EZOHIKO HAUTESKUNDEEK KOORDENADA POLITIKOAK ALDA DITZAKETE
Mikel Asurmendi
2003ko maiatzaren udal eta foru hauteskundeen kanpaina gertakari andana baten eraginpean burutzen ari da. Lehena eta nagusiena, AuBren eta 225 zerrendaren ukapena izan da.
Bigarren gertakaria ezker abertzalearen Udalbiltzaren debekua eta honen ostean Bilbon burututako manifestazioa izan da. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak debekatu bai, baina desegin ez zuena. Jokamoldeak kanpainaren hasierari eman zion «ukitua» berezia izaki.
Gertakari sorta dugu hirugarrena: Batasuna AEBetako «erakunde terroristen» zerrendan sartu izana -Aznarrek kanpainaren atarian lorpen modura aurkeztua-, ETAren agiria, eta EAEko Joseba Azkarraga Justizia sailburuak Auzitegi Gorenak AuBren baliogabetzea kritikatzeko «putxerazo» hitza erabiltzeagatik Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Eusko Jaurlaritza kritikatu izana.
Kanpaina hasierak gauza bat argitu du: Udal eta Foru Aldundiak herriarengandik hurbilen dauden erakundeak izanda ere, beraietan deliberatu beharreko arazoak makropolitikak lausotuak gelditzen direla.
Politikaren norabidea aldaraz lezaketen bozak Hauteskunde hauek mila foroetan jokatzen dira. Ordea, aipatutako gertakariak direla-eta, kanpainan ozenkien entzundako mezuak «mezu politikoak» dira. Alderdien mezuek hautagaienek baino oihartzun gehiago dute, finean, alderdien emaitzak Foru Aldundietan eta hiri nagusietan erabakitzen baitira. Alderdi konstituzionalisten eta ez-konstituzionalisten mezuak udal arazoak bideratzeko hautagaiek aurkeztutako programen gainetik agertzen dira, alegia..
Alabaina, hauteskundeen ostean egoera politikoa deus gutxi aldatuko ote den pentsa badaiteke ere, Euskal Herriko hegoaldeko lau lurraldeetako hauteskunde hauek egundo ezagutu ez diren parametro berri eta ezezagunen arabera burutzen ari direla, ohartu behar dugu. Parametro hauek Batasuna eta ezker abertzalearen hautagaitza nagusia (AuB) legez kanpo uztea ekarri dutelarik.
Konstituzionalisten arteko lehia eta beharra
Hauteskunde emaitzek, edozein izanik ere, ez lukete PP eta PSE-EEren arteko aliantza kolokan jarri behar. Estatu Itunak konstituzionalismoaren egonkortasuna bermatuta dauka, antza. Kanpainak erakutsitakoaren arabera, Nafarroan ustekabeko galanta litzateke egonkortasun hori haustea. PSNk ez du oposizio-alternatibarik. Gainontzeko alderdiak, berriz, gutxiengo dira eta inoiz baino sakabanatuagoak. Araban, PSE-EEk PPrengatik aldendu nahi badu ere, konstituzionalistek elkarren beharra daukate.
Bizkaiatik eta Gipuzkoatik bereziki, etor liteke, euskal sozialisten aldetik, PPrengandiko urruntze moduko bat. Zenbait herritako hautagai sozialistek ez dute -hauteskundeen ostean eta emaitzen arabera- ezker abertzalearen herri hautagaiekin elkarrizketa baztertzen. Halaber, bi lurralde hauetan, nazionalismo moderatuarengana hurbiltzearen aldeko sektoreen eragina inoiz baino indartsuagoa ageri da kanpaina honetan. Gipuzkoan, adibidez, Miguel Buen Lacambra Errenteriako alkateak eta Foru Aldundietarako hautagai nagusiak ezustekoa eman lezake. Berak irabaziko balu EAJ-EA koalizioa bere aliantza-estrategia aztertzera behartu lezake. Ez dezagun ahaztu, egungo foru erakundeen ordezkaritza Lizarra-Garaziko Akordioaren garaian gauzatu zela. Ordea, egungo egoera ezberdina da eta aliantzen aro berri baten atarian egon gintezke.
AuBren botoaren erabilpena erabakitzeke AuBren botoen erabilgarritasunaren arabera dezente alda daitezke hauteskundeen ondorioak. Auzitegi Konstituzionalak AuBren boto paperak suntsitzea agindu du. Auzitegi Nazionalak, berriz, Arnaldo Otegiren aurkako salaketa jarri du AuBren boto papera publikoki erakusteagatik. Ikustear dago AuBren aldeko boto baliogabetuen portzentajea zenbatekoa izanen den, baita beste alderdiek beren botoez eginen duten erabilpena.
Bestalde, «normaltasuna»ren barruan aurkeztuko diren ezker abertzalearen inguruko hautagaitzen emaitzek ezker abertzalearen norabidea argi lezakete. 16 dira Auzitegi Gorenak onartutako herri hautagaitzak. Irun Herria eta Tafalla Berria hautagaitzek, herrien beren handitasunarengatik, AuBren aldeko sostenguaren zenbatekoa adieraz lezakete. Halaber, neurri batean, Aralarren emaitzen zenbatekoak ezker abertzalearen norabide eta bilakaera politikoan eragin lezake.
Laburbilduz, udal eta foru mailako hauteskundeak izan arren, lehia nagusia ez-konstituzionalisten (EAJ-EA) eta konstituzionalisten artean (PP eta PSOE) jokatzen da berriz ere. Alabaina, udal eta foru mailako hauteskunde izanagatik ere, PSE-EEren ustegabeko emaitza onek eta ezker abertzalearen egoera berriak Euskal Herriko koordenadak politikoak alda litzakete.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.