artikulu nagusira itzuli
Gaixotasun ohikoenak
Malaria edo paludismoa
Infekzio gaixotasunik hedatuena da eta beraz bidaiariak arreta berezia jarri beharko dio gaixotasun honi. Oso antzinatik egon da gizakiaren alboan. Egipziarrek ondo adierazi zizkiguten euren papiroetan gaixotasunaren nondik-norakoak. Hala ere, badirudi, egipziarren datuak ez direla zaharrenak.
Malaria edo paludismo gaixotasuna plasmodium generoko parasito batek sorrarazten du eta beronen transmisioa Anopheles izeneko eltxoaren ziztadak bideratzen du. Osasunaren Mundu Erakundeak ematen dituen datuak beldurgarriak dira eta okerrerantz egin omen du eskualde askotan. Dirudienez, plasmodium parasitoek botikekiko duten erresistentzia dela-eta, tratamentua zailagoa gertatzen da. Mila milioi eta erdi pertsona bizi dira gaixotasuna endemikoa den munduko hainbat eskualdetan. Gainera, urtero 1,2 milioi pertsona hiltzen da malaria gaixotasunarengatik.
Sintomak ondorengoak izaten dira: ondoeza, buruko mina, neke izugarria, sabeleko mina, giharretako mina, sukar altua eta nola ez hotzikarak.
Sukar horia
Gizakiak eta tximinoak dira gaixotasuna gehien pairatzen dutenak. Birus batek sortzen du infekzioa. Gaixotasun honen transmisioa eltxo bidezkoa da baita ere. Beraz, beste behin ere, eltxoen ziztada eragoztearen garrantziaz ohartzen gara. Afrikan eta Hego Amerikan ageri da gaixotasuna. Behin gaixotasuna gaindituz gero betirako inmunitatea lortzen omen da. Epidemia garrantzitsuak ezagutu dira sukar horia dela-eta. Txertaketen eta bestelako neurrien bidez epidemien nolabaiteko kontrola lortu da, baina ez erabat desagerraraztea. Sintomatologia ezaguna da: sukar altua, azal horiztatua eta odol jarioak.
Gainera ez dago tratamentu zehatzik gaixotasunarentzat, sintomak kontrolatzen saiatzen dira soilik.
Kolera
Vibrio colerae izeneko bakterioak sorrarazten du infekzioa. Sintomak beherako bortitza eta goitika egitea dira. Horregatik hasieran zaila izaten da gaixotasuna zehaztea, honelako sintomak dituzten gaixotasun gehiago ere badaudelako. Amerika, Afrika eta Asiako herrialde askotan gaixotasun endemikoa da. Transmisio bidea orokorrean ura izaten da, baina baita janari kutsatua ere. Gizakiz-gizakirako transmisioa gertatzea zaila da. Gaixotasuna hedatzeko modua gehienetan iturri bidezkoa izaten da giza gorotzez kutsatua izan dena. Uda aldea da gaitza transmititzeko garai egokia, uraren tenperaturak 20º C lortzen dituenean. Kasu gehienak ez dira larriak izaten, heriotza muturreko deshidratazioak bakarrik sor dezake. Badaude txertoak koleraren gaixotasuna eragozteko.
Bidaiarien beherakoa deituriko gaixotasuna
Eskualde tropikaletako bidaiarien %20-50ak, lehenengo egunetan edo itzuleran «Bidaiariaren beherakoa» deiturikoa izaten omen du. Kasu honetan ere infekzio sortzaileak bakterioak dira, bereziki Escherichia coli deitzen den heste-bakterioa. Bidaiatuko dugun zonaldean edari eta janariarekin kontu handia izan behar da. Bestelako gaixotasunen bat baldin badaukagu beherakoak pairatzeko probabilitatea handiagoa da.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.