Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-06-22 -- 1904.zenb

Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre

Eta hala ere, oraindik ikusteko dagoena hobea izango den esperantzak ematen dio konpromisorako indarra.
guztia irakurri

Patxi Larrion

Zerk bultzatu zuen kanadar bat Euskal Herria, abertzaletasuna eta emakumezkoa aztertzera?
Jugoslaviakoa gatazka nazionalista izan zen eta genero ikuspegiarena garrantzitsua izan zen oso hura ulertzeko. Eremu teoriko berria ari zen sortzen. Mercedes Ugaldek, Emakume Abertzale Batza erakundeaz egin zuen ikerketa ezagutu nuen orduan. Ezer egitekotan, frankismo garaia Euskal Herrian aztertu behar nuen; genero ikerketari heldu eta emakumearen protagonismoa zein izan zen hasi nintzen aztertzen. Etniak bezainbesteko garrantzia eduki dezake generoarenak.

Zer ekar dezake genero ikuspuntutik eginiko lanak?
Abertzaletasun berri hori nola eta zer baldintzapean sortu zen argitzea eta eginkizun horretan, emakumezkoen ikuspuntutik eginiko lan batek, gatazka eta gaia ulertzen lagundu zezakeen.Euskal nazionalismoaren sorreran, erakunde tradizionalak generoaren arabera antolatzen ziren. Gizarte aldaketak banaketa honen iraultza ekarri zuen, eta aldaketek emakumeengan izan zuten eragin handien.

Zure tesiaren mamia garai hura bizi zuten hainbat emakumeei eginiko elkarrizketak dira. Zailtasun berezirik izan al duzu?
Batzuei, arrazoi politiko edo pertsonalak zirela medio, ez zitzaien interesatzen; bistan denez, kontuzko gaia da, eta horrek bere eragina izan zuen. Bestetik, elkarrizketak guztiz irekiak izan ziren eta batzuetan espero ez duzuna topatzen duzu, bereziki elkarrizketatuek gaztaroaren garaiko bizipenak gogora ekartzen dituztenean. Azken batean, gerraostea eta frankismoa bizi zuten neska eta emakumeen gizarte historia txikia bildu nuen.

Zer azpimarratuko zenuke azken bi hamarkadez?
Egun, emakumearen partehartzea handiagoa da, arlo guztietan gainera. Lehen preso edota militanteen emakumeak ziren, egun alderdi eta sindikatuetan bozeramaile dira. ETAren barnean ere, emakume militante gehiago dago, joerez ari naiz, erakunde klandestino batez ari gara eta.

Alderdiek bereganatu al dituzte emakumeen errebindikazioak?
Bai eta ez, irudipena daukat Euskal Herrian gatazkak ez duela betarik uzten beste gaien inguruan aritzeko. Feministak argi mintzatu dira honetaz. Ez dakit gatazka galga den ala ez, baina egun, arazo nazionala eta bakearena konpontzea da nagusi.

Nazionalismo erradikala, ezker abertzalea komunitate erradikala (hainbat izen erabiltzen baitira) mugimendu itxi bezala kontsideratzen dutenak kritikatu dituzu.
Zaila da esatea non hasten den eta non bukatzen den komunitate erradikala. Komunitate bat da, eta hori antropologo eta historialarientzat guztiz iradokitzailea da, baina guztiz erratuak dira hori uharte bat balitz moduan aztertu nahi badute. Komunitate bat ezin da botoetan neurtu, ezta ETA laguntzen dutenen kopuruari erreparatuz. Douglass, Zulaika eta Aretxagaren lanek ez bezalaxe, Estatu espainiarreko komunikabideek, komunitate itxiaren bertsioa eskaintzen digute, haien interesen aldeko baita.

Zer iritzia duzu, Irailaren 11z geroztik, nazionalismoaren inguruan zabaltzen ari den irudiaz?
Terrorismoari buruzko ikerketak ugaritu dira, eta bortizkeria politikoa erabiltzen duten mugimenduak elkarren artean alderatzeko joera zabaldu da. Ene aburuz, terrorismo adiera ezin da erabili ikuspuntu akademiko batetik, ez du laguntzen ulertzen ez arazoaren sustraiak non diren, ezta soziologikoki guztiz konplexua den mugimendua ere. Terrorismo hitza ez erabiltzen, ez dugu gutxiesten bortizkeria politikoak gizartean duen eragina.

Pilar Iparragirre

Arazo latz bati heldu diozu ipuinean.
Ez da makala, ez, haur horrek aurrean duen erronka. Baina ez da makala ezta ere gauzak txarto doazenean burua goratzeko gai izan eta «eta zer?» adoretsu bat botatzea.

Liburu hau dela-eta pozik gehien eman dizuna?
Niretzat luxu handia izan da Jokin Mitxelenak bere irudiekin nire testua osatu izana, eman nahi nion naturalitatea gehitu egin duelako. Xehetasun umoretsuz osatu ditu berak eszenak eta samurtasun bristada oso ederrak ipini dizkio narrazioari.

Nola egin diozu zuk aurre guraso bananduen gaiari?
Ez da gai erraza, izatez, ipuin baterako, ez delako inondik inora ere arinkeriaz hartu daitekeen kontua. Kontrara, oso gai serioa da, mingostasuna eta desorientazioa lagun izaten dituena, eta batzuetan ondorio traumatikoak ere utzi ditzakeena. Denok dakigu zenbaterainoko larribidea ekartzen dion familia bati gurasoak apartatzeak, batez ere haurrak baldin badaude tartean. Horregatik, nik ipuin hau idaztean bi ideia izan ditut uneoro presente: orokorrean traumatikoa izaten den egoera arinduko nuela, eta ez nuela joko usadioz ezagunak ditugun banaketa arrazoi larrienetara -tratu txarrak, alkoholismoa, eta horietara-. Zer sentitzen du ume batek gurasoak bananduko direla dakienean? Galdera hori izan zen nire abiapuntua pertsonaiari ahotsa jartzeko orduan, eta hortik aurrera Sararen baitan sortzen den sentimenduen korapiloa azaltzen saiatu naiz.

.

Pilar Iparragirre


Ipuinak, poesia, gazte eta haur literatura, nobelaą Mota askotako liburuen egile zaitugu. Balantzea egiteko garaia ote?
Agian bai. Hamabi urte baino ez daramatzat nik idazten, eta uste dut denbora labur horretan ibilbide luzea egin dudala eta ez dudala patxadarik hartu horri buruz hausnartzeko. Iruditzen zait asimilatu gabe daukadala, eta ziur aski jendeari ere berdin gertatzen zaio. Izan ere, beste batzuk hogeita bost urte idazten daramatzaten bitartean, nik hamabi baino ez daramatzat. Egia da baita ere gauzak oharkabean joaten direla, lan batek beste batzuk dakartzala.

"Eldarnioak" narrazio liburua osatzea asko kosta al zitzaizun?
Beno, argitaratzen nuen lehen liburua izateko nahiko potoloa zen. Hiru ataletan banaturik zegoen, eta hiru ipuin modu diferente agertzen zituen. Pixka bat nik ordura arte egindako saiakera guztien bilduma-edo zen: bazeuden han ipuin luzeak, ipuin poliziakoak, eta baita ipuin laburrak ere. Egun egiten dudanaren oinarria ziren haiek. Gogoratzen naiz ilusio handia egin zidala liburuak, eta lan asko hartu nuela hura egiten. Gero, beste hiru-lau libururen argitalpena etorri zen ia batera. Lana aurretik egina neukalako, jakina.

Antzerkia ere idatzi duzu, ez da hala?
Bai. Eta estimazio handia diot liburu horri, idatzi dudan teatro lan bakarra izan baita "Burdin denda", eta nire ezaugarri guztiak agertzen dira bertan.

Antzeztu al da?
Ez! Uste dut antzezteko oso zaila izango dela, sinplea eta merkea den arren: bi pertsonaia bakarrik ditu eta eszena guztia burdin denda batean gertatzen da. Baina nire iritziz teatro mota bat gehiago da irakurria izateko, eta nirea horrelakoa delakoan nago. Erreferentzia filosofiko eta sasi-filosofiko asko ditu, elkarrizketak oso motzak eta biziak dira, eta ziur aski oso antzezle onak beharko ditu hori guztia era atseginean azaltzeko, eta hala ere adi-di egon beharko da haiek harrapatzeko. Horrek nekea sortuko du ikuslearengan. Dena den, uste dut nire liburu guztiekin gertatzen den gauza dela hori, badakit ahalegin berezi bat eskatzen duela haietan sartzeak. Niri ez zait arte erosoa gustatzen, eta egiten dudan narratiba ere ez dago irakurlea eroso egon dadin egina.

Narrazio horiek irakurrita, ez dirudi gizakiarengan fede handiegirik duzunik...
Ez dut. Gero eta gutxiago, gainera. Gizakiari buruz dudan zera ez da oso jasoa, eta dudan idazkera nire izaeraren ispilu da. Pasioz idazten dut. Hala ere, esperantza etengabe galtzen duten horietarikoa naizela esango nuke, uste dudalako esperantza zirrikitu bat mantendu beharra dagoela beti, eta nire liburuetan beti dago zirrikitu hori.

Zeuk esana da, etengabe berritzen eta idazten ari zarela liburu berbera. Horren lau "bertsio" argitaratu dituzu, eta gutxienez beste sei gehiago idaztekotan omen zara. Ziur?
Bai. Heraklitoren ibaia bezalakoa da hori, beti bera baino beti ezberdina. Nik horrela idazten dut, eta horrela behar duela izan uste dut gainera. Pertsona bera ez da bizialdi batean horrenbeste aldatzen, eta ezin du mila gairi buruz idatzi. Zenbat ideia sortzaile izan ditzakezu bizitzan? Bi? Hiru? Bada, horiei buruz idatzi behar duzu. Nireak, gainera, ideiak baino gehiago obsesioak dira.

Gizakia beti dagoela bere buruarekin kontraesanean da horietako bat, adibidez?
Noski. Nire baitan ez dakit zenbat jende bizi den, baina hiru edo lau pertsona desberdin bai, behintzat. Hori argi ikusten dut poesia idazterakoan. Narrazioetan, berriz, inkomunikazioa, existentziaren absurdoa, heriotza eta horrelakoak dira nire kezkak. Idaztea, niretzat, neure burua salbatzeko modu bat da. Nik ezin dut bizi idatzi gabe. Nire ustez, idazlea beti da idazle, nahiz ez idatzi hogeita lau ordutan. Idazlea da kontenplatzen duen pertsona, apunteak hartzen dituena, bere buruarekin etengabe ari dena, honi buruz edo besteari buruz gauzak pentsatzen dabilena. Duela lau bat urte hasi nintzen apunte txiki batzuk hartzen, eta orain aterako da horren ondorioa, Pamiela argitaletxean. Apunte humoristikoak, filosofikoak eta poetikoak dira. Nire literaturari buruzko hausnarketak, nire irakurketak, beste idazleei hartutako zitaką Literatura sortzeko ganbaran gordeta neuzkan lehengaiak.

Idazterakoan gaizki pasatzen dutenetarikoa omen zaraą
Egia da, nik idazten ez dut batere ondo pasatzen, sufritu egiten dut. Ondo pasatzen dut mendian paseatzen, lagunekin, baina idazten ez. Nire buruarekin dudan borrokak eragozten dit. Beharrezkoa zait idaztea, bainaą Zaila da azaltzeko. Esandakoagatik ematen du tortura batean idazten dudala, eta ez da hori ere. Batzuetan ez dut hain gaizki pasatzen. Baina normalean bai.

Sufritu zenuen "Zer gerta ere"n, goiz batez esnatu eta 18.000 biztanleko hiri batean bakar-bakarrik aurkitu zen liburuzainak jasatea uste zuen "konplotarena" idazterakoan ere? Ez du ematen.
Ez omen du ematen, ezą Eta batzuek diotenez, gauza bera gertatu zaie "Itoko dira berriak" irakurrita, irribarrez irakurri dute, nahiz eta gero azpitik dagoen guztian pentsatu.

Itotzen ari denari laguntzera ez doazen guztiez diharduzu hor. Parabola bat al da?
Fabulatzeko joera daukat nik, alegoriak idaztekoa. Errealismoa ez zait sekula interesatu. Nire lanetan beti dago umorea, baina kontatzen ditudan gauzak nahiko izugarriak dira. Oso gauza gogorrak kontatzen ditut, sarkasmo handiz, eta babes modura erabiltzen dut umorea, nik ezin dudalako naizen bezala azaldu. Ez dakit, Maria Zanbranok esaten zuen ahoz esan ezin dena idatzi egin behar dela. Nik horixe egiten dut. Sekretua agerian uzteko idazten da, sakonean duzun kezka argitan jartzeko, ez?

"Itoko dira berriak"eko pertsonaiek gizalegez jokatu nahi dute, baina heroiak ez direla oso konsziente direnez, behin muturreko egoera batean, gizalegeak eskatzen duenarekin zerikusirik ez duten ekintzak egiten dituzte. Eguneroko bizitzan ere gauza bera gertatzen al da?
Uste dut baietz. Hemen ez dela heroi asko. Nobelakoak ez dira inor salbatzeko gauza. Eta poliziari laguntza eske deitzen badiote ere, ez da han inongo salbamendu patruilarik agertzen. Badago hor boterearen kritika ere, baina oro har gizakion miseriak agerrarazten ditu egoera horrek. Ahalegindu naiz baita ere pertsonaien gabeziak samur tratatzen, eta bukaera irekia utzi dut, esperantza apur bat badagoela adierazteko.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan