NORK KONPONTZEN DU HAU?
Julen Zabalo ( EHUko irakaslea)
konponketa da, hitz desberdinak erabilita, Euskal Herriaz hitz egitean, behin eta berriro ateratzen den gaia. Irtenbide bat baino gehiago dago, baina orain arte emaitza onik gabe. PPk, eta bere eskutik PSOEk, teoria argi eta erabatekoa garatu dute: abertzaletasunaren kontrako eraso bortitz eta errotikoa, horretarako komunikabideen laguntza baliotsua dutela. Bide horri atxikirik, garaipena hurbil dagoela irudikatzen dute, baina asko dira, EAJ besteak beste, bide horren irtenbide eza gogoratzen diena. Ezer konpondu baino, gehiago dirudi egoera are okerrago jartzea dela litekeena.
EAJren konponketa plana Ibarretxeren bidez dator, errudun nagusi bi seinalatuz: Espainiaren itxikeria eta PPren gobernua, batetik; eta ETA, bestetik. Hala ere, bitxia bada ere, bere konponketa plana aurrera eramateko, arazoaren erruduntzat jotzen duenaren espainiar legalitatea bete-betean jarraituko duela dio. Ez du berdin jokatzen bere beste errudunarekin: ETA eta ezker abertzalea multzo berean sarturik, uko egiten dio hauekin inolako lankidetza edo elkarrizketa lantzeari. Bitartean, oraingo estatutuaren bideari eusteko desio garbia azaltzen du, baina, hemen ere, asko dira, ELA besteak beste, marko hau, eta ondorioz estatutua, agorturik daudela diotenak, eta, hortaz, bide horren antzutasunaz ohartarazten dutenak.
ELAk, bestalde, urteak daramatza prozesu zibil baterako gonbitea iragartzen, baina ez da ezertan gauzatzen, agian bere barruan lotura gehiegi dagoelako EAJrekin, askotan guztiz autonomoa dela iruditu arren. Hori dela eta, ELAk nahiko luke prozesu horretan EA eta EAJko sektore zabalak egotea, baina ez omen du lortzen eta, aitzitik, ezker abertzalea guztiz prest ageri da, eta kontraesana sortzen dio ELAri, ez baitirudi nahi duenik ezker abertzalearekin bakarrik ezer egitea.
Ezker abertzaleak autodeterminazioa eta herriari galdetzea aipatzen ditu, baina ezin du, momentuz, inolako laguntzarik itxaron besteen aldetik. Hauteskundeen aurrean, Batasuna legez kanpo jarrita, ezker abertzalea saiatu da instituzioetan parte hartzen jarraitzen, baina itxi egin dizkiote aukera gehienak. Nolanahi, presente egongo da hauteskundeetan, boto nuloaren aukera baliatuz, eta boto horien emaitza hurrengo urteetan bere legitimitatea adierazteko baliatuko du. Hala ere, bidea bakarrik egin beharko du.
Ez EAJk ez ELAk ezin dute garatu proiektu abertzale bat ezker abertzalearen laguntzarik gabe, baina ez dute nahi laguntzat, edo lagun bakartzat ELAren kasuan. Horrela, ezker abertzalea hauteskundeetatik kanpo uzteko ahaleginen aurrean, protesta egin dute, baina ez da ukapen biribilik egon inoren aldetik, eta, ondorioz, jarrera kontraesankorra garatu dute defendatu nahi dituzten proiektuekin.
EAJren aldetik, Ibarretxeren plana legalitatea errespetatuz egingo dela iragartzen da, baina horretarako gehiengo zabala beharko luke instituzioetan, eta ez, argi dagoenez, PP eta PSOEren laguntzaz lortua. Hortaz, nola eramango da plana aurrera, instituzioetan eduki lezakeen ezker abertzalearen laguntzari ate guztiak ixten badizkio?
ELAren aldetik, garatu nahi duen proiektu zibilaren ardatzetako bat desobedientzia zibila izango litzateke, hurrean. Aukera paregabea zen oraingoa hainbeste bider aipatzen den desobedientzia abian ipintzeko, baina AuBren eta herri plataformen debekuen aurrean, lanuzte xume baterako deiari ere uko egin dio. EAJk behin eta berriz, eta ahots askotatik, esaten du ez duela desobedientziaren bidea jorratuko; norekin egin nahi du, orduan, ELAk desobedientzia?
Konponketa da kontua, eta hedatuz doa Euskal Herriko arazoak konponezinak direlako ustea. Hala gertatu da eginiko saio guztietan; hala ere, bide bat urratzeke geratzen da: herriari galdetzea. 'Nork konpontzen du hau?' galderari, «herriaren nahiak» erantzun ahal izateko.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.