Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-06-22 -- 1904.zenb

Mikel Asurmendi

Desobedientzia zibilaz gogoeta egin zuen Iparraldeko gazte talde batek 1999ko azaroan. ETAren azken su-eten garaia zen orduan, testuinguru politikoa lasaia. Egoera berri hartan desobedientzia zibilaren ekimena garatzeko eta sustatzeko moldea landu zuten gazte haiek. Taldeak aurrekari batzuk hartu zituen eredu gisa: Itoitzeko Solidarioak, Greenpeace...». Honela gogoratu digu Peio Aintxart-Etxeberrik Demoen abiapuntua.

«Demoak sortu aitzin desobedientziaren ereduak franko ziren. Antimilitarismoa edota ekologismoa lantzen zituzten. Demoak, berriz, esparru politikoan jalgitzen diren aldarrikapenak sostengatzeko sortu zen. Finean, desobedientzia zibila eremu politikora eramatea xede izaki», zehaztu du Gorka Torrek.

Peio Aintxart-Etxeberri eta Gorka Torre Demoen eledunak dira. Aipatu dituzten aldarrikapen politikoak hiru dira gaur egun Iparraldean: euskal departamendua, euskararen ofizialtasuna eta euskal presoen hurbiltzea.

Hiru urte luze joan dira Demoak plazaratu zirenetik. Balorazio ezberdina egiten dute bere lanaren eraginaz: «Gizarteari begira zerbait ekarri dugu, politikari begira zaila da neurtzen. Alabaina, politika ulertzeko molde berri bat ekarri dugu Iparraldean. Ekintza molde hau ez zen hemen ezagutzen. Gure arrangura indar harremanak lantzea eta komunikazio tresnak sortzea da», diote bi kide hauek.

Demoek aldarrikapen politikoak ezagutaraziz batera, jendeak bere nahia adieraz dezala nahi dute, baita gizartearen nahi hori errespetatua izan dadila. Beren ekintzetan sinboloak erabiltzen dituzte, baita ironia eta umorea ere, ekintzok beren ideiak helarazteko bitartekoak izaki. Jokamolde hau sinpatiaz hartua izan da eta ohiko jokamoldea baino eragingarriagoa izaten da jendearen artean. Demoak eragile politiko berri bat bihurtzen ari da testuinguru politikoan. Konparazionea, ekainaren 5ean, Akitaniako presidenteordeak hartuak izan ziren. Hau berria da. Orain arte inork ez baitzuen horrelako bilkura bat egiterik lortu. Beren ekintzen moldeari esker erdietsi dute harrera hori.

Iritzi publikoa alde izatea funtsezkoa


Demoen dinamikaren helburuetako bat gizartearengana heldu, iritzi publikoa sortu eta gizartea beren aldarrikapenen alde ezartzea da. Demoei helburu hau erdiesteko bidean -molde pedagogikoan azaldua- aurkaria agertzen zaie eta aurkaria konbentzitu nahi dute: «Aurkaria konbentzitzeko alta, iritzi publikoa gure alde behar dugu. Guk iritzi bat dugu gure aurkariaz, baina gure helburua erdiesteko iritzi publikoak aurkariaren jarreran eragin behar du. Lehen helburua iritzi publikoa gure dinamikaren alde jartzea da, beraz. Publikoaren interesa piztu behar dugu ekintzaren bidez, baina ekintzak berriak eta ulergarriak izan behar dira». Emeki-emeki bada ere, mugimendu abertzaletik haratagoko sektore batzuengana iristen ari omen dira. Beren nahia ordea, ez da iritzi publikoa sentsibilizatzea bakarrik, gizartearen sektore militantea desobedientzia zibilaren bidean eramatea baizik:«Ez dugu karrikako agerraldi barregarriak egiten dituen talde bat izan nahi. Jendea gure dinamikan inplikatzea nahi dugu aurkarien aurrean indar harreman sendoa gauzatu ahal izateko». Xedea hori izan arren Demoek ez dute gizartea ordezkatu nahi, ez dute inolaz ere beren burua euskal ordezkarien gisara ikusten.

SNCF, euskararen aldarrikapen eremua


Beren ekintzak hainbat esparruetan burutu dituzte dagoeneko: Unibertsitatean, Postetxean, SNCFn eta abar. Berezko prozedura bat lantzen dute horretarako. Lehenbizi, beren asmoen berri jakinarazteko, botere publikoei hitzordua eskatzen diete. Hitzordua ukatzen badiete kanpaina bat zabaltzen dute. Komunzki, aldarrikapenak ez dira beraiek plazaratuak. Adibidez, Demoek Frantziako SNCF erakunde publikoari egiten dizkioten aldarrikapenak Garapen Kontseiluaren Lurralde Antolaketaren eskemaren barruan onartuak daude:«Helburua Hizkuntz Antolaketaren proposamenak praktikan ezartzea da. Euskaldunei zerbitzu publiko elebiduna eskaintzea, alegia». Demoek SNCFa hartu dute aldarrikapen eremurako, baina erronka SNCFetik haratago doa, euskararen erabilpena zerbitzu guztietan zabaltzea dute helburu:«Ez gara geldituko euskarak bere tokia izan arte, eta xede horretan oso inportantea da SNCFaren aurkako borroka irabaztea. Erronka hau irabazi ezean euskarari lekua itxiko zaio leku publikoetan. Etsipenez hartzen badugu euskara ez da urte luzetan lekurik ukanen gure eguneroko bizitzan. Horregatik, Demoek dei zabal bat egiten diogu euskaltzaleei, borroka hau guztion artean irabaz dezagun».

Demoen eledunek diru premia dutela adierazi digute. Honatx, herritar hauen isunak ordaintzen laguntzeko Euskadiko Kutxako kontu zenbakia: 30350065700650040694.

Xabier Letona

Zertan dira antzerakoak Maura eta Aznar? Espainiako "El Siglo" aldizkarian (557 zenbakia), duela gutxi Antonio Maura mende hasierako Espainiako agintaria eta Jose Maria Aznar gaur egungo Espainiako gobernuburuaren arteko zenbait parekotasun deskribatzen ziren eta hari horren funtsa da ondorengo lerroetan eskaintzen dena.

Pep Martí Vallverdú historialariak Antonio Mauraren biografia egiteko enkargua jaso zuen argitaletxe baten aldetik eta berehala ohartu zen mende hasiera eta bukaerako bi politikari eskuindarren arteko zenbait parekotasunekin. Maura kontserbadoreen burua izan zen 1897an Anguiolillok Canovas del Castillo Santa Aguedan (Arrasate) hil ondoren. Gobernu desberdinetan egon bazen ere, birritan egokitu zitzaion gobernuburu izatea. Lehenean, Alfontso XIII.arekin izan zituen arazoen ondorioz dimititu zuen eta bigarrenean (1907-1909) bere errepresio politika zela-eta, oposizioak eta nazioarteko presioak dimititzera behartu zuten. Espainiako erregea aipatu da eta, Pep Martík dioenez, «ezaguna da politikari biek beren erregearekin duten harreman txarra».

Pep Martíren ustez, Aznarrekin batera, XX. mendeko monarkiapeko Espainiaren politikari kontserbadore garrantzitsuena izan da Maura. "Bi politikariek dute izaera autoritarioa, eta zailtasun handia dute aurkaria ulertzeko. Espainiako gizartea zatitu zuen Maurak. Aznarrek bezala, Maurak ahalik eta eskuinenera eraman zuen jadanik eskuintiarra zen alderdia".

Gizarte edota estatu mailako lorpenak zirenetan atzera egiten dute bi politikariek. Espainiako nazio desberdinen kasuan, esate batera, Martiren ustez antzekotasun handia dute: "Biak dira oso batasun zorrotzen aldekoak. Burujabetza edo nortasun nazionalik txikienaren aurkakoak». Maura Mallorcako Palman jaio zen eta katalanez mintzo zen -Aznar ere mintzo ei da katalanez, hori bai, pribatuan-, baina 1907an Espainiako Gorteetan egindako hitzaldian argi esan zien katalanei: "Deszentralizazio administratiboa nahi baduzue izango duzue, baina burujabetza edo nortasun berezirik, inoiz ez". Gure garaira etorriz, Autonomi estatutuek emandako autogobernu mailaren atzerakada nabarmena izan da ia bere sorreratik (LOAPA...), baina 1996an Aznar Gobernura iritsi zenetik atzera egiteko saioak etengabeak dira.


Gerra, Maroko eta Kuba


Maura, bere koinatu Gabriel Gamazo liberal ospetsuaren eskutik hasi zen politikan; nafarrek ondo ezagutzen duten politikaria zen Gamazo, 1893an inposatu nahi izan zuen zerga moldearen aurka 'gamazada' ospetsua eragin zuelako.

Gerra eta nazioarteko ikuspegian ere izan zituzten halako antzekotasun batzuk. XIX. mendeko eta XX. mende hasierako gizarte espainiarra jauntxokeria eta gainbehera kutsu handikoa zen; Maurak ahalegin berezia egin nahi izan zuen Europako gainerako herri industrialduen erritmora egokitzeko eta Espainiak nazioarte mailan bere ustez zegokion garrantzia har zezan. Bush eta Blairrekin Aznar zein gustura aritu den ikusita aski da parekotasuna ikusteko. Areago, Maurak Marokon Rifeko gerra izan zuen, eta Aznarrek 2002an Leila edo Perrexil uharteko ækonkistaÆ bideratu zuen.

Mauraren kasuan, Rifeko gerraren aurkako altxamendu indartsua izan zen Katalunian eta gobernuburuak errepresio basatiarekin erantzun zuen. Azkenean, honen ondorioz dimititu behar izan zuen. æMaura ezÆ izan zen gerra haren eraginez gizarte katalanetik espainiarrera hedatu zen oihua. Iraki egin berri zaion erasoan ere æGerrarik ezÆ esan da, eta nagusiki Aznarri zuzenduta.

Kubako adibideak ere balio dezake biak erkatzeko. 1892an, Itsasoz bestaldeko ministroa zenean, Maurak autonomi estatutu bat proposatu nahi zuen artean Espainiako kolonia zen Kubarentzat, horrela bertako mugimendu askatzaileak baretuko zituelakoan. Egunotan Aznarren Gobernua eta Kubako Gobernuaren arteko ika-mika gogorra bizi izan da, Kubak, irlaren kontrako neurriak hartzeko Espainiak Europako Batasuna xaxatu duela salatu ondoren.

Pep Martíren aburuz, «biek erakutsi dute gizartea zatitu eta nahasmena sortzeko ahalmena. Boterearen oso ikuspegi kaudillista dute». Garai haietan liberal eta kontserbadoreak txandan aritzen ziren ezer gutxi aldatzen zuten gobernuetan, baina Maurak eskuinera hartutako joera ikusirik, liberalak errepublikarrekin akordioak egiten hasi zirenean iraultzari jokoa egitearen salaketa egin zien liberalei. Aznarrek edo bere aholkulariek, Maura irakurri dutela dirudi azken hauteskunde kanpainan Ezker Batua eta Llamazares «gorri eta komunista arriskutsutzat» jotzen dituenean. Egunotan Madrilgo Komunitate Autonomoko Legebiltzarrean gertatutakoa ikusita hobeto ulertu da jokaldiaren oinarria.

Lege antiterrorista bat ere bultzatu zuen 1908an eta alderdi politikoak eta gune anarkistak erreprimitu zituen, besteak beste talde desberdinak eta egunkariak itxiz. Gaurkora etorriz, aspaldi da indarrean Terrorismoaren aurkako Legea eta honen erabileraren ondorioak ondo ezagutzen dira Euskal Herrian. Egoera borobiltzeko, 2001eko bukaeran PPren eta PSOEren artean bultzatutako Terrorismoaren aurkako Ituna heldu zen eta 2002an Alderdi Politikoen Legea. Ondorioa: Batasuna legez kanpo da eta honen usainik txikiena izan dezakeen edozer hauteskundeetara aurkezteko debekupean. Ikusten denez, Espainiako politikari eskuintiarrak mende hasieran eta mende bukaeran antzera aritu ziren gauza ugaritan.

Pello Zubiria


Oraindik bere irakurleek aurpegia ezagutzen ez dioten gizonak, dear_raed.blogspot.com helbidean azaltzen ditu bere kronikak eta bertan daude bildurik iazko irailetik hona idatzi dituen guztiak ere. Baina nor da "Salam-Pax" («Bakea" arabieraz eta latinez) sinatzen duen gizon hau? Kazetari ingeles batek eman ditu bere xehetasunak: "The Guardian" egunkariko Rory McCarthyk Bagdaden egin du topo gizonarekin eta bere egunkarian astean bitan kronika plazaratzeko tratua egin du.

"Hau zen gerraren ironia handia -idatzi du "The Guardian"en McCarthyk- munduko egunkari eta telebista kate handienek gerrako albisteak emateko milioika libera xahutzen zuten bitartean, gerrako eguneroko bizimoduaren deskribapenik onenak irakiar gazte azti batek eskaintzen zituen bere etxetik".

Familia on bateko semea da kronikagilea eta bere idazkietatik dakigu 29 urte dituela, arkitekturan graduatua dela, zortzi urte pasatu zituela Europan bizitzen. Ingelesez primeran hitz egin eta idazten du. Maila sozial oso onekoa da bere familia, Bagdadeko aginte zirkuluak ondo ezagutzen ditu, eta Saddam Husseinen alderditik aparte egon dela dio "Salam-Pax"ek. Kronikez gain hainbat eztabaida ere izan ditu bere irakurle-erantzuleekin, eta horietan barna joan da marrazten Irakeko eta batik bat Bagdadeko egunerokotasunaren mila xehetasun. Bizimoduaren zailtasunak bezala Husseinen zerbitzu sekretuen sarekadak, 200.000z goiti eragindako desagerketak... Hori gutxi balitz, bere homosexualitatea ere aitortu du sarean. Arriskugarria Bagdad batean, nolanahi bere nortasuna azaltzen hasteko.

Eliteko irakiar gazte honek gerra osteko Bagdadeko bizimoduaren erretratu apartak egiten ditu. Itzultzaile eta interprete lanetan edo Campaign for Innocent Victims In Conflicts (CIVIC) erakundearen langile moduan etorri den bere lagun Raed jordaniarraren laguntzaile, batetik bestera mugitzeko erraztasun handiak ditu, eta ikusten dituenak gordintasun ironiko batekin kontatzeko ere bai.

Ekainaren 12an ia zuzenean ikusi genuen bere kronika batean Irakeko erregegaiaren etorrera. Aireportura iristea, ongietorriko arkumearen hiltzea, hilerrira bisitaldia, errege-nahiaren lehen diskurtsoa ("bere arabierak behartu itxura du" deskribatu du zehatz), etorrera kameretan bildu nahi duten kaztarien arteko saltsa-maltsa... Eta bukaeran, gure lagunaren sententzia: "Prentsaurreko bat txukun antolatzeko gai ez diren tipo horiek nola uste dute beraiek izatea herri hau berriz martxan jarriko dutenak?".

Gerraren alde edo kontra egon, Mendebaldekook gauzak gure begietatik ikusten ditugu beti. Eta bitartean Bagdaden ere jendea bizi da, gure telebistetan agertu ez arren. Horregatik da interesgarria tarteka Salam-Paxen kroniken leihora hurbiltzea, kamera gehienek alde egin dutenean bertan gelditu direnek bizi dutena ikusteko.

Raed adiskidearekin Irak osoan zehar egindako bidaiatik hainbat kronika eta argazki eder utzi digu gure lagunak. Gogoan al dituzue, adibidez, Nasiriayh eta Basora hiriak? Haietara laguntza humanitarioa bidaltzekotan ginen mendebaldarrok eta... "Hegoaldeko eskualde hauetara iristen den 'laguntza humanitarioak' komedia beltz baten itxura du. Nasiriayhko ospitalera 20 kaxa iritsi dira, eta horietako seitan xanpua zetorren. Odol transfusio bat behar al duzu? Tori xanpua, oso usain ona du... Beste lau edo bost kaxatan jostura puntu kadukatuak zetozen. Basoran, Saudi Arabiatik 'laguntza humanitarioz' hornituta zetozen kamioiek Pepsi kaxak ekarri dituzte. Hemengo Pediatria sailetik sukarra jaisteko botika eske ari ziren, baina orain Pepsi daukate. Irrigarria litzateke... film bat balitz".

Gerra bera absurdoa bada, gerra ostea are absurdoago gerta liteke. Ikusi bestela argazkietan Saddam Husseinen afitxak gerriz gora Khomeini-ren erretratuz hornituta edo oraindik lehertu gabe dauden bonbez ohartarazteko afitxak... analfabetoak nagusi diren eskualde batean.

Irakiarrak berriro eguneroko bizimodua martxan jarri nahian ari dira, ura ekartzea dela, argindarra, ospitaleak berriro artatu, sare komertzialak berreraiki, negozio ttikiak berriro abiarazi. Aspalditik desagertutako senideen bila dabiltza asko, azaltzen ari diren hilerri kolektiboetan arakatuz. Eta denek ere egunero bizi behar dute, etenik gabe gora eta gora ari diren prezioen artean. Askotan, noraezak eta zurrumurruek itota. Nahikoa baita, adibidez, Al Jazzira kateak zabaltzea 10.000 dinarreko bileteak faltsuak omen direla, horiek merkatu beltzean askoz merkeago trukatu behar izateko.

Bitartean, militar okupatzaileek auzoz auzo arma bila segitzen dute, batik bat amerikarrek, eta gero eta gehiago dira etxeetan sartzen diren militarren eta herritarren arteko liskarrak. Aldi berean, Saddam Husseinen Mukhabarat zerbitzu sekretuko kideak kontratatu nahi ditu CIAk...

Guztia irakiarrak salbatzeko zela argudiatu zion irakurle amerikar batek «Salam-Pax»i. Eta erantzuna: "Ez al dizu inork esango inoiz zure askatasunerako astindu bat eman behar dizula. Bonbak erortzen direnean edo zure kalean gerra makinen hotsa entzuten duzunean, seguru burutik ez zaizula zure 'berehalako askatasuna' pasako".

http://www.argia.com/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Nagore Irazustabarrena

estilo trinko eta indartsuaren emaitzarik ederrenak. Bainakartelgintzan, komikitan,karikaturatan ere bere marka jarri zuen. Orain Koldo Mitxelenan daude ikusgai bere lanak.
guztia irakurri

Aloña Ipintza


Zaldia protagonista duten jaiak egiten dira Euskal Herriko hainbat txokotan; azkena, Asteasun egin zen maiatzean, Gipuzkoako Zaldi Eguna. Gaur egun Europan sektorerik garrantzitsuenetariko bat da zaldiarena, hala ere, ezin esan daiteke Hego Euskal Herrian alor honek bizi duen egoera halakoa denik. Ondorioz, eta zaldiak izan dezakeen etorkizuna hobetu asmoz, hainbat talde zaldiaren sektorea bultzatzearren lanean ari da. Juanjo Irazustak, Gipuzkoako Zaldi Egunaren antolatzaileetako batek, adierazitakoaren arabera, "hemen erabat ahaztua dagoen sektorea da. Gure erronkarik garrantzitsuena instituzio eta buruei erabat lantzeko dagoen sektorea dela adieraztea da; herritarrei, berriz, non gauden eta zein garen jakinarazi nahi diegu".

Frantzian autoen industriak baino diru gehiago mugitzen duen alorra da zaldiarena. Animalia honen inguruko apustu eta jokoek, eta zerbitzuek edota baserritarren beharrak asetzeko erabiltzen diren diru kopuruek merkatuaren zati garrantzitsua bereganatzen dute. "Potentzial handia duen sektorea da, Hego Euskal Herrian erabat ahaztua dagoena eta orain artean inolako plangintzarik izan ez duena".

Zaldia elikagai gisa


Zaldiaren industria hainbat modutara garatu daiteke. Elikagai gisa saltzeko aukera izatetik, lanerako lagungarri edota aisialdirako erabili daitekeen animalia baita. Hala ere, zaldiaren erabilera bultzatu nahi dutenek aisialdirako eta kirolerako erabilerak duen baliogarritasuna bultzatzen dute.

- Haragitarako: Frantzia da zaldiaren haragia jaten duten biztanlerik gehien duen herrialdea. Egungo ohiturak aldatzen doazen heinean, zaldia lanerako lanabesa izatetik etxekoa izatera pasatzeak kalte izugarria egin dio industria honi. Etxeetan maskota izaten hasi denetik jendeak ez du zaldi haragirik jaten. Gauza bera gertatzen da Britainia Handian ere, untxiak haur gehienek dituzten maskotak dira, ondorioz, etxe horietan ez da untxirik jaten. Etikoki eta afektiboki oso gertu dagoen animalia da zaldia, eta ondorioz, gero eta gutxiago jaten da haren haragia.
Hala ere, haragi honek besteekiko dituen abantailak aipatu behar dira: hau da, askoz haragi sanoagoa da, bitamina gehiago eta gatz gutxiago du.

- Aisialdia eta kirola: Euskal Herriko mendi eta inguruek turismoa erakartzeko baliagarri bihurtzen dute zaldia. Baserria zalditegi partzial bihurtzeko proposamenik entzuteko aukera dago zaldiaren inguruan lan egiten dutenen artean. Zaldiak bere etorkizunean izango duen betebeharraren arabera zainketa berezia beharko du, eta baserritarrek zainketa hori eskaintzeko aukera izateaz gain, turismoa bertaratzeko erabili ahal izango dute. Hau da, etekina lortzeko modu bat gehiago izango da baserritarrarentzat, eta zaletasuna eskuragarriagoa izango da herritarrentzat. Atzerriko hainbat herrialdetan hain zabaldua dagoen zaldiarenganako zaletasunak zaldiaren industriari esker, turismoa Euskal Herrira erakartzeko modua egingo luke. Kirolari dagokionean, berriz, "Frantzian bigarren kirola da federatuei dagokionean", dio Irazustak. Hala ere, erronka horiei aurre egin ahal izateko, orain artean euskaldunen artean hain zabaldua egon den esamesari aurre egitea beharrezkoa litzakeela dio Juanjo Irazustak: "Zaldia aberatsen, espainolen eta militarren kontua dela esan izan da beti eta hori ez da horrela".

Begibistakoak diren bi irtenbide horien atzean (aisia eta kirola), zeharka bada ere sektore honetan lan egingo lukeen hainbat langile legokeela dio Juanjo Irazustak: "Zaldiaz gain, honen inguruan hainbat sektoreetako ordezkariak daude; lehen sektorearen arloa ukitzen eta jorratzen du honek. Pentsua, lastoa eta belarra produzitu behar dira, eta horiek transformatu, bihurtu ere egin behar dira. Beste hainbat sektore ere ukitzen dira, zerbitzuena, jineteen materialarena, eta zaldiak zaintzen dituztenena, alegia".

Zaldiaren erabileraren bultzatzaileek arlo honek dituen beharrak ere aipatzen dituzte, besteak beste, heziketari dagokiona. Espainian, egun, ez dago zaldiaren inguruan garatutako ikasketa berezirik, ezintasunak dituzten pertsonekin eta zaldiekin lan egiteko titulazioa badagoen arren. "Lasterketatan ateratzen direnak ez dakite gehiegi zaldiez eta guk aurrerapauso bat eman nahi genuke. Jendeari erakutsi egin nahi diogu eskuartean duten animaliarekin egin beharreko lana teknikoki ere ezagutu ahal izateko, gehiago kontrolatzeko; jendeak zaldiak ezagutzea nahi dugu. Ikasketa horiek egiteko laguntzak beharrezkoak izango dira" Juanjo Irazustak esandakoaren arabera.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan