Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • ZUBIAK HAUTSI ETA GERO ZER? ZUBIAK ERAIKI BEHAR

2003-06-15 -- 1903.zenb

ZUBIAK HAUTSI ETA GERO ZER? ZUBIAK ERAIKI BEHAR

Jose Luis Elorza

Euskadi is different" garai batean bezala, Espainiako diktadura Europako demokrazien artean eszepzio zenean eta norbaitek hura azpimarratzeko "Spain is different" esaldia asmatu zuenean, onartu beharko dugu, Euskadiren panorama politikoari begirada bat botaz gero, gure egoera politikoa erabat eszepzionala dela Europako demokrazien kontestuaren barruan.

Europa osoko eliteak eztabaidatzen ari direnean zein ezaugarriak eduki behar dituen Europako lehen konstituzioak, Berlineko horma apurtu baino lehen "Varsoviako paktua" osatzen zuten herrialdeek (Polonia, Txekia, Hungaria, Bulgaria eta abar...) Europar Batasuneko kideak egiteko zorian daudenean, Europako lurralde aberatseneko gizarteek (Frantzia, Alemania, Austria, Italia...) haserre bizia kaleetan adierazten dutenean beren etorkizuneko pentsioen murrizketa gelditu nahian, zeintzuk dira Euskadiko titular politiko nagusienak? Epaitegi gorenaren agindua Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa deuseztatzeko, parlamentuak onartuko duen ala ez, ETAko azken astakeriaren ondorioak, Ibarretxeren Plana, hauteskunde ondorengo paktuak, ETBk emitituko ote duen ETAko biktimen bideoa, zer egin boto "nulo"ekin gehiengoa eduki duten herrietan... Bietako bat, edo Europarrak edo Euskaldunak, bietako bat arraroak bihurtzen ari gara.

Hauteskunde munizipalak egin dira eta emaitzak mahai gainean daude. Bizkaian eta Gipuzkoan EAJ-EAk gehiengoa lortu du Batzar Nagusietan eta ez du arazorik izango Foru Aldundiak gobernatzeko. Araban boto asko lortu ditu baina ez du gehiengorik gobernatzeko. Hiriburuetan gauza ez da gehiegi aldatu. Bilbon EAJ, Donostian PSE-EE eta Gasteizen PPko alkateak izango dira. Zeinek irabazi du hauteskundeetan? Denek Batasunak ezik. Alderdi guztiek dauzkate arrazoiak pozik egoteko emaitzekin. Eta, Batasunekoek? Bai badakit boto "nulo"en aldeko kanpaina egin zutela eta 140.000ren bat atera zituztela. Baina boto "nulo"ak, bere izenak esaten duen moduan, juridikoki baliorik gabekoak dira. Bai, badakit honek eztabaida politikoa sortuko duela eta momentu batzuetan eztabaida hori sutan jarriko dela, baina ez gaitezen engainatu. Eztabaida horrek udara arte iraungo du. Udazkenean kurtso berria hasiko da eta negua berehala inguratuko da eta errealitatea da Batasuna Udaletxetatik, Batzar Nagusietatik eta Nafarroako Parlamentutik kanpo geratu dela. Eta neguan hotz egiten du eta erakundeetatik kanpo are gehiago. Ordezkaritza politikoa galtzeaz gain erakundeetan egoteak eskaintzen dituen subentzioak, soldatak eta abar ere galdu egingo ditu. Batasunaren etorkizun politikoa iluna da, oso iluna, eta nahiz eta jende aurrean ez aipatu, beraiek ere badakite.

Hauteskunde hauek zerbait erakutsi badute, berriro ere, da alde batek ezin diola inposatu besteari bere proiektua. EAJ-EAk emaitza onak eduki ditu, baina ez nahikoa Ibarretxeren Plana inposatzeko. Araban ez du gehiengorik eta zer esanik ez Nafarroa aipatzen badugu. Era berean konstituzionalistek, PP eta PSE-EE, ez dute gehiengorik beren proiektua inposatzeko. Berriro ere bietako baten aurrean gaude: edo euskaldunek ez dugu bi proiektuen artean erabaki definitibo bat hartu, edo gure politikoek ez dute ulertu nahi behin eta berriro euskaldunok hauteskundeetan esaten duguna. Hainbeste denbora daramagu zubi politikoak apurtzen, ezen eta gero eta zailago egiten zaigula zubi berriak eraikitzea. Eta hori da, nire ustez, hauteskundeen emaitzek esaten digutena, zubiak eraiki behar ditugula, paktuetara iritsi behar garela, gutxiengo akordio bat lortu behar dugula euskaldun guztien artean. Zeren bestela, Euskadi eszepziozko lurralde bat jarraituko du izaten etorkizuneko Europan.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan