Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-05-29 -- 1905.zenb

Jakoba Errekondo


Marrubien sasoia amaitzen ari da. Marrubien sasoia hasi berria da. Urrutiko marrubitzar makalen sasoia badoa eta etxe ondoko marrubitxo goxoen sasoia onenean dago. Bide bazterretako penditz hezeetan eta hostoak galtzen dituzten zuhaitzen eta pinu gorriaren baso xareetan maiz topatuko duzu marrubitxoaren landarea. Beheko bailaretan maiatzetik aurrera eta goi hotzagoetan uztaila eta abuztuan. Aho sabaian eta sudurrean barrena nabarmenak dira marrubitxo hauen usaina eta gaxitasuna. Freskoan bildu ahala jateko edo dultzeak, mermeladak, gozokiak, likoreak, uxualak bihurtu eta gerora gozatzeko. Fruitu basatiak biltzen ditugun guztietan bezalaxe, den-denak ez hartu, beste animalia batzuek ere marrubi horietaz baliatzen dira, bere udaberri-udako elikaduran osagarri garrantzitsua baitira. Euskaldunak ere usu baliatu izan ditugunaren adierazgarri eman diogun izen mordoa: mazura, maurri, maurgi, maulubi, mauliki, marrobi, magauri, mauri, maguri, maluro, maluri, malluki, mallugi, arrama, arraba, arraga, marguazi, marguosto, arrabatze, gorri, mariguri, maibeta, maieta, maiueta eta marrubi.
Azokatako marrubitzar zozo-pandero makalak utzi eta edozein bide-ertzeko penditzeko marrubitxo gaxi-gaxiak dastatzera...

ERAIKUNTZA

Joxerra Aizpurua / Garbiņe Ubeda

Eraikinetan zartadurak, akatsak eta batzuetan istripuak eragin ditzaketen ustegabeko tenperatur aldaketak edota lur mugimenduak gertatzen dira. Orain arteko jarduerak erakusten duenez, ezustekook aurreikusteko aukerarik ez da izaten. Gainera, batzuetan faktore eragilea gertatu eta handik urte batzuetara agertzen da akatsa.
Egoera hori zuzentzeko "prebentzio"sistema bat eratu du Illinoiseko Unibertsitateko ikerlari talde batek. Sistema honen oinarria "adreilu adimentsua" sortzea izan da. Aipatu adreilu hau ohiko adreilu arrunta baino ez da, baina bere baitan hainbat elementu integratu dira, besteak beste: tenperatura-sentsorea, azelerometroa, antena eta bateria. Horrela, adreiluak eraikuntzak dituen bibrazioak edota tenperatur aldaketak neurtzen ditu eta antena bidez zentro batera transmititzen ditu. Zalantzarik gabe, informazio guztiz baliagarria da suhiltzaileentzat edota lurrikara baten ondorio zutik gelditu diren eraikuntzen egoera aztertzeko.
Jatorrizko ideiak arazotxo bat zuen, hots, adreiluaren baitan doan bateriaren iraupena nola ziurtatu. Kontuan hartu behar baita, eraikinaren oinarrian dauden adreiluak beste elementuz estaltzen direla.
Arazo honi aurre egiteko bi bide jorratu dira; batetik adreiluek datuok tarteka bakarrik emititzea eta bestetik, adreiluek meta dezaketen beroa bateria bera behin eta berriz birkargatzeko erabiltzea.

Jabier Agirre

Duela bi hilabete aurkeztu zen Madrilen "zazpi minutuen testa", dementziak jota daudela susmatzen dugun pertsonen detekzio goiztiarra egiteko modua ematen digun proba labur bezain zehatza. Eta nola lortzen da hori? Alzheimer gaitzaren hasieratik beretik hondatzen den prozesu sail bat (alegia oroimena, denbora orientazioa eta hitz egiteko jarioa batik bat) ebaluatuz.
"Lehenengo sintomak detektatzen direnetik aditu batek gaixotasuna diagnostikatu arte urtebetetik 2 urtera pasatzen dira", Madrileko Unibertsitate Autonomoko neurologoa den David Muņoz doktoreak kalkulatzen duenez, "eta denbora epe hori balio handikoa da, ondotxo baitakigu alzheimerrean detekzio goiztiarrak ezinbesteko garrantzia duela".
Zazpi minutuen testa AEBetan jarri zen martxan, eta dagoeneko gure inguruko hainbat ospitaletan frogatua izan da. Diagnostikorako guztiz baliagarria gertatzen den tresna hori hasieratik oso sentikorrak diren lau proba edo funtzio neurtzean datza: denboraren ardatzarekiko pertsonak duen orientazioa, oroimena, mintzairaren jarioa eta kontrol motorea dira aztertutako parametroak, bestelako abstrakzio mekanismo batzuekin batera. Diagnostiko goiztiarrak abantaila handiak ekartzen ditu arazo honetan inplikatuak dauden sektoreentzat: horrela, gaixoa oraindik ez badago jubilatua, bere lan egoera planifika dezake; familiartekoak ere, berandu baino lehen eman beharko dizkioten zainketak eta ardurak planifikatzen has daitezke; eta gaur egungo botikek gaitzaren aurrerapena moteldu egiten dutenez, interesatzen dena da gaixoari botika horiek ahalik eta lehenbailehen ematea. Puntu horiek guztiak kontuan hartuta, erraz uler daitekeen bezala, zenbat eta goizago diagnostikatu gaitza, orduan eta lehenago jarriko dira martxan ekintza prebentibo eta zuzentzaileak.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan