2003-05-29 -- 1905.zenb
EHUko Txema Ramirez de la Piscina irakasleak, Mikel Aramendi eta Gorka Landaburu kazetariek «Prentsaren rola euskal gatazkan» gaiari buruz esandakoa laburbildu dugu. Ekitaldia Zumarraga-Urretxuko "Euskaldunon Egunkaria"ren aldeko herri plataformak antolatua izan zen. Parte-hartzaileek hedabideen krisi garaia eta botere ekonomikoekiko menpekotasuna azpimarratu zituzten.
Gorka Landaburuk, «Cambio 16» aldizkariako kazetariak, Euskal Herritik haratago eraman zuen prentsa eta gatazkari buruzko gogoeta. New Yorkeko Dorre Bikien aurkako atentatuak informazioan izan duen eragina aipatu zuen. Euskal gatazka munduko beste gatazkaren testuinguruan kokatu zuen. Egungo globalizazio garaian -bere hitzetan- terrorismoaren agerpen ezberdinak daude, baina ETAk burutzen duenari terrorismoa ere deitu behar zaiola esan zuen: «Terrorismoak 50 kazetari hiltzen ditu urtero munduan, Euskal Herriko kazetariak barne». Lopez de Lacalle kazetaria eta ETAk bere aurka burutu zuen atentatua gogoratu zituen: «1983an, ETAk eskutitz bat bidali zigun ęCambio 16Ę aldizkariko kazetarioi. Gure informazioaren lerroa eta ezaugarriak aldatzea exijitu zigun mehatxuen bitartez. Ezetz erantzun genion». Landabururen hitzetan, orduan kazetari independenteak ziren eta egun ere bai. «Cambio 16» aldizkariak 400.000 ale saltzen zituen hasieran, egun berriz, 50.000 inguru. Baina, horregatik ez dituzte beren lerro editoriala eta informatzeko moldea aldatu:«Guk GAL afera ikertu genuen, baita hartaz informatu eta salatu ere. Orain gutxi Espainiako Estatuan burutzen den torturari buruzko gaia eraman dugu azalera». Landaburuk alea erakutsi zuen publikoaren aurrean, baita ETAren atentatuak egindako zaurien arrastoak agerian ere utzi.
Mikel Aramendiren hitzetan, gaur egungo hedabideen eta kazetaritzaren ezaugarri nagusia beren morrontza politikoa da, salbuespenik gabe. Espainiako komunikabideek ez dute gutxieneko independentzia bat lortu orainokoan: «Kazetariak notarioa izan beharko luke, baina, zoritxarrez, orokorrean, informazio soila eta iritzia nahasten da errealitatea islatzeko orduan», gehitu zuen Aramendik.
Mikel Aramendik, hala ere, hedabideen eragin mugatua azpimarratu zuen. Ramirez de la Piscinak bat egin zuen ikuspuntu honekin eta -Espainiako herritarrek ez bezala- euskal herritarrek informazioa jaso baino lehen gertakizunei buruzko berezko iritzi bat dutela, esan zuen Aramendirekin batera: «Gorkak Espaniako Estatuan egiten den kazetaritza ezin dela orokortu dio. Gauza objektibo bat badago ordea: Espainian ez dute Euskal Herria ezagutzen», gehitu zuen Ramirezek.
Aramendik hedabide publikoak aipatu zituen ondoren. Lege berezi bat gauzatu beharra hobetsi zuen, informazioaren balioa arautuko lukeen lege bat. Kode deontologikoak ez duela balio esan zuen, bakoitzak bere modura erabiltzen baitu. «Hedabide pribatuak ez direla independenteak, publizitatearen morrontzapean bizi direla», esan zuen bestalde. Egungo hedabideen ahuldadea azpimarratu zuen. Adibidez, La Razon Estatuaren publizitateari esker bizi dela esan zuen. Gorka Landaburuk gauza bera esan zuen El Mundo egunkariaz, Telefonicak bere publizitatea ukatu dionetik bere bideragarritasuna eta etorkizuna kolokan bide dago.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa