Kanpotik etorritako landare edo animali espezieak batzuetan ingurune berrira primeran egokitu ez ezik erraztasun handiz ugaltzen dira. Berauei espezie inbaditzaile deitzen zaie. Inbaditzaileak dira, bertakoak diren espezieak ordezkatzen dituztelako, bertokoak zenbaitetan iraungipen arrisku bizian jarriz.
Mundu mailan orokorrean eta zehazki Euskal Herrian, fauna eta baita landaretzaren banaketak ere aldaketa handiak jasan dituela esan beharrik ez dago. Faunaren alorrean, dibertsitatearen galera izugarria nabaritu da eta landaretzari dagokionez, paisaiaren homogeneizazioa gertatu da. Azken honek eragin zuzena izan du animalia espezien aberastasunaren murrizpenean. Animalia espezie asko dago iraungipen arrisku larrian, hainbat eskualdetan desagertutzat eman direnak ahaztu gabe. Badira espezieak, ordea, sartzapenen eraginez bada ere, dezente ugaritu direnak, zenbait kasutan arazoak sortzeraino. Horixe gertatu da orein, orkatz edo basurdearekin. Nahiz eta espezie zehatz batzuk ugaldu dibertsitatearen murrizpena izugarria izan da. Gaur egun, arazo honen azalpenak agertzerakoan, dibertsitatearen galera, animalia horiek bizi direneko habitat edo ingurunearen desagerpenari egozten zaio, hein handi batean. Baina beste hainbat faktorek ere parte hartzen du espezie hauen desagerpenean. Ezin ahaztuko dugu ehizaren faktorea. Ehizaren bidez hainbat animalia espezie (hartza, otsoaŕ) galdu da. Gupidagabeko jazarpena jasan zuten, etxe azienda eraso ohi zuten animaliok eta larrutik ordaindu dute.
Espezieak ahitzen joatearen beste faktore garrantzitsua ordea, espezie inbaditzaileena da.
Sasiarkazia (Robinia pseudoacacia L.)
Bakarisa (Baccharis halimifolia)
Ibai karramarro amerikarra (Procambarus clarki)
Bisoi amerikarra (Mustela vison)
Hamaika buruhauste sortzen ari den mustelido ederra da hau. Espezie hau granjetan hazten dute larruzko berokiak egiteko. Horregatik barietate ezberdinak ezagutzen dira larruaren kolorearen arabera. Arazoa da, granjetatik ihes egin eta naturalizatu egin direla, eta nola ez bisoi europarraren (Mustela lutreola) lehiakide nagusia bihurtu da. Padura eta ibai arroak gogo handiz bereganatu ditu, bisoi europarra baztertu eta iraungipen arrisku bizian utzi du, egoerak serioski okerrera egin du.
Berez, bisoi europarraren egoerak muga asko topatzen zituen. Ibai arroetako landaretzaren beherakada, kanalizazio, kutsadura eta abar luze baten eraginez, bisoi europarraren habitataren degradazio maila altua izan da. Gainera, honek guztiak, bisoi europarraren populazio isolatuak izatea ekarri zuen. Orain, bisoi amerikarraren etorrerak egoera erabat aldatu du. Izan ere, bisoi amerikarrak europarraren habitat berdina erabili eta konpetentzia erasokorra egiteaz gain, gaixotasun hilgarria transmititzen dio. Bisoi amerikarraren hedapena geldiarazten ez bada, urte gutxiren buruan behin-betiko desagerpena jasango du bisoi europarrak.
Arrainak borrokan
Bakarisa eta sasiarkazia zuhaixkak, bisoi amerikarra eta beste zenbait aipatu ditugu espezie inbaditzaileen artean, baina inbaditzaileon zerrenda luzea da. Hona beste espezie arrotz gehiago. Koipua (Myocastor coypu), alboko argazkian, larru granjetatik etorritako beste animalia da eta marmota berriz, (Marmota marmota), beheko argazkian, Nafarroako Pirinioetan asko ugaldu da. Ur gezetako zebra muskuilua ere inbaditzailea da. Landare espezieak berriz, ugari dira hona heldu eta bazterrak bereganatu dituztenak. Hainbat landare exotiko kontrolik gabe hedatzen ari da.
Landare apaingarri gisa askotan kanpoko espezieak ezartzea arriskutsua gerta liteke, berehala hedatzen baitira.
Animalia espeziekin ere kontuz. Kanpoko espezierik ez erosi. Erosi baduzu inola ere ez askatu naturan, ondorio tamalgarriak ekarri ditzake eta.
Urrunera egindako bidaietatik animalia zein landare arrotzik ez ekarri, bakoitzak berezko ingurunea behar baitu hazteko.
Gomendio hauek sinpleak izan arren oso garrantzitsuak dira. Espezie arrotzak nahita sartu ala nahigabe ondorioak hor ditugu, eta hondamendi ekologikoaz gain, ondorio horiek kostu ekonomiko handiak ekartzen dituzte.
![]() |
|
||||
1907 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa