Enrique Lopez EHUtik kaleratutako irakasleak desobedientzia aldarrikatuz oinez 4.000 kilometro egiteko asmoa du Euskal Herrian zehar. Lopezek jadanik egin ditu 1.600 kilometrotik gora. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako herrialdeetan ibili da eta Iparraldea eta Nafarroa ditu hurrengo erronkak. Bere helburua Iruñean bukatzea da. Ibilaldian zehar desobedientziaren aldeko deia egiten ari da pasatzen den herri desberdinetan hitzaldiak antolatuz eta elkarrizketak eskainiz. Urte luzez EHUtik beste kaleratuekin batera aritu bada, azken garai luzean Enrique Lopez eta beste irakasleen banaketa agerikoa da, besteak beste, batzuek zein bestea (ikasle talde baten laguntzarekin) toki fisiko desberdinetan izaten direlako euren aldarrikapenari eusten.
Etxerat elkarteak diru bilketa kanpainari ekingo dio euskal presoen senideek dituzten beharretan lagundu asmoz. Elkartearen kalkuluen arabera, presoek dituzten bisita guztiak beteko balira, (gaurkoz denboraz eta diruz posible ez dena), familia bakoitzak, batez beste, 1.350 euroko gastua izango luke hileko, bisita egiteko galdu behar diren lan egun eta orduak kontuan hartu gabe.
Diruaren borroka baino gehiago.
Dirua da botere ekonomikoaren agerle esanguratsuena, baina Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren artean Kupoarekiko akordioa lortzeko zailtasuna bi erakundeen artean dagoen botere lehiaren beste erakusgarri bat da. 2001eko bukaera eta 2002aren hasieran bizi izan zen lehia errepikatzen ari da. Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari zor ei dizkion 32,2 milioi euroko kopuruak blokeatzen du itxuraz akordioa, baina agerikoa da arazoa hori baino sakonagoa dela. 2001 eta 2002ko negoziazio gogor hartan Espainiako Gobernuak eraman zuen negoziazioaren erritmoa eta, oraingoan ere, bide judizialari helduta, tenkatze estrategia berdina antzematen zaio Madrili. 32,2 milioi euro ez da txantxetako kopurua, baina huskeria litzateke diru kontuez bakarrik arituz gero eta ez botore lehiaz.
«Egin» argitaratzeko baimen kamuflatua.
Bost urte behinbehinekoz itxita egon ondoren, uztailaren 16an «Egin» berriz ireki zitekeela erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak; hori bai, 8,5 milioi euroko zorra ordaindu ondoren. Ezaguna da epaitegietan esaten dena, justizia geldoa ez dela justizia, baina epai batzuk, errealismoaren ikuspegitik, erabat arrazoiaren aurkakoak dira, edozein begirekin begiratuta ere. Bitartean, «Gara» ixteko mehatxuak hor jarraitzen du, batetik bestera gauza daitekeena. Estatuaren logika gogorrenari zorrotz jarraitu dio PPk bere agintaldian, eta auzi honetan ere ez dirudi logika horretatik aldenduko denik, areago jadanik egindako bidea kontuan hartuta.
Lynch soldaduaren iruzurra.
Gerra guztien ondoren jakiten dira haietako zenbait pasadizoren gezurraz, eta Irakekoaz ere ugari ateratzen ari dira. Lynch emakumezko soldaduarena ezaguna egin zen oso. Irakiarrek harrapatu zuten zauriturik eta ondoren soldadu estatubatuarren komando batek askatu zuen gatibu zuten ospitaletik. Bada ez, ez zuten borrokan harrapatu eta, beraz, ez zuen tiro zauririk. Agintari baten erru bategatik bide okerretik bidali zuten eta gidatzen zuen ibilgailuarekin istripua izan ondoren, zauri arinekin eraman zuten irakiar zibilek ospitalera; ez zegoen preso, eta bertatik eraman zuten soldadu estatubatuarrek, tiro bakarra ere jaurti gabe eta inongo erresistentziarik izan gabe.
Gasteizen behintzat, bero dator iraila
Irailari begira jada, Eusko Legebiltzarra eta Auzitegi Gorenaren arteko lehiak protagonismo berezia izango duela espero da. Gorenaren bideak Legebiltzarra juridikoki blokeatzera joko duela aurreikusten da. Nola hasiko da, beraz, Ibarretxe planaren aurkezpen artikulatuaren eztabaida? Erabateko blokeo juridikoak hauteskundeak ekarriko ditu EAEn? Ibarrerretxe planaren eztabaida, nazio-eztabaida gunea, ezker abertzaleko zatirik handiena hauteskunde esparrutik kanpo eta PP-PSOE egoera hau aprobetxatu nahian. Eszenatoki gaitza, zalantzarik gabe.
Euskarak gora egin du EAEn
euskal estatistika erakundeak (Eustat), 2001eko biztanleriaren eta etxebizitzaren errolda egin du eta euskararen gaineko datu interesgarriak plazaratu ditu. Hala, euskararen ezagutzak eta erabilerak gora egin du nabarmen EAEn. 2001ean, Biztanleen %55,4ak euskaraz zekien, eta horietatik %70ak etxean erabiltzen zuen. Nabarmena da Gasteizen euskarak izan duen igoera, 1996eko datuekin alderatuz, biztanleen %11 gehiagok baitaki euskaraz. Bilbon ordea, 3.000 euskal hiztun gutxiago ziren 2001ean. Bost urtetik beherako haurren artean ere, lautik batek zuen euskara ama hizkuntza, aurreko azterketan bostetik bat ziren bitartean.
Tokiko telebistetan euskara gutxi
Ehuren udako ikastaroetan, Edorta Arana, Beatriz Narbaiza eta Patxi Azpillaga Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakasleek «Telebista lokalaren erronkak» ikastaroa eskaini zuten. Bertan, tokian tokiko telebistek Euskal Herrian bizi duten egoera aztertu zuten. Edorta Aranak urteak daramatza esparru hau ikertzen eta dioenez, neurri eta formarik gabe garatu da. Kate berri asko sortu dira azken urteetan, baina euskaraz aritzen direnak oso gutxi dira. Guztira 57 telebista kate lokal dira Euskal Herrian eta horietatik 6 baino ez dira euskara hutsezkoak.
Teknologia euskalduna Iparraldean
Hezkuntek elkarteak Ipar Euskal Herriko ikasleak euskarazko irakaskuntza teknikora hurbiltzea du helburu. Horretarako, irailetik aurrera, ikastetxez ikastetxe, Hego Euskal Herrian irakaskuntza teknikoa euskaraz jarraitzeko diren aukerak azalduko dituzte. Hegoaldean diren egiturak erabili nahi dituzte, ondoren gazteak Iparraldean enpresa berriak sortzeko behar bezala trebatu daitezen. Hezkuntekeko lehendakari den Beñat Castorenek Ipar Euskal Herrian industria bultzatzeko heziketa teknikoa bultzatu beharra dagoela azpimarratu du. Udalbiltzaren Zuzendaritza Nagusiak 12.000 euroko diru laguntza eskaini die, ekimena interesgarri iruditu baitzaie.
Diasporan ez da euskaraz egiten ia
behatoki enpresak inkesta bat egin du diasporako 12.870 lagunen artean eta, besteak beste, euskaraz gero eta pertsona gutxiagok dakitela ikusi dute. Hala ere, alde handiak omen daude inmigratu duten garaiaren arabera, eta lehenengo belaunaldikoen artean %66ak baldin badaki euskaraz, laugarren belaunaldikoen artean %0,8ak baino ez du euskara erabiltzen. Bere aldetik, North American Basque Organization euskal etxeen elkarteak ere ikerketa bat abiatu du eta ikerketa horren orain arteko ondorioak (ez dute amaitu) ere antzekoak dira: euskal estatubatuar gehienak euskaldun sentitzen dira, baina %7ak bakarrik daki euskaraz.
Jakoba Errekondo
Ura dakar ihiak. Hortxe, ura erruz den tokietan bizi eta oparo ugaltzen bai da ihia. Errio bazterretan, padura gero eta urriagoetan, buztin lur xarmangarrietan eta antzeko tokietan, elkarren babesean, ihitzetan, topatuko duzu ihia. Landare guztiek bezala, bizi den tokiaren ezaugarriak adierazten dizkigu, bizitzeko beharrezko duen ura badela, adibidez, ihiak. Ur horrexek nekazaritzarako lur zaila dela dio, eta baserritarrak ez du ihia maite.
Helduen gorrotagarri, zaharrengandik bereizi beharreko garai hartan, umetan, ihia maite genuen. Ihitza toki baketsua izan ohi zen jolaserako lehenik, alberdaniarako gero. Ihi txorten luze bat hartu eta bere muttur txorrotxean barrena basabitxiloreak sartuz eskumuturrekoak eta lepokoak egiten genituen, ondoren etorriko ziren jokoen ongi-etorri opari hawaiar gisa.
Heldu ezin edo nahi ezarena izango da: ihia ezin gorrota. Beti bere aldeko arrazoien bila. Arrebak erakutsi berria dit ihiaren erabilera berri bat: garatxoak kentzeko txorten borobiltxoa zartatu eta barruko belaki zuriaz garatxoa igurtzi, egun gutxi barru desagertzen omen da. Landare mintegian topatua dut bigarren bat: "Espiral" izena duen ihi barietate berri bat; betikotasuna adierazten duen espiral forma hartua dute ihi batzuk eta azkar merkaturatu ere azkarren batek... Etxean dut orain ihitza, betirako...
Jabier Agirre
Gripea ez da udazkeneko kontua soilik, eta horrexegatik Osasunerako Munduko Erakundeak (OMEk) txertaketa defendatu zuen joan zen hilean, gripeari aurrea hartu eta gaitz horren eragina murrizteko neurri nagusi bezala. Txertaketak gaixotasun infekzioso itxuraz arrunt horrekin lotuak dauden kostu sanitarioak eta produktibitate galerak gutxitu baititzake, gaitzak berak dakartzan erikortasuna eta hilkortasuna gutxitzeaz gain.
Komunikabideetara helarazitako jakinarazpenean, erakundeak argi utzi zuen gripeak, goiko arnasbideak erasaten dituen birus batek sortutako gaitzak, astebete inguru irauten duela, eta gaixoaren errekuperazioa erabatekoa izan daitekeela bi astetan gehienez ere. Baina arrisku populazioetan egoera konplikatu egin daiteke, eta pneumonia bat ekarri, eta baita heriotza ere kasurik okerrenean.
Horrela, bada, patologia horren kontrako txertaketa gomendatu zuen, batik bat arriskurik gehien duten pertsona horientzat (65 urtetik gorakoak, edota beren osasun baldintza bereziengatik, konplikazioak jasateko arrisku gehiago dutenak: bronkitikoak, adibidez). Azken 60 urteotan hainbat txerto mota erabili izan dira, "seguruak eta eraginkorrak", bai gripearen agerraldi arinak prebenitzeko, eta baita kasu larriagoei aurre egiteko ere.
65 urtetik gorakoetara etorriz, txertaketa kanpainek gripearekin lotutako morbilitatea (gaixo erortzen direnen kopurua) %60 murriztu dezakete, hilkortasuna (edo heriotza tasa) %70-80 jaisten den bitartean. Txertoaren eraginkortasuna %70-90 bitartekoa da pertsona heldu osasuntsuetan, morbilitateari dagokionez, baina horretaz gain "onura sanitario eta ekonomiko garrantzitsuak" ekartzen ditu, OMEk adierazten duen bezala.