Mendiko Maratoien Euskadiko III Kopa osatzen duten hiru frogez gain, badira Euskal Herrian, herri mailan antolatzen diren beste hamar bat mendi lasterketa. Iraupen eta gogortasun aldetik xamurragoak dira, baina entrenamendurako aldiz, oso egokiak. Tartean azpimarratzekoak dira, Adarra, Amasa, Eibar, Hondarribia eta Lekeitioko frogak. Azken hau, aurten egin da lehen aldiz, beraz, mendi lasterketen bilakaera oparoa dela esan daiteke. Urtetik urtera froga nahiz parte hartzaile kopuruek nabarmen egin dute gorantz.
Kopako hiru proben artean Galarleiz mendi maratoia (42,195 Km) da zaharrena. Pedro Galarzaren eskutik, Ordunteko mendietako proba honek piztu zuen Euskal Herrian mendiko korrika apustuen antzinako ohitura hura. "1988 eta 1989an New Yorkeko maratoian eta Davoseko (Suitza) mendi lasterketan parte hartu ondoren, Enkarterrietan modu hartako proba bat antolatzea bururatu zitzaidan. Izan ere, Enkarterrietako mendiek modu honetako proba bat antolatzeko berezko ezaugarriak dituzte", azaldu du Pedro Galarzak.
Galarleiz izena Galarza eta Leizea abizenen ondorioa da. Pedro Galarza eta Leizea abizendun bere lehengusua izan ziren orain dela zortzi bat urte proba sortu zutenak. Galarleiz mendi lasterketa, Burgos eta Euskal Herria elkartzen diren mendilerrotik igarotzen da, tartean Karrantzako bailara eta Ordunteko mendiak igarotzen direlarik. Egun, proba guztiz arrakastatsua bilakatu da bai Euskal Herrian nahiz Espainian ere. "Proba eskuetatik alde egiten ari zaidala iruditzen zait. Nire oporrak baliatzen ditut guztia antolatzeko, baina iritsi ezinik ibiltzen naiz. Antolakuntzaren ardura erakunderen batek hartu beharko luke, lasterketari ikuspegi zabalago bat emateko", azpimarratu nahi izan du Galarzak.
Gorbeia-Barren eta Zegama-Aizkorri
Gasteiz inguruko zaletasun handiari erantzunez, duela hiru urte sortu zuten Gorbeia-Barren proba. Ez du maratoiaren neurririk (32 Km) baina horrexegatik lasterketa egokia da hasiberriek lehen aproba egiteko. Zalantzarik gabe, Zegama-Aizkorriko maratoiak (42,195 Km) piztu zuen iaz ikusmin handiena. Berritasunak, lehena izateak eta batez ere, probaren gogortasunak jende asko erakarri zuen Aizkorri mendigunera, bai parte hartzera bai ikustera. Antolaketa bikainak, eguraldiak eta jendearen erantzunak erabat arrakastatsu bihurtu zuten proba. Aurtengorako ere, ez da gutxiago espero.
Euskadiko Mendi Maratoien Kopaz gain, bi urtetik behin 'Hiru Handiak' izenez ezagutzen den Euskal Herriko Txapelketa burutzen da. 100 kilometroko luzeran Aizkorri-Anboto eta Gorbeia zeharkatzen dira. Iazkoan, Jose Luis Albisuri azpeitiarra izan zen garaile, 10:48:21 denbora egin eta orain arteko marka onena ezarriz.
Sinbiosia
Mendiko lasterketok mendizale eta asfaltoko korrikalariak, biak biltzen ditu. Azken urteetan halako lotura gertatu da. Protagonisten hitzetan, mendia eta lasterka egitea bateragarriak dira. "Eguraldiaren eraginez edo, negu partean krosean edota asfaltoan ibiltzen gara, oinarria hartzen eta uda aldera berriz mendi lasterketetan murgiltzen gara" iritzi berekoak dira, Pilar Arriola elgoibartar eta Juan Mari Garin zizurkildar korrikalariak. Gaizka Itzak, Gernikan bizi den muxikar mendizaleak, negu partean eskia egitea du gogoko eta martxotik aurrera, mendi lasterketen prestaketan murgiltzen da.
Mendizale nahiz korrikalari, mendi lasterketetan parte hartzeko jauzia, arrazoi berdintsuengatik izaten da gehienetan. Korrikalarien kasuan asfaltoan ibiltzeaz aspertu eta zerbait berria probatzearren hasten dira mendi lasterketetan. "Duela bost bat urte hasi nintzen. Orain arte eskia, mendia, eskalada nahiz bizikletan nenbilen eta zerbait berria probatu nahi nuen", adierazi du Gaizka Itzak. Alberto Zerain alpinistaren kasua ere nahiko bitxia da, Everest moduko zortzi milakoetan ibili ondoren, mendi lasterketetan buru belarri dabil egun.
Iaz, korrika probetan oso aurrean ibiltzen den bat nagusitu zen Euskadiko Kopan: Asier Urdanpilleta, Oñatin bizi den añorgarra, (113 puntu); bigarren izan zen Alberto Zerain gasteiztar alpinista (107 puntu) eta hirugarren, mendiko proba hauetan espezialista eta iazko Kopako txapelduna, Gaizka Itza (95 puntu). Emakumezkoetan Pilar Arriola izan zen lehena, 103 punturekin.
Kirol berria
Indarra hartzen ari bada ere, Euskal Herriko mendi lasterketen kontua nahiko berria da. Euskadiko Kopa duela hiru urte sortu zen, eta frogarik zaharrenak berriz hamar bat urte izango ditu. Hasierako urteak onak izan badira ere, ez da ahaztu behar oraindik kirol minoritarioa dela. Muga edota aurkako faktore bat ere badu, oso kirol gogorra dela.
Protagonistek ordea oparoa ikusten dute mendi lasterketen panorama. "Hasi besterik ez da egin eta dagoeneko jende asko ibiltzen da frogetan. Etorkizunera begira, parte hartzaileei dagokienez maila hobeagoa aurreikusten da. Urtetik urtera ere, proba gehiago egiten dira", azaldu du Alberto Zerainek. Juan Mari Garin ere iritzi berekoa da. Bere ustez, mendi lasterketen fenomenoa izugarri hazten ari da eta azken finean, horrek zaletasuna sortzen du. Hala ere, oraindik ere gauza berria denez, jendeak aurrerapausoa emateko kezka izaten du. Mendi lasterketetan parte hartzea ez baita egun batetik bestera hartzen den erabakia. Aurretik prestaketa egokia eta oinarri sendoa eduki behar da. Lasterketon iraupenak eta gogortasunak ez du barkatzen.
Mendi lasterketen kontua Euskal Herrian ohitura berria izanik, nahiko maila oneko jendea dagoela esan daiteke. Espainian katalanak dira mota honetako probetan nagusi. Mundu mailan aldiz, italiarrak. "Nire inguruan lasterka nahiz mendian izugarrizko maila duen jende asko dago, baina mendi lasterketetan parte hartzeko garaian, ausardia falta zaie. Probak gogorrak eta arriskutsuak izan baitaitezke sarritan", gaineratu du Gaizka Itzak.
Pello Zubiria
Irak inbaditzea erabaki zutenek zenbaterainoko garrantzia eman zioten urari? Baliteke amerikarrek asko baloratu izana -petroliotan Irakek duen aberastasunaren ondoan- Ekialde Hurbilean ur gehien duen herria hori izatea. Jakina da Israelek Zisjordania eta Golan mendiak kontrolatzeko duen obsesioaren arrazoietako bat horixe dela, berak hain urri duen ur garbia. Eta AEBek Afganistanen ondoren Irak inbadituta Ekialde Hurbil osoa berrantolatzeari ekin diotenean, Tigris eta Eufrates ibaien jabe nagusi den -nahiz eta ez bakarra, ibai horiek Turkiatik baitatozkio, horra beste gatazka iturri bat- Irak ondo lotuta edukitzeak berebiziko interesa dauka.
Frantzian garapen jasangarriaz aritzen den aldizkari batek, "Courrier de la Planete"k, sakon aztertu du uraren gaia. 70. zenbakian alarma argia piztu dute, gehienik unibertsitatean eta ikerketa ekonomikoetan ari diren bere erredaktoreek. Rio de Janeiron 1992an egindako goi bileratik eztabaida interesgarri bat pizturik zegoen uraren inguruan; alegia, gizakien eskubide ekonomiko, sozial eta kulturazkoen artean kokatu behar zela uraren eskubidea. Eta 2001eko irailaz geroztik aldiz segurtasunak hartu du lehentasuna planteamendu geoestrategikoetan.
Baina munduaren segurtasunari begiratuz ere, uraren gaiari egin beharko zaio aurre. Uraren inguruko krisiak gero eta ugariagoak dira. "Courrier de la Planete"ko ekipoak garbi adierazi du bere kezka: berriro munduko agintarien agendetan horri leku egokia egiten ez bazaio, Rioko goi bilera baino hamabost urte lehenagoko egoerara atzeratu gaitezke.
1990eko hamarkadan uraren krisia aipatu eta estatuen arteko muga arazoek zentratzen zuten eztabaida. Baina orain, ur edangarria eta saneamendu zerbitzuak eskuratzeko eskubidea da gaia. Eztabaidaren mamia uraren banaketaren kudeaketatik, ura eskuratzeko eskubidearen alorrera aurreratu da. Eskubide moduan aztertuta, uraren teknologiak eta finantzamenduak oso bestela ikusten baitira.
Iaz, garapen jasangarriaz Hegoafrikako Johannesburgen burututako goi bileran, helburu garbi bat markatu zen 2015erako: munduan edateko urik eta saneamendurik gabe dauden herritarren kopurua erdira jaistea. Baina neurririk ez da zehaztu geroztik, eta aurreko egoeran segitzen dute herrialderik atzeratuenek. Denek ere Mendebaldeko enpresa pribatu handietara jo behar dute herritarrei ondasun hori eskuratzekotan, Munduko Bankuaren eraginez pribatizatzeko prozesuak oso aurrera joan dira-eta. Herrialde horien artean badira konpainia handi horiekin negoziatzeko ahalmena dutenak, baina gehienak ere ahulegiak dira tratu horietan indarrik izateko.
Aurrean dituztenak, Mendebaldeko korporazio erraldoiak dira. Adibide garbia Frantziako Vivendirena da. AEBetako US Filter erosi zuenetik, munduko lehena da. Bera da Afrikan Munduko Bankuak ematen dituen kredituak bereganatzen nagusi. Hogei urtetarako dauka bere gain Gaboneko energia eta uren konpainiaren kudeaketa, hogeita hamar urtetarako Txadeko elektrizitate eta ur konpainiarena, berak kudeatzen ditu Nigerreko ur zerbitzua, Burkina Fasoko ur eta saneamendua, Nairobiko (Kenya) uren sail komertziala eta telefonia higikor konpainia nagusia... Muturra sartu du jada Marokon, eta hori egiteko bidean da Mauritania eta Kongo-Brazzavillen.
Munduko Bankuak estatuei ematen dizkien kredituak enpresa pribatuen proiektuetatik bideratu behar dituzte gobernuek, eta egoera ekonomikoa edo politikoa aldrebestu delako enpresa horietako batek hanka egitea erabakitzen badu, nora jorik gabe geratzen dira sarri. Hala gertatu da Vivendirekin Komoreak uharteetan eta Senegalen, martxan jarritako operazioak zintzilik utzi dituztenean.
Vivendi bezala, asko dira alor honetan ari diren enpresak. Joera oso zabaldua baita Europako eta oro har Mendebaldeko udaletako uren kudeaketa kontrolatzen dituzten konpainien artean. Eta urruneko herrialdeetan zabaldu dituzte beren negozioak, gero eta biztanle gehiago duten hiri nagusietatik hasita. Konpainia horien artean, Frantziako bi dira nagusi: Vivendi-Génerale des Eaux eta Suez-Lyonnaise des Eaux.
Hala ere, herrialde aurreratuenetatik kanpo negozio hauek badute errentagarri izateko arazo bat baino gehiago. Horietako bat, herritarren ordaindu ezina. Hala gertatu zitzaion 1997an Vivendiri Argentinako Tucumanen. Azken hilabeteetako krisian hainbat haur goseak hil izanak sona eman dion eskualdean, duela sei urte ur eta hondakinen kudeaketa pribatizatu bezain azkar hondatu zen zerbitzua, eta garestitu ere bai. Eskualdeko herritarrek konpainiaren kontrako boikota egin zuten eta azkenean bere kontzesioari uko egin behar izan zion multinazional frantsesak.
Mende berrian gero eta gehiago ezagutuko ditugun borroken beste aitzindari bat 2000. urtean gertatu zen Boliviako Cochabamban. Eskualde horretako urak multinazional iparramerikar batek -Bechtel-ek- kontrolatzen duen Aguas del Tunari konpainiaren bidez pribatizatu zituen Banzer-en gobernuak. Gogor borrokatu behar izan zuten Cochabambakoek (ez ziren beste indigena batzuen saltsak bezala agertu prentsan), baina pribatizazio bat atzera botatzea lortu duen lehen borroketako bat izan zen.
Izango da horrelako gehiago, ordea. Munduan gaur 6.000 milioi biztanle garen bezala, 2025erako 8.000 milioi izatera iritsiko gara. Eta horrek larriagotu eginen ditu ur eskasiak sortutako arazoak. Ur faltak demografiaren handitzearekin eta aldaketa klimatikoarekin lotuta eragin dituen hainbat arazo jada ezagutzen dugu. 48 herrialdek ur eskasia kronikoa jasaten dute. Gizakion jarduera ekonomiko kontrolik gabearen ondorioz, batzuetan lehorteak eta besteetan gero eta uholde handiagoak ari dira gertatzen. Gizakien erdia baino gehiago saneamendurik gabe bizi da, eta kutsadurak lurpeko ur erreserbak ere zikindu ditu.
Arazoak gero eta nabarmenagoak izanik, ekologisten hizkera bereganatu nahi izan dute ura negozio bezala soilik erabiltzen duten konpainia handietako buruzagiek. Korporazio horiek Interneten dituzten guneetan barna itzuli ttiki bat egin besterik ez dago horretaz jabetzeko: "ura ondasun oinarrizkoa da baina urria", "defenditu behar dugu ura", "ura osotasunean eta garbi atxiki nahi dugu"... Afrikako esaera zahar baten aholkua jarraitzen dute multinazional horiek, komeni zaielako: "Emateko ezer ez badaukazu, hitz gozoak bana itzazu".
http://www.argia.com/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.