Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-06-15 -- 1903.zenb

Xabier Letona

1977an Espainian sufragio unibertsala indarrean jarri zenetik zuzenbideko estatuan izan daitekeen gertaerarik larrienetakoa eman zen iragan maiatzaren 25eko udal eta foru hauteskundeetan: Espainiako agintariek indarrean jarritako Alderdi Politikoen Legea medio, ezker abertzaleko dozenaka mila pertsona boto eskubiderik gabe geratu zen Espainiako Auzitegi Gorenak AuBri eta 200dik gora ezker abertzaleko herri plataformari hauteskundeetan parte hartzea debekatu ondoren. Trumoien kutxa irekia zegoen. Egoera horretan, herrietako plataformek, gehienek pentsatutakoa baino askoz hobeto eutsi diote erronkari. Eragile politiko eta sozial askok azpimarratu du abagune horretan izandako emaitza lorpen handia dela AuB eta debekatutako plataformentzat. AuBren inguruan egituratzen den sektore politikoaren zuzendaritza ere pozarren dago emaitzekin.

Maiatzaren 25ean herrietako plataformek 161.000 boto inguru lortu zituzten, horietako batzuk legezkoak eta gehienak legalki baliogabetuak. Boto horiekin AuBren inguruan egituratzen den esparru politikoak 700dik gora zinegotzi lortuko lituzke. Eta kontua da hilaren 14an, udal instituzioak formalki eratzen diren egunean, nola gauzatuko den ordezkaritza hori guztia zinegotzi eta alkatetzatan. Trumoien ondoren ekaitza ohi dator; batzuetan, ordea, trumoi asko eta euri gutxi. Ez dirudi datorrena halakoa izango denik, eta trumoiek ekaitza gogorra ekarriko dutela dirudi, denboran ere luzatuko dena seguruenik.

Protagonista guztien argudioak mahai gainean dira jada. AuBk eta debekatutako plataformek beren boto kopuruari dagokion ordezkaritza instituzionala aldarrikatzen dute, herri borondatea hori delako. PP eta PSE-EEk argi dute euren jarrera, horretarako bideratu dute Alderdien Legea. Boto baliogabeak baliogabe dira eta kito.

EAJ, EA, Ezker Batua, Aralar eta Batzarrek ere argi utzi dute beren posizioa zein den, honakoa gutxi gora behera: ez daude ados Alderdi Politikoen Legeak ekarri duen egoera honekin, AuBren boto horiek guztiak legitimoak dira, baina alderdi horiek ezin dute legalitatea aldatu; hala ere, beharrezko tresnak egituratu beharko dira AuB eta debekatutako plataformen botoek ahots instituzionala izan dezaten.

Hori esatea, ostera, gauzatzea baino samurragoa da, arrazoi askorengatik gainera, batzuek legediarekin zerikusi dutenak eta beste batzuek alderdien desadostasunekin. Batasuna eta AuBko buruzagien ustez, beraienak ez diren eserlekuak hartu dituzten alderdien kontua litzateke hori bermatzea. Ofizialki behintzat hori da adierazten dena, nahiz eta pentsa litekeen herrietako kasuistika zabalean era guztietako negoziazioak emango direla eta baita apurketa eta enfrentamendu latzak ere.

Parte hartzeko aukera desberdinak.

Debekatutako botoak zinegotzi bilaka daitezke leku batzuetan, beste askotan ez, eta beste batzuetan udal ordezkaritza eratzeko ere arazoak izan daitezke. Aukera guztiak daude zabalik, baina Nafarroan eta Araban, eta oro har PP eta PSE-EE nagusi diren tokietan, AuBren botoak zinegotzi bilakatzeko aukera oso urria da.

Bestelakorik gertatu daiteke abertzaleak nagusi diren tokietan. Aipatu izan da AuBk gehiengo osoa lortu duen herrietan gestorak osatu daitezkeela. Horretarako legez hautatuak izan diren zinegotzien herenak dimititu egin beharko luke eta baita horien ordezko gisa leudekeen zerrenda osoak. Orduan, Nafarroako Gobernuak edo EAEko diputazioek beste udal ordezkaritza bat izendatuko lukete, bide horretatik berreratuz berez legitimoa litzatekeen udala, baliogabeko botoak kontuan hartuta. Bistan da Nafarroako Gobernuak eta Arabako diputazioek ez dutela halakorik bideratuko. Eta Gipuzkoa eta Bizkaiakoek? Ez dirudi samurra izango denik, jeltzaleek aditzera eman dutenez molde honek arazo operatibo ugari izan ditzakeela eta, gainera, Espainiako Gobernuak bide hori mozteko neurriak hartuko dituela iragarri du. Eltzea sutan frogatzen dela erakusteko ordua litzateke bide hau.

Bestetik, eta oso argi ez badago ere, badirudi dimititutako zinegotzi edo zinegotzigaiak ezin direla gestora horietako partaide izan; ezta debekatutako zerrendetako kideak ere.

Entzun den beste aukeratako bat debekatutako botoak ohiko udal batzordetara bideratzearena da. Udal batzordeetako kideak izendatzea alderdiei dagokie eta ez da ezinbestekoa zinegotzia izatea. Modu honetan, baliogabeko botoek ez lukete ordezkaritza zuzena izango, baina zeharkakoa bai. Badirudi halako negoziazioak ematen ari direla herrietan, baina benetan zer dagoen 14an ikusiko da. Bide honek ere arazo handiak ekar ditzake, agian ez horrenbeste ohiko udal kudeaketan, baina bai Euskal Herri mailako arazo orokorren aurrean. Toki batzuetan behintzat azken bide hau har daitekeela dirudi.. Leitzan edota Altsasun, esaterako, indar abertzaleen arteko akordiorik ez balego, UPNk edo PSNk eraman dezakete alkatetza. Leitzan UPNk 5 zinegotzi ditu (497 boto), Aralarrek lau zinegotzi (485 boto), EAk 2 (284 boto) eta plataformak (baliogabeak) 553 boto, gehiengoa. 14rako AuB, Aralar eta EAren artean udal batzordeen bidetik abiatzeko akordiorik ez balego, UPNk eskura lezake alkatetza.

Beste bideren batzuk ere egon daitezke baina, publikoki behintzat, ez da horiei buruz asko hitz egin. Alderdien jarrera, ordea, ez dirudi larunbata arte guztiz argituko denik eta lekuan lekuko egoeratara egokituko da.

Abertzaleen arteko enfrentamendu usain handia dago airean eta aurrera begira trumoiak eta laino beltzak aurreikusten dira. Egoera ez da samur sostengatzeko modukoa, berriz ere, egoera antidemokratiko oso sakona sortu delako boto emaleen %10 legalitatetik kanpo utziz. Ezker abertzalean sarri eman da parte hartze instituzionalaren gaineko eztabaida eta ez dira makalak izan hari horretatik sortutako tira-birak. Beste alderdi guztien aldetik, ezker abertzalearen integrazio instituzionala izan da beti aldarrikatu dena. Orain, kafkianoa badirudi ere, ezker abertzaleko 450 zinegotzik dagokien ordezkaritza instituzionala berenganatu nahi dute eta ez zaie uzten.

Ainara Gurrutxaga


Ohialak gora egin du. Loli eta Margarita autobusaren zain daude geltoki batean. Markako bat nahiago duela eta, bere gizona zakarretara bota berri duela kontatzen dio Margaritak lagunari. Loli, aldiz, oso pozik dago, primeran funtzionatzen duen gizon bat erosi duelako merkealdian. Lagun arteko elkarrizketa arrunta zirudienak, berehala hartu du ukitu surrealista. Pertsonaia berriak azaltzearekin, gainera, gero eta errealitate absurduagoetan murgilduko gaitu antzezlanak, egoera zentzugabe bezain gertukoetan. Ikusmena super-nekatuta duen Supermanek, abeslari arrakastatsu bihurtu den Ama Birjinak, edo Albertok, paperik gabe hil den etorkin ilegalak beteko dute oholtza. Guztiak dira "terralurtarrak", Tentazioak, Teatro la Paca eta Serantes Kultur Aretoarekin batera ekoitzi duen antzezlaneko protagonistak.

Tomas Afanen "Historias cotidianas" testua da "Terralurtarrak" antzezlanaren abiapuntua. Jaendarraren idazlanak Santurtziko Serantes Antzerki Saria eskuratu zuen 2001.ean. Saria eskuratu aurretik piztu zuen, ordea, Tentazioa ekoizpen etxeko kideen arreta: "Oso idazkera berezia duen autorea da Tomas Afan", dio Karlos Zabalarekin batera zuzendari lanetan aritu den Fernando Bernuesek. "Lehen aldiz irakurri genuenean Faemino y Cansado umoristen tankera hartu genion, absurdua erabiliz gizarte gaiak ukitzen dituen testua baita".

Berehala erabaki zuten "Historias cotidianas" antzokietara eramatea, baina lanean hasita, testua funtzio bat osatzeko laburregia zela konturatu ziren. Hortaz, autore beraren beste lan batzuekin osatzea erabaki zuten, "¨Follamos?" eta "Asi e la via" testuekin, besteak beste. Sketch soltez osatutako obrari istorio lineal batzuk txertatuz borobiltasun handiagoa eman diote horrela.

Tomas Afan eta Tentazioko kideen artean harreman estua sortu zen hasieratik, eta ondorioz, Afanek duela hamabost urtetik zuzentzen duen Teatro La Paca eta Tentazioaren artean banatu dute antzezlanaren ekoizpen kostua. Idazlea oso pozik dago esperientzia berriarekin: "Tentaziokoekin oso ondo moldatu naiz. Bizitzarekiko ikuspegi antzekoa dugula uste dut. Gainera elkarlan honi esker antzerkiaren munduko jende interesgarri asko ezagutzeko aukera izan dut Euskal Herrian", dio.

Komiki soziala

"Terralurtarrak" umore mikatza darabilen antzezlana da eta, azken batean, gure gizartean hain arruntak bilakatu diren burugabekeria horiek ironia handiz islatzen dituena. Mundu globalaren eta kapitalismo basatiaren kritika zorrotza egiten du finean. Gure artean oso ohikoa ez den antzezlana dugu hauxe. Taldekoek "komiki sozial" lez definitu dute, hainbat arau hausten dituelako. Ez da ez "politikoki zuzena" kontsidera daitekeen lana.

Lehen begiratuan zeharo jota dauden pertsonaiak aurkezten zaizkigu, lehen minutuetan ikuslearen harridura eraginez: "Hasieratik ikusleari sorpresa eragiten dion ikuskizuna da, ez du beste ezeren antzik", onartzen du zuzendariak.

Horregatik estetika, umore eta pertsonaia eszentriko horietara gerturatzeko ahalegin berezia egin behar izan dute aktoreek. Patxi Perez, Aitor Gabilondo, Aitziber Garmendia, Lierni Fresnedo, Getari Etxegarai, Anjel Alkain eta Patxo Telleriak osatzen dute aktore taldea. Bakoitzak pertsonaia bat baino gehiago antzezten du, erritmo bizi-bizian. Ikusleari halako eszena porrusalda arinegia ere suerta dakioke memento batzuetan.

Aipatzekoa da Rodolfo Dellibarda argentinarrak eginiko diseinu eszenografikoa. Taldeak Dellibardarekin lan egiten duen bigarren aldia da, iaz estreinatutako "Defensa de Sancho Panza" bakarrizketan ere elkarrekin aritu baitziren. Kasu honetan, antzezlanari zabortegi itxura emate aldera, txatarraz eginiko hiru tunel eraiki ditu eszenografoak. Tunel mugikorrak dira, beharren arabera hara eta hona mugitzen direnak.

Maiatzaren 23an Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztu zuten Patxo Telleriak itzulitako euskarazko bertsioa, gazteleraz hilabete batzuk lehenagotik estreinatu bazuten ere. Mementoz Donostiako Antzerki Azokan izango da "Terralurtarrak" ikusteko parada, eta irailetik aurrera beste hainbat herritara joateko asmoa ere badu taldeak. Oraingoz «Terralurtarrak» lanak nahiko harrera ona izan du eginiko emanaldietan, nahiz eta publiko motaren arabera harrera hori asko aldatzen den: "Nik uste gazteen artean hobeto funtzionatzen duela", dio zuzendariak, "komiki estilo hori gazteengandik gertuago baitago".


TOMAS AFAN MUÑOZ, ANTZERKI IDAZLEA: "NI NEU ESTRALURTAR SENTITZEN NAIZ ASKOTAN"

Duela hamabost urte Jaen jaioterrian Teatro La Paca sortu zuen Mari Carmen Gamezekin batera. Ordutik berak idatzitako hamalau bat antzezlan eszenaratu ditu taldeak, eta bide batez, "idazkuntzan estiloa finduz eta pertsonalitate bat eraikiz" joan da idazle gaztea. Urte hauetan antzerkiaren arlo gehienetan aritu bada ere, idazle gisa jaso du errekonozimendu gehien. Santurtziko Serantes Antzerki Sarien azken bi edizioetan sari bana jaso du, 2001ean "Historias cotidianas" lanagatik eta 2002an "Parejas" lanagatik.

Antzerki idazleak oholtza gaineko lana ezagutzea garrantzitsua al da?
Niri behintzat oso baliagarria izan zait, antzezlana ikuspegi ezberdinetatik ezagutzeko aukera eman baitit. Egia da baita ere, batzuetan eskizofrenia antzeko bat izaten dudala "ni aktore" edo "ni zuzendari" horrek idazlearen lana zentsuratu egiten didalako. Dena dela, batzuetan ona da mugak edukitzea, sormen-fluxua gehiegi sakabanatu ez dadin.

Testuetan ez duzu akotaziorik erabiltzen...

Ez, eta horrek arazoren bat edo beste sortu dit. Nik dialogoak sortzen ditut, eta horietan espazioak iradoki egiten ditut, ondoren, zuzendariak bere erara molda ditzan. Batzuetan, ordea, zuzendariak erreferentzia gehiago behar izaten ditu, mundu hori eszenara eramateko.

Zein da egun antzerkiaren betebeharra?

Antzerkiak hainbat gauza salatzeko bozgorailu bat behar du izan. Gaur egun bizi dugun egoeran, antzerkiak beste medioetan entzuten ez diren ahotsak plazaratzeko balio behar du. Oso idealista izango naiz agian, baina nire ustez antzerkiak mundua aldatu behar du. Antzerkira ia inor joaten ez den garai hauetan pitin bat ridikulua da baina, hala ere, pentsatzen dut antzerkiak funtzio sozial bat duela.
Absurduaren antzerkitik gertu daude zure idazlanak, ezta?

Ez dut absurduaren barruan kokatzen nire antzerkia, edozein kasutan pentsatzen dut mundua dela absurdua. Nik zentzugabekeria gizartearen ispilu bezala erabiltzen dut. Ni neu nahiko estralurtarra sentitzen naiz inguruan ikusten ditudan gauzen aurrean. Telebista jarri eta zientzia-fikziozko pelikula bat ikusten ari naizela iruditzen zait askotan. Gauza horiek nire testuetan azaltzen saiatzen naiz, egun normaltzat jotzen ditugun astakeriak azpimarratuz. Distortsionatuta dagoen gizarte batean bizi gara, eta ni distortsio horixe plasmatzen saiatzen naiz.

Pilar Iparragirre

Herri euskalduna da Zaldibia, eta euskara da kalean nagusi den hizkuntza. Umeek, gazteek eta adinekoek euskaraz jarduten dute etxean eta etxetik kanpo, baina Zaldibiak ere baditu euskaldunak ez diren esparruak. "Gaztelaniarako joera nabarmenagoa da emakumeen artean, eta 35 eta 60 urte bitartekoak dira erdaraz gehien hitz egiten dutenak", diote ikerlariek. Jende horrek, beren seme-alabekin euskaraz hitz egiten omen du beti, eta familiakoekin ere bai (adin berdintsuko ahizpak izan daitezke salbuespen). Baina Karmele Etxabek eta Larraitz Garmendiak esandakoaren arabera, adin berdintsuko beste emakumeekin (lagunak, senideakà) gaztelaniaz hitz egiteko ohitura indartsua omen da Zaldibiako emakume askoren artean.

Ez dira hor amaitzen euskararen arazoak herrian, ordea. Dirudienez, ba omen da Zaldibian ere euskaraz ez dakien jenderik, etorkinen seme-alabak direlako edo. Eta nahiz zaldibiarrek ere, oro har, uste omen duten beraien herriko egoera soziolinguistikoa ezinhobea dela, bizitza guztia euskaraz egin dezaketela, eta beraien euskararen kalitatea oso ona dela, "hori ez da horrela -ohartarazten dute ikerketa honen egileek-. Gure herrian, Euskal Herriko herri askorekin alderatuz gero, euskararen egoera ona bada ere, arazo soziolinguistikoak egon, badaude: euskaraz ez dakiten herritarrak, euskaraz hitz egiten jakin eta gaztelaniaz hitz egiten dutenak, gazteen hizkuntzaren kalitatearen gaineko zalantzak eta abar".


Lan dialektologikoa

Nolanahi ere, "Zaldibiako euskara. Bertako bizimodua, ohiturak eta pasadizoak" lanaren helburu nagusia ez da horri guztiari konponbidea bilatzea izan -mementoz hori egiteke dagoen beste lan bat litzateke-, Zaldibiako lan dialektologiko metodiko bat egitea baizik. Etorkizuneko euskararekiko ardurak eta hizkuntzaren transmisioarekiko daukaten kezkak bultzatu zituen Karmele Etxabe eta Larraitz Garmendia ikerketa horretan abiatzera. Eta hiztun helduetatik gazteetara dagoen aldakortasuna aztertu nahi zutenez, lehenengo lana etxez etxe joan eta adinean ondo sartuta zeuden 30-40 laguni elkarrizketak egitea izan zen. Ez zieten esaten inongo azterketa egiteko asmorik zeukatenik, lehengo kontu zaharrak biltzeko asmotan zebiltzala eta nolakoa zen beren garai bateko bizimodua kontatzeko baino. Horrela osatu zuten bere lanaren alde etnografikoa.

Baina "Zaldibiako euskara. Bertako bizimodua, ohiturak eta pasadizoak" liburuak baditu atal gehiago. Orain arteko bibliografian Zaldibiako euskaraz esandakoa biltzen dituena, kasu. Edota herriko zaharrenek beraien hizkeraz eta albokoez dituzten iritziak jasotzen dituena. Eta horrez gain Zaldibiako euskalkiaren azterketa dialektologikoa egin dute Karmele Etxabek eta Larraitz Garmendiak, lexikoan zein azentuan egon diren aldaerak eta esapideetan egon den murrizketa aztertu, eta hitanoari buruzko 48 inkesta egin herrian, ikusteko hitanoa nola erabiltzen den, hiztunek norekin egiten duten hika, eta garai batetik hona hitanoaren erabilera hori zenbateraino aldatu den.


Hitanoa ondoen 50 urtetik gorakoek

"Adin-tarte guztietako hiztunei egin diegu inkesta hori. Eta emaitzetan ikusi dugu 50 urtetik gorako hiztunak direla hitanoaren erabilera egokien egiten dutenak. Gazteagoetan badira hitanoa modu naturalean eta egoki erabiltzen dutenak, baina forma desegokiak erabiltzen dituztenak gehiago dira", adierazi dute ikerlariek.

Jaso dituzten erantzunengatik, animaliei ia gehienetan toka egiten zaie Zaldibian. Baina hori baino harrigarriagoa da beste hau: emakumezko gehienek bere buruarekin ari direnean adizkera maskulinoa erabiltzen omen dutela!

Bestalde, inkestatu dituztenen artean, koadrilako lagun guztien aurrean hitanoa erabiltzen dutela baieztatu omen diete gehienek. 35 urte bitarteko mutilak izan omen dira batez ere hori baieztatu dutenak; lau neskek esan omen diete zuka egiten dutela koadrilan guztiei batera hitz egin behar dietenean. 35 urtetik aurrerakoak, berriz, emakumezko edo gizonezko izan berdin erabiltzen omen dute hitanoa hizketa lagun bati baino gehiagori batera hitz egiterakoan.

"Zaldibiako euskara. Bertako bizimodua, ohiturak eta pasadizoak" liburuak, azkenik, euskalkiaren erabilerari buruzko atal bat du, non aholku batzuk ematen diren adieraziz euskalkia zein eratan erabili behar den, bai ahoz, bai idatziz. "Idatzizkoan euskalkia erabiltzeko gure iritziz zein irizpide erabil daitezkeen diogu eta baita batuan idazterakoan ere zein irizpide erabil litezkeen. Ez delako berdina Bilboko batua eta Zaldibiakoa", diote Karmele Etxabek eta Larraitz Garmendia filologoek.

Jokin Labaien


Hambi urtez Prudentzio Deuna Sariketa antolatu eta gero, Arabako Bertsolari Txapelketa antolatzeko erabakia hartu zuen iaz Arabako Bertsozale Elkarteak. Apustua handia izan arren, ilusio eta lanarekin, ezarritako helburuak arrakastaz betetzea lortu zuten. Elkarteko idazkaria den Oihane Perearen ustetan, iazko Txapelketan enbido bat bota zuen Elkarteak, «zein karta egokituko zitzaigun jakin gabe botatakoa izan zen, baina pareak eta jokoa tokatu zitzaizkigun». Aurtengoa ordea, errazagoa izan da Oihaneren ustez, pareak eta jokoa aurretik ziurtatuta zituztelako.


Antolakuntza

Antolamenduari dagokionez, iaz baino eskarmertu handiagoa somatu da txapelketa hasi zenetik finaleko saiora arte. Talde lana oinarri, ia akatsik gabe aurrera eraman baitituzte egin beharreko lanak. Gai jartzaile taldea adibidez, aurten sortu dute eskualde desberdinetako jendea elkartuz. Bakoitzak bere inguruko saioetan lan egin du eta ekarpena aberasgarria izan da. Aurrera begira, epaile taldearekin ere asmo beretsua daukate. Hedabideen eta gizartearen aldetik oihartzuna aurreko urtetan baino handiagoa izan dela ere azpimarratu behar da.

Bertsolarien maila goraka doala ukaezina da. Aurtengoan ezusteko bat baino gehiago izan da, txapelduna, besteak beste, berria baita. Zigor Enbeitak, zazpi urtetan nagusitasuna erakutsi ondoren, Asier Otamendiri kendu egin dio txapela. Bertsotarako dituzten dohaiak erakutsita finaletik oso gertu geratu dira Irati Anda eta Iñaki Viñaspre gazteak, eta finalean ohiko zen Rikardo Gonzalez de Durana ere, Printzipaleko saiorako aukerarik gabe geratu zen. Beste urte batzutan ez bezala, Txapelketa hasi berritan, inor gutxik esan zezakeen nortzuk izango ziren finalean jardungo ziren bertsolariak. Argi ikusten da mailarekin batera, bertsolari kopurua ere gorantz doala Araban.

Txapelketako arrakasta dena den, urtetan zehar egunak joan egunak etorri Elkartean egindako lanaren isla dela esan daiteke. Jende asko dago buru belarri eguneroko eginkizunetan murgilduta: Elkartean, antolakuntza lanetan, bertso eskoletan irakasten eta abar.

«Bertsozale Elkartearen proiektuarenganako konfidantza eta konpromiso handia somatzen dut jende honengan», erantzun zigun Oihane Pereak Araban bertsolaritza sustatzen dabiltzan pertsonengatik galdetzean.


Bertso eskolak

Bertso Eskolek eta hauen arteko hartueman eta koordinazioak ezinbesteko papera jokatzen dute Elkartearentzat, bere lanen artikulazioan. Urtean zehar aktibitate ugari antolatzen dira. Eskoletako haurren eta Gazteen topaketak urtero, astebukaera oso bateko gozamen bihurtzen dira, Eskolarteko Txapelketarekin batera.

Materialgintzan eta herrialde mailako ikastaroetan ere aurrerapausoak eman dira. Azken urtean adibidez, gai jartzaile taldea eta bertsolarien teknika trebatzeko ikastaroak egin dituzte kanpotik adituak ekarriz.

Honetaz gain, zenbait herrietako eskoletan, Hezkuntza Arautuan hasi dira gaztetxoak bertsolaritza ezagutzen. Elkartean diharduten bertsolari eta bertsozaleak joaten dira eskoletara, bertako irakasleen laguntzaz, haurrei, ikasteaz gainera, une ederrak igarotzen laguntzera.

Elkarteak bestalde, edozein herritako bertso saio, lehiaketa eta ekimen egin eta egiten laguntzen du. Oihaneren hitzetan, «akuilu lana egin nahirik» esku bat luzatzea da helburua. Esaterako, Mendialdeko Errebantxa Saria, Bertsolari Gazteen Bagare Saria, Gasteizko jaietako Aihotz plazako bertso saioak...

Honen guztiaren borobilketa gisa definitu digu Oihane Pereak Arabako Bertsolari Txapelketa, eskualde eta herrialdeko bertsozale eta bertsolarien topagune eta festa bihurtu baita.

Denbora aurrera doan heinean, Araban bertsoa ere aurrera doa gogoak bultzatuta. 21 urte igaro dira bertan lehen bertso eskola sortu zenetik; astiro-astiro, baina gelditu gabe aritzeak bere fruituak eman ditu.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan