ZUIA
Iņigo Txintxurreta
Azken sei aste hauetan Zuiako Koadrilan zehar egin dugun ibilaldiari amaiera emango diogu aste honetako atalarekin, Koadrilari izena ematen dion udalerriarekin. Gure bisitaldietan Arabako iparraldeko bazter hauetan gordetzen diren altxor ugariak deskubritzen aritu gara. Baina Zuiako udalerriaren barruan altxorrik preziatuena dago, mendez mende eta gaur egun parke naturalaren barruan, bizirik mantendu den Gorbeia mendizerra zoragarria. Hango pagadi beltzetan barna galtzea ipuin batean sartzea bezalakoa da, Baias erreka liluragarriko lamiek belarrira xuxurlatuko diguten ipuinean, agian. Gorbeiako lilurak ez diezazkigula ahantzarazi Zuian bisita merezi duten beste lekuak: Oroko haitzak, Jugatxi, Ezti Museoa... aukera zabala eta joria benetan, lurralde honen aberastasuna erakusten duena.
Gorbeiaren magalean antolatu ziren hamabiren bat herrixken bizilekua da Zuia. Gehienak nekazaritza girokoak eta asko ezezagunak dira, Murgia hiriburua eta bailarako bazter guztietarako abiapuntua izanik.
Murgiako erdigune zabalean udaletxea nabarmentzen da, haren etxabeetan informazio turistikoaren bulegoa gordetzen duena. Kanpandorre bitxia erakusten duen elizaren ondoan, erakusketak egiteko erabiltzen den Vea-Murgia etxea dago. Honen eta udaletxearen artean, oinaztarren gurutzea ikus dezakegu. 1450. urteko gurutze honek oinaztar eta ganboatarren arteko borrokak gogora dakarzkigu, Zuia oinaztar leinuaren sorlekua zelako. Handik hurbil Eztiaren Museoa topatuko dugu, eztigintzarako erabiltzen diren lanabesak eta tresnak berreskuratzeko eta zaintzeko sortua. Bertan, eztia eta honen eratorriak nola egiten diren erakusten da, antolatutako lantegiaren bidez.
Murgiatik hegoalderantz joz, Jugo herriaren ondoko muinoan altxatzen da Jugatxi baseliza, haritz eta pagoen artean. Bertako Ama Birjinaren irudia XII. mendeko taila erromanikoa da, garai barrokoko erretaulan dagoena. Baselizaren inguruan jarlekuak, mahaiak, iturria eta barbakoa badaude atsedenleku gisa. Jugotik aurrera jarraituko dugu Domaikiaraino San Bartolome elizako apaingarri erromanikoak ikusteko asmoz. Adituen arabera, eliza honen plateresko estiloko erretaula nagusia, zonaldean dagoen onenetarikoa omen da.
Domaikiatik berriro Murgiara itzuliko gara, oraingoan Lukiano eta Bitoriano aldera murgiltzeko. Herri hauetan Erdi Aroan eta Ahaide Nagusien borroketan zehar, leinu garrantzitsuenen etxeak defenditzeko eraiki ziren dorretxeak ikus ditzakegu, La Encontrada baserri-etxea Lukianon eta Agirretarren dorretxea Bitorianon, adibidez. La Encontrada Zuia eta Urkabustaiz arteko mugan dagoen errementeriaren aurri ikusgarria da. Zonalde honetan harizti ederrak mantentzen dira eta Baias ibaiak arrantza esparrurik hoberenak eskaintzen ditu.
Altubetik gertu egitura bikaina duen Jaundia zubia dago eta Gorbeiako bidean, Sarria herrian Iturrate jauregia, Seņoritarena ere deitua, ikus dezakegu.
Jugatxin, Atxabalen edo Gorbeiako parkearen harreran dauden atsedenlekuak une lasaiak eta atseginak igarotzeko prestatuta daude inguru paregabe batean. Bestalde, Zuian bada Golf kluba ere, Gorbeiaren magalean kokatuta. Erabat laua den 17 hektareatako zelai zabal honetan, bederatzi zulo daude haritzez, pinuz, pagoz eta laku artifizialez zein naturalez inguraturik.
Baina Zuiako lurraldetik ezin gara joan Gorbeia mendizerrako bazterrak ezagutu eta bisitatu gabe. Goiko gailurretako ibilaldi luzeari ekin ala erreken alboko txangoa lasai dastatu, berdin da, Gorbeiak ez gaitu aiherga utziko.
Ibilaldi ertainak Baias ibaitik gora eramango gaitu. Burbona gailur hostotsuaren albotik iragan eta seinale horizko pistak Nafarkortara eramango gaitu, Bizkaiko mugaraino. Handik, Oderiaga mendiko hegoaldeko mazela zeharkatuz, ibai aldera jaitsiko gara Parkeko sarreraraino itzuliz.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.