Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • UDAL HAUTESKUNDEAK EUSKAL ARAZOAREN SUMENDIAN

2003-05-18 -- 1899.zenb

UDAL HAUTESKUNDEAK EUSKAL ARAZOAREN SUMENDIAN

Xabier Barandiaran


Maiatzaren 25ean udal hauteskundeak burutuko dira. Egoera arruntean, hauteskunde hauetako politikazko eztabaida, orain artean udal bakoitzak eginiko kudeaketaren ebaluaketara eta talde politiko ezberdinek aurkezturiko etorkizuneko egitasmoetara loturik egon beharko litzateke. Inoiz baino gehiago udal hauteskunde hauek erabat sakrifikatuko dira aktore politikoek euskal arazoaren aurrean planteatzen dituzten estrategien baldintzetara. Borroka politikoa aurkako politikoaren desagerpen faktikoan oinarritzen denean edozein herri eraikuntza demokratikotatik urrundu egiten gara.

Lizarra-Garaziko hitzarmenaren hausturaz geroztik euskal politikaren triangelu hirukoitza erabat kontrajarrita, txikituta eta inoiz baino inkomunikatuago dago: ezker abertzalearen, abertzaletasun klasikoaren eta alderdi konstituzionalisten arteko joko zelai amankomunak erabat urriak ari dira gertatzen.

Abertzaletasun klasikoaren eremuak Ibarretxeren egitasmoaren oinarriekin erdigune politikoa indartze alderako ariketa politikoa burutu du; mugak handiegiak gertatzen ari dira ordea, Eusko Legebiltzarrean ikusi daitekeen moduan. Erdigune hori indartu eta praktikan eraginkor bihurtzeko aldeak integratzen joatea ezinbestekoa da; horretarako ekuazio erabat etsaituaren aurrean aurkitzen da Lehendakaria; ezker abertzaletik edota alderdi konstituzionalistetatik jasotzen dituen integrazio eskaintzak bere buruari uko egitea eskatzen baitiote. Alde batera eta bestera geratzen diren aktoreen aurkako jarrera handiagotzen doan neurrian erdian geratzen denaren gaitasuna erabat txikitzen da. Ibarretxe erronka zail baten aurrean dago: ezker abertzalearen nahiz alderdi konstituzionalisten kontra burutzen diren eraso ez demokratikoen defentsa bi munduek legitimatzen dituzten guneetatik etor daitezkeen eraso ez demokratikoei aurre egitearekin uztartu behar du.

Alderdi Popularrak estrategia ezagunean jarraitzen du: ezker abertzalea sistematik kanpo utzi eta euskal arazoari aurre egiteko herri egituraketa berri bat planteatzen duen abertzaletasun klasikoa erakundeetatik kanpo jarri. Horretarako sistema demokratikoaren oinarrizko baloreak sakrifikatu ditu. Alderdi Popularrak ezker abertzalea suntsitzea baino helburu zabalagoa du: Espainiako nazio bakarrean oinarrituriko estatu bateratua indartzea. Madrilentzat ETAren biolentzia ageriko helburu eta ezinbesteko baldintza bilakatzen ari da bere estrategian aurrera egiteko.

Ezker abertzaleak bere ohiko irizpideetan darrai: estatuari aurre egin bere lidergopean Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko borroka integratuz eta soilik lidergo hori baieztatzeko aukerak sortzen diren neurrian abertzaletasun klasikoarekiko komunikazioa irekiz. Madriletik etorri zaizkion eraso antidemokratikoen aurrean abertzaletasun klasikoari erantzuna eskatu dio; baina erantzun hori praktikan ez da iraunkorra eta eraginkorra gertatuko euskal Herriak Espainiako Estatuari eman beharreko erantzuna soilik bide demokratikoetatik eman behar dela adierazten ez duen bitartean. Betiko arazoa.

Udal hauteskundeak eszenatoki krudel honen lekuko bilakatu dira. Herri askotako udalak zor demokratiko garrantzizko baten pean jaioko dira. Oker dabil demokrazia ariketa ez demokratikoekin indartu nahian dabilena. Espainiako Auzitegi Gorenak AuBren eta herrietako plataformen artean 249 zerrenda legez kanpo uztea erabaki du. Mesede exkaxa egin dio demokraziari, herritar ugariren eskubide politikoei eta eraso ez demokratikoak jasaten dituzten Alderdi Popularreko eta Alderdi Sozialistako zinegotziei. Erabaki honek hiritarren artean desberdintasun nabarmenak sortzen ditu pentsamoldeen arabera. Alderdi Sozialista bide beretik doa Jose Luis Rodriguez Zapaterok aste honetan behin eta berriro adierazi duen bezala.

Hauteskunde hauetan ezker abertzaleak bere presentzia exijituko du eskubide demokratikoen izenean. Euskal Herriko gainontzeko alderdiek laguntza eskaintzea bidezkoa da; formula ezberdinak aztertu beharko dira, baina ezker abertzaleak, Eusko Alderdi Jeltzalea, Eusko Alkartasuna, Ezker Batua, Aralar eta abar lanbide horretara ekarri nahi baditu ohiko argudioak baino zerbait gehiago jarri beharko ditu mahai gainean. Ezker abertzalearen kontrako erasoei aurre egiteko ekimenak ezinbesteko egiten du guztien oinarrizko adostasuna prozedura demokratikoari dagokionean. Ezin daiteke AuB legez kanpo uztea demokraziaren kontrako erasoa dela aldarrikatu eta zinegotzi sozialista bat hiltzean arazoa euskal auzian kokatzera mugatu. Euskal Herriko zatiketa politikoa areagotzen doan neurrian zatiketaren logikak errealitate berriak irensten ditu. Oraingoan, gatazka herritarronganaino iritsi da. Guzti honen emaitza garbia da: zor demokratikoa duten udalak eta kudeaketa egokia burutzeko giro egoki baten falta. Herrigintzaren oinarriak geroz eta kolokagoan daude. Gure herriak kontsentsu demokratiko zabal bat behar du politikan jarraitu beharreko prozeduren inguruan. Gainontzean gureak egin du.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan