Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 09:39:43
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-05-18 -- 1899.zenb

MondragonKorporazioKooperatiboa

MCC: NAZIOARTEKO HEDAPENEAN, SALMENTAN ETA ENPLEGUAN GORA

Daniel Udalaitz

Iazko ekitaldian, 2002koan alegia, Mondragon Korporazio Kooperatiboa (MCC) taldeak ere nabaritu zuen ekonomian oro har gertatu zen moteltzea edo hazkunde txikiagoa. Hala eta guztiz, enpresako arduradun nagusiek diotenez, aski emaitza onak izan zituzten salmentetan (kanpoko nahiz barruko merkatuetan), enpleguaren sorkuntzan eta internazionalizazioan gaina hartuz joateko helburuan. Ondorio horixe ateratzen da behintzat Euskadiko Kutxaren 2002ko memorian datozen datuetatik. MCC taldeak berak oraindik ez ditu ofizialki aurkeztu datuak, baina, dena dela, artikulu honetan jaso ditugunen antzekoak izango dira.

Gaineratu dugun taulan ikusten den moduan, taldeak %13tik gorako igoera izan zuen salmentetan (9 mila milioi eurotik gora saldu zuen) eta %11,4ko hazkundea enpleguan, hots, 6.384 lanpostu sortu zituen. Urtearen amaieran, 67.000 enplegatu baino gehiago zituen taldeak guztira: multzo horretatik 7.000 lagunetik gora ziren kooperatibek parte hartzen duten atzerriko elkarteetan zihardutenak. Internazionalizazioaren arloan, kanpoko merkatuetan tokia hartuz joan da nabarmen, eta hauexek dira lorpen agerikoenak: Fagor Etxetresna Elektrikoak Frantziako Brandt Electromenager taldearen barruan sartu zen, Israelgo Elco taldearekin aliatuta; Matz Erreka ezarri zuen Mexikon, Fagor Sistemas eta Danobat Alemanian eta Fagor Electrodomésticos, Orkli eta Irizar Txinan (Irizar kooperatibaren kasuan, fabrikazioko bigarren planta da iazkoa).


Talde industriala da internazionalizatuena


Lehen adierazi dugun moduan, hiru talde biltzen ditu MCCk. Hiruko horretan, talde industriala da nazioarteko koiunturan presentzia handiena duena, eta, ondorioz, talde horrexek nabaritu zuen gehien ekonomiaren 2002ko moteltzea. Hala eta guztiz, iazko ekitaldia "aski bikaina" izan zela diote taldeko arduradun nagusiek. Erantsitako taulan ikusten denez, fakturatu bederen 2001ean baino %15 gehiago fakturatu zuten.

Iazko ekitaldian, eraikuntzako dibisioa, makina erremintarena eta ekipamendu industrialena izan ziren dinamikoenak. Lehenbizikoan, 2001ean baino bi aldiz gehiago fakturatu zuten (neurri batean 2002an Ulma Taldea MCCn sartzearen eraginez); beste bietan, berriz, %14 inguru igo ziren salmentak. Ingeniaritzako eta ondasunen ekipamenduko dibisioa bakarrik geratu zen 2001eko emaitzak hobetu gabe (urte horretan %24ko hazkundea izan zuen, eta iaz %-5,6 gutxiago fakturatu zuen). Zaila zen 2002an 2001eko emaitzetara iristea, eta are nekezagoa inbertsioetan geldialdia izanda. Edonola ere, dibisio horren barrukoak dira ingeniaritzako eta aholkularitzako kooperatibak, eta, kasu horretan, aldekoa izan zen ekitaldia: %16ko igoera izan zuten fakturazioan, besteak beste teknologia berriekin zerikusia duten negozioek gero eta presentzia handiagoa dutelako esparru horretan.

Taldeko arduradunen iritziz, internazionalizatuz joateko helburu estrategikoa erdiesteko garaian, bi alderdi izan dira erabakigarriak. Batetik, atzerrian planta berriak abian jartzea; bestetik, berriz, esportazioetan gora egitea. Datuetan, honela ageri zaizkigu nazioarteko salmentak: 2001ean, %50eko kuota lortu zuten; 2002an, berriz, %51,3koa. Talde industrialaren kasuan, 4.000 milioi eurokoa izan zen salmenta totala, eta kantitate horren erdia baino gehiago, hots, 2.000 milioi euro baino gehiago, nazioarteko salmentak izan ziren. Talde horren barruan, automobilgintzako eta etxetresnetako dibisioetan ageri da salmenta handiena, nahiz eta, 2002ko hazkundeari dagokionez, eraikuntza eta makina erreminta atera garaile. Inbertsioetan, talde industrialak 319 mila milioi euro ezarri zituen 2002an; beraz, 2001ean baino %13 gehiago inbertitu zuen.


Banaketako taldea: Eroski nazioarteko aliantzen bila


Txikizkako merkataritza da MCCren barruko banaketako taldearen jarduera nagusia. Consum eta Eroski kontsumoko kooperatiben bidez ateratzen du aurrera jarduera, kooperatiba horietan parte hartzen duten Comercial Erein, Erosmer Ibérica eta Sofides (Frantziako estatuan dauka egoitza) elkarteen bidez eta Balearretako, Galiziako eta Madrilgo aliatuekin batera sortutako beste elkarte partizipatu batzuen bidez. Banaketako taldekoak dira, halaber, nekazaritzako, abeltzaintzako eta elikagaien industriako beste sei kooperatiba, zeinek, aldi berean, Erkop nekazaritzako elikagaien taldea osatzen baitute.

Banaketako taldeak, 2002ko ekitaldian, finkatu egin zituen negozioko lerroak, beste jarduera zenbaiti ekin zion eta nazioarteko aliantza bat gauzatu zuen ITM talde frantsesarekin. Salmentetan, berriz, 2001ean baino %12 gehiago saldu zuen. Eroski taldeak, iaz, beste 58 supermerkatu eta autozerbitzu propio zabaldu zituen, 7 hipermerkatu, 8 zerbitzu estazio eta 21 bidaia bulego. Sare komertzialaren hedapen hori dela eta, 2.000 lanpostutik gora sortu zituen taldeak.

Eroskiri dagokionez, MCCko arduradunek diote enpresa hori aliantzen eta akordioen politikan funtsatzen dela, merkatuan eta hornitzaileekiko harremanean konpetitiboagoa izateko, eta alderdi horren ondorio ona azpimarratzen dute. Hala, Frantziako Mosqueteros (Intermarché) taldearekin lortutako aliantza aipatzen dute, esate baterako. Nazioarteko aliantza horren ondorioz, 41.750 milioi euroko salmenta lortzen dute, hots, ia 7 bilioi pezetako salmenta, eta, horrenbestez, hirugarren ageri dira Europako sailkapenean eta bigarren elikagaien merkatuan. MCCko arduradunen iritziz, aukera paregabea da Eroski taldeak erosteko gaitasuna hobe dezan, eta bide ematen die, gainera, aurrerantzean epe luzeagoko kolaborazio nazioartekoak funtsatzeko.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan