«Alfa 33 zentralari deika... Entzuten?". Polizia film batetik ateratakoa dirudien esaldia, Bilboko Guggenheim museoan entzundakoa da. Gaur egungo gizartean, artea kultur espresio izateaz gain, diru balio handiko zerbait da. Horregatik agian, gure inguruko museo eta erakusketa areto gehienak segurtasun neurriz josirik daude.
"Ez dago huts egiten ez duen sistemarik". Horrelaxe azaldu zuen J. Ignacio Bidarte Guggenheimeko zuzendariak Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean, urtarrilean jazotako ezustekoa. Bi lagun museoan sartu ziren, eta inor ohartu gabe "Maitasun Ziriflipa" izenarekin bataiatutako koadro bat jarri zuten paretan. Arte modernoaren balio eskasa salatu nahi omen zuten. Guggenheim Bilbao Museoak, ordutik, gogortu egin ditu segurtasun neurriak.
Gure inguruko museo eta erakusketa aretoetan kontrola nahikoa estua da. Artelana ez kaltetzeko xedearekin, bisitariek ezin izaten dute euritako, motxila eta objektu handirik barrura sartu. 35 zentimetro baino luzeagoak diren zerak kanpoan uzteko eskatzen dute. Baina sarreretan ezin da guztia detektatu. Horregatik, museo eta erakusketa aretoen barruan ere, badira bitartekoak.
Zaindari ugari
Guggenheimekin batera, Gasteizko Artium da Euskal Herriko museoen artean modernoena. Urtebete pasatxo da ireki zutela. Eguneko 24 orduetan, hiru zaindari daude. Hauei, areto bakoitzean dauden begiraleak gehitu behar zaizkie. Ordu gutxiren barruan, jendaurrean dauden obra guztien errepasoa egiten dute zaindariek. Gainera, lan bakoitzaren argazkia daramate gainean eta mementoan frogatzen dute eraldaketarik egon den.
Puntako teknologia
Rafael Zulaika, Donostiako San Telmo Udal Museoko zuzendariaren aburuz, "biak, teknologiak eta giza presentzia aktiboa erabiltzea da segurtasuna bermatzeko eraginkorrena".
Artiumen, esaterako, kamera zirkuitu itxia dago, bai museoaren sarreretan bai barneko txoko guztietan. Kamera bakarrak, areto berdinaren ikuspuntu desberdinak eskaintzen ditu, kontrola zehatzagoa izan dadin. Honetaz gain, presentzia detektagailuak ere badaude, areto bakoitzean norbait sartu den edo irten den aditzera ematen dutenak. Kamera eta alarma sistema guztiak kabina zentral batetik behatzen dira.
Gustavo Abascal, Artiumeko segurtasun arduradunaren hitzetan, "artelanen segurtasuna bermatzea ez da erraza. Uneoro daude jendearen aurrean eta horrek berekin dauka arriskua".
Artelanik txikienak, eskuetan erraz har litezkeenak babesteko anklaje mekanismo bat dago. Piezari ukitu arraro bat eginez gero, alarmak salto egiten du.
Museoek, gainera, sarri eguneratzen dituzte segurtasun neurriak. Donostiako San Telmo Udal Museoan esaterako, 90eko hamarkadaren hasieran jarri zituzten indarrean intrusioaren aurkako alarma sistemak. Ordura arte, zaindariak soilik izaten ziren gau eta egun. Kamera bidezko kontrola dute, grabaketa sitema, presentzia sentsoreak... Urtero aurrekontuaren zati bat sistema horiek osatzeko eta berritzeko bideratzen dute.
Beste arte erakusleku batzuetan, segurtasun sistemak ez dira hain zorrotzak. Iruñeko Gotorlekuaren kasua da hori. Guztira lau eraikinetan banatuta dago eta aldi berean zazpi erakusketa jartzeko aukera eskaintzen du. Areto bakoitzean, zaindari bat egoten da. Gelak oro har txikiak direla kontuan izanik, nahikoa omen da pertsona bakarra. Ez daukate bideobigilantzia mekanismorik. Areto batzuetan, jendearen sartu-irtena kontrolatzen duten sentsoreak dituzte, alarma eta guzti, jakina. Hori bai, eraikinaren izaerak, babeserako eraikina izateak, pareta sendo eta zabalek, ate trinkoek, aretoen eta ondorioz artelanen segurtasuna bermatzen dute. Dena den, Javier Manzano, Iruñeko udaleko kultur teknikariak dioenez, "eraikinak egokitzapenak behar ditu eta segurtasun sistemak ere berrikusi beharra dago". Azken legegintzaldian, Gotorlekuan arte garaikideko museoa egiteko proiektua aztertu dute, eta horregatik ez da inbertsiorik egin bertan. Azkenean, proiektua atzera bota dute eta hastear dagoen legegintzaldian egokitzapen horiek egitea espero dute.
Non dago muga?
Azkenaldian jazo diren kasu guztietan, bitxiena da agian Bilboko Guggenheim museoan "Amodiozko Ziriflipa" jarri izana.
Manchesterreko Witworth galerian, jarri ez, kendu egin zituzten bertako hainbat koadro. Ez gainera, nolanahikoak. Picassoren, Gauguinen eta Van Goghen hiru koadro, apirilaren 26an lapurtu zituzten. 1878 eta 1903 urteen artean egindako lanak ziren, autore ezagunenak eta balio handikoak. Aretoko langileak, antza denez, ez ziren ohartu ere egin igande eguerdian, lapurretaren biharamonean, jendeari ateak zabaltzera joan ziren arte.
Misterioa laster argitu zen ordea. Lapurrek ez zuten koadroak beste nonbaiten saldu eta aberasteko asmorik. Komun publiko batzuetan utzi zituzten eta bizpahiru egunen buruan agertu ziren. Gero jakin da, ekintza honekin lapurrek argi eta garbi salatu nahi zutena museoetako segurtasun falta zela.
Vienako Arte Ederretako Museo Historikotik lapurtu duten artelanak ere harrotu du hautsa. "Salero" lana da, XIV. mendean Benvenuto Cellini italiarrak urrez eta esmaltez egindako mahai apaingarria.
Austriako agintariek, egoeraren larria ikusita, museo guztietako zuzendariak deitu zituzten segurtasunaren inguruko goi bilera batera.
![]() |
|
||||
1901 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa