Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-06-08 -- 1902.zenb


Pamielaren argitalpenak

Egile Nafarren Nafarroaren inguruko hainbat liburu plazaratu du Pamielak. Batzuk berrargitalpenak dira. Miguel Sanchez-Ostizen «Última estación, Pamplona» da horietako bat. 1994an kaleratutako liburuaren edizio zabaldua da. Bertan, egungo Iruñearen deskribapen literarioa egiten du. Bestalde, Luis Elíok 1936an idatzitako «Soledad de ausencia entre las sombras de la muerte» argitaratu du Pamielak lehen aldiz Espainian. Ziutatelatik 200 metrora gela batean ezkutatua zegoela idatzi zuen liburua. Pedro Arreseren «Efemérides de Navarra», Pablo Antoñanaren «De esta tierra y otras guerras perdidas» artikulu bilduma eta Pedro Esarteren «Cien años de Gamazada» dira beste lanak.


Lurralde bisuala

Zine proiekzioak, bideo emanaldiak, erakusketak eta ikus-entzunezko munduko gonbidatuak dira aurten hirugarren aldiz Gasteizen burutzen den «Gasteiz Lurralde Bisuala» egitarauko osagarriak. Egitarau hau Gasteizko Ikus-entzunezko Jaialdiaren inguruan egitarau kultural bat sortzeko xedez jarri zen martxan. Gasteiz Lurralde Bisuala ekainaren 10ean hasi eta uztailaren 13a arte luzatuko da. Guztira, 78.000 euroko aurrekontua du Ikus-entzunezko XVIII. Jaialdia lagunduko duen egitarauak. Besteak beste, aipatzekoak dira Araban zehar egingo diren efektu espezialen erakustaldiak, eta hilaren 17tik 20ra Montehermoso Kulturunean egingo den Musika Garaikideko Joera Berrien Jaialdia.


Musikari gazteak Elektronikaldian

Artista berrien aldeko apustua egingo du aurten ere urriaren 10, 11 eta 12an Donostian burutuko den V. Donostiako Musika Elektronikoko Nazioarteko Jaialdiak. Horretarako aurten hirugarren aldiz antolatzen duten lehiaketa indartuko dute. Dagoeneko martxan dago, eta ekainaren 20a bitartean, 30 urtetik beherako gazte europarrek izena eman ahal izango dute lehiarako. Irabazleen lanekin CD bat prestatuko da ondoren, hurrengo Elektronikaldian eta diskoetxeetan banatuko dena.


Ikus-entzunezko potentzia txiki bat

Ikus-entzunezko euskal ekoizleek bi zita dituzte ekainean. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Media Antena Euskal Herriak sortutako «Niniak» egitasmoaren baitan, zazpi enpresa Frantziako Annecyko Animazio Zinemaren Nazioarteko Azokan izango dira ekainaren 4tik 7ra. Eta beste hamaika izango dira Marseillako Sunny Side of the Docen hilaren 25etik 27ra. Garrantzitsuak dira biak. Izan ere, batean zein bestean enpresek beren lanak ezagutaraziko dituzte eta erosleak aurkitzen saiatzeaz gain, proiektu berrietarako finantzariak bilatuko dituzte. Hirugarren urtez daude euskal ekoizleak Annecyn eta laugarrenez Marseillako azokan. Ondorioz, ikus-entzunezko alorrean, EAE «potentzia txiki bihurtzen ari dela» uste du Pausokako Salvador Rodriguezek.


Kulturaren plana

Kulturaren Euskal Plana, kultur alorreko plan estrategikoa, 2001az geroztik ari da lantzen Eusko Jaurlaritzako Kulturaren Aholku Batzordea. Europan 50eko hamarkadaz geroztik hasi ziren sortzen horrelako batzordeak. Kulturaren Euskal Planaren erredakzioa koordinatzen ari den Kulturaren Aholku Batzordeak hogeita hamabost kide ditu. Eta hemezortzi azpitalde daude lanean kultur ondarea, arte sorkuntza eta kultur industria lantzeko. Guztira, 250 aditu ari dira lanean. Lehengo astean egin zen administrazio eta gizarte eragileetako ordezkarien osoko bilkura. Bilkura horretan eman zen jakitera abian jarri dela Plana lantzeko prozesua. Euskal kulturaren etorkizuna zehaztuko duen Plana urte amaierarako bukatzea da helburua.


Elkar aurkitzen.

Erabat bukatuta ez dagoen arren, www.aurkitu.com Interneteko portala martxan dago dagoeneko. Euskal Herriko elkarte kulturalek orain artean izan duten arazoari aurre egitea da web gune honen asmoa. Izan ere, euskal kultur elkarteen %40ak web gunea duen arren, gehienek ez dute baliabiderik promozioa egiteko. Aurkitu.com-ek aukera emango die enpresa hauei euren proiektuak ezagutzera emateko, eta informazioa elkartrukatzeko. Izan ere, portal honetan elkarteak euren artean harremanetan jarri ahal izango dira diru laguntzak nola lortu, eta ofizialki nola sortu jakiteko.


Zirkura zaletzea.

Hori da Iruñeko Oreka zirku eskolak Baionan hil honen 6tik 8ra antolatu dituen Europako zirku elkarteen III. topaketen helburu nagusia. Hamar malabarismo talderen ikuskizunak eskainiko dira egun horietan, eta guztiak doan izango dira. Euskal Herriko konpainiez gain, Belgika, Alemania eta Frantziatik datoz besteak.


Sortu berria.

Horrelakoa da hilaren 6tik 8ra Getxoko Areetako metro geltokiko plazan kokatuko den artea. Euskal artista gazteen margolanak, eskulturak, argazkiak, performanceak edota bideoak izango dira bertan. Guztira 138 artistek egin dute eskaera, baina 55en lana egongo da soilik erakusketan. Ondoren, ekitaldi hau antolatzen duen Getxoartek artisten ibilbidea biltzen duen katalogoa argitaratuko du.

Lukax Dorronsoro Goaz antzerki taldeko kideak honela zioen «Egunero»n: «Jendeak gero eta gehiago eskatzen ditu tabernetako antzerki emanaldiak, eta baita tabernariek edo tabernetako jabeek ere».

Ismael Mentorlak honakoa idatzi zuen arte lehiaketei buruz «Egunero»n: «Artistei gero eta gutxiago gustatzen zaie elkarren artean lehiatzea, artea ez baita kirola (gaur egun kirola ulertzen den moduan ez, behintzat). Lehiaketek sustapenerako duten ahalmena ere zalantzan jartzekoa da, artearen produkzio moduei kasu egiten badiegu. Hala ere, artista gazteek bultzada behar dute, eta artelanak aurkezteko tokiak eta bideak eskaintzea erakunde publikoen esku egon behar duela iruditzen zait. Nola egin behar den asmatzea da zailena».

Joxe Manuel Odriozolak zera adierazi zuen «Galtzaundi» aldizkarian: «Euskal identitatearen ardatz nagusia euskara da. Sentimendua, historia, abertzaletasuna geratuko da... euskara galtzen bada, baina euskalduntasunaren elementu sekundarioak geratuko dira».

Natalia Monge dantzariak honakoa adierazi zuen «Zabalik»en: «Publizitaterik egiten ez bada jendea nola abiatuko da, bada, dantza ikuskizun bat ikustera».

Josemari Carrerek honako galderak egiten zituen «Hika»n: «Antzerkiak egungo gizartearekin eduki behar duen harremana manifestapenetan agertzea ote da? Eskenatokietan eskaintzen diren ekoizpenetan arrisku bera hartzen al da? (...) Zertarako balio du antzerkia egiteak? (...)».

Gaitzerdi Bilboko antzerki taldeak 25 urte betetzen ditu aurten. Hori dela eta «Naiz» izeneko kale ikuskizun berria estreinatu du.

Jose Maria Mendiola idazle donostiarrari buruzko jardunaldiak burutzen ari dira Koldo Mitxelena Kulturunean. Bertan, «Diez mil cigüeñas» bere ipuin liburuaren lehen euskarazko edizioa aurkeztu dute.

Mano Negraren omenezko diskoa kaleratu du Metakek. Bertan munduko hainbat musikarik taldearen 20 lan arrakastatsu jotzen dituzte. Besteak beste, Ska-P eta Fermin Muguruzak hartzen dute parte.

Javier Diaz Nocik Ben Jonsonen «El comercio de noticias» eta «Noticias del Nuevo Mundo descubierto en la Luna» antzerki lanak itzuli ditu gaztelaniara. Ingalaterrako kazetaritzaren hastapenari buruzko lanak EHUk kaleratu ditu liburu batean.

Eduardo Chillidaren omenezko erakusketa prestatu du Londreseko Royal Academyk.

hemeroteka

1901. zenbakia | 2003-06-01

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan