Jesus Mari Etxeberria euskal presoak bere protesta bertan behera utzi zuen joan den astean 50 eguneko gose greba egin eta bere osasunak atzera ezinezko ondorio larriak izateko zuen arriskuaren aurrean. Bakartze erregimenetik ateratzea eskatzen zuen eta orain ikusi beharko da Valdemoro espetxeko zuzendaritzak eskaera betetzen duen; medikuen aldetik bederen, hala gertatuko zela agindu omen zioten.
Emilio Gebara jeltzale ohiak «El Diario Vasco»n: "Arzalluz erretiratzen denean gerta daiteke berriz paktismoaren itzulera? (Erantzuna) Galdera honi azken hauteskunde autonomikoetatik lau egunera erantzun behar izan banio, baietz esango nukeen, dagoeneko Ibarretxek bi urte daramatzanean ezetz esango nuke, eta agintzen duena lehendakaria dela. Guztiz konbentzitua dago, maila pertsonalean osoa eta zintzoa da, baina politikoki iluminatu bat da".
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak 'Deia'n, Eusko Legebiltzarra eta Gorenaren aurteko auziaz: "Epaile batek inoiz ezingo ditu baliogabetu SAko botoekin egin diren bozketak. Parlamentario baten botoa pertsonala da, berea, ezin da inoren esku utzi, ez da taldearena. Beraz, inor ezin daiteke ausartu baliorik gabe uzten".
Jakoba Errekondo
Marrubienaren ondoren eta datorren hezurdun fruituenaren atari, gerezi oldeak itota daude azokak. Lepotarkadak ezik kamioikadak saltzen dira egun hauetan. Ikusgarriak daude maiatza amaia eta uztaila erdia artean gereziondoak, umeen eta eskinosoen gozamenerako, eromena dotorea izango da Etxauri, Milagro eta Itxasu inguruetako gerezidi sonatuetan.
Gereziak azpiletik baino gereziondotik bertatik jatea alde ederrekoa dela askok diote, erretilukada baino atzaparkada hobe. Nagusia bazkalondoko lo kuluxkan zen bitartean arbolaren gurutzera igo, zangalatraba eseri eta belarriak eta aho sabaia gereziz janztea, ikasturtearen amaierak umeari sortzen zion pozaren gehigarri onenetakoa zen. Umea koskortu ahala arriskua gero eta nabarmenagoa zen, ez nagusiaren zigorrarena, gereziondoaren adarra haustearena baizik. Gereziondoak egur hauskorra du eta aurrez inongo krakateko susmagarririk gabe blaust libratzen dira enborretik adar galanta askoak ere. Gaurko haurrek berehalakoan izango dute gero oroimenean gereziondoaren adarren azal harroak egindako urraturik berna-sagarretan... gurasoek futbol-mezetara gusturago bidaltzen dituzte gerezidiko gerizpera baino...
Jabier Agirre
Aurreko astean luzatutako aholkuak osatzeko, hona hemen azken urteotan hainbeste goraipatzen den dieta mediterraneoaren oinarriak:
Jatorri begetaleko janarien nagusitasuna (fruitu lehorrak, frutak, berdurak, ogia, zerealak, lekaleak eta patatak).
Janari freskoak kontsumitu (hau da beren egoera naturalean) eta sasoian sasoikoak.
Oliba olioa erabili, sukaldeko gantz edo koipe nagusi bezala.
Gantz edo koipeak ekarritako kaloriak, eguneko kaloria guztien % 25-35 bitartean egongo dira. Eta gantz saturatuak ez dira % 7-8 baino gehiago izango.
Gazta eta jogurta egunero kontsumitzeko modukoak dira, neurrian noski, gaztak kaloria asko ekar ditzake-eta.
Arraina, hegaztikiak (oilaskoa batez ere) eta arrautzak: astean behin bakoitzetik, eta horiek ere neurriz.
Fruta freskoa, sasoian sasoikoa, eguneroko postre bezala. Eta gozoki edo dultzeak, etxean egindakoak nahiz industrialak izan, astean pare bat aldiz gehienez ere.
Haragiaren kontsumoa gutxitu. Eta haragi gorriak badira, are gehiago (horrelakoak hilean hiruzpalau aldiz jatea nahikoa da).
Ardoa ere neurriz kontsumitu, eta otorduekin normalean.
Elikadurako neurri horiek jarraitzeaz gain, ariketa fisikoa egiten baduzu, zure osasuna irabazten aterako da. Zer-nolako ariketa?
Ibili, ordu erditxo bat, astean hiru aldiz. Aprobetxa ezazu edozein aitzakia, lanera zoazenean edo umeak eskolara eramaterakoan.
Eskailerak oinez igo eta jaitsi. Igogailurik ez erabili.
Igeriketa egitea ere oso gomendagarria da (astean bitan adibidez).
PSN Madrilgo krisiaren harian harrapatua.
Batek daki zer gerta zitekeen Nafarroan Madrilgo PSOEn gertatutakoak gerta izan ez balira, baina hango krisiak Nafarroako PSN egoera latzean utzi du alderdi honetako alkate mordoxka bat kanporatzeko agindua eman ondoren. Alkatetzak abertzaleen sostenguarekin lortu izana da bekatua, eta haustekundeetako emaitzek Juan Jose Lizarbe egoera onean utzi ez bazuten, orain harrapatua dago Madril eta PSNko sektore zabal baten artean. Lola Eguren eta UPNrantz begiratzen duen taldea, hauteskundeetako emaitza eskasa eta orain alkate eta zinegotziak kanporatzeko balizko agindua. Zalantzarik gabe, Lizarbe egurtzeko gogoa duten guztiek baliatuko dute egoera, bereziki UPN eta haren komunikabideek.
Hiru kazetari, hiru ikuspegi euskal gatazkaz.
«Elkarri» aldizkariaren azken zenbakian Isabel San Sebastian espainiar kazetari eskuindarra, Maria Antonia Iglesias Espainiako Telebistako zuzendari ohia eta Uxue Barcos ETBko kazetari iruindarra Euskal Herrian bizi den gatazkaz mintzo dira. Barcosek eta Iglesiasek botatako pilota guztiak itzultzen ditu erruki gabe San Sebastianek.
«Berria» 21ean kalean.
«Berria» euskarazko egunkaria datorren ekainaren 21ean izango da kalean eta Martxelo Otamendi izango da haren zuzendaria. Hasiera batean ez da «Euskaldunon Egunkaria»k zituen gehigarri guztiekin kaleratuko, baina hilabeteak aurrera egin ahala hark zuen erritmoa hartu nahi du ęBerriaĘk. Gako ugari egon daiteke halako proiektua horren azkar kaleratu ahal izateko erakutsi den ahalmenaz, baina guztien artean seguruenik ondo olioztutako eta kemen handiz jantzitako lan taldea izatea da garrantzitsuenetakoa.
Udal kudeaketa ez ohikoa hasi da
Udal gehientsuenak eratu dira jada eta abian dira ohiko egunerokotasunean. Toki askotan, dena den, ikustekoa izango da normaltasun hori egunetik egunera nola gauzatzen den, debekatutako herri plataformen bazterketaren ondorioz, aipatu normaltasuna oso hauskorra ageri delako. Alderdi Politikoen Legearen ondorioak aspaldi ari dira nabaritzen maila askotan, eta aurrerantzean gehiago nabarituko dira. Zuzenean, Batasuna eta AuBren inguruan egituratzen den sektore politikoa da eraginduena, baina zeharka eta luzerara sektore abertzale eta aurrerakoi osoari eragingo dio. Hauteskunde kanpainan eta ondoren, baztertutakoei parte hartze bideak ireki behar zaizkiela aipatu izan da Alderdi Politikoen Legearen aurka direnen aldetik. Hori gauza dadin alde desberdinetan dagoen borondatea zein den ikusi ahal izango da datozen aste eta hilabeteetan.
LEGEBILTZARRA NEURRI ZEHATZEN ZAIN
Aurrera jarraitzen du Eusko Legebiltzarra eta Espainiako Auzitegi Gorenaren arteko pultsuak eta aste honetan begi guztiak dira Gorena eta fiskalen jardueraren gain. Batetik, Legebiltzarreko agintarien aurka Gorenak zein neurri hartuko duen ikusi beharko da; bestetik, Sozialista Abertzaleen (SA) Taldeari buruzko bere aginduak nola betearaziko diren ezagutu daiteke. Gerta daiteke Sozialista Abertzaleen Taldeari dagokion dirua judizialki debekatzea eta bideratze hori etetea, gerta daiteke beren bulegoetan sarrera galaraztea, gerta daiteke SAko parlamentariek parte hartutako Legebiltzarreko ebazpenak bertan behera uztea, EAEko autonomia behertan behera uzteaz ere hitz egin da... Ate ugari zabalik, ikusten den bezala.
Ofizialtasunaren aldeko karabana
Hilaren 21erako auto karabana antolatu du Euskal Herrian Euskaraz erakundeak «Bidea ofizialtasuna da!» lelopean. Sei herri ezberdinetatik abiatuko dira autoak eta Altsasun elkartuko dira. Durangoko Tabiratik 17:30etan aterako da, Beasaingo tren geltokitik 18:30ean, Donostiako Psikologia fakultatetik 17:00ean, Gasteizko Olaonatik 18:30ean eta Iruńeko Eroski paretik 17:30ean. Altsasura heltzean autoak aparkatuko dituzte eta jende kateak osatuz herriko plazara biltzeko deia egin dute, han ekitaldia burutzeko.
Euskaltzaindiaren Alde Fundazioa
Fundazio bihurtzeko bidea urratzen hasi da Euskaltzaindia, bere lana hobe egiteko modua eskainiko diola iritzita. Fundazioa 3 milioi euroko kapitalarekin sortuko da. Dagoeneko Gipuzkoako Foru Aldundiak Fundazioari 199.956 euroko laguntza bideratzea onartu du eta bazkide fundatzailea izango da. Arabako eta Bizkaiko diputazioak, Eusko Jaurlaritza, Vital Kutxa, BBK, Kutxa, Euskadiko Kutxa, BBVA eta Euskaltzaindia bera izango dira beste bazkide fundatzaileak. Fundazioak diru gehiago ekarriko dio Euskaltzaindiari proiektu berriak gauzatzeko, besteak beste, lanak gehiago gizarteratzea, teknologia berrietan sakontzea eta euskararen aldeko talde eta erakundeen iritzi eta ekarpenak bideratzea.
Euskal Unibertsitatetik hurbilago
Kongresua amaituta, euskal unibertsitatea sortzeko tresna estrategikoak abiatzeko konpromisoa hartu du Udako Euskal Unibertsitateak. Hiru organu osatzea erabaki du: Euskal Unibertsitatea sortzeko plan estrategikoa diseinatzeaz arduratuko den Euskal Unibertsitatea Sustatzeko Patronatua, Lan Ardatzen Erabakigunea eta Euskal Unibertsitatearen Patronatua. Horrez gain, UEUko zuzendari eta talde eragilearen lana arintzeko zuzendariaren ondoko kargua sortzea erabaki dute UEUko kideek.
Euskal etnografiaren hiztegia
Altxorra gordetzea du asmo Ikastolen Konfederazioak kaleratu berri duen Hiztegi Etnografikoak. Liburuan eta CD- ROMean plazaratu dute 2.500 sarrera, bederatzi monografia, bideoak eta argazkiak biltzen dituen lana. Hiztegiak Juan Garmendiak etnografiaz egindako 60 bat liburu ditu oinarri eta Xabier Mendiguren Bereziartu arduratu da material horixe hiztegi bihurtzeaz. Bestalde, Ikastolen Elkarteko Argitalpen Taldeak osatu ditu monografiak eta moldatu du multimedia formatura. Azala Nestor Basterretxeak egin du.