Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 16:35:30
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-05-23 -- 1900.zenb

URKABUSTAIZ

Iņigo Txintxurreta


Urkabustaizi buruzko daturik zaharrena 1025an San Millango monasterioari emandako burdinazko barra da eta garai urrun haietan Urca izena hartzen zuen. Gaur egungo udalerria XV. mendeko dokumentuetan Urcabustayas, Urcabustais edota Urcabustayz bezala izendatuta agertzen da. Mende horren bukaeran Pedro Lopez de Ayalaren kontrako auziak ugaritu ziren, Aialako kondeak Gaztelako erregeen legea ez zuelako errespetatzen Urkabustaizko herrietan. Hurrengo mendean Aialako Pedro Aguraingo kondearen aurkako akusazio kriminala aurkeztu zen, heriotza zigorra kondena emanez. Bi urtean zehar ihesean ibili ondoren, preso hartu zuten eta egindako epaiketan Orozkoko jaurerria kentzeaz gain, Urkabustaizko lurrak ere libre geratu ziren haren menpetik.

Zuiako koadrila barruan eta Zigoitiakoarekin batera, Urkabustaizkoa zonaldeko erromaniko ikusgarri eta ederrena bezala sailka daiteke. Bertako eliza eta baselizetan ikusten diren elementuen ezaugarri bereziek berezko estiloa sortu dute. Animalien ikonografia guztiz aberatsa da, baita elementu begetal eta geometrikoak ere.

Erromanikoaren ibilaldia osatuko bagenu, Beluntzako Pedro Deunaren elizan hasiko ginateke, berak gordetzen baititu elementurik ikusgarrienak. Eliza hau, ondare erromanikoa duten bailarako gainontzeko elizak bezala, XIII. mendean datatzen da. Hala ere penagarria da atariko irudiak zuriz margoturik agertzea, eliza berritu zutenen ez-jakintasunagatik. Handik Goiuri herrira hurbil gaitezke Santiago elizako leihotzar erromanikoak begiztatzeko. Eliza honen ondoan dagoen parkingetik Goiuriko ur-jauzia bisitatzeko bidea sortzen da. Urduņarako bidea jarraituz San Juan elizarekin topo egingo dugu, errepidearen eskuinean eta Oiardo herrirako bidegurutzean. Azken herri honetan Goikoama baselizak XVI. mendeko pinturak eta XVI. mendeko taila mariana ederra gordetzen ditu, irailaren 8an erromeria ospatzen delarik bertan.

Uzkianok, Oiardo ondoko herrixkak ere, irudi erromanikoak baditu San Migel elizan. Unzako San Fauston aldiz garai hartako harburuak ikusten dira San Fausto elizaren epistolako paretan.

Urkabustaiz osatzen duten herrixketan eta udalerriko hiriburua den Izarran ere, inguru honetako berezko arkitektura mantentzen duten baserri zoragarriak ikusteko aukera daukagu, haietako batzuk XVI. mendekoak izan daitezkeenak.


Gibijo mendizerra

Urkabustaiz udalerriko mendebaldeko zatia Gibijo mendizerrak betetzen du. Izarratik sortzen diren muinoak nagiki hasten dira altuera lortzen. Behin altuera hartuta terreno laua bilakatzen da. Baias ibai aldera jausten diren arroilek ekialdean eta Urduņa aldeko ebaki handiak sortzen duen mendebaldeko arroilak mozten dute Gibijoko lautada.

Aldapa gogorrik gabeko zonalde luze hau aproposa da mendiko bizikletaz ezagutzeko, hura zeharkatzen duten pista ugariren bat hartuta. Pista hauek Izarra, Abezia, Ondona, Apregindana edota Unzatik sortzen dira.

Unzatik sortzen den bideak Urduņa aldera jausten den arroilaren ikusmira paregabea eskainiko digu. Herria atzean utzirik, amildegiaren ertzetik doan Urkabustaizko mugara berehala iritsiko gara. Hesiak amildegi arriskutsuaren hurbiltasunaz abisatuko gaitu. Ertzetik eramango gaituen bideak sei kilometroko luzera dauka eta Ibaizabal ibai ospetsuaren iturbururaino hurbilduko gaitu. Ibaizabalek sortutako ur-jauziaren begiratoki paregabea izango dugu orduan.

Behin hemen egonda Gibijoko mendizerra barnera sar gaitezke, kontu handiz pisten labirintoan ez galtzeko. Hurbil gelditzen da Gibijoko otsotokia, bazter hauetan piztiak ugari ibiltzen ziren garaietan otsoak harrapatzeko asmoz eraikia. Putzu Berriaren bidea hartuko dugu Unzara itzultzeko, Lejazarreko trikuharrien albotik pasatuz. Bidegurutze batean Abeziara jausten den pista eskuinean utziko dugu eta "Alto de los Caminos" zeharkatzen duen ezkerreko bidetik Unzaraino iritsiko gara.

Inguru hauetan Gibijoko mendirik bisitatuenetariko bat da Estuņagan edo Alto del Corral deitzen dena. Bertara iristeko Izarratik sortzen den bidea hartu behar da. Bikain seinalizatuta dago eta 2,5 kilometroko luzera dauka. Behin tontorreraino igota, Urkabustaizko bailara osoa menperatzeaz gain, ikusmira ederra izango dugu Gorbeia, Arkamo, Gibijo, Badaia eta Arrato mendizerra hurbilen gainean. Bizkaiko mendiak ere hurbil geratzen direla irudituko zaigu.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan