Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • GALDETU GABEKOEI ERANTZUN

2003-06-08 -- 1902.zenb

GALDETU GABEKOEI ERANTZUN

Mikel Aramendi


Zenbat irakurle hainbat irakurketa zilegitzen dituzte Maiatzaren 25eko hauteskunde emaitzek: edonork ahora dezake garaipenen bat edota, kanpainako inertziari eutsiz, azpimarra dezake aurkarien porroten bat, hausnarketaren faserik primarioenean. Emaitza horietatik eratorri behar ziren argibide politikoak zehazten sartutakoan ordea, gauzak ez dira batere gardenak inorentzat. Batez ere, herri subiranoak, agi denez, egiten zitzaizkion galderei ez baizik beste batzuei erantzun dielako. Politikaren eskolan, dislexia apurren bat dugulako, beharbada.

Izan ere, lekuan lekuko udal kudeaketa garrantzitsu bezain aspergarriak erabakitzeaz gain (eta horretan sorpresak ez ezik aldaketak minimoak izan dira, politika orokorraren morrontza zuzen-zuzenekoak ez zirenean), hainbat galdera politikoren erantzuna espero zen emaitza hauetatik. Nora joango ote ziren legez kanpo utzitako ezker abertzalearen bozak? Edota zer gertatuko ote datorren ikasturtean Ibarretxe planarekin? Edo norainoko eragina edukiko ote zuten Prestigeren anabasak eta Irakeko gerrak estatu mailako oreka politikoan eta zer espero ote zitekeen datorren urteko hauteskundeetarako? Eta horrelakoak.

Bistan da hauteskunde bezperan bezalatsu jarraitzen dutela hautestontziak hustu ondoren ere galdera hauetako gehien-gehienek. Klandestinitatera behartutako ezker abertzalearen bozak ez dira ia inora zeharraldatu, Maiatzaren 13koaz geroztik behintzat; eskuartze politikorako eskubidea murrizte hutsak, beraz, indarren oreka nabarmenki aldarazten. Ibarretxek, ez du lehen baino giro hobea, ezta ere okerragoa seguru aski, bere plan ataskatua suspertzeko; eragile politikoen arteko harremanetan aurkitzen ez den giltzarik ez dago, agian, boz-kutxetan ere. Espainiako bi partidu nagusienen arteko oreka ere ez bereziki mudatu, ñabardura kolateraletan ez bada eta, datozen hauteskunde orokorretarako, gaurdainoko posibilitate guztiak zabalik geratzen dira.

Herri/ikasle alferrak itaun guztiak erantzuteke utzi dituela erabakitzea, haatik, azterketaren emaitzak gutxiestea izango litzateke. Erantzunak egon, badaudelako, nahiz eta ez diren aktore politikoek jendeari zuzentzen zizkiotenak.

Adibidez, estatu mailako emaitzek, datorren urtean gerta daitekeena aurreratzen ez duten arren, nahiko argi mintzo dira PP nahiz PSOEko lidergoari buruz: Aznarren 'estiloa', laguntza baino gehiago da zama, eta horrek garrantzi funtsezkoa izan behar luke oinordekoaren aukeraketan. Egiazki, zalantzagarria litzateke 2004an, oinordeko-gai sagaratuetako inor Rodriguez Zapaterori irabazteko gai izatea eta, bere hitza jan eta Aznar bera aurkeztuko balitz, berdintsu. Sozialisten artean ere, bidenabar, Zapateroren 'estiloa', nortasuna baino gehiago, ukituta ateratzen da Maiatzaren 25etik, eta ezingo luke gainditu datorrenean galtzerik.

Euskal eszenategian ere, ezinbestekoak dira antzeko hausnarketak. Zuzenki galdetzen ez zitzaizkionez erantzun baitu zeharbidez herriak. Bi bloke ospetsuek lehen bezalatsu jarraitzen dute, baina 'transbertsalak' deitu ohi diren jarrera/pertsona horiek bizkortu dituzte hautestontziek. Nork bere botere esparruak kudeatzeko aritmetikak lehen baino errazagoak dira, agian, baina besteen esparruez nagusitzeko posibilitateak lehen baino eskasagoak. Sozialisten jarrera politikoak (eta, beraz, optatiboak) funtsezkoak izango dira... gauzak alda ala lehengoan jarrai dezaten.

Eta ezker abertzaleak ere, bere finkamendu soziologikoaren barrena frogatuta, hautu politiko garrantzitsuak ditu aurrerantzean. Doktrinari buruzkoak baino gehiago eraketari dagozkionak, udal eta foru instituzioetatik at geratzeak automatikoki klandestinitatea suposa ez diezaion.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan