Egoerak kezkatuta, helduen alfabetatze eta euskalduntzean dihardutenak errealitate berrira egokitzeko bideak aztertzen ari dira eta datorren ikasturterako aldaketa batzuk egiteko beharra azpimarratu dute. Dagoeneko, bi proposamen edo egitasmo aurkeztu dira, eta hilabete honetan aztertuko dituzte. Bata, euskaltegi pribatu homologatuen %85 ordezkatzen duen taldeak (Abegi euskaltegiak, AEK, Batuz, Villabonako euskaltegia, Deustuko Unibertsitateko Euskal Irakasleria, Gotzon Garitonaindia euskaltegia, IKA, Labayru Ikastegia, Maizpide euskaltegia, Mikelats euskaltegia eta Ulialde euskaltegia) egin du. Bestea, Euskaltegien Sektorerako Bideragarritasun Plana, HABEk aurkeztu du Ikei enpresak egindako azterketan oinarrituta. Bi hausnarketak bat datoz egoeraren larrian, eta horri aurre egiteko neurriak hartu beharra azpimarratzen dute.
Euskaltegietako ikasle kopuruaren jaitsiera nabarmenena azken zazpi urteotan gertatu da. 1995-1996 ikasturtean inoiz baino ikasle gehiago matrikulatu zen euskaltegietan, baina orduz geroztik beheranzko joera izan du, eta, gaur egun, EAEn orduan baino 11.000 ikasle gutxiago daude euskara ikasten. Jaitsiera handiena gune euskaldunetan eman da, batez ere, Gipuzkoan eta Bizkaian. Eta Ikeiren ikerketaren arabera, eskaera berrietara egokitu ezean beheranzko joera mantenduko da; jaitsiera %23koa izan liteke. Hala ere, ikasle kopurua mantentzea lortu daitekeela ondorioztatu dute. Egindako galdeketan jaso denez, ikasle gehienek euskara ikasten jarraitu nahi dute, eta ikasle ohien erdia baino gehiago prest dago berriz ekiteko. Oraindik ikasle ez direnen artean, berriz, %22ak dauka euskara ikasteko asmoa.
Egoera ez da garai batean bezalakoa eta aldaketak eskatzen ditu. HABEko zuzendari Jokin Azkueren iritziz, HABEren funtzionamendua eta egitura ez ezik, euskaltegien jarduna ere berregituratu egin behar da: "Jarduera dibertsifikatu edo zabaldu egin behar da. Ikasleek dituzten gabeziak eta beharrak oso berezituak dira eta ikasketak premia horietara egokitu behar dira: EGAtik gorako mailak, erretiratuak, etorkinak, kirol mundua, gazteak...".
Egokitze bidean, ikastaroen eskaintza malgutzea beharrezkotzat jotzen du HABEk. Horretarako teknologi berrien erabilera, zerbitzu eta produktu espezializatuak eta abar eskaini behar dira. Horrek ikasleak mantentzea edo jaitsiera gelditzea ekarriko duela uste da. Eskola orduak murriztea ere ikasle gehiago erakartzeko bidea dela dio Bideragarritasun Planak, baina euskaltegi pribatuek, oraingoz, hori eskaintzeko muga bat dute; diru laguntzak ematerakoan HABEk ez ditu aintzat hartzen astean 8 ordu baino gutxiago jasotzen dituzten taldeak, egunean bi ordukoak izan behar dute gutxienez.
Bestela, euskaltegi pribatu homologatuak ados daude HABEk aurkeztutako Bideragarritasun Planean aipatzen diren hainbat punturekin. Euskaltegien proposamenak moduluak egokitu beharra, erdi mailako gaitasun agiriak sortzea, mintza-lagun ekimenak sustatzea, publizitate kanpaina instituzionalak egitea, langileentzako eta langabetuentzako ikastaroetan euskara eskaintzea, transmisio barnetegiak sustatzea eta abar biltzen ditu. HABEren zenbait proposamen bideratzea, ordea, zail samarra ikusten dute. IKAko Mailu Lasartek adierazi digunez, beren merkatua ezagutzea eta horri zuzendutako ikastaroak eskaintzea eskatzen diete. "Horrekin erabat ados gaude, baina hori nork egingo du? Enpresa ikuspegitik egin dituzte planteamenduak eta, gaur egun, dagoen eskariari behar bezala erantzuteko ez dugu baliabide nahikorik. Gainera, horrek bai maila komertzialean, bai kudeaketa mailan profesionalizazioa eskatzen digu, eta hori beste gastu bat litzateke", esan digu IKAko arduradun Mailu Lasartek.
Egia da HABEk enpresa eta merkatu irizpidearen aldeko apustua egin nahi duela. Izan ere, euskaltegien kudeaketan hutsune batzuk nabaritzen ditu. Gaur egun, esaterako, euskaltegi pribatu gehienetan zuzendaritza aldatu egiten da pare bat urtetik behin, eta, horrek, proiektuak aurrera ateratzeko eragozpenak sortzen ditu. Hori dela eta, kudeaketa orokorra profesionalizatzea beharrezko ikusten du. HABEko kudeaketa zerbitzutik, euskaltegiek markatutako beharren arabera, kudeaketa formazioa antolatzea eta aholkularitza eskaintzea proposatzen da. Euskaltegi pribatuak konforme daude horrekin, baina diotenez prestakuntza horretarako, oraingoz, baliabide ekonomiko nahikorik ez dute.
Bestalde, HABEren iritziz, euskalduntze-alfabetatzean azterketa sakona egin eta urratsak eman behar dira euskaltegien emaitzak hobeak izan daitezen. Hau da, euskaltegiek hiztunak lortzeko egiten duten ahalegina saritu egin beharko litzatekeela uste du, eta ebaluazio atal bat proposatu dute. Euskaltegi pribatu homologatuak ere emaitzak hobetzearen aldekoak dira eta ebaluazio batzorde baten beharra aipatzen da beren proposamenean, baina ez dute onartzen emaitzen araberako sariak edo diru laguntzak ematea.
Diru laguntza gehiago
![]() |
|
||||
1902 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa