argia.eus
INPRIMATU
Mende bateko pedalkadak
  • Henry Desgrange "L'Auto-Velo" egunkariko zuzendariak ez zuen buruko min txikia. Bere egunerokoa lehia bizian zebilen "Le Velo" kazetarekin, eta berrikitan, Pierre Giffardek, "Le Velo"ko zuzendariak, Paris-Brest-Paris eta Bordeaux-Paris txirrindulari lasterketak antolatu zituen. "Le Velo"k erasoa jo zuen, eta "L'Auto-Velo" atzean gelditzen ari zen. Baina Henry Desgrange, kaskagogorra izan, eta buruari bueltak eta bueltak ematen hasi zen aurkariaren eraso kolpeari nola erantzungo pentsatzen. Azkenean, irudimenaren zoko guztiak arakatu ondoren, lankide batekin bazkaltzen ari zen batean, argia ikusi zuen: "Le Tour de France". "Très bonne idée!", esan zion lankideak. Eta bai ongi asmatu ere!
Amets Arzallus 2003ko maiatzaren 29a

Henry Desgrange-ren ideia zerutiar hark handik zazpi hilabetera lur hartu zuen. 1903ko uztailaren lehenean, Villeneuve-Saint-Georgesko Au Réveil matin ostatuaren aurrean, lehenengo Tourra abiatu zen.
Lehen ekitaldi hartan, txirrindulariek 2.428 kilometro egin behar izan zituzten, sei etapatan banatuta. Etapa bakoitzak bi eguneko iraupena izan zuen, eta etapen artean, atseden egun bat eman zen. Etapek bi egun irauten zituztenez, txirrindulariek nola egunez ala gauez pedalei eragin behar izan zieten helmugara garaiz helduko baziren. Antolakuntzak, auto bakarra zuen sakabanatutako tropelari segitzeko, beraz, denek markatutako ibilbidea segitzen zutela segurtatzeko, etapa bakoitzean hiruzpalau kontrol gune paratu zituen. Inork istripurik izanez gero antolakuntza ez zen horren arduradun egiten.
Legedia zorrotz hori onartu, eta hirurogei txirrindularik hartu zuten irteera lehen Tourrean. Hemezortzi egun beranduago, hogeita bat besterik ez ziren iritsi Parisera. Eta denen buru, Garin, Maurice Garin, beti aurreikusitako ordutegia baino lehenago iristen zen gizona. Italian jaiotako frantses honek, bizikleta eskas batekin, 25 km/h abiaduran eman zion Frantziari bira, eta bigarren sailkatuari hiru orduko aldea atera. Hala, bere izena historiarako gelditu zen Tourraren lehenengo irabazle bezala. Lehenengo Tourraren irabazle bezala.
Hurrengo urtean ere hartu zuen irteera Garinek. Baita Parisera aurrena iritsi ere, bigarren urtez jarraian. Baina txirrindulari txiki honen amets kunplitua laster zapuztu zen, antolakuntzak, bera eta bere atzetik sailkatu ziren beste hiruak kaleratzea erabaki zuenean. Arrazoia? Araudia urratu izana. Ez zen harritzekoa halako gora beherak gertatzea. Izan ere hastapen haietan, Tourraren antolakuntzak ez zuen txirrindulariak kontrolatzea lortzen, eta are gutxiago zaletuak. Denetik ikus zitekeen: txirrindulariak geldiarazi eta beraiekin mutur joka hasten ziren zaleak, herri batetik bestera joateko bizikletatik jaitsi eta trena hartzen zuten txirrindulariak... Gauzarik harrigarrienak gertatzen ziren. Eta harrigarrietan harrigarriena, 1904ko bigarren edizio hartan, Garin kanporatua izan ondoren, hemeretzi urteko mutiko batek irabazi zuela Tourra. Henry Cornetek, hain zuzen ere.


Bizikletak martxa aldagailuarekin

Hurrengo urteak berrikuntzen urteak izan ziren. Batetik, Frantzia eremuz lehengo berdina izanagatik, Frantziari itzulia emateko gero eta bide luzeagoa egin beharra zegoen. Laugarren ediziorako, Tourra 4.545 kilometro luze zen, eta horren eraginez edo, hamalau txirrindularik besterik ez zuten bukatu lasterketa. Gainera, bidea, luzatu ez ezik, gogortu ere egin zen. Horren lekuko, 1905ean mendia agertu zen lehen aldiz Tourreko perfilen artean, eta aldats gogor haiei aurre egin ahal izateko martxa aldagailua zuten bizikletak asmatu zituzten 1908an. Baina bizikleta berriekin ere, txirrindulari gaixoek bazuten nahiko lan mendi garai haiek menderatzen. Azkenean, 1910ean, Garrigou izan zen lehen txirrindularia Tourmalet handia hanka lurrean jarri gabe igo zuena. Balentria haren ordainetan antolakuntzak ehun libera eman zizkion. Eta berrikuntzekin amaitzeko, 1905etik 1912ra sailkapen nagusia, denborak ahaztu eta puntuen bidez osatu zen. Etapa irabazle bakoitzak puntu bat eskuratzen zuen, bigarrenak bi, hirugarrenak hiru, laugarrenak lau, eta horrela azkenera arte. Tourraren amaieran, puntu gutxien pilatu zituena, huraxe zen irabazlea.
Sailkapen modu berri harekin, Tousselier, Pottier, eta bi aldiz Petit-Breton izan ziren garaileak. 1909an, berriz, lehen aldiz, frantsesa ez zen txirrindulari bat izan zen tropeleko onena. Faber luxenburgotarrak izan zuen ohore hori bost etapa errenkadan irabazi ostean. Handik 1914ra bitarte, berriz ere puntuak baztertu eta sailkapen sistema zaharretara itzuli ondoren, Defrayek eta Thysek hiru Tour eman zizkioten Belgikari. Hurrengo bost urteetan Lehen Mundu Gerrak irabazi zuen Tourra.
Gerrak ondorio lazgarriak utzi zituen txirrindularitza munduan ere. Ordura arteko Tour irabazle asko lubakietan hil ziren: Faber, Petit-Breton eta Lapize. Gerrak eramandakoen faltan, gerra osteak txapeldun berriak ekarri zituen. Horietan aipagarrienak, Lambot, Bottechia, Frantz, Leducq, Lapebie eta Bartali. Izan ziren, ordea, Tourrik irabazi gabeko txapeldunak ere, Cristophe edo Vietto frantsesak esaterako. Batek zoria ez zuelako lagun, eta besteak taldekidea, azkenean Pariseko podiumaren gailurra zanpatu gabe gelditu ziren biak ala biak. Hala ere, hori baino sari handiago bat jaso zuen Cristophek. Bera izan baitzen maillot horia janzten lehena, 1919ko uztailaren 19an, hamaikagarren etapan. Eta hori ez dio inork kenduko.
Tira, bai. Kendu, Lambot belgikarrak kendu zion maillot horia Cristopheri. Eta berau izan zen Parisera horiz heldu zen lehena. Horretaz, frantsesak, Tourrik irabazi gabe egon ziren 1923ra arte, Henry Pelissier iritsi zen arte. 1923ko Tour hark, baina, Pelissieren garaipena baino, Bottechia izeneko italiar baten dohainak agerian uzteko balio izan zuen. Bottechiak, gerran ikasi zuen bizikletan ibiltzen, eta bertan trebatu zen. Armadako komandantearengandik lubakietara mandatari lanak egiten zituen. Bizikletan, noski. Hainbeste joan etorri egitearen poderioz, txirrindulari handi bihurtu zen, eta 1923an Tourrean atera zenean, mezu bat zekarren aldean: izar bat jaiotzera doa. Esan eta egin, hurrengo bi urtetan, "Le macon du fioul" deitzen ziotenak (fuelaren arginak) lehen bi Tourrak eskaini zizkion Italiari.
Horretaz, pixkana-pixkana, Tourraren palmaresean herri asko ari ziren beren lekua egiten, eta hori parte hartzeetan ere nabaritzen zen. Txapeldunen jatorriak gero eta ugariagoak baziren, parte hartzaileen jatorriak zer esanik ez. Ordurako, errumaniarrak, australiarrak, espainiarrak, holandarrak, eta baita tunisiarrak ere, hasiak ziren Tourrean bidea urratzen. Eta herri nortasun hori indartzeko edo, 1930etik aurrera talde nazionalek hartu zuten esponsorren taldeen lekua. Baina horrek ez zuen esan nahi publizitatea Tourretik kanpo geratzen zenik. Ezta pentsatu ere! Hain justu, talde nazionalak agertu ziren urtean bertan, lehen aldiz, tropelaren aurretik, karabana pasa baitzen Tourreko bideetan jendeari biserak-eta banatuz.
Aldaketa horiez guztiez gain, beste berrikuntza batzuk ere agertzen dira. Batetik mendiko maillota sortu zen 1933an. Eta bestetik, erlojupekoak asmatu ziren. Manera berri horietan, urtean-urtean, txirrindulariak gero eta azkarrago zihoazen, eta 30eko hamarkadan 30 km/h bataz bestekoa gainditzea erdietsi zuten.
Bitarte horretan, ohiturari eutsiz, frantsesek, belgikarrek eta italiarrek, goitik behera menderatu zuten lasterketa. Tira, goitik behera, behetik gora, eta baita zelaian ere. Eta txapeldun denen artean, bat nabarmendu zen: Gino Bartali. Italiar gazte honek 1938ko Tourra irabazi zuenean, urtetarako txapelduna espero zen. Baina Bartaliren bidea Bigarren Mundu Gerrak oztopatu zuen. Eta Tourrak bigarren etenaldia izan zuen 1939tik 1947ra.
Tourraren itzulerarekin, Bartalik berriz ere bere handitasuna frogatu zuen. 1948an gailenduz, gerra aurretik eta gerra ostean Tourra irabazi zuen txirrindulari bakarra bihurtu zen. Baina hurrengo urtean, erabat aldatu ziren gauzak. Coppi izeneko batek, etapa batean, hogei kilometroan hiru aldiz zulatu zuen gurpila, eta denen harridurarako, Bartali handiak, bizikletatik jaitsi, bere gurpila askatu, eta Coppiri luzatu zion, honek aurrera segi, eta azkenean, Tourra irabaz zezan. Une hartan, gurpilarekin batera lekukoa pasa zion Bartalik Coppiri, eta hurrengo urteak "campionissimo»aren garaiak izan ziren. Bi Tour bakarrik irabazi bazituen ere, eskalatzaile hau mito handi bat bihurtu zen, eta Coppiren izenak oraindik ere itzal egiten du Frantziako mendi bideetan.
Coppiren erregealdiaren ondoren Anquetilena hasi zen. Mendian ona eta erlojupekoetan hobea, bera izan zen lehen bete-beteko txirrindularia. Bere dohainak gutxi balitu bezala, Anquetilek Frantziako talde osoa bere zerbitzura zuen. Hala, bost Tour poltsikoratu zituen eta Bobet frantsesaren hiru Tourreko marka ezerezean utzi.


Bahamontes eta Poulidor Anquetil mendean
hartu nahian

Ezin esan, ordea, 50eko hamarkada bukaera eta 60ko hasiera Anquetilenak bakarrik izan zirenik. Bahamontesek eta Poulidorrek estu hartu zuten "maitre Jacques" behin baino gehiagotan. Baita gainditu ere batzuetan. 1964ko Puy de Dômeko etapa epikoan esaterako. Egun hartan, Poulidorrek berrogeita bi segundoko aldea kendu zion Anquetili, baina hamalau segundo falta izan zitzaizkion maillot horia janzteko, eta ezin izan zuen bere lehen Tourra irabazi. Poulidor, garaipenean ere galtzaile.
1967an, atzera talde nazionalak utzi eta esponsorren babesean korritzera itzuli zirenean, txirrindularitza eta Tourra bere aurkaririk gogorrenaren aurka borrokatzen hasi ziren: dopinaren aurka. Hain zuzen ere, 1966an hasi ziren antidopin kontrol gisa gernu analisiak egiten. Baina txirrindulariek, gustatu ez, eta lehen gernu analisiak egin eta biharamunera, greba egin zuten metro batzuk oinez eginez. Susmoak, alta, gero eta nabarmenagoak ziren. Izan ere, 1967an, Mont Ventouxen gora zihoala, tropelean oso maitatua zen Tom Simpson izeneko txirrindulari ingeles bat, bereak eta bi emanda ziplo erori zen lurrera. Behin altxa zen, baina bi aldiz ez. Oxigenorik ez dagoen parajean eman zuen azken arnasa. Gerora jakin zen, poltsikoetan anfetaminak aurkitu zizkiotela. Zoritxarrez, Tourra, hori ere bazen.
Anquetil eta Bahamontes txirrindatik jaitsi zirenean, Tourra txapeldun handirik gabe gelditu zen. Ez luzarorako ordea. 1969an hogeita lau urteko gazte flandriar batek iraultza ekarri zuen Tourrera. Eta iraultzaren ondoko urteetan Merckxismoa nagusitu zen Frantzian. Merckxek 1969ko eta 1970eko Tourrak airean irabazi zituen. Hori gutxi balitz bezala, 1970ean, horiaz gainera beste kolore guztien lagun egin zen. Eta maillot guztiak soinean zituela, Erromako zubia agertu zen Parisen. Gaindiezina zirudien. Baina hurrengo urtean, Ocaña izeneko espainiar txiki batek zubi haren gainetik pasatzea lortu zuen. Bide erdia egina zuenean, ordea, Ocaña zubian behera amildu zen. Merckxi zazpi minutuko aldea ateratzen ziola, Menteko jaitsieran, erori, eta larriki zauriturik, ospitalera eraman zuten maillot horia soinean zuela. Han zapuztu ziren bere ametsak. Eta Merckxek, biharamun goizean maillot horia janzteari uko egin bazion ere, bere hirugarren Tourra irabazi zuen.
Azkenean, kanibala hots egiten ziotenak, bost Tour eta hogeita hamalau etapa irabazi zituen. Maillot horiarekin, berriz, ehun eta hamaika gauetan egin zuen lo. Baina Merckx handiari ere, noizbait iritsi behar, eta 1975ean iritsi zitzaion bere ametsetik esnatzeko ordua. Thevenet izan zen jaikiarazi zuena. Eta Thevenetek 1975ean jaikiarazitakoa, Van Impek esnatu zuen behin betiko hurrengo urtean. Orduan esan zion Tourrari agur lasterketak inoiz izan duen txirrindularirik handienak.


Hinault eta Zoetemelk

Bat joan eta bestea etorri, 1978tik aurrera, Merckxen lekua Hinaultek hartu zuen, eta Poulidorrena Zoetemelkek. Hinaultek zortzi urtetan bost Tour irabazi baldin bazituen, Zoetemelkek hamabi urtetan bost aldiz bukatu zuen bigarren. Hala ere Poulidorrekin bazuen alde nabarmen bat. Zoetemelkek irabazi zuen Tourra, behin, Poulidorrek inoiz ez. Horrez gainera, Hinaultek eta Zoetemelkek egin zuten beste txapeldunek egin gabeko balentria bat. 1979an, holandarrak, Pariseko azken etapan, sailkapen nagusian bigarren egonagatik erasoa jo zuen. Nola ez, Hinaultek erantzun zion eraso kolpe hari. Azkenean, biak bakarrik gelditu ziren aurrean, eta Eliseo zelaietako helmugara tropela baino bi minutu lehenago heldu ziren. Esprintean, Hinaultek irabazi zuen. Nork esan zuen Pariseko etapa maillot horia paseatzeko izaten dela?
Fignonek behintzat ezetz esango luke. Hogeita bat egunetan egindako lana hogeita bigarrenean zapuztu zuelako 1989an. Azken etapako erlojupekoa besterik ez zen falta, eta Fignonek berrogeita hamar segundoko errenta zuen LeMondekiko. Nahikoa izango zuela zirudien arren, amerikarrak bere eskuleku edo gidoin moderno eta guzi berrogeita hemezortzi segundo atera zizkion frantsesari, eta Fignon bere hirugarren Tourra irabazi gabe gelditu zen zortzi segundogatik. 3.285 kilometro korritu ostean, horixe da inoiz garaileak bigarrenari atera dion alderik txikiena. Pentsa gauzak zenbat aldatu ziren Garinek bigarrena hiru ordura utzi zuenetik.
Aldaketak asko izan ziren bai. Aipagarrienak, lehen etapa prologo bezala jokatzen zela, eta taldekako erlojupekoak ere azaldu zirela. Bestalde, 1975ean gazte onenaren maillot zuria erantsi zen, eta mendiko maillotak gaurko itxura hartu zuen. 1963an Anquetilek Bahamontes bizikleta aldaketa debekatu batek lagunduta gainditu ondorenean, 1964an arazo mekanikorik gabe bizikletaz aldatzea libre utzi zen. Baina aldaketarik handienak, txirrindularien prestakuntzan etorri ziren. Coppiren ereduari jarraiki, 50eko hamarkadatik aurrera, txirrindulari asko metodikoki prestatzen hasi ziren. Eta prestakuntza horren fruiturik onena: Miguel Indurain.
Nafarrak, 1991n, Chiappucci lagun hartu eta Val Louroneko etapa hartan ihes egin zuenean, inor gutxik usteko zuen egun hura erakustaldi baten hasiera izango zenik. Halaxe izan zen bada. Indurainek nagusitasun hura beste bost urtean erakutsi zuen, eta Euskal Herriari bere lehen bost Tourrak eman zizkion. Baina Casartellik agur esan zuen urtean, Indurainek Riisen aurrean amore eman behar izan zuen, Riisek hurrengo urtean Ulrichen aurrean eman behar izan zuen bezala. Eta Ulrichek ere burua makurtu behar izan zuen 1998an, Pantanik Tourra mendian puskatu zuenean.
Anquetilek Merckxi, Merckxek Hinaulti, Hinaultek Induraini... Eta Indurainek Armstrongi. Txapeldunen lekukoa Armstrongen eskuetara iritsi da. Amerikarrak Frantzia konkistatu du azken lau urteetan. Tourra 40 km/h bataz bestekotik gora bukatuz, eta erlojupeko bat 55 km/h abiaduran korrituz, Armstrongek Tourreko marka guztiak txikitu ditu. Baina bada marka bat oraindik txikitu ez duena. Eta marka hori txikitu nahi baldin badu, aurrena berdindu egin beharko du. Eta berdindu nahi baldin badu, aurtengo Tourra irabazi beharko du. n