Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-05-18 -- 1899.zenb

ZIKLO BERRIA

Xabier Aierdi

Lasterketa-zoro honetan beste plebiszitu batera heldu gara. Plebiszitu, diot, gure eremukoek ia gehiago dutelako erreferendumetik hauteskundeetatik baino. 2001eko maiatzak 13ko hauteskundeek ziklo bat bukatu zuten. Berorretan, indar zentralistek izan zuten estrategia partaidetza eta portzentaia areagotzea izan zen, iritzi batean oinarrituta: partaidetza oso handi batera helduta nazionalismoak galdu egingo zuen. Hipotesi hau pikutara joan zen, eta, bide batez, soziologia elektoralean ezarria zegoen printzipio berau ere.

Orduko hauteskundeetatik (zehatzago: 1998-2001 ziklokoetatik) atera zitezkeen ondorio nagusiak bi ziren. 1: Euskal Herria politikoki eraikitzear, ez deskubritzear, dagoen errealitate sozial bat da, eta 2: ez dago egon, dagoeneko, konkistatu daitekeen eremu berririk. Euskal Herria anitza den argudioa, egia izanik, ez da nahikoa, aniztasun honi konplexutasuna gaineratu behar baitzaio. Ez dago, beraz, erremedio errazik ezta bidezidorrik aniztasun konplexu hau gestionatzeko. Beronen aurrean, bide bat ez ikusiarena egitea da. Bide antzua, hala abertzale nola zentralistentzako. Beste bide bat dago, arras zailagoa, erremedioek konplexuak izan behar dutela eta hemen ez dagoela inor sobran.

Oraingoek, helburu berberarekin, EAJ boteretik ateratzea, beste ziklo bat hasten dute. Ziklo berriaren ardatza lehia-eremua zegoena baino gehiago zapuztea. Horretarako ezinbesteko bidea ezker abertzalea mapatik ateratzea da. ETAk ez ezik, PPk ere bere zerrenda propioa du. Azken honetan, «Egunkaria»ren kontua, Batasunaren ilegalizazioa, egoitzak ixteko egingo diren saioak, talde parlamentarioa deuseztatzeko agindua, AuBk zerrendak aurkeztu ez ditzan hartutako neurri guztiak... Horretarako muntatu du bere konplexu politiko-juridiko-legegilea. Funtsean, jokoan dagoena EAEko egungo gobernua osatzen duten alderdiak eta ezker abertzalearen artean tentsio gero eta handiagoa eta abertzaletasunaren baitan sasi gerla zibila sortzea da. Logika honetako isla dira Lehendakariaren Plana, EAJ eta EAren arteko lehia ezkutua, baita ETAk Aberri Egunerako ateratako agiria ere.

Testuinguru honetan burutuko dira bigarren zikloko lehen hauteskundeak, beraz. Hala eta guztiz ere, hauteskunde hauek udaletakoak direnez, faktore «pertsonalek» nolako eragina duten ikusi beharko da. Gainbeheran badoaz, ziklo berri honetako logikak gero eta indar gehiago duela frogatu ahalko da. Mantendu egiten badira, dagoeneko guztiz erotuak ez gaudela, eta, bide batez, gizarteak eta politikak erritmo ezberdina daramatela sumatu ahalko da, berau baita gure tragediarik handiena: proiektu politikoak gizarte erreala kontuan hartu barik garatzea edo geure proposamen politikotik abiatuta norbere neurriko gizartea sortu daitekeenaren ustearekin planteatzea.

Baldintza normaletan, hauteskunde hauetan arreta-gune esanguratsuenak Donostia eta Bilboko udaletan eta Arabako Foru Aldundian gerta zitezkeen aldaketak ziren: Roman Sudupek Odon Elorza ordezka zezakeen, Bilbon indar korrelazioa oraingoan PP-PSOEren aldekoa izango ote zen eta EAJ-EAk Arabako Aldundia berreskuratuko omen zuten. Honez gain, joeren arabera, PPk boto kopuruen goia joa izanda indarra galtzen joango zela zirudien, EAJ-EAk Batasuna zenari ia boto gehiago urratuko ote zion eta gainontzeko udalerrietan Aralarrek hartu zezakeen indarretik aparte aldaketa gutxi espero zitekeen.

Baina parametroak zeharo aldatu dira. PPk Irakekoa ahazteko emankorrena zaion estrategiara jo du berriro: Euskal Herrira eta bertako etorkizuneko giza kostuak kontuan hartu barik Espainian errendimendua ateratzera. Honela, AuBren marjinazio elektoralarekin presioa nazionalismoaren eremuan dago eta eztabaida boto baliogabetuen inguruan izango da. Urrun dagoz baldintza demokratikoak ematen ez ziren moduan PP eta PSOEk herri ugaritan zerrendak ezingo zituztela aurkeztu eta hauteskundeak suspenditu egin behar zirela zioten oihuak. Beraz, plebiszitu berri hau inkognita hutsa da eta bizpahiru hipotesi ziur dira: AuBk boto kopurua igo egingo du, botoa blokeka kontzentratu egingo da, Lehendakariaren Planerako ez dute termometro bezala balio izango, eta galtzaileak indar politiko txikiak izango dira: IU-EB eta Aralar.

Hortik aurrera, seguruenik, errealitate konplexu bati erremedio sinpleak aplikatu.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan