Kopako hiru proben artean Galarleiz mendi maratoia (42,195 Km) da zaharrena. Pedro Galarzaren eskutik, Ordunteko mendietako proba honek piztu zuen Euskal Herrian mendiko korrika apustuen antzinako ohitura hura. "1988 eta 1989an New Yorkeko maratoian eta Davoseko (Suitza) mendi lasterketan parte hartu ondoren, Enkarterrietan modu hartako proba bat antolatzea bururatu zitzaidan. Izan ere, Enkarterrietako mendiek modu honetako proba bat antolatzeko berezko ezaugarriak dituzte", azaldu du Pedro Galarzak. Galarleiz izena Galarza eta Leizea abizenen ondorioa da. Pedro Galarza eta Leizea abizendun bere lehengusua izan ziren orain dela zortzi bat urte proba sortu zutenak. Galarleiz mendi lasterketa, Burgos eta Euskal Herria elkartzen diren mendilerrotik igarotzen da, tartean Karrantzako bailara eta Ordunteko mendiak igarotzen direlarik. Egun, proba guztiz arrakastatsua bilakatu da bai Euskal Herrian nahiz Espainian ere. "Proba eskuetatik alde egiten ari zaidala iruditzen zait. Nire oporrak baliatzen ditut guztia antolatzeko, baina iritsi ezinik ibiltzen naiz. Antolakuntzaren ardura erakunderen batek hartu beharko luke, lasterketari ikuspegi zabalago bat emateko", azpimarratu nahi izan du Galarzak. Gorbeia-Barren eta Zegama-Aizkorri
Euskadiko Mendi Maratoien Kopaz gain, bi urtetik behin 'Hiru Handiak' izenez ezagutzen den Euskal Herriko Txapelketa burutzen da. 100 kilometroko luzeran Aizkorri-Anboto eta Gorbeia zeharkatzen dira. Iazkoan, Jose Luis Albisuri azpeitiarra izan zen garaile, 10:48:21 denbora egin eta orain arteko marka onena ezarriz. Sinbiosia
Mendizale nahiz korrikalari, mendi lasterketetan parte hartzeko jauzia, arrazoi berdintsuengatik izaten da gehienetan. Korrikalarien kasuan asfaltoan ibiltzeaz aspertu eta zerbait berria probatzearren hasten dira mendi lasterketetan. "Duela bost bat urte hasi nintzen. Orain arte eskia, mendia, eskalada nahiz bizikletan nenbilen eta zerbait berria probatu nahi nuen", adierazi du Gaizka Itzak. Alberto Zerain alpinistaren kasua ere nahiko bitxia da, Everest moduko zortzi milakoetan ibili ondoren, mendi lasterketetan buru belarri dabil egun. Iaz, korrika probetan oso aurrean ibiltzen den bat nagusitu zen Euskadiko Kopan: Asier Urdanpilleta, Oñatin bizi den añorgarra, (113 puntu); bigarren izan zen Alberto Zerain gasteiztar alpinista (107 puntu) eta hirugarren, mendiko proba hauetan espezialista eta iazko Kopako txapelduna, Gaizka Itza (95 puntu). Emakumezkoetan Pilar Arriola izan zen lehena, 103 punturekin. Kirol berria
Protagonistek ordea oparoa ikusten dute mendi lasterketen panorama. "Hasi besterik ez da egin eta dagoeneko jende asko ibiltzen da frogetan. Etorkizunera begira, parte hartzaileei dagokienez maila hobeagoa aurreikusten da. Urtetik urtera ere, proba gehiago egiten dira", azaldu du Alberto Zerainek. Juan Mari Garin ere iritzi berekoa da. Bere ustez, mendi lasterketen fenomenoa izugarri hazten ari da eta azken finean, horrek zaletasuna sortzen du. Hala ere, oraindik ere gauza berria denez, jendeak aurrerapausoa emateko kezka izaten du. Mendi lasterketetan parte hartzea ez baita egun batetik bestera hartzen den erabakia. Aurretik prestaketa egokia eta oinarri sendoa eduki behar da. Lasterketon iraupenak eta gogortasunak ez du barkatzen. Mendi lasterketen kontua Euskal Herrian ohitura berria izanik, nahiko maila oneko jendea dagoela esan daiteke. Espainian katalanak dira mota honetako probetan nagusi. Mundu mailan aldiz, italiarrak. "Nire inguruan lasterka nahiz mendian izugarrizko maila duen jende asko dago, baina mendi lasterketetan parte hartzeko garaian, ausardia falta zaie. Probak gogorrak eta arriskutsuak izan baitaitezke sarritan", gaineratu du Gaizka Itzak.
Gaizka Itza: «Mundu mailako txapelketan parte hartzeko erabakia hartu dut aurten»
Eskia, Mendia, eskalada, bizikleta moduko kirolak frogatu ondoren, duela bost bat urte ekin zion Gaizka Itzak mendiko lasterketetan parte hartzeari. 1998an Galarleizko Mendi Maratoia izan zuen lehena. Ordutik hona eginiko ibilbidea ez da izan batere makala. Mendiko Maratoien Euskadiko Kopako aurreko bi edizioetan, lehenengo eta hirugarren postuak eskuratu ditu muxikarrak, hurrenez hurren.
Aurtengoan baina, Euskal Herritik haratago ipiniko du bere burua frogan. Euskal Herriko Mendi lasterketak alde batera utzi eta, Munduko Mendi Maratoien Txapelketan hartuko du parte. Zazpi dira, Munduko Txapelketa osatzen duten probak. Puntuazioak jaso ahal izateko ordea, gutxienez lau froga burutu behar dira, eta horixe izango du helburu Gaizkak.
Iaz, zazpi horietako bi froga burutu zituen, Frantzia eta Italian (Dolomitak). Bigarren honetan, Espainiako denbora onena egitea lortu zuen. Aurtengoan ordea, txapelketako sailkapenean sartzea izango da bere helburua. Horretarako Frantzia, Madril, Italia eta Suitzan egingo diren probetan parte hartzea da asmoa. Tartean probaren batean huts eginez gero, urrian Malaysian burutuko den proban parte hartuko luke. "Azken bi urteotako Euskadiko Txapelketan, parte hartu ondoren, Mundu mailako txapelketan parte hartzeko erabakia hartu dut aurten. Euskal Herriko probak beti egongo dira hemen, eta kanpora joateko aukera hori oso erakargarria egiten zait", azaldu du Gaizkak.
Euskal Herriko nahiz mundu mailako mendi lasterketen artean ez du desberdintasun handirik ikusten Gaizkak. "Gehienak ere Zegama-Aizkorriko probaren oso antzekoak dira", adierazi du muxikarrak. Parte-hartzaileei dagokionean, aldea nabarmenagoa izango da. Bertan bilduko baitira mendi lasterketetan ibiltzen diren maisu handienak.
Euskal Herriko mendi lasterketen egoera oso baikor ikusten du Gaizkak. Bada ordea aldatuko lukeen zerbait; lasterketak egiten diren garaia. "Oso kontzentratuta ikusten dut mendi lasterketen garaia. Guztiak ere 2-3 hilabeteren buruan izaten dira. Mota honetako proba batek eskatzen duen esfortzua kontuan izanik, sarritan ez da errekuperatzeko astirik ere izaten. Euskal Herriko klima kontuan hartuta, lasterketon garaia zertxobait luzatu daitekeela iruditzen zait. Baina dagoeneko proba bakoitzak bere eguna zehaztuta izaten du, eta hori ez du inork aldatu nahi izaten", azpimarratu du Gaizkak.
Lagun bati bidali
Iruzkina idatzi
![]() |
|
||||
1902 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa