Oroko Santutegia eta Atxabalgo Haitza
Atxabal izeneko haitzetan altxatzen da Oroko Santutegia eta Zuiako lurraldearen erdian kokatuta egonik, bailara osotik begi-bistan gelditzen da, muino erakargarria bilakatuz. Balore natural eta kultural handiko lekua da. Murgiatik eta Bitoriano iraganik, errepide bat igotzen da santutegitik 200 metrora dagoen aparkalekura. Santutegiak eta alboko haitzak eremu berezia, bitxia eta magikoa osatzen dute, bertatik Zuiako bailara osoa menperatzen delarik. Santutegia biziki handia da, eliza erromaniko baten gainean eraiki zen gotiko estiloko eliza bat daukana (XVI. mendekoa). Koroa errenazentista da eta zalditegia ere badauka Andra Mariaren Kofradiarentzat. Kofradiak 2.000 bazkide inguru dauka eta irailaren lehenengo igandean jaia egiten dute santutegiaren ondoko zelaian. Zuiako gurtza lekurik garrantzitsuenean gaude dudarik gabe. Baina santutegia antzinako bizileku baten gainean eraiki zen, Oroko kastro edo Brontze Aroko gotorlekuaren aurrien gainean, alegia. Jose Migel Barandiaranek 1918an aurkitu ondoren indusketa egin zen, Brontze garaiko aztarnak berreskuratzen. Gaur egun aztarna hauek Arabako Museo Arkeologikoan ikus daitezke. Natura aldetik, inguru honetako baso mistoa pagoz eta haritzez hornituta dago. Hegaztiak ere ugariak dira interes geologiko handiko kareharrizko haitz hauetan.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.