Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • TELEBISTARI BEGIRA BAINA...

2003-05-23 -- 1900.zenb

TELEBISTARI BEGIRA BAINA...

Edorta Arana

Berrogeita hamarretik gora "tokiko telebista" daude Euskal Herrian. Kopuruak erakusten duen ugaritasunaz gain, anitzak dira beste bost gauzetan behintzat: sorrerako helburuei dagokionez; jabego eta gestio moduetan (independienteak, kate erraldoien partaideak, udalaren menpekoak, kooperatibak...); transmisio sistemetan (uhinak, internet eta kablea); finantziazioan eta edukietan (barne produkzio kopuruan, generoetan edo emisio-orduetan).

Tokian-tokiko lehen euskal telebistak 80an sortu baziren ere, azken hamarkada izan da telebistagintza lokalaren ugalketa desorekatuaren lekuko. Horretarako oso lagungarriak izan dira, bideo eta ekipamendu informatikoen merketzea, bete beharreko marku legalaren eza (1995eko legea hilda jaio zen), publizitate merkatu lokalaren balizko ahalmena edo talde mediatiko erraldoien interes hedakorra.

Orain, Madrilgo gobernuak argitaratu eta hemengo autonomikoek aplikatuko duten telebistagintza lokalaren lege berriaren (2002ko abendua) eta digitalizazioaren atarian gauden honetan, tokian-tokiko kanalei buruzko hausnarketa egiteko ordua heldu da. Izan ere, urteak dira telebistagintza lokalaren balio informatzailearen eta integratzailearen gain ez dela hitz egiten. Arduradun autonomikoek, utzikeriaz, zerbitzu publiko modura definitua izan den arren, merkatu legearen aginduetara laga dute herrietako kanalen garapena. Aldi berean, jendartean nagusitu egin da telebista entretenigailu gisa ulertzeko filosofia. Eta honen guztiaren ondorioz, sozialki eta territorialki desorekatuta dagoen panorama mediatikoaren erdian gaude, zeinetan errentabilitate sozialari baino ekonomikoari egiten baitzaio kasu. Ildo berean, behetik gora eta barnetik sorturiko ikus-entzunezko egitura mediatikoa bultzatu baino makrotalde enpresarialak nagusitu dira, Localia eta Correo kasuko.

Zalantzarik ez dago, gertuko telebistagintzaren bidegurutzean gauden honetan, besteak beste, erakunde publikoek zeresan handia daukatela. Eta, orohar, ezin dituztela arestiko akats berberak errepikatu: telebista-merkatu legea nagusitu eta kontrolagaitza bilakatu den arte lekuko isilak izatea.

Telebista lokalak, gainontzeko zerbitzu publikoak bezala (osasuna, garraio publikoa ala hezkuntza), egituraketa eta artikulazio territorialaren ondorio eta tresna ezin hobeak dira, aldi berean. Telebistak, gertuko kanalen bidez, hedabide izatetik komunikabide izatera heldu daitezke. Horretarako bideratu beharrean gaude hirietako talde, mugimendu sozial, erakunde eta pertsona desberdinen parte hartzea eta informazio trukaketa. Kaltegarriak dira "lokala" izenpean eskualde mailatik gorako telebistak, herri mailakoak ito ala jaio aurretik ere kondenatuko dituztelako. Edukiei dagokionez, gertutasuna, nortasun propioa, komunitate identifikazioa bultzatuko duten gaiak eta formatoak landu behar dira, hori bai, freskotasunez, programa eredu berriak erabiliz eta lehiakortasunean baino osagarritasunean sendo arituz. Alegia, ezinezkoa da, eta izango da etorkizunean ere, Tele 5ekin lehian arituko den herriko kanala mantentzea baina bai, ordea, harek eskainiko ez dituen eduki informatiboak, gertutasuna eta erreferentzialtasun sozial eta kulturala pantailaratuko duena. Gainera, errentagarritasun sozialaren filosofian, informazio tresna egokia izateaz gain, normalkuntza linguistikoan paper garrantzitsua daukate kanal lokalek. Hezkuntza sistema eta hedabideak euskararen onarpen soziala, hedapena eta erabilera bultzatzeko baliabide paregabeak dira.

Herri prentsaren ereduari jarraituz, gertuan gertuko informazioa, iruditeria kolektiboa, komunikazio tresna eta normalkuntza sozial, kultural eta linguistikoa lortzeko baliabideak ditu telebistagintza lokalak. Erakunde publikoei dagokie, nagusiki, oihaneko legearen gainetik interes sozialak nagusitu araztea, horretara jarriko balira.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan