Daniel Udalaitz
Pentsioak erreformatzen ari dira Europan azken hamabost urte hauetan, eta, gorabehera horretan, Espainiako Estatura ere heldu dira Frantzian, Alemanian eta besteetan hartu izan dituzten erabakiak. Azken bolada honetan, berriro iragarri dute etorkizuneko pentsioen beste erreforma bat Europan. Frantziak hartu die aurrea beste guztiei, baina Alemania eta Austria ere hasi dira markatzen pentsioen erreformak Europa osoan izango dituen ezaugarriak. Seinalatzen ari direnaren arabera, diru eta urte gehiagoko kotizazioa ezarriko dute, azkeneko erretiroa lortzeko. Alde horretatik, oraingo sistema kontuan hartuta, litekeena da aurrerantzean erretiroko prestazioa %25 murritzagoa izatea. Frantziako Estatuko langileak (jakina, baita Ipar Euskal Herrikoak ere) neurri horien kontra azaldu dira, eta mobilizazioetan dabiltza. Baldin Frantziako neurriek Europa osoa kutsatzen badute, oraingo borroka horren harira iragarri dute dagoeneko greba orokorra.
Frantziako Estatuan prestatu duten erreformak, bistan da, Euskal Herriaren parte bati erasango dio. Nolanahi ere, erreforma hori iritsiko da Hego Euskal Herrira ere, zeren, Espainiako Estatuan, agendan dute Toledoko Ituna berriz negoziatzea, eta, besteak beste, erretiroa hartzeko baldintzak aztertu nahi dituzte. Datorren urtera arte hauteskunde garaian murgilduak egongo garenez, ziur aski, hala PPko gobernuak, nola PSOE alderdiak, oso alde batera utziko dute kontu hori hurrengo legegintzaldira arte. Hala eta guztiz, hasiak dira Toledoko Ituna eraberritzeko bilerak egiten.
Lanordu gehiago eta pagatu ere gehiago
Lanordu gehiago eginaraztea eta diru gehiago kotizaraztea dira helburu. Bai, horixe da gobernu frantsesaren jomuga. Hitz batean esanda, Frantziako Gobernuak pentsioen arloan proposatu duen erreforman honako hauxe da gakoa: urte gehiago eman behar dira lanean, deskonturik gabeko erretiroa lortzeko, eta, ildo horretan, pizgarriak ere jarriko ditu indarrean 65 urte arte lanean segitu nahi dutenentzat. Beraz, orain arteko arau nagusia, hots, 60 urterekin edo gutxiagorekin erretiratzekoa, murrizteko ahalegina egingo du. Erreforma horren arabera, 2008. urtetik aurrera, 40 urte kotizatuak izan beharko ditu erretiro osoa kobratu nahi duen orok; 2020. urtetik aitzina, berriz, 42 urteko kotizazioa izan beharko du. Zenbatekoari dagokionez, %2 eta %3 arteko igoera izango dute kotizazio guztiek.
Frantziako Gobernuaren planeko eduki gehienak honako alderdi zehatz hauekin du zerikusia: erretiratzeko adinarekin, kotizatzeko aldiarekin, pentsioen kalkuluarekin, kotizazioen erosketaren eta hiru seme-alaba edo gehiagoren kargua izan duten emakumeei eman beharreko laguntza familiarrarekin. Funtsean, alderdi horiexek jaso dituzte joan den maiatzaren 7an Ministroen Kontseilura heldu zen aurreproiektuan. Oposizioko alderdien laguntza dutela sindikatuak egiten ari diren mobilizazioak tarteko, litekeena da plan horren arkitektura "doitua" izatea, baina inola ere ez aldatua.
l Erretiratzeko adinari dagokionez, mantendu egin dute 60 urterekin erretiratzeko eskubide teorikoa, baina urte gehiagoz kotizatu izanaren mende egongo da alderdi hori. Enpresaburuek ezingo dute exijitu langileen erretiratzea, baldin 65 urte bete gabeak badira, baina, hala eta guztiz, aurrez jubilatzeko atea zabalik utzi dute, beherapen edo penalizazio batzuk onartzearen truke. Gaur egun gertatzen dena gerta ez dadin, hau da, 55 urtetik gorako langileek merkatu laborala utz ez dezaten, %3ko prima ezarriko zaie pentsioei 60 eta 65 urte bitartean lanean emandako urte bakoitzeko.
l Kotizatzeko aldiari dagokionez, aurreproiektuak dio funtzionarioek 40 urtez aritu beharko dutela kotizatzen 2008. urtetik aurrera (37,5 urtez kotizatzen dute orain). Beraz, sektore pribatuko langileen kotizazio mailara pasatu beharko lukete. Urte horretatik aurrera, behin 2012. urtera helduta, sektore guztietako langileek 41 urteko kotizazioa izan behar luketela aurreikusi dute, eta 42 urteko kotizazioa 2020. urtera iritsitakoan. Horrela izan ezean, %6an murriztuko zaio pentsioa langile orori, kotizatu gabeko urte bakoitzeko. Dena dela, 65 urte beteak dituztenek, urte gutxiagoz kotizatu izan arren, beherapenik gabe kobratu ahalko dituzte pentsioak.
l Pentsioen kalkuluan berriz, gobernu frantsesak, oraingoz behintzat, ez du argitu zenbateko pentsio mailak lortu ahal izango diren. Gaur gaurkoz, erretiro apalena soldata minimoaren %75 izango litzatekeela bakarrik adierazi du. Beraz, orain baino %5 gutxiago; dirutan, 1.000 euro hileko.
l Kotizazioen erosketaren kontuan, Gizarte Segurantzako kotizazioa osatu nahi duten langileek hamabi hiruhileko "erosteko" aukera izango dute hemendik aurrera. Horixe izango da, beraz, beherapenik gabeko erretiroa eskuratzeko beste bide bat. Ikasketak edo bestelako arrazoiak tarteko, berandu kotizatzen hasten direnei bereziki interesatzen zaien neurria da hori.
l Familientzako laguntzen arloan, aurreproiektuak dio, hiru seme-alabaren edo gehiagoren ardura izan duten emakumeen kasuan, mantendu egingo dela 15 urtez bakarrik kotizatuta pentsioa kobratzeko eskubidea. Bestalde, hemendik aurrera gizonek ere izango dute seme-alaben arduragatik orain arte emakumeek bakarrik jasotzen dituzten pentsio hobari zenbait bereganatzeko eskubidea.
Bittor Ghezk
Ainara Gurrutxaga
Antzoki Zaharrean maiatzaren 30ean. Hamleten mitoa berreskuratzen duen tragikomedia gure gizarteak oraindik gainditzeke dituen aurreiritziei buruz mintzo da.
guztia irakurri
Mikel Asurmendi
EHUko Txema Ramirez de la Piscina irakasleak, Mikel Aramendi eta Gorka Landaburu kazetariek «Prentsaren rola euskal gatazkan» gaiari buruz esandakoa laburbildu dugu. Ekitaldia Zumarraga-Urretxuko "Euskaldunon Egunkaria"ren aldeko herri plataformak antolatua izan zen. Parte-hartzaileek hedabideen krisi garaia eta botere ekonomikoekiko menpekotasuna azpimarratu zituzten.
guztia irakurri
Pello Zubiria
XXI. mendeko katastrofeen eredu izan daitekeena gertatu berri da Argentinako Santa Fe-ko uholdeekin: deforestazioa, nekazaritza burugabe baten ondorioak, Lurraren berotzea, agintari ustelek oker planifikatutako obrak... eta ehunka herritarren heriotzari buruzko informazioa bahitzea.
guztia irakurri
Xabier Telletxea
Nork bere burua gainditzeko, sentsazio berriak probatzeko, adrenalina askatzeko edota besterik gabe esperientzia berri bat bizitzeko xedez praktikatu ohi ditu jendeak abentura kirolak. Eskari gehien duten kirolen artean aurkitzen da saltoa. Kirol honen barruan, ordea, badira zenbait modalitate, besteak beste, zubi saltoa, goma saltoa, tirolina, gloe, tirolina, goma tiroa, rappela, parabola saltoa, goma pendulua eta supersaltoa.
Saltoen munduan zubi saltoa da ezagunena eta antzinakoena. Espainiarrek, ingelesarekin jokatuz, jarduera honi puenting izena eman badiote ere, euskaraz, zubi saltoa edo zubi jauzia hitzak erabiltzen dira. Gorputza sokekin lotu eta zubi batetik salto egiteko jarduera Helmut Kiene izeneko eskalatzaileak egin zuen lehen aldiz 1970ean, Annecyn (Suitza). Cailles ibaiaren gaineko zubi batean soka lotu eta beste aldetik salto egin zuen. Zubitik botatzeko beste modalitate batzuen artean dugu zubi2 saltoa (izen horrekin bataiatu dute). Zubi salto arruntaren berdina da, baina pendulu berean geratu beharrean handiagoa den bigarren bat egiten da, hots, lehenengo zubi salto bat egiten da eta jarraian neurri bikoitzeko zubi saltoa egiten da. Guztia salto bakarrean.
Zubi saltoa zubirik gabe egiten denean, bestelako egitura erabiliz, supersaltoa egiten da. Salto honetan, sokak erabiliz, pendulua egiten da, alegia, zubiaren funtzio bikoitza bi garabik betetzen dute. Sokak erabiliz praktikatzen dira baita ere tirolina, parabola saltoa eta rappela. Tirolinari dagokionez, sokaz eginiko tobogana sortuz eginiko jaitsiera gisa definituko genuke. Parabola saltoa tirolinaren familiakoa da. Bi soketatik zintzilik egiten da jauzi, parabola bat sortuz. Abiadura itzela lortzen denez, galgatze sistema berezia erabiltzen da. Galgatze sistema honen gakoa bi goma erabiltzean datza. Eta azkenik, rappela, orain arteko modalitateetan ez bezala, sokekin gorantz joatea da.
Sokak erabiltzeaz gain, gomak ere erabiltzen dira saltoa praktikatzeko. Gomak lortzen dutena, gizakia yoyo baten moduan mugitzea da. Goma saltoa, esaterako, zubitik ala garabitik, eskaladako soka baino lodiagoa den gomaz egiten den salto mota da. Bada goma saltoaren antzekoa den beste modalitate bat ere: Goma tiroa. Modalitate honetarako bi goma erabiltzen dira. Bestalde, goma saltoa zubi saltoa bezala zubiaren kontrako aldetik egiten denean, goma pendulua deritzo. Pendulu moduko goma saltoa, edo material elastikoa erabiliz egindako zubi saltoa bezala defini daiteke. Ezagunagoa da ordea herriko jaietan ikusi ohi den gloe edo gomaz lagundutako ohe elastikoa. Praktika honetan, gizakia alde banatan instalaturiko arnesetara lotzen da gomekin. Honela, oheek gorantz egiten laguntzen duten bitartean, gomek jaitsiera arintzen dute.
Modalitate hauek Euskal Herri mailan duten praktika aztertzeko xedez, Euskal Abentura Elkarteko Gerarta Arotzenarekin hitz egin dugu. Bere ustez, "Euskal Herrian saltoen munduan punta-puntan gaude". 1991n egin zuen lehen aldiz zubi saltoa Gerartak eta 1995ean hasi zen monitore gisa. "Nahiz eta monitore izan, aitortzen dut salto egiten dudan aldiro beldurra sentitzen dudala. Hain zuzen ere horrexek sentiarazten dit plazerra". Zortzi urte hauetan zehar aurrez aipatutako saltoetatik hiru patentatu ditu elkarteak: zubi2 saltoa, supersaltoa eta parabola saltoaren galgatze sistema.
Gerartak jakinarazi digunez, batik bat jende gazteak praktikatu ohi du kirol mota hau. "Hor badira gazteak gauza gogorragoak egitera bultzatu edota bere mugak gainditzera eramaten dituzten arrazoi hormonalak eta psikologikoak. Dena den, izan dugu 65 urteko jendea ere. Bederatzi urteko haurrek ere praktikatu izan dute saltoa". Eta gehienak mutilak dira. "Kirol hau praktikatzen duen pertsonaren profila festazalearena da, ez du zertan kirolzalea izan behar. Parrandazale amorratuak dira gehienak!".
Saltoan aditu den Gerarta Arotzenak saltoa praktikatzera doazen gehienak euren kabuz eta irmo doazela baieztatu digu. Hala ere badira salbuespenak, esaterako, bada ezkontza agurra dela-eta zer egitera doazen ez dakitenak. Halaber, bada salto egiteko asmorik gabe joan eta ondoren animatzen denik ere. Aitzitik, ohikoa izan ez arren, badira salto egiteko helburuarekin joan eta mementoa iristean ausartu ez denik. "8.500etik 62k soilik egin digute huts. Orokorrean esperientzia bikaina bizitzeaz jendea euforiko eta biziki kontent agertu arren, ez du errepikatzen".
Euskal Abentura Elkarteak gehienetan Azkoitian egiten du saltoa. Hala ere, Euskal Herriko eta Espainiako beste zenbait zubitan ere praktikatu izan du. Supersaltoa, goma saltoa, goma tiroa, tirolina edo parabola saltoa praktikatzeko garabia behar denez, edozein leku librean praktika daitezke. Kirol guztietan bezala, hemen ere badira joerak, hots, zubitik eginiko saltoak udaberrian eta udazkenean praktikatu ohi dira gehien, eta garabitik eginiko saltoak, aldiz, udan.
Beldurra sentitzearen plazerra
Beldurra da kirol hau praktikatzeko oztopo nagusia, eta aldi berean, funtsezko sentimendua. Saltoan aditu den Gerarta Arotzenak bere eskarmentuan oinarriturik, honakoa deritzo: "Gizakioi gure mugak gainditzeak plazerra ematen digu. Egoera horietan beldurra sentitzen dugu eta senazko beldur horri aurre egiteak zirrara sortzen digu. Dagoeneko 8.500 saltotik gora egin ditugu eta denak onik irten dira. Guztira lau pertsona damutu zaizkigu salto egiteaz. Gainerakoak euforiko eta pozik geratu dira".
Beharbada beldurrak eta estuasunak eraginda, bitxikeri ugari ere gertatu ohi da saltoa egiteko mementoa iristean. "Behin japoniar bat etorri eta salto guztiak egin nahi izan zituen. Gertatu izan zaigu baita ere, pentsatuz zubi saltoa egitera doana zubi2 saltoa egin eta itzelezko sustoa hartzen duenik. Lehen erorikoa egiten duenean eta guztia amaitu dela iruditzen zaionean, bigarren erorikoa egiten du eta soka askatu dela uste du".
Segurtasuna funtsezkoa
Kirol honetan arriskuak ere garrantzi handia dauka. Saltoen gaiaren inguruan ez dago legedirik eta enpresak ez daude lanabesak aldatzera behartuta. Hori dela-eta, segurtasuna bermatzeko, sokak eta gomak maiztasunez aldatzea aholkatu ohi da. Euskal Abentura Elkarteak esaterako, Zeelanda Berriko legedia aplikatzen du. Legedi honen arabera, sokak urtero aldatu behar dira, eta gomak aldiz, 150 salto inguru egindakoan. Gomen inguruko segurtasunean ere badu patentea elkarteak. Hala nola, segurtasuna bikoizteko, gomari segurtasun zorroa gehitzen dio elkarteak. Honela, gomak apurtuko balira salto egin duena zintzilik geratu eta ez litzateke konturatu ere egingo. Gerartaren hitzetan, "minutu bat zigarro bat erretzen egotea arriskutsuagoa da gurekin zubitik botatzea baino. Profesionalekin lan egitea da funtsezkoa. Zortzi urtetan sekula ez dugu aseguru etxean parte eman. Segurtasun maila oso handia da".
Salto bakoitza egiteko erabilitako materiala ezberdina denez, prezioa ere ezberdina da. Esaterako, hamar metroko zubi saltoa praktikatzeak hiru euro balio ditu, hogeita hamar metroko zubi saltoak sei euro, zubi2 saltoak hamabost euro, parabola saltoak bederatzi euro, goma salto txikiak hamabi euro eta goma salto handiak hemezortzi euro. "Noiz edo noiz doan ere eskaini izan dugu baina beti gomendatzen dugu zerbait ordaintzea, saltoa baloratzeko eta ekintza horretan gogo gehiago jartzeko" dio Gerartak.
Elisabeth Pombo
"File-Save" edo "Archivo-Guardar", behin baino gehiagotan errepikatu ditugun urratsak dira. Baina zergatik ez esan "Fitxategia-Gorde"? Nola egin dezakegu gure ordenagailuarekin euskaraz komunikatzeko eta hark gu ulertzeko? Dudarik gabe, aparailu informatikoen balio handiena softwarea edo programak dira, horiek gabe ezingo baikenuke hainbat funtzio bete eta erabiltzen duten hizkuntza da, dudarik gabe, ordenagailua eta gure artean dagoen komunikazioaren giltzarria
guztia irakurri