Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • GARAIPENA, FRAKASOA ETA ZILBOR HESTEA

2003-06-22 -- 1904.zenb

GARAIPENA, FRAKASOA ETA ZILBOR HESTEA

Xabier Gurrutxaga

Gezurra badirudi ere, maiatzaren 25ean egindako udal eta foru hauteskundeetako emaitzek ekarri dizkigute zenbait datu interesgarri. Horien arabera eta lau urtetik hona eman diren hauteskundeen emaitzak kontuan izanik, besteak beste, hiru jarrera nagusi nabarmendu ditzakegu: bata, abertzaletasun demokratikoak ordezkatzen duen egitasmo politikoaren oinarri sozialaren gehikuntza; bestea, konstituzionalismo bezala ezagutzera eman den egitasmoak Euskadiko Autonomia Erkidegoan dituen muga sozialak eta elektoralak berriro ere begi-bistan gelditu dira, batez ere Partido Popularraren eta zenbait elkarte zibilen eskutik datozkigunak. Eta hirugarren, ETAren indarkeria dela-eta, ezker abertzale ofizialaren krisi politiko eta elektoral larria berriro ere lehen mailan azaldu zaigu. Badute ondorio horiek batak bestearekin zerikusirik, baina, hala ere, bakoitzak bere izaera propioa du.

Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) eta Eusko Alkartasunak (EA) uztarri berdinean jarrita egiten ari dira ibilbide politikoa azken urte hauetan. Badirudi duela lau urte ez bezala funtzionatu duela oraingoan elkarrekin osaturiko koalizioak eta, gorpuztuagoa azaldu denez, herritarrek koalizio berari balio erantsi gehiago ikusi diotela partidu bakoitzari baino. Tesi honek hausnarketa sakon batetarako gaia jartzen du bi alderdi horien mahaien gainean, baina batez ere EArenean. Erkidego autonomoan geroz eta garbiago dago EAren etorkizuna EAJren eskutik egitasmo politiko komun bat definitzeko gaitasunean dagoela. Eremu politiko horretatik at ez dago ez etorkizunik ezta ere gaur egun duen presentzia instituzionala bermatuko dion bestelako alternatibarik. Baina jeltzaleak ere gogoeta egin beharrean daude eta hausnarketa EArekin duten koalizio horren nondik norakoaz. Aspaldiko nire aldarrikapen bat ekarriko dut hona: "Bi partidu, egitasmo politiko bat". Horra hor nazionalismo honen erronka nagusia.

Egin berri ditugun hauteskunde hauek izugarrizko garrantzia politikoa zuten PPrentzat. Horietan zeukaten jarria esperantza guztia Jose Marķa Aznarrek eta Jaime Mayor Orejak. Hain zuzen, uste zuten duela bi urteko autonomikoetan jasandako porrotari bizkarra emateko abagune bikain eta ezin hobea eskaintzen zutela maiatzaren 25eko hauteskundeek. Helburu politiko nagusia ez zen Araban nagusitasuna mantentzea, Bizkaia eta Bilbo elektoralki konkistatzea baizik. Plaza berri horiek bereganatzea ezinbestekoa bilakatzen zen Ibarretxeren Plana amildegi bidean zuzen-zuzen zihoala irudikatu ahal izateko. Emaitzek konstituzionalismo eredu horren frakasoa islatzen dute. Hain zuzen, antinazio- nalismoan oinarrituriko konstituzionalismoaren porrota. Eta frakaso horren partaide dira baita ere Bizkaiko PSE-PSOEko sozialista asko eta asko, eta horien artean garai bateko Euskadiko Ezkerreko zenbait buruzagi ere. Konstituzionalismoak ez du izango Euskadin alternatiba izateko benetako aukerarik, bere egitasmoaren ezaugarri nagusia antinazionalismoa den bitartean.

Eta azkenik hauteskundeek ezker abertzalearen krisialdi sakona eta larria erakutsi digute. Ilegalizazio kontuak direla eta, jakin badakigu ezker abertzale ofizialarentzat hauteskunde hauek oso bereziak izan direla, eta horregatik ezin dela talde horrekiko azterketa kuantitatibo hutsa egin. Baina zailtasun guztiak kontuan izanik ere, ilegalizazio prozesu honetan zerbait nabarmen gelditu bada, hori, egoera berrira egokitzeko ezker abertzaleak erakutsi duen gaitasun eza izan da.

Ilegalizazioaren aurrean eman duten erantzuna ez da izan aurrez aurre zezena badatorrela eta haren kolpeaz libratu nahi duenarena, baizik eta zezenarekin talka egin nahi duenarena, nahiz eta gero zauriak sendatzeko besteren laguntza eske ibili behar izan. Ezgaitasun horrek zerikusi handia du ETAk duen erantzukizunarekin. Honako hau ere berriro errepikatuko dut: Euskal Herrian ezker abertzalearen egitasmo independentistak leku eta babes zabala du, baina hori gauzatu ahal izateko ezker abertzale horrek bere arnasbide eta elikabide propioak behar ditu. Amarekiko zilbor hestea apurtzen ez duen bitartean ez da nor izango, ez da ezker abertzale berria jaioko. Eta zilbor hesteak hor dirauen bitartean ez du politikak aginduko.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan