«Periferiako idazlea sentitzen naiz, baina ez dut gehiago nire burua zigortzen»
Demagun euskal literatura paisaia gisa irudikatzen dugula, hots, liburua margo edo koadro baten gisara so egiten dugula. Nola ikusten duzu euskal literaturaren paisaia?
Paisaia izatekotan, koadro puntilista baten gisan irudikatzen dut euskal literatura. Hau da, urrutitik begiratuta kolore masa batzuk ikusten ditut koadroan, kolore grisa izanen litzateke nagusia. Alabaina, koadrora hurbildu ahala, puntuak nabaritzen hasten dira eta orduan koloreak ikusten dira. Ziur aski, kanpotik ikusten dena baino aise ere kolore gehiago du gure literaturak.
Idazle gisa berriz, nola ikusten duzu zure burua paisaia horretan?
Ni puntu horietako bat izanen nintzake, koadroaren bazterrean-edo. Baina ez nintzateke ausartuko erratera zer koloretakoa den puntu hori. Nik atsegin nuke -hantustea ere izan daiteke nire aldetik- euskal literaturaren paisaiaren kolorea biziagotzea eta kanpotik ikusten den kolore gris hori jantziago agertzea.
Bazterrean izate horrek, periferiako idazle izatearekin zerikusirik ba al dauka?
Bai, periferiako idazlea sentitzen naiz, neurri batean. Baina ez dut gehiago nire burua zigortzen horregatik. Nafarra izateak, nolabait, zentro kulturaletik kanpoan ezartzen nau, idatz moldetan ere ez naiz hagitz estandarra eta ez dakit estandarra izateko borondaterik dudan ere. Horrek periferian ezartzen nau gisa batez. Hala ere, batzuetan, zortea izan dut, zentroa periferiatik hobeki ikusten delako, zentrotik beretik baino.
Ez zara idazle estandarra. Erabiltzen duzuen estiloa, lexikoa edota erregistroak jende gehiagorengana iristeko muga ote dira?
Baliteke, irakurleak murrizten dizkit behintzat. Alta, bada, gure baitatik ahalik eta gehiena eman behar dugula uste dut. Liburu bakoitzarekin nire buruari galdetzen diot ea nire ezaugarriak aldatu beharko ote nituzkeen. Mementoz nire horretan ari naiz, liburuak epe luzeko perspektiba batekin egin behar direlakoan bainago, epe luzeko apustuak egitea ona da.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.