2003-06-08 -- 1902.zenb
Eskia, Mendia, eskalada, bizikleta moduko kirolak frogatu ondoren, duela bost bat urte ekin zion Gaizka Itzak mendiko lasterketetan parte hartzeari. 1998an Galarleizko Mendi Maratoia izan zuen lehena. Ordutik hona eginiko ibilbidea ez da izan batere makala. Mendiko Maratoien Euskadiko Kopako aurreko bi edizioetan, lehenengo eta hirugarren postuak eskuratu ditu muxikarrak, hurrenez hurren.
Aurtengoan baina, Euskal Herritik haratago ipiniko du bere burua frogan. Euskal Herriko Mendi lasterketak alde batera utzi eta, Munduko Mendi Maratoien Txapelketan hartuko du parte. Zazpi dira, Munduko Txapelketa osatzen duten probak. Puntuazioak jaso ahal izateko ordea, gutxienez lau froga burutu behar dira, eta horixe izango du helburu Gaizkak.
Iaz, zazpi horietako bi froga burutu zituen, Frantzia eta Italian (Dolomitak). Bigarren honetan, Espainiako denbora onena egitea lortu zuen. Aurtengoan ordea, txapelketako sailkapenean sartzea izango da bere helburua. Horretarako Frantzia, Madril, Italia eta Suitzan egingo diren probetan parte hartzea da asmoa. Tartean probaren batean huts eginez gero, urrian Malaysian burutuko den proban parte hartuko luke. "Azken bi urteotako Euskadiko Txapelketan, parte hartu ondoren, Mundu mailako txapelketan parte hartzeko erabakia hartu dut aurten. Euskal Herriko probak beti egongo dira hemen, eta kanpora joateko aukera hori oso erakargarria egiten zait", azaldu du Gaizkak.
Euskal Herriko nahiz mundu mailako mendi lasterketen artean ez du desberdintasun handirik ikusten Gaizkak. "Gehienak ere Zegama-Aizkorriko probaren oso antzekoak dira", adierazi du muxikarrak. Parte-hartzaileei dagokionean, aldea nabarmenagoa izango da. Bertan bilduko baitira mendi lasterketetan ibiltzen diren maisu handienak.
Euskal Herriko mendi lasterketen egoera oso baikor ikusten du Gaizkak. Bada ordea aldatuko lukeen zerbait; lasterketak egiten diren garaia. "Oso kontzentratuta ikusten dut mendi lasterketen garaia. Guztiak ere 2-3 hilabeteren buruan izaten dira. Mota honetako proba batek eskatzen duen esfortzua kontuan izanik, sarritan ez da errekuperatzeko astirik ere izaten. Euskal Herriko klima kontuan hartuta, lasterketon garaia zertxobait luzatu daitekeela iruditzen zait. Baina dagoeneko proba bakoitzak bere eguna zehaztuta izaten du, eta hori ez du inork aldatu nahi izaten", azpimarratu du Gaizkak.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa