Pastoralen eta maskaraden antzeko formatoa.
Honela definitu zuen Ander Lipusek, Antzerkiola Imajinarioko kideak, lehengo astean martxan jarri zuten «Ritos. Gure azken lur zatia» proiektua. Urduñara, Ondarroara eta Bilboko San Francisco auzora gerturatuko da taldea obra berriarekin. Baina ez da ikuskizun hutsa izango. Herrietako kultur adierazpideekin kontaktuan jartzeko helburua dute Antzerkiolakoek. Leku bakoitzean lau egun egingo dituzte. Kalejira batekin hasiko dira, eta ondoren, toki bakoitzeko agente kulturalekin elkarrizketak egingo dituzte, hezkuntza zentroetan izango dira... Herri bakoitzeko kultur adierazpide horiek antzerkiaren bidez aktibatzea da Antzerkiolaren xedea. Oraingoz, Bizkaian burutuko dute egitasmoa. Baina aurrera begira, egitasmoa zabaltzeko asmoa dute.
Zinealdea
Orain hiru urte aurkeztu zen Zinealdea, Oiartzunen ikus-entzunezko poligonoa egiteko proiektua. Baina orain aste batzuk sinatu zuten Sprilur-ek, Zinealdea eraikiko den lur eremuaren jabeak eta Oarsoaldea S.A. garapen agentziak konbenioa. Atzerapenen ondoren, Zinealdea 2005a baino lehen inauguratuko da. Proiektuak ikus-entzunezko produktuak sortzeko behar diren zerbitzu guztiak leku bakar batean biltzea ahalbidetzen du. Bide batez, ahul dagoen ikus-entzunezko sektorea indartzeko balio beharko luke.
Euskal pavarottiak
Sei urteko lanaren ondoren Nino Dentici opera kritikoak «Opera eta zarzuelako euskal kantarien hiztegi biografikoa» osatu du Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. XIX. mende erdialdetik gaur arteko 600dik gora interpreteren datuak bildu ditu bertan. Horien artean garaiko «pavarotti» gisa kalifikatu ditu batzuk Denticik. Izan ere, mundu mailako ospea izatera heldu ziren Pedro Maria Unanue, Jose Echebarria, Julian Gayarre, Jose Mardones edota Florencio Constantino.
Enrike Urbizuk honakoa dio Euskadiko Filmategiak plazaratu berri duen «La mirada esencial» berari buruzko liburuan: «Ez dago euskal zinemarik; zineman euskaldun asko dago. (...) Alderdi enpresarialik gabe, ezin da zinematografia propio bat sortu. Eta Euskal Herrian, sektore hori oso mugatua dago. Kanterak daude maila guztietan, elektrizistetatik hasi eta gidoilari eta zuzendarien alorreraino, baina azpiegitura falta da».
Garbi Losada antzerkigileak honakoa adierazi zuen «Aizu!»n: «Zaletasuna sortzeko lehenengo ezagutu egin behar da, eta hemen ez dago tradizio handirik».
Gerardo Markuleta idazlearen hitzak dira hauek «Geu» aldizkarian jasoak: «Poema onak trepeta linguistiko, emoziozko eta adimenezkoa izan nahi du aldi berean, erritmo, musikaltasun, komunikazio, umore eta probokazioa ahaztu gabe. Poema on batean, mezua guztia da».
Iñigo Muguruzak «Gara»n: «Ezin dut jasan luzemetraietan bideoklipetako truku eta efektuak ikustea. Baina klipak diruditen gero eta film gehiago egiten da».
Pablo Sastrek «Eguzkipekoak» izeneko liburua plazaratu du Alberdaniaren eskutik.
Mixel Ducauk eta Caroline Phillipsek Ritxi Salaberria eta Javier Arearekin batera sortutako Ibaia taldeak bere lehen diskoa plazaratu du. «Oihan» du izena euskal folklorea eta munduko beste doinuak batzen dituen lanak.
Jesus Aranbarri konpositorearen omenez Ballets Olaetak «Sorgin, morgin, aker maker» euskal balleta estreinatuko du ekainaren 20an Euskalduna Jauregian. Guztira 200 pertsonek hartuko dute parte euskal mitologiako pertsonaietan oinarritzen den ikuskizunean.
Aurtengo Gorakada VII hil honen erdialdean plazaratuko du Gor diskoetxeak. Urtero bezala, zenbait talderen lanak bildu ditu bertan. Besteak beste, Berri Txarrak, eta Tijuana in blueren aurrerapen kantuak eta Su ta Gar eta Ken Zazpiren azken lanetako singleak.
Nagore Aranburuk eta Patxi Perezek jaso dituzte Euskal Aktoreen Batasunak ematen dituen antzerki Jokulari sariak. Vaiven taldeaaren «Murphy gainetik kendu ezinda» lanean egindako lanagatik irabazi dute saria.
Victor Morenok «Diario de Navarra (1903-1908). El despertar del camaleón» izeneko liburua aurkeztu du. Bertan, egunkari honen sorrera eta garapenaz mintzo da Ramon Lapesquera seudonimoa erabiliz.
Espido Freirek bere nerabezaroko hainbat testu bildu ditu «Cuentos malvados» liburuan.