Jesus Mari Etxeberriak gose greban jarraitzen du Valdemoroko espetxean, jadanik 50 egunetik gertu, eta protestari utziko ez balio bere osasunak aurrera begira oso ondorio larriak izan ditzake. Etxeberriak eskatzen duen bakarra bere aurkako isolamendu politika amaitzea da eta espetxean gainerako presoek egiten duten bizitza eraman ahal izatea. Duela bi hilabetetik hona, halaber, garbiketa greban jarraitzen du. Berarekiko elkartasuna adierazteko espetxe desberdinetatik ere gose grebak bideratzen ari dira.
Euskal Herriko Foro Sozialak bere lehen jardunaldiak egingo ditu Gasteizen ekainaren 27, 28 eta 29an. Foro honetan dozenaka gizarte erakunde biltzen da, horietako asko mundu mailan globalizazio neoniberalaren aurka egiten diren mobilizazio erraldoietan trebatuak. Azken hauetako batean, Porto Alegreko foroan, nazioarteko foro jendetsu horiez gain, lekuan lekuko foro sozialak finkatzea eta abiaraztea garrantzitsua zela planteatu zen. Jardunaldi eta ekitaldi gehientsuenak Gasteizko Europa Jauregian eta hango Koldo Mitxelena Institutuan egingo dira.
Krisi instituzional gogorra
Aste honetan ikus daiteke Espainiako Auzitegi Gorenak zer erabakitzen duen Eusko Legebiltzarreko bozeramaileen batzordeak Sozialista Abertzaleen taldea ez desegin izanaz. Espainian PPk eta PSOEk ez dute zirrikiturik uzten: Gorenaren ebazpena bete beharra dago eta kito, ez dago beste irtenbiderik. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak negoziaziorako gonbitea luzatu die Jose Maria Aznar eta Jose Luis Rodriguez Zapaterori, baina hauek ez diote luzatutako eskuari heldu. Bitartean, zurrumurrua nagusi: autonomien suspentsioaz mintzo den Kostituzioaren 155. artikulua, Juan Mari Atutxa eta Legebiltzarreko beste goi kargu batzuen auziperatzea, azkenean Sozialista Abertzalea taldearen desegitea aginduko dela... Berria da egoera, baina krisi instituzional sendo baten oinarriak finkatuta bide daude.
Laborategi frogak Eusko Legebiltzarrean.
'Berria' izango da datozen egunotan kalean izango den euskarazko egunkariaren izena eta jadanik finkatua dago Euskarazko Komunikazio Taldea SAko Administrazio Kontseilua: Joxean Lizarribar, Joanmari Larrarte, Joxemari Sors, Ane Agirregomezkorta, Adolfo Arejita, Xabier Kintana, Pello Zabala, Iñaki Dorronsoro, Patxi Noblia eta, langileen taldea osatzen denean, hauetako bi ordezkari. Lizarribar da kontseiluko lehendakaria eta Larrarte idazkaria. Zabaltasuna eta independentzia dira, Administrazio kontseilu berriaren esanetan, bereziki zaindu eta babestu nahi diren oinarriak. Finantzazioari dagokionez, lortu nahi diren 5 milioi euroetatik jadanik milioi bat lortu dela zehaztu da kontseilu berritik.
Izendatua jada Nafarroako Gobernu berria.
Azkar eratu da Nafarroako Gobernua osatzeko UPNren eta CDNren akordio berria. Iruñeko udal gobernuaren osaketa zehaztu gabe dago oraindik, baina datorren asterako eratuta egongo dela pentsa liteke. Legez 2007ra arte iraungo duen Nafarroako Gobernu berria 12 pertsonek osatuko dute eta, aurreko gobernuko hiru pertsona bakarrik mantentzen dira, Miguel Sanz gobernuburua bera, Jose Ignacio Palacios Herri Lan, Garraio eta Komunikazio sailburua eta Ekonomia eta Ogasun kontseilari Francisco Iribarren. CDNk bi kontseilari izango ditu: Jose Andres Burguete Lurralde antolaketa, Etxebizitza eta Ingurugiroa gidatuz eta Javier Echarte, Nekazaritza, Abeltzantza eta Elikaduraz arduratuko dena.
Santi Brouard auzia, Estatuaren borondate eza.
Aurrera jarraitzen du Santi Brouarden hilketa argitzeko epaiketak eta oraingoz asko geratzen bada ere, hilketaren egile zehatzak bilatzeko dauden zailtasunak ikusten dira berriz ere. Emilio Valerio Auzia eraman zuen lehen fiskalaren esanetan Cesid izan zen atentatuaren erantzulea, nahiz eta ez lukeen jakingo zehazten nola egin zuen, erakunde haren barne egitura ezagutzen ez duelako. Orain arteko ikerketetan egindakoa baino askoz aurrerago joatea zaila izango dela aurreikusten da, besteak beste horretarako oztopo asko ikusten direlako: lekuko garrantzitsuak ez dira agertzen, agertzen direnak ez dira gauza zenbaitez gogoratzen... Finean, Estatuak ere nahiago duela ahaztea
Lanbide Heziketa euskaraz
Larria da euskararen egoera Lanbide Heziketan, 2002-03 ikasturtean %4,3koa zen Araban euskarazko eskaintza, %9,2koa Bizkaian eta %38,8koa Gipuzkoan. Nafarroan eta Iparraldean ez zen eskaintzarik. Gauzak horrela, LAB, EHE, IA eta Euskal Herriak Bere Eskolak egoera hau salatu dute matrikulazio kanpainaren barne eta admistrazioak diskriminazio positiboaren alde egin behar duela adierazi. Asteazken honetarako, hilak 11, Lanbide Heziketako zentroetan eta nekazaritza eskoletan kontzentrazioak deitu dituzte «Lanbide Heziketan euskara ikasi eta lan egiteko eskubidea, orain» lelopean.
Iparraldeko ikasleek euskaraz egin ahal izango dute selektibitatea
Hego euskal herritik kanpo bizi diren ikasle euskaldunek Hegoaldeko unibertsitate sisteman sartzeko hauta-probak euskaraz egin ahal dituzte aurtendik aurrera, UNEDek eta Eusko Jaurlaritzak hitzartutako akordioari esker. Mundu osoko eukaldunek egin ahal izango duten arren, Seaskako ikasleei ekarriko die onura handiena. Joan den astean bertan Iparraldeko 10 ikaslek egin zituzten hautaprobak euskaraz Portugaleteko UNEDen. Eta irailean beste 20-21 ikaslek egingo dituzte. UNEDek du atzerrian ikasi duten ikasleei hauta-probak egiteko ardura. Hala, UNED-Bergarako profesionalek itzuli dituzte hauta-probetako galderak euskarara eta ikasleek egindako azterketak ere gaztelaniara itzuliko dituzte, ondoren Madrilera bidaltzeko. Hori guztia egiteko beharrezko dirua Hezkuntza Sailak jarriko du.
Espainiak ez du ituna betetzen
Kontseiluak eta behatokiak Espainiak 1992an sinatutako eta 2001ean berretsitako Gutxiengo Hizkuntzen Europako Ituna ez duela betetzen salatu dute. Behin berretsita, hartutako konpromisoak betetzera behartuta daude estatuak eta Espainiako kasuan betetzen ez dela adierazten duen txostena osatu du Behatokiak. Besteak beste, justizian, hezkuntzan eta administrazioan norbanakoek dituzten hizkuntza eskubideak ez dira betetzen. Halaber, hizkuntzen eremu geografikoa ez da errespetatzen, Nafarroako Euskararen Legea kasu. Bestalde, hizkuntza gutxituetan komunikabideak bultzatzeko konpromisoa hartu zuen eta «Euskaldunon Egunkaria» itxi du. Espainiako Gobernuak osatutako txosten baten arabera, hizkuntza gutxituen egoera ona da Estatuan eta ez da neurri orekatzailerik hartu behar.
Jakoba Errekondo
Urte sasoi honetan landareen loreek kentzen dizkigute begiak, errazenera ohituta baikaude... imajinaren axalak jango gaitu. Loreez gain landareen dena hazten, zabaltzen eta garatzen ari da: sustraiak hedatzen, azala zabaltzen, fruituak garatzen, hostaila osatzen... Loreez besteko hauei garrantzia eman eta ezaugarri xumeago baina haienak bezain erakargarriak eskaintzen dizkiguten landareen aukera gero eta zabalagoa da mintegi eta landare dendetan.
Geranioetan, adibidez, kolore gero eta bereziagoak dituzten barietateen udaberrieroko emanarekin batera horien arbasoak diren eta hostaila usaintsu erakargarria duten barietateen eskaintza gero eta erakargarriagoa da. Limoia, pinua, laranja, zedroa, eukaliptoa, kanforra, sagarra, piperra, arrosa, mendak eta usain bereizi ugari duen geranio mota asko dago. Kanpora begira, itxurarako jartzen diren geranio arrunten aldean poza etxera ekarriko dizute beste usaindun hauek. Bere aldamenean igarotzen zarenero igurtzi bat eman, bai bai xirri egin eta bueltan jasoko duzun lurrinaz ez zara damutuko. Hona hemen geranio hauetako batzuk: Pelargonium crispum, P. echinatum, P. filifolium, P. fragans, P .gibbosum, P. graveolens, P. inquinans, P. x kewense, P. odoratissimum, P. peltatum, P.scandens, P. tetragonum, P. tomentosum, P. tricolor, P. zonale eta "Attar of Roses", "Clorinda", "Joy Lucille", "Lady Plimouth", "Mabel Grey" eta "Prince of Orange" hibridoak.
Jabier Agirre
Elikadura sasoian egoteko osagai oso garrantzitsua da. Oraingo gizarteak "gorputzaren kultura" praktikatzen duela esaten digute komunikabideek behin eta berriz, eta ez zaie arrazoirik falta. Baina gorputza sasoian edukitzeko funtsezko armak bi dira, bai gaur egungo gizarte moderno eta teknifikatuan, eta baita duela hamarkada batzuetako beste gizarte hartan ere: pertsona bakoitzaren ezaugarrietara (adina, bizimodua, lanbidea, eta zergatik ez, baita gustuak edo zaletasunak ere hartu beharko genituzke kontuan) egokitutako ariketa eta jan-neurria egitea.
Jan-neurria egokia baldin bada, zure gorputzarekin gustura egoten lagunduko dizu, baina elikadura desegoki batek berehala zapuztuko ditu "sasoian egoteko" zure nahiak. Hona hemen janeurria modu osasuntsuan egiteko aholku batzuk:
- Edan ur ugari, 2 litro edo 2 ½ litro egunero.
- Gosaria egokia izan dadila. Hartu horretarako behar duzun denbora, eta saia zaitez gosaria osatzen: esnekiak, fruta, zerealak.
- Elikagai naturalak izan daitezela zure jan-neurriaren oinarria. Eta produktu freskoen atzetik, izoztuak hobeak dira beste produktu industrial edo kuzinatuak baino.
- Aholkurik onena denetik jatea da, dieta bariatua egitea, eta proportzio egokian: fruta gehiago, berdurak, lekaleak, zerealak, fruitu lehorrak. Arraina, arrautzak eta haragia proportzio txikiagoan eta beste gauza guztietatik apurtxo bat.
- Saia zaitez afari arina egiten.