ESKOLA PUBLIKO NAFARRAK IRUŅEKO TAKONERAN
Euskal Eskola Publiko berriaren jaiak, Nafarroan, bere bosgarren edizioa izango du aurten. Antolatzaileek "jaiaren helburu ludikoa" azpimarratu nahi izan dute. Ildo horretatik, euskal irakaskuntza "era alaian" ulertu behar dela adierazi dute Sortzen-Ikasbatuaz-ekoek, "pozik egoteko arrazoi anitz" ez egon arren.
Euskal eskola publiko berriaren arazoak areagotzen ditu Euskal Herriko zatiketa administratiboak. Eredu publikoaren erronkei, Nafarroako hizkuntza politika gehitu behar zaie. Hortaz, 0-3 urte bitarteko umeen doako eskolaratzeak ekarri duen eztabaida hizkuntzaren argitara egokitu behar da Nafarroan. Ildo horretatik, EAEn haurren eskolaratzea eredu publikoaren ikuspegitik interpretatzen bada ere, euskararen garrantziari heldu behar zaio Nafarroan. Irizpide globalik ez duen heinean, eskualde euskaldunetan a priori euskarazko hezkuntza izateko arazorik ez legoke. Zonalde mistoetan, berriz, oso zaila izaten da adin horretako umeentzako ikastetxe euskaldunik topatzea. Esate baterako, Iruņerrian dauden 30 haurtzaindegietatik, bik baino ez dute euskarazko eredurik. Horietariko bat, gainera, pribatua da.
Euskal irakaskuntza aldarrikatzeko jaia ere bada ekainaren 8koa. Sortzen-Ikasbatuazek adierazi bezala, "euskal eskola publiko berriaren ideia gizarteratzea du xedetzat festak". Hori islatzeko, zenbait ekitaldi antolatu dituzte, guraso eta gazteen parte-hartze aktibo eta kolektiboa bultzatzeko. Euskal gizartearen kezkak islatu nahian, "Euskaldunon Egunkaria"ko zuzendari Martxelo Otamendik irakurriko du pregoia jaiari hasiera emateko. Ekitaldi berean, Pedro Esarte historialaria omenduko du Sortzen-Ikasbatuazek, Nafarroaren konkistari buruz egindako ikerketa dela eta.
Ikastola publikoak
1993. urteko EAEko eskola publikoaren legeari aurre egiteko asmoz eratu zen Sortzen taldea. Bost urte beranduago, ikastola publikoak biltzen zituen Ikasbatuaz-ek bat egin zuen talde horrekin. Hortaz, "euskal eskola publiko berriaren festa" antolatzeari ekin zion Sortzen-Ikasbatuaz-ek 1998an. Nafarroako ikastolak eta D ereduko ikastetxeak ez ezik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait ikastola publiko ere Sortzen-Ikasbatuazeko partaide da. Hori dela eta, "Hego Euskal Herriko euskarazko irakaskuntza nazionala" aldarrikatzen badute ere, "Iparraldekoek egunen batean bat egitea" espero dutela azaldu dute arduradunek.
Ikastolen filosofiari jarraituz, eredu publikoan integratu ziren ikastolek antolatzen dute Sortzen-Ikasbatuazen jaia. Gurasoek gainontzeko eragileen antzera hartzen dute parte jai horretan, "ikastetxearen inguruko komunitatearen zati gisa". Hortaz, denon parte-hartze aktiboa bilatzen da irakaskuntzan, "hezkuntza globala" delako.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.