Ameriketako Estatu Batuetan arrakasta handia izan duen antzezlana euskal antzokietara ekarri du Ados taldeak. "Las mujeres de verdad tienen curvas" umoreaz baliatuz etorkinen lan baldintza kaxkarrez mintzo den lana da. Barakaldon estreinatu zuten apirilaren 24an eta irailetik aurrera ikusi ahal izango da Euskal Herri osoan.
"Itxura marduleko aktore hegoamerikarren bila gabiltza", horixe idatzi zuten Adosekoek muntaia berrirako aktoreak bilatu asmoz Interneten zabaldu zuten mezuan. Lan taldea osatzearena ez zen lan makala izan. Josefina Lopezek idatzitako "Las mujeres de verdad tienen curvas" («Benetako emakumeek kurbak dituzte») antzezlaneko bost emakume protagonistek ezaugarri zehatzak behar zituzten eduki, baita komikotasunerako gaitasun berezi bat ere. Antzezlanaren zuzendari Garbi Losadak ongi oroitzen ditu hautaketa hark sortu zizkien buruhausteak: "Hasieran aktore euskaldunekin lan egitea pentsatu genuen arren, ikusi genuen obra honek errealitate dosi handia eskatzen zuela. Hortaz, muntaia aktore etorkinekin egitea erabaki genuen. Jende honekiko nolabaiteko konpromiso gisa ere egin dugu". Euskal Herriaz gain Espainiako Estatura ere zabaldu zuten deialdia eta bost emakume kubatar hautatu zituzten: Lilliam Kouri, Saskia Guanche, Edelweiss Hernandez, Maria Isabel Diaz eta Yeye Baez. Bost aktoreetatik bi Madrilen bizi dira eta gainontzekoak Euskal Herrian. Sara Cozar aktore euskaldunak Saskia Guanche ordezkatuko du hainbat emanaldietan. "Aktore guztiak kubatarrak izatearena kasualitatea izan da. Nik uste horregatik irten dela ikuskizuna hain karibearra", dio Losadak irribarrez.
"John Wayneren laguna" antzezlanarekin eskuratutako sarien zapore goxoa oraindik ere ahoan dutela estreinatu du Ados Teatroak "Las mujeres de verdad tienen curvas". Honetan, aurreko lan guztietan bezala, gai sozialak lantzen jarraitu du taldeak, beti ere umorea alde batera utzi gabe.
Josefina Lopez mexikarrak idatzitako antzezlana tailer klandestino umel batean kokatuta dago, sarri aire egokitua falta zaion tailer zaharrean. Udako bero itsaskorrean, protagonisten bizipozak soilik ekarriko du aire freskoa bertara. Fernando Gonzalez Ansak diseinatutako eszenografiak errealismo handia ematen dio espazio eszenikoari.
Autobiografikoa ia
Ana bere ahizparen tailerrera iritsi berri da. Eskola graduatua eskuratuta unibertsitatera joatearekin amesten du, idazle izatea baita neskatoaren nahia. Horretarako, baina, lanean hasi beharra dauka sosa batzuk eskuratzeko. Tailerrean lanean aritzen den amak ez ditu oso begi onez ikusten alabaren desioak eta tailerreko gainontzeko jostunek ere nahiko lan dute egunean eguneko eskariei erantzuten. Estela ahizpa ere ez dago bere mementorik onenean, oraindik ere "paperik gabe" dago eta beldur da edozein mementotan polizia tailerrean azalduko ote den. Legez kanpoko egoeran dagoen etorkinaren nahigabea islatzen du Estela pertsonaiak.
Aktoreek, lehen emanaldietan taula gainean ziurtasun pittin bat falta bazitzaien ere, lortzen dute emakumeen arteko harremana sinesgarri egitea eta euren artean duten laguntasun hunkigarri hori islatzea. Azken batean bizirauten saiatzen diren emakumeak dira guztiak, gogor lan eginaz, josten, etorkizun hobe baten alde. Horretarako euren arma bakarrak erabiliko dituzte: esfortzua, dignitatea, eta osasungarria den umorea. Egoerarik zailenean ere dantzatzeko eta kantatzeko beta hartzen dute, Joxean Goikoetxeak konposatutako doinuak airosotasun handiz kantatuz.
Mitxelinak ditut, eta zer?
Antzezlanaren izaera dela-eta, euskarazko bertsiorik ez du prestatuko Adosek. Hego Amerikan zehar bira bat egitea gustatuko litzaieke etorkizunean, baina taldearen baliabide ekonomikoei begiratu beharko diete erabaki hori hartu aurretik.
Euskal Herrian irailetik aurrera hasiko dira "Las mujeres de verdad tienen curvas" eskaintzen. Bitartean, maiatzaren 30ean, kale antzezlan bat estreinatuko dute Leioako Umorezko Kale Antzerki Azokan. "Sopa de Ganso" («Antzar zopa») izeneko ikuskizunean sei aktorez osatutako taldeak kaleak sukalde bilakatuko ditu, jendearen artean lehengai berezi bat bilatuz: barrea, alegia.
34 urte besterik ez dituen arren, Josefina Lopez idazle mexikarra Ameriketako Estatu Batuetan idazle latinoen artean ezagunenetakoa da. Genero ezberdinetako lanak argitaratu ditu, baina batez ere antzerki eta telebistarako gidoiak. Gaztetan, jostunen tailer batean lan egin behar izan bazuen ere, gaur egun Writers Guilt of America idazleen elkargoko kide da, eta berak sortutako CASA0101 erakundean gidoien sorkuntzari buruzko irakasgaiak eskaintzen ditu. Berak idatzitakoak dira "No place like home" («Etxean bezala inon ez»), "Confessions of the Rumba" («Runbaren konfesioak») eta "Real Women have curves" («Benetako emakumeek kurbak dituzte»), besteak beste. Azken lan honek zinera ere jauzi egin zuen. Iaz, Sundance zine jaialdian hainbat sari eskuratu zituen, eta Donostiako Zinemaldian ere jaso zuen saririk.
Ados taldekoek Lupe Ontiberos aktoreari esker ezagutu zuten idazlea. Ontiberosek Los Angeles eta San Franciscon "Real women have curves" antzezlanean aktore lanak egin zituen. Maiz hitz egin zien Adosekoei ikuskizun hartaz. "Aspalditik genuen buruan antzezlan hau hemen egitea, bat egiten baitu taldearen filosofiarekin". Josefina Lopezek Adosek Gijonen egin zuen emanaldi batera joateko aukera izan zuen duela gutxi: "Oso gustura gelditu zen" -dio Garbi Losadak- "nik eginiko moldaketaren kopia ere eraman zuen bueltan, zenbait ideia kopiatu egingo zizkidala esanaz".
![]() |
|
||||
1900 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa