berandu aurkeztu arren.
Ikasturtea gainean eta adostasunik ez
Ez dira garai onak euskalduntze-alfabetatze alorrerako. Uztailaren amaieran Jaurlaritzak EAEko euskaltegiak arautuko dituen dekretua onartu zuenetik, aurretik zetorren euskaltegi pribatuen eta administrazioaren arteko tirabirak bere horretan dirau. Abuztuan egindako bileran ez zuten adostasunik erdietsi. Administrazioak eutsi egin zion dekretuaren filosofiari eta euskaltegi pribatuetako arduradunak kritiko agertu ziren euskara ikasleei emaitzen araberako diru laguntzak emateko planarekin. Azken hauek euskaltegien finantzaketa maila gutxitzea etorriko dela eta matrikulak igo beharko dituztela adierazi zuten. Hilaren 1ean, aldizkari hau itxi ostean, biltzekoak ziren bi parteak. Ikasturte berria gainean dago eta auzia nola ebazten den ikusi behar.
Mugikorren mezuak liburuan
Kilometroak 03ren ekimenez «SMS. Segapotoen Mezu Sekretuak» liburua izango da aurki kalean. Asisko Urmenetak, Antton Olariagak eta Kike Amonarrizek osatutako lanak mugikorretan mezuak idazteko pistak ematen ditu. Hiztegia, laburdura atala, emotikonoak (zeinuz osatutako irudiak) eta iruditzak bilduko ditu. Batxilergoko ikasleen artean banatuko dira liburuak eta Kilometroetan, urriaren 2an, salgai izango dira.
Autoan ere euskaraz
Karrikiri elkarteak «autokideak» zerbitzua jarri du abian, bidaia merkeago, ekologikoago eta euskaldunagoak egin ditzaten zerbitzuaren erabiltzaileek. Iruńeko euskaldunen elkarteak euskaradunentzako zerbitzu ugari eskaini izan ditu, pisukide euskaldunak topatzeko zerbitzua edota lan poltsa esaterako. «Autokideak» zerbitzua erabiltzeko honako baldintzak bete behar dira: bidaia berbera egitea, euskalduna izatea eta gastuak banatzeko gogoa izatea.
Jakoba Errekondo
Phytophthora ramorum ez bakterio eta ez onddo, baina azken hauen oso antzekoa den oomizetoak sortzen duen gaitza da Haritzaren Bapateko Hiltzea. Errododendroak eta Viburnum generoko espezieak erasotzen zituela identifikatua zen Alemanian eta Herbeheretan, baina 1995ean Kaliforniako Mill Valleyn haritzak ere hiltzen zituela jabetu ziren lehenengoz. Azaleak, errododendroak, Umbellularia californica mitrea, Arbutus menziesii gurbitza, Acer macrophyllum astigar hosto handia, Pseudotsuga menziesii Douglas izeia, Camellia japonica kamelia, Lonicera hispidula atxaparra, Arctostaphylos manzanita, Aesculus californica, Heteromeles arbutifolia, Rhamnus californica, Trientalis latifolia, Vaccinium ovatum ahabia, Sequoia sempervirens sekuoia erraldoia, Pieris formosa, Taxicodendron diversilobum, Rubus spectabilis, Kalmia latifolia, Viburnum x bodnantense eta Viburnum tinus eta Quercus agrifolia, Q. Chrysolepsis, Q. Kelloggii, Q. parvula var. Shrevei eta Lithocarpus densiflorus haritzak behintzat erasotzen dituela badakigu.
Bere sorreraz ezer ez dakigu oraindik, baina pixkanaka zabalduz doa, AEBetako mendebal osoan aurki daiteke jada eta Europan dagoeneko aipatua da Herbeheretan, Ingalaterran, Polonian, Espainian, Frantzian, Belgikan, eta Suedian, baina AEBetan ez bezala Europan ez da basoko landareetan aurkitu, mintegietako landareetan soilik.
Gehienetan azaletik barrena sartzen da eta landare zatiak hiltzen ditu, intsektu eta onddo arerioei atea zabalduz. Itxuraz txankro antzeko zauri gorrizta-beltzaxkak azaltzen dira, kolore bertsuko izerdia jariatuz, enborraren azalean, lurretik metro bete eta bikoaren artean jeneralean. Haritzetan landare helduak soilik erasotzen ditu. Geurean gaztainondoa ia desagertzeraino eraman duen tinta gaitzaren ahaidea da H.B.H. hau sortzen duena. Norteko haritza edo haritz amerikanoa, Quercus rubra, hiltzen duena ere hau ote da?
Jabier Agirre
Aldez aurretik sintomarik batere erakutsi gabe hainbat proba egiten dituzten 40 urtetik gorako erretzaileen artean, % 1-2k biriketako minbizia edukitzen du. Eta patologia hori oso ongi sendatzen da garaiz detektatuz gero; baina diagnostiko goiztiarra ez da batere gauza erraza, minbiziak ez baitu sintomarik ematen fase aurreratuan dagoen arte.
Horrelaxe jakinarazi zuten Nafarroako Unibertsitatean udaberrian egin zen Biriketako Minbiziaren Detekzio Goiztiarrari buruzko VIII. Nazioarteko Konferentziaren antolatzaileek. Biltzar horretan, tabakismoa aipatu zen behin eta berriro gaitz honen arrazoi nagusi bezala. Adinarekin gora doan patologia hori, biriketako minbizia alegia, bigarren heriotza arrazoia da mendebaldeko gizarteetan, 100.000 biztanleko ia 60 heriotza eragiten baititu urtero.
Horregatik, eta tabakoaren eraginez trafikoko istripuengatik baino pertsona gehiago hiltzen diren arren, oso garrantzi txikia ematen zaio erretzeko ohiturak dakartzan kalteen informazioari, eta ohitura txar hori uzteak pertsonari dakarzkion mesedeei askoz ere aipamen gehiago egin beharko litzaieke komunikabideetan, Nafarroako Unibertsitateko Klinika Unibertsitarioko Pneumologia Zerbitzuko zuzendaria den Javier Zulueta adituaren ustez. 1999. urtean ELCAP izeneko programa bat jarri zuten martxan, ordenagailu bidezko tomografia konputerizatu (TAC) helikoidala biriketako minbiziaren detekzio goiztiarrerako oso eraginkorra zela frogatu ostean.