Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-06-08 -- 1902.zenb

Mikel Asurmendi


Nola sentitzen zara udaletxea utzi behar honetan?
Sentipen gazi-gozoak ditut. Gu koiuntura jakin batean sartu ginen udaletxean, Lizarra-Garaziko Akordio garaian, itxaropen garaian. Tolosan alkatetza lortzea berria zen guretzat, herritarrekin batera udal harreman zuzena bultzatzea helburu izaki. Gogo handiz ekin genion fase historiko berri bati, abertzaleen arteko indar metaketan sinetsiak. Ordea, ETAren su-etena bertan behera gelditzean koiuntura aldatu zen eta indar abertzaleen arteko elkarlana ere bai.



Zer balorazio egiten duzu Tolosa Bizirik taldeak jasotako emaitzez?
Orain 4 urte 3.700 boto jaso genituen; ordura arte Tolosa Bizirik taldeak 2.200 boto jasotzen zituen. Koiuntura berri honetan, botoaren balioa hutsa dela jakinda ere, 2.500 boto jaso ditugu. Baina ez dugu jaso baldintza normaletan jasoko genukeen botoa, Udalean jarraitu ahal izanez gero boto gehiago jaso izango genuen. Kanpaina baldintza normaletan izan balitz, gure lanaren proiekzioa ahalbidetzeko aukera izan bagenu, gure taldeak lehena izaten jarraituko zuen.



Nola ikusten duzu ezker abertzalearen berregituraketa datozen hauteskundeei begira?
Egiturarik gabeko une honetan, aitorpen publikoa eta legala jasotzeko aukerarik gabe, gure pentsaera eta jardunbidea irudikatzeko inongo aukerarik gabe, ezker abertzaleak ezin du iraun ezta inongo taldek ere. Ezker abertzaleak instituzioetan egotea beharrezkoa du, beraz, berandu baino lehen bere tokia berregin behar du gizartean. Datozen hauteskundeetan aukera errealak izan behar ditu.

Nola baloratzen dituzu Aralarren emaitzak? Harritu al zaituzte?
Harritu naute. Batetik, egiturarik gabeko talde bat aurkeztu delako. Batasunekoak biktimak izan garen une honetan boto emaile horren atxikimendua espero nuen. Hala ere, ez dakigu Aralarrek jaso duen botoa ezker abertzalearen betiko botoa edo EAko inguru horretatik etorri ote den.
Ez nuen espero, baina botoa Nafarroan nabarmendu da. Bereziki Patxi Zabaletari emandako botoa da. Baina boto hau koiunturazkoa da, koiuntura berri bat sortu behar dugu, boto anitza izan arren ezker abertzalearen botoa ezin da sakabanatu, ezker abertzaleak irudi eta proiekzio berri batekin plazaratu behar du.



Ezker abertzalearen baztertze egoerak EAJ-EA koalizioari ekartzen omen dio onura handiena. Zer gogoeta egiten duzu horren aurrean?
EAJ-EA koalizioak boto erabilgarriaren mezua erabili arren ez du 2001eko maiatzaren 13ko boto kopurua lortu. Orduan, Mayor Oreja edo otsoa zetorrelakoan bipolarizazioa izugarria izan zen. Orain, nahiz eta 600.000 boto haiek ez dituzten guztiz ondo kudeatu, -urratsez urratseko politikaren estrategia lantzen ari direlako, Ibarretxeren plana delako, irailean beste pauso bat emango dutelako...- nahiz ordutik hona botoak galdu dituzten, oraindik nolabaiteko itxaropen bat mantentzen dute herritarren artean...



... baina, bitartean, antza, nazionalismo tradizionalak bere proiektua ezker abertzalearen bizkar aurrera ateratzen du.
EAJren boto emaileen parte handi bat ezker abertzalearena izan daiteke neurri eta une batean. Gure estatus sozialarengatik ez da hain garbi bereizten boto hori. Ezker abertzalearen boto emailea eta EAJren sektore sozial handiak geruza sozial berekoak dira, une batean konfiantza izaten dute batengan eta bestetan bestearengan. Indar handienak beti jasotzen du babes gehiago eta gainera bestea zalantzazkoagoa da. Ezker abertzalearen aldeko botoa haserrearen botoa da, kontsekuentea da, baina ez da baldintzarik gabekoa: «Eta aurrerantzean zer? Jaunak, argi ibili» esaten ari zaigu. Ezin gara kontent gelditu eta beste ziklo baterako atxikimendua dugula pentsatu.



Zer balorazio egiten duzu ezker abertzaleko hautagaitzen emaitzez?
120.000 boto lortzea garaipena zen niretzat eta 150.000 boto jaso ditugu. Baina lortu ditugun botoak garaipena izanda ere, ez gaude boto kopuru horri begira geratzeko moduan, berriz ere ondo gaudela esateko. Ez. Aurrera begira 150.000 boto horiek proiekzio berri bat behar dute, boto-emaile horiek ezker abertzalea lidergo garbi batekin ikusi nahi dute, proposamen eta sinesgarritasunarekin. Hau oso boto militantea da, une zailetan eman beharrekoa, baina etorkizunera begira ezin dugu kopuruari begira gelditu. Instituzioetan partehartzeko aukerak aztertu behar ditugu, fase berri baterako berregituratu eta ezker abertzalearen proiektu finko bat gauzatu.



«Desobedientzia baketsurako aukera izugarria ikusten dugu» esan du Arnaldo Otegik. Zuk ere horrela ikusten duzu?
Desobedientzia zibilerako aukera izan daiteke baldin eta sektore zabal bat horren alde biltzen bada. Arnaldok testuinguru zehatz batean esan du hori, eta bereziki EAJ-EAri eskatu dio Madrilgo legearen aurrean desobedientzia zibilera jo dezan, hauteskundeetan eman diren emaitzak onartuak izan daitezen. Nik indar metaketa handia egin ezean ez dut aukerarik ikusten. Desobedientzia zibila eraginkorra izateko gizartearen sektore zabaletan txertatu egon beharra dago eta epe motzera ez dut aukera hori ikusten.



ETAk bere jarduera eteteak lagunduko al luke? Zein neurrian da oztopo ETA?
Uste dut lagunduko lukeela. Baina, batzuek hori aitzakia bezala erabiltzen dute, ezin omen dute pausorik eman eten hori ematen ez delako, baina demostratua dago ez dela horrela. ETAk eten luze bat eman zuen eta sektore horiek ez zuten kemen nahikoa etena kudeatzeko. Lo hartu zuten, edo denok lo hartu genuen, egoerak sortutako plazerak edo lasaitasunak liluratuak. Guztion akatsa izan zen. Ezker abertzaleak ere ez zuen jakin herria dinamizatzen su-etena kudeatzeko.

Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre

Geldirik egoten sekula ikasi ez duen horietakoa da Luis Mari: hamar urterekin Otxandioko musika bandan sartu zen tronpetista, aita bezalaxe. Hamabost urterekin Parrokiako Gazteen zuzendaria zen eta 18 urterekin koadrilakoek fundatu zuten «Bulkano» futbol taldea. Herrian pilota partidak ere antolatzen zituzten, eta Olaru harri jasotzailearekin entrenatzen zuen. Herriko kronikak idatziaz sartu zen kazetaritza munduan. Sei urte zituenerako jada egunkariei adi-adi begiratzen zien.
guztia irakurri

Pilar Iparragirre

Zein da «Diglosia eta euskal literatura» idaztearen arrazoia?
Aspalditik buruan neukan galdera bati erantzutea.

Zein da galdera hori?
Ea literaturarako hizkuntza bat aukeratzen denean, hizkuntza horrek artistaren lana baldintzatzen duen ala ez. Ni baiezkoan nago, baina idazleen artean ezezko erantzuna dabilela esango nuke. Batez ere ukapen horrek beste helburu bat betetzen du, esaten denean euskara ez dela gai ez dakit zertarako, demagun «literatura egiteko ez dela gai», eta orduan idazleek diote, euskara eta gaztelera, adibidez, egoki direla literatura egiteko. Noski egoki direla, baina ez da hori nik proposatzen dudan gaia, hau baizik: Zer gertatzen da hizkuntza bat literatura egiteko aukeratuz gero, aukerak eragina du? Nik baietz esango nuke, hizkuntzak norberaren idazkera aldatzen duela.

Ez al da zure uste horrekin bat etorri den idazlerik?
Jakina baietz. Badira hizkuntzaren izaera gramatikalak norberaren literaturan zeresana duela baietsi duten idazleak. Badira hizkuntzaz aldatu dutenak estiloz edo estetikaz aldatzeko. Eta baita ama hizkuntza erabili ordez beste hizkuntza batean literatura egin dutenak ere: Conraden adibidea datorkit burura, baina ez da bakarra. Beckett, Nabokov, Kundera hizkuntzaz aldatu duten idazleak ditugu. Eta mugimendua nagusitzen ari omen da postkoloniala egin den Europan, nahiz eta kasu honetan desberdin gertatzen den; kanpoan jaiotakoek hizkuntza nagusia hartzen dute: alemana, ingelesa, frantsesa... eta hizkuntzak sortzen du kolonizazio berria, agian.


.

Mikel Asurmendi

"Rock'n'Roll" nobela Joseba Jaka II. Literatur Bekako sariduna izan zen. 2000ko abuztuan amaitua, Elkarlaneanek argitaratu zuen. Bi urte luzeren ondoren gaztelaniaz ikusi du argia, Ttarttalo argitaletxearen eskutik, Aingeru Epaltzak berak itzulia. Egileak «belaunaldi bateko erretratua» eta «bere barne kontuak garbitzeko ahalegin» bat bezala aurkeztu zuen bere lana. Nobelak lanketa prozesu luzea izan zuen. Epaltzak 500 folio idatzi zituen, gerora, 400 bat orrialdeko liburua plazaratzeko. Bi istorio gurutzatu omen zitzaizkion buruan, bere kazetaritza denborak eskaini zion pertsonaia baten harian, batetik: »Kazetari desastrearen pertsonaia eraikitzeko nahia nuen, soslaia bereziko kazetari bat». Era berean, bazuen istorio bat, egiatzat saldu ziotena: opor bidaietan hiltzen eta autoan etxeratzen duten amonena. Hau da, bidaiako geldialdi batean, autobidearen zerbitzuguneko beharrak ase ondoren, familia kideak autora itzuli eta maletategian zegoen guztia ebatsi dieteneko istorioa, amona barne: «Ez dakit ez ote den hiriko legenda gisako bat», esan digu autoreak. Bi istorioak lotu eta nobela gotorra mamitu zuen idazle iruindarrak. Umore beltzezko narrazio bipila, tragediazko nobela baina egilearen ohiko ironiaz zipriztindua. Eleberriaz eta euskal literaturaz, oro har, aritu gara Aingeru Epaltzarekin, Iruñean.
guztia irakurri

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan