Aurtengo Euskal Eskola Publikoaren Jaia Donostiako Zubietako hipodromoan egingo da ekainaren 1ean. Hamabigarren edizioa da. Zubietan hiru gune egokituko dituzte antolatzaileek. Lehenengoan, arte eszenikoak izango dira nagusi: Sebastopoleko titiriteroen zirku tailerrak, Kukubiltxo taldearen txotxongiloak, Txatunga Bemberen doinu exotikoak eta Trapu Zaharraren "Elvis joan hadi" emanaldia izango dira. EITBko Betizu umeentzako telebista saioko protagonistak lehenengo gunean izango dira egun osoan. Musika ekitaldiak, bestalde, bigarren gunean izango dira: Elektrotuna taldea, Urgabe plaza taldea eta Gatibu rock taldea, besteak beste. Hirugarren gunean, txalapartariak, bertsolariak, Triki Ta Ke, artisauak eta beste.
Euskal Herri mailako irakaskuntza publiko eta euskalduna aldarrikatzeko antolatzen du urtero EHIGEk (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak) Euskal Eskola Publikoaren Jaia. «Mugak gaindituz, aurrera goaz» leloak ederto azaltzen du euskal hezkuntza eredu publikoa baldintza dezaketen oztopoei aurre egiteko asmoa badutela gurasoek. Era berean, gizartea euskalduntzen laguntzeko zenbait proiektu abian jarri dute.
Ikastetxeetako funtzionamenduan "ikasleen gurasoen parte-hartze aktiboa" aldarrikatzen du EHIGEk. "Hezkuntza eredu propio, euskaldun, autonomo eta askotarikoa" du helburu. Alde horretatik, euskararen normalkuntza bidean, "eskola ereduen desagerpena" gurasoen aspaldiko eskakizuna izan da. Hortaz, "ikastetxearen autonomia bultzatuz, eskolak berak erabakiko du zein hizkuntzatan eskaintzen dituen irakasgaiak", adierazi du EHIGEko lehendakari Ana Izagirrek. "12 urterekin umeek gutxieneko hizkuntza eskakizunak menperatzea dugu xedetzat eta 16 urterekin, berriz, eleanitzak izatea". Dena den, elebitasuna murrizten duen zenbait neurri hartu berri du Espainiako Hezkuntza Ministerioak.
Lehenengo eta behin, gaztelera irakasteko lau ordu astean ezarri nahi ditu Espainiako Hezkuntza Ministerioak. Ingelesa, euskara eta gazteleraren arteko oreka apurtuko luke horrek. Gaur egun, euskal irakaskuntza publikoan ordu kopuru bera eskaintzen zaie hizkuntzei, hiruna ordu astean alegia, bat ere nagusitu ez dadin. Gainera, ikasleen eleaniztasuna helburu izanik, eskolaurretik hasten dira ingelesez ikasten umeak euskal eskola publikoan, Espainiako ereduan horrela ez bada ere. Horregatik, "ministroaren ikuspegi murriztua" kritikatu dute EHIGEkoek.
Ildo beretik, Espainiako Hezkuntzaren Kalitateari buruzko Legea gaitzetsi dute euskal gurasoek, "Estatu osorako hezkuntza eredu bakar baten inposaketa" ekarriko duelako. Hortaz, "zentralista eta baterakoia den aldetik, Kalitatearen legeak ez du eredu propiorik garatzeko aukerarik uzten", adierazi dute gurasoek. Hala ere, "negoziatu gabe" Espainiako Kongresuak onartu berri duen legeak Euskal Eskola Publikoaren ereduan izan ditzakeen ondorioez beldurti azaltzen da EHIGE, "16 urte izan arteko derrigorrezko eskolaratze doakoa zailagoa egiten baitu".
EAEko Hezkuntza Sailak, bestalde, arestian agertu du A ereduan euskarazko irakasgai bat emateko bere nahia. EHIGEko lehendakariak aurrerapausotzat hartzen badu ere, "ikasleen elebitasuna bermatzeko, ikastetxearen giroa euskaldundu ezean, euskarazko irakasgai batek ezer gutxi" egin lezakeela azaldu du. Ana Izagirrek azaldu bezala, ikastetxeei baliabide egokiak eskaini behar zaizkie elebitasuna berma dezaten, hots, azpiegiturak eta irakasle euskaldunak.
0-3 urte bitarteko haurrak
Gurasoek eginiko proposamenaren arabera, 5.700 bat plazaren eskaera dago EAEn eta horiek asetzeko plangintza aurkeztu dute. "Maila sozio-ekonomiko baxuetako zonaldeek, hezkuntza bereziko haurrek eta hizkuntza eskakizunak ase behar dituzten umeek" izango lukete lehentasuna. EHIGEren ustez, 0-3 urte bitarteko umeen eskolaratzeak, gaur egun, "ez du hezkuntza ezaugarririk".
Alde horretatik, gurasoek "hezkuntza prozesuaren oinarrizko elementutzat" jotzen dute. Horregatik, EHIGEk Eusko Jaurlaritzari eginiko proposamenak "urtebete baino txikiagoak diren umeen % 40aren eskolaratzea" bideragarria dela erakusten du, eta "bi urteko haurren % 100ari" zerbitzu hori eskaintzeko baliabideak badaudela frogatzen du. Horretarako, haur eskolak sare publikora ekartzeko aukera aurreikusten du EHIGEk, "0-3 urte bitarteko umeen eskolaratzeak hezkuntza prozesuan duen garrantzia" kontuan izanda.
Haur eskolak sare publikora ekartzeko proposamen horrek 1993an publifikatutako ikastolen eredua jarrai lezake. EHIGEk "oso positibotzat" jotzen du ikastolen mugimendutik etorritako ikastetxeen integrazio hori, "euskal ereduak birmoldatzen eta euskalduntze prozesua suspertzen" lagundu baitute. Hala ere, azkenaldiotan irakaskuntza publikoaren beraren ezaugarriak aldatu diren heinean, euskararen normalkuntza bidean euskal eskola publikoak izandako garrantzia azpimarratu nahi izan du EHIGEko lehendakariak. Izan ere, A ereduan gero eta haur gutxiago matrikulatzen da.
Etorkinen umeak euskaldundu nahian
EHIGEk egoera hori aldatu gura izan du eta etorkinen umeak euskal ereduetara ekartzeko saioak egin ditu. Ana Izagirrek azaldu bezala, "oso esperientzia onak" izan dituzte B eta D ereduetara jo duten etorkinen seme-alabek. Hortaz, lan horretan jarraitzeko asmoa ageri dute gurasoek.
Etorkinek hizkuntza ereduetan izango duten garrantziaz ere jabetu da EAEko administrazioa. Horren datuek erakutsi bezala, 30 urte barru euskaldunon kopuruak ez du gora egingo. Kontrara, egoera mantendu egingo dela ziurtatzen du administrazioak. Horren arrazoi nagusia da Euskal Herriak onartuko dituen etorkinek erdara nagusitu dezaketela. Horregatik, euren seme-alabak euskalduntzeak kulturen integrazioa ez ezik, euskararen etorkizuna bermatuko du.
Saharar herriarekiko elkartasuna bultzatzeko kanpaina jarri du martxan EHIGEk. Herrialde azpigaratua izan arren, Saharako biztanleriaren %100 eskolatua dago. "Esfortzu laudagarritzat" hartzen dute gurasoek hori. Horregatik, Dajla herriko lehen hezkuntzako bost ikastetxeetan birgaitze lanak egiteko diru-bilketa abiatu du EHIGEk, baita materialez hornitzeko ere (mahaiak, aulkiak, armairuak eta abar). "Ume bat, euro bat" kanpainaren bitartez, ume bakoitzak euro bateko "adreilua" erosten du. Gurasoek, herri erakundeek eta norbanakoek beste elementu sinboliko bat eros dezakete.
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Kontu zenbakia: 2095 0105 31 91 0486211 1
Helbidea: EHIGE Gurasoen Elkartea
Ronda, 27 1º esk. 48005 Bilbao
Telefonoa: 94 416 93 60
Faxa: 94 416 66 48
Interneten: www.ehige-sahara.org / ehigeehige.org
![]() |
|
||||
1900 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa