Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-06-01 -- 1901.zenb

ESKOLA TXIKIAK HERNIOREN MAGALEAN


Asteasuko Pello Errota herri ikastetxeak hartu du Eskola Txikien Festaren aurtengo edizioa antolatzeko ardura. Hamabosgarren edizioa izango da aurtengoa. Alde horretatik, antolatzaileek azaldu bezala, "jaiaren helburua ez da dirua biltzea, eskola txikien garrantzia aldarrikatzea baino". Hortaz, herriak aurrera egin dezan, eskolaren garrantzia azpimarratu nahian, «Eskola txikiak bizirik, herri txikiak bizirik» leloa darama aurtengo jaiak. Eskolen arteko hartu-emanak sendotzeko ere egun aproposa bilakatu da urteroko festa. Izan ere, "antzeko ezaugarriak" izan ohi dituzte eskola txikiek.

Jai giroak hartuko du Asteasu igandean. Pello Errota herri ikastetxeak antolatutako festan, umeak izango dira protagonista. Asteasu eta Larraulgoak ez ezik, Euskal Herriko eskola txikietako ikasleek prestatutako emanaldiak izango dira goiz osoan. Ondoren, bazkaria egingo dute. Arratsaldean, pailazoen eta herri kirolen txanda etorriko da. Puzgarriak eta zezen mekanikoa ez dira faltako. "Tristeak kontsolatzeko makina" izenburua duen antzezlana izango da seiak aldera. Horren ostean, erromeriarekin amaituko dute jai-eguna.


Pello Errota ikastetxea


Tolosaldeko eskualdean kokatzen da Asteasu, Donostiatik 20 bat kilometrotara. 1.200dik gora biztanle ditu eta ondoan dagoen Larraulek, ia 160. Horregatik, 1978. urtean eraiki zen herri ikastetxeak bi herrietako ikasleak hartzen ditu. Pedro Elizegi (1840-1919) Asteasuko bertsolari ospetsuaren omenez Pello Errota izena jarri zioten eskolari, horrela baitzen ezaguna bertsolaritzan jardun zuen Elizegi errotaria.

Asteasuko Kukute ikastolarekin bat egin zuen herri ikastetxeak 82-83. ikasturtean. Horrela, Lehen Hezkuntzatik hasi eta DBH ikasketak amaitu arte herrian bertan ikas dezakete hango gazteek. Eskolaz kanpoko ekintzak ere ez dira falta.

Herri txikietako eskolei sarritan gertatzen zaien bezala, ikasle gutxi edukitzeak maila batzuk talde berean bildu behar izatea dakar. Pello Errota ikastetxeari hori gertatu zitzaion 90eko hamarkadan, ikasle kopuruak beherantz egin baitzuen. Datorren ikasturteari begira, baina, ikasmaila bakoitzeko gela bat abian jartzea bideragarri izan daitekeela uste dute.

Gainontzeko eskola txikien antzera, nekazal girotik datozen ikasle eta irakasleak dira nagusi. Ildo horretatik, euskal elebakarrak izaten dira neurri handi batean. Berezitasun horiek kontuan hartzen ditu eskola txikien taldeak. 1988tik egin den Eskola Txikien Festak izaera hori aldarrikatu nahi du, baita herrietan eskolek duten garrantzia kontuan izan dadin ere. Asteasuko jaian, Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) Basakaitz herri eskolari lekukoa pasako diote. Hurrengo urtean, eurei egokituko zaie Eskola Txikien Festa antolatzea.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan