Korsikako lezioak


2003ko uztailaren 27an
Espainiako egunkari batek joan den uztailaren 5ean artikulu-serie bati hasiera eman zion Quebecen eta Euskal Herriaren arteko parekotasun eta desparekotasunak argitu asmoz edo, Ibarretxe lehendakariaren planak Quebeceko iturrietan edan ei duela aitzakiatzat hartuta. Egun berean korsikarrek beren irlaren estatus administratiboa aldatzeko botoa eman zuten. Kasualitatea?

Nazio-eraikuntzarako bi kasu horiek jakin-mina eta, batzuetan, inbidia sortu dute gure artean. Euskal mugimendu politikoek oso adi jarraitu izan diote bien ibilbideari. Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak Quebeci so egin diote usuago. Hizkuntza-politikaren alorrean aplikatzen ari den ereduak oso kontuan hartu ditu Atlantikoz bestaldeko esperientziak. ENAMek, ordea, harreman sakonagoak landu ditu Mediterranioko irlan. Horretan ere norberak bere bidea!

Beren desberdintasunean (eta ez geografikoa bakarrik), joan den igandeko erreferendumak berdindu egin ditu, boto gutxi batzuen bueltan egoera administratiboa ez delako nazio-eraikuntzaren bidean aitzineratu. Bi kasuotan, halaber, botere politikoak bultzatu du aldaketa. Kasualitatea, berriz ere?

Korsikarako Parisko gobernuak planteatzen zuen estatus berria deszentralizazio xume bat baino ez zen, baina balio sinboliko handiko karga gordetzen zuen bere baitan. Izan ere, orain arte bi departamentutan banatuta egon den irla bakar batera biltzea proposatzen zen. Beste hitz batzuetan, korsikar guztiak subjektu politiko-administratibo bakar baten pean jartzeko bidea zen.

Hori gauza handia gero!, hiru subjektu politiko-administratibo desberdinen pean gauden euskal hiritarrontzat! Puntu horretan bada gogoetarako koska bat nazio-eraikuntzaren teoria lantzen ari diren euskal ideologoentzat. Korsikako administrazio-batasuna, lurraldetasuna hain justu, txikira jokatuz lortzeko aukera egon da. Hain zuzen ere, eduki xumez osatutako akordio baten inguruan gorpuztu da aukera hori. Hasierako egoera ahul batetik abiatuta eta handira jokatuz, gurean ENAMek planteatzen duen moduan, lurraldetasun-aukera hori izango al zuten korsikarrek? Kuriosoa izan da, kontraesankorra ez esatearren, ENAMen inguruko prentsan Korsikako galdeketak izan duen autodeterminazio-erreferendum kutsua.

Erreferendumaren emaitzari beste ertz batetik begiratuz, bat nator Abertzaleen Batasuneko Andde Sainte-Mariek esandakoarekin: ‘‘herri-kontsultarik ezin da programatu indar politiko eta sozial ezberdinen akordio politiko zabalik gabe’’. Horixe da, hain zuzen ere, Korsikako prozesuan egon den hutsik handienetako bat: alderdi estatalisten barnean zatiketa, estatuaren funtzionarioak kontra, abertzaleak ez osorik alde… Eta saltsa-maltsa guzti horretan, Frantziako Berdeen liderrak, Noel Mamerrek, erreferendumean ezezkoa bozkatzeko gomendatzen zien korsikarrei ‘‘Le Monde’’n proposatzen zen burujabetza-maila txikiegia zelako!

Bi lezio aterako nituzke Korsikan gertatutakoaz. Batetik, gizarteari galde egiten zaionean, argi eta garbi planteatu behar zaio galdera eta Ibarretxeren planaren ondorio EAEko hiritarrei planteatuko omen zaien itauna oso argia eta zehatza ez dela izango susmoa dut. Bestetik, sakoneko aldaketa politikoek indar-metaketa eta gizarte-adostasuna behar dute eta ez dirudi, hor zehar xuxurlatzen denari jaramon egiten badiogu, ENAMek ikastaro berrirako handira jokatzeko egingo duen proposamenak hori kontuan hartzen duenik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estaturik gabeko nazioak
Sami hizkuntzak elur-hitzak soberan ditu aldaketa klimatikoarengatik

Elurra, izotza, eguraldi hotza... izendatzeko ehunka hitz ditu sami herriak. Artikoa epeltzen ari da, ordea, eta hitz batzuk gero gutxiago erabiltzen dituzte. Batez ere, izokin arrantzako eta elur-oreinen zaintzako hiztegia ari da galtzen.


2024-03-27 | ARGIA
NBEk lehen aldiz su etena eskatu du Gazan

32.000 hildakotik gora eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


Eguneraketa berriak daude