Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2003-05-29 -- 1905.zenb

Jasaezinari eustea

Alberto Frķas

Gizakiaren Garapenari buruzko 1972ko Stockholmeko Gailurrean, ingurumenak garapena mugatzen duen ideia gainditzen ahalegindu ziren. Handik urte batzuetara, 1988an hain zuzen, Brundland Batzordearen "Etorkizuna geure eskuetan" izeneko txostenean planteatu zen lehenbiziko aldiz garapen jasangarriaren kontzeptua, zein, funtsean, geroko belaunaldien behar propioak lotu gabe, orainaldiko beharrak asebetetzen dituen garapen gisa ulertzen baita.
Hurrena, Rio-92ko Garapenaren eta Ingurumenaren Gailurra heldu zen. Orduko bilkura hartan, klimaren aldaketari, biodibertsitateari eta desertizazioari buruzko hitzarmenen onespenez gainera, Agenda 21ak agertu ziren, baina, ororen gainetik ondoko hau markatu zen gailur hartan: munduko biztanle guztiengana iritsi zen garapen jasangarriaren kontzeptua, eta halako neurrian iritsi ere non, joan den abuztuan, bataio-izen horixe zuela egin baitzen Johannesburgeko Gailurra.
Eta, baldin Rio-92 katarsi moduan bizi izan bazen -batik bat ingurumeneko katastrofean Iparraldeko herriek duten erantzukizuna aitortu egin zelako (ozono-geruzako zuloa, klimaren aldaketa, eta abar.)-; oso bestela, Johannesburg 2002 maskarada baten agerraldia izan da. Izan ere, hamar urte luze eman dira garapen jasangarri aldarrikatuaren gaineko politikak inplementatzen, eta, halaz guztiz, izutzeko moduko datuak bakarrik ditugu: ingurumenezko adierazle guztiek egoera okerragoa erakusten dute, handitu egin da herri aberastuen eta txirotuen arteko diferentzia eta txirotasuna biderkatu egin da murriztu beharrean.
Europako Batzordeak azken gailur horretarako egin zituen aurrelanen barruan, Europako Parlamentura helarazitako txostenean bertan aitortzen zen, oraingoz bederen, "erreala baino erretorikoagoa dela produkzioa eta kontsumoa bide jasangarritik bideratzea". Bada, horixe. Erretorika hutsa da, ez besterik, azken hamar urte hauetan gutxienez gobernuetako arduradunak egiten ari direna.
Hemen, Euskal Herrian, jasanezinari eusteko bidetik dabiltza, halaber, honelako eta bestelako administrazioak. Horrela, jasangarritasunaren erretorikaren azpian ongi ezkutatuta sustatzen dira Itoizko urtegia bezalako proiektuak, Abiadura Handiko Trena, Eibar-Gasteiz autopista, Transpirinioko autobidea, laborantza-munduaren konturako metropolizazioa, azalera handien ugaltze indiskriminatua edota alternatiba energetiko basatia.
Ibarretxe jaunak 2001ean aurkeztu zuen Euskal Herriko Jasangarritasunaren aldeko Konpromisoa, eta adierazpen horren ondotik etorri dira Euskal Autonomia Erkidegoan Garapen Jasangarriaren Ingurumenezko Estrategia eta Ingurumenaren arloko Programa Markoa. Bi egitasmo horiek edukirik gabeak dira, asmo-aitortze hutsa besterik ez, zeren azken buruan, garapen jasangarriaren ordez hazkunde jasana dute xede. Joko tristea da benetan solitarioan bakoitzak bere buruari tranpa egitea.
Hori guztia EAEko gobernuak berak jakitera emandako ingurumenezko adierazleek baieztatzen dute ongien. 1997 eta 2000 urteen artean, modu jasanezinean hazi da errekurtso naturalen kontsumoa: ura %18an, energia %30ean, negutegi-efektuaren iturburu diren gasen emisioa %27an (Ederki dabil Kiotoko Protokoloa!!!), hiriko hondakinen generatzea %66an (azken hamar urte hauetan), autopista-autobideen sarea %37an, auto-kopurua %34an, garraioaren energia-kontsumoa %68an, automobil pribatuan egindako laneko joan-etorriak %24 (kontrara, laneko joan-etorrietan %40an gutxitu da autobusaren erabilera).
Esan gabe doa, datu horiek guztiak dira oso kezkatzekoak, baina horien arteko batek berak bakarrik adierazten du zer eromen kolektibora iristen ari garen. Gure herrian, berrizta ez daitezkeen errekurtsoen artean, lurra da ezbairik gabe gutxien berrizta daitekeena eta preziatuena. Bada, 4 urtetan bakarrik, %24an gehitu da lurraren okupazioa, azpiegituretarako, bizitzeko espazioetarako edo jarduera ekonomikoetarako hartu delako. Halako eran urritu da, non gure geografian desagertu egin baita sektore pribatuarentzako espazioa hainbat eskualdetan.
Laborantzako munduaren biabilitateari eusteak ondoko hau guztia esan nahi du: sektore primarioaren izaera multifuntzionala aitortzea, faktore endogenoak sustatuz garapena bultzatzea, kalitatezko elikagaiak produzituko dituzten nekazariez hornitutako laborantza defendatzea; lur-bankuak sortzea, gazteak eremu horretan txerta daitezen; eta talkako mekanismo juridikoak artikulatzea, oraingo odol-hustea eten dadin eta espekulazioak mugarriak izan ditzan. Gobernu autonomikoak, ordea, mundu hori desagerrarazteko apustua egin du argi eta garbi, baina, hori bai, garapen jasangarriaren izenean.
Ongi konstatatu dugun moduan, hazi egin da jasangarritasunaren erretorika, eta hortxe dabil adierazpenen amuez, gailurrez, nazioarteko abenikoez eta Agenda Lokalak 21 izenekoez ongi horniturik. Bien bitartean, eta paraleloan, hondatzen eta okertzen ari da ingurumena. Horregatik, gure iritziz behintzat, jasanezina jasangarri egitea da benetan erdietsi nahi dena, ez besterik.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan