Goiuriko urjauzia
Bada bazter bat Urkabustaizko lurralde anitz honetan edertasunaz bereizten dena besteengandik. Goiuri herrixkatik hurbil, zaila egingo zaigu iragartzea trenaren burdinbidea igaro ondoren topatuko dugun espektakuluaren handitasuna. Eta zein da liluratuko gaituen paisajea? Oiardo ibaiaren arroil harrigarria eta amildegira jausten den 90 metroko ur-jauzia. Euriteen ondoren ikustea merezi du, ur emaria handia denean edertasun basati osoa hartzen baitu.
Ibilbidea amildegiaren ertzetik doa, trokari beha dauden zuhaitzen artetik. Arroilaren sakonera jaistea ere posible da.
Ibilbidea
Izarra eta Urduņa lotzen dituen errepidetik Goiurira iritsiko gara. Ur-jauziaren begiratokia seinalizatzen duen panoa atzera utzi ondoren, herrian sartuko gara Santiago elizaraino eramango gaituen pistatik. Elizako ondare erromanikoak gizakien figurak erakusten dizkigu, musika tresnak jotzen, baita animaliak ere.
Elizaren ondoko parkingean ibilbide xume honi hasiera emango diogu. Pistatik jarraituko dugu ataka bitxi bat topatu arte. Hura igarota trenaren burdin bidera iritsiko gara, kontu handiz zeharkatuko duguna, trafikoa ugaria baita. Bigarren ataka gainditu eta gero, Goiuriko ur-jauzia agertuko zaigu begi bistan. Zuhaitzak zintzilikatzen dira amildegian oso sentsazio zorabiagarria sortuz. Amildegiaren hegitik doan bidezidor periltsu batetik ur-jauziaren ikuspegi ezberdinak lortuko ditugu. Egun euritsuetan bidea arriskutsua izan daiteke, irristakorra bilakatzen baita.
Apur bat aurrerago bidezidor bat amildegiruntz jausten da. Ausartenek hartuko dute bide hau, baina jakin behar dute basoan galtzen dela. Hala ere, ondora jaitsi daiteke arazo handirik gabe.
Ibaia jarraitu nahi baduzue ur-jauziraino, emari gutxiko egunetan egin beharko duzue eta bestela menditik altuera lortu beharko duzue. Noizbehinka desegiten diren arroken paretatik eskalada txikiak egin behar dira. Esfortzua mereziko du ur-jauziaren beheko ikuspegi harrigarria lortuko dugulako.
Itzultzeko bai orain arte egindako bidea hartu edo baso eta amildegiaren ertzetik jarraitu, soro batera atera arte. Zubi batetik trenaren burdin bidea bigarren aldiz zeharkatuko dugu eta hasiera puntura arte doan pista bat harturik bukatuko dugu hemen proposatutako ibilbidetxoa.
Elizatik aterata, ur-jauziraino bidea minutu batzuetan egiten da. Hortik aurrera arroilaren ondora jaisten bazarete, joan-etorria burutzeko 3 orduko martxa kalkulatu behar duzue. Aldiz, jaitsi gabe jarraitzen baduzue ibilbide zirkularra osatzeko asmoz, 2 ordutan egingo duzue.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.