Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-05-11 -- 1898.zenb


TXOTXONGILOEN EGUNA

Hainbat kultur adierazpidek duen bezala, txotxongiloek euren eguna dute. Ekainaren 14 eta 15ean Unima Euskal Herriak eta Getxoko Kultur Etxeak jardunaldiak antolatu dituzte Getxon, Euskal Herriko Txotxongilo Egunaren izenpean. Hamar taldek 26 funtzio eskainiko dituzte. Erakusketak eta tailerrak egingo dira. Horrez gain, talde profesional ugarik erakusmahaiak jarriko dituzte, euren lana agertzeko xedez. Hor izango dira, besteak beste, Antzezkizuna, Kukubiltxo, T.E.N. Nafarroako Antzerki Egonkorra-Pinpilinpauxa, Tenderete, Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia, Bilboko Titiriteroen Dokumentazio Gunearen Txirlora Elkartea...


MUSIKAREN JAUREGIA 2006RAKO

DATORREN urtean hasiko dira Gasteizko Musikaren Jauregiaren eraikitze lanak. Juan Navarro Baldeweg arkitektoak aurkeztu berri du eraikinaren proiektua eta esan duenez, 2006rako amaituko dira lanak. Guztira, 22.400 metro koadroko azalera izango du. Areto nagusian 1.400 pertsonentzako lekua izango du. Areto txikiak berriz, 500entzako tokia izango du. Guztira, 32,2 milioi euroko aurrekontua du Jauregiak.


EMAKUMEAK KARTELETAN

HIL honen 13a arte dago ikusgai Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxean «Emakumea kartel publizitarioan» izeneko erakusketa. Carlos Velascoren bildumatik aukeratutako iragarki grafiko hainbat zintzilikatu da aretoan. 1870etik 1960ra bitartekoak dira guztiak. Eta bertan emakumearen irudi desberdinak ageri dira. Kartelak garaiko ilustratzaile ezagunek eginak dira, besteak beste, Segrelles, Penago, Ortego Vereda... eta beste asko anonimoak dira.


ORIGINALAK BERRESKURATZEN

EUSKADIKO Filmategiak berreskuratu ditu euskal zinemagintzan garrantzi handikoak diren 18 filmeen negatibo originalak. Besteak beste, Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten «Ama Lur»enak, Larruquert eta Juan Ignacio Lorenteren «Namasté, chamo longmu» («Agur Everest»)enak, edota Juanma Bajo Ulloaren «El Reino de Victor»enak. Berreskurapen prozesua luzea izan da. Izan ere, original hauen ekoizleek orain dela 40 urtetik gora utzi zituzten Cinemaritaje eta Fotofilm SAE Kataluniako enpresen esku. Hauek 1999an porrot egin zutenean, Bartzelonako epaitegi batek 5.000 film ingururen negatiboak bahitzea agindu zuen. Zinta hauek enkantera ez zitezen atera, Euskadiko Filmategia espediente judizialean lekukotu zen.


POESIAREN ASTEA

ERRENTERIAKO Mikelazulo Kultur Elkarteak Olerkiaren 3. Astea antolatu du maiatzaren 12tik 17ra bitartean. Egitarau potoloa du aurten. Besteak beste, hilaren 12an Joxerra Gartziak «Metafora zertarako» hitzaldia eskainiko du; 13an «Hitz eta irudien katea» erakusketa inauguratuko da. Maiatzak 14an berriz, Urbeltzek eta Irigaraik solasaldia eta olerki irakurketa egingo dute «Oteiza Mikelakobazuloan» izenburupean. Eta hurrengo egunean Jose Luis Padronek olerki emanaldia eskainiko du euskaraz, galegoz eta gazteleraz.


XI. ARGAZKI BILERA

ZARAUZKO Photomuseumekoek antolatzen duten XI. Argazkien Bilera da aurtengoa. Honen baitan bost erakusketa paratu dituzte herriko galerietan. Kaya Galerian Julian Lladosa valentziarraren «Nire hiriaren inguruan» erakusketa jarri dute. Zazpi Galerian, Jose Frisuelos argakilariaren «Klik!» izenekoa. Torre Luzean Dörte Eissfeldt alemaniarraren «Perfect Worlds» lana dago ikusgai. Sanz Enean Château dÆEauko udal galeriako argazkilarien lanak ikus daitezke. Eta Photomuseumen Jean Dieuzaideren «68ko maiatza Tolosan» erakusketa paratu dute. Azken hau Château dÆEau galeria sortu zuen argazkilaria da. Guztiak maiatzaren 18a arte daude ikusgai. Argazkilari bilerarekin bat Photomuseumek museo berria izango denaren proiektua aurkeztu du. Areto berriak Villa Manuelako baxua eta lau solairuak hartuko ditu eta Europa mailan erreferentzia bihurtuko da.


OTEIZA MUSEOA INAUGURATUTA

AZKENEAN maiatzaren 8an inauguratuko da Jorge Oteiza Fundazio Museoa. Apirilaren amaieran zegoen aurreikusita inaugurazioa, baina azkenean atzeratua geratu zen. Museoak hiru fasetan irekiko ditu ateak. Maiatzaren 8an Jorge Oteizaren eskulturari eskainitako erakusketa inauguratuko da. Uda eta gero irekiko da artistaren etxebizitza zena eta urte amaieran, hirugarren fasean, dokumentazio zentroa zabalduko da.

- Fernando Aramburu idazleak zera adierazi zuen «El Pais» egunkarian egin zioten elkarrizketan: «Batzuek literatura lanbidetzat hartzen dute. Niretzat, lehenengo, hizkuntzaren arte bat da».
- Iñigo Muguruzak «Gara»n: «Artistaren mementorik txarrena finkatzen denean izaten da».
- Garbi Losadak egunkari berean zera zioen: «Ia konpainia guztiek bertsio bikoitza prestatzen dugu, euskaraz eta gaztelaniaz. Kontua da zergatik ez dagoen programazio bikoitza».
- Joxean Agirrek esana da hau «Egunero»n: «Lotsa ematen diguten alderdiak, ezkutatzen saiatzen garenak, literaturaren bidez maitatzera iristen gara».
- Enrique Urbizuren hitzak dira hauek «El Cultural»en jasoak: «Zinema mutura bueltatu behar dugu. (...) Ahaztu egin zaigu zinema funtsean irudiek eta soinuek osatzen dutela».
- Benito Lertxundik zera adierazi zuen «Egunero»n Ez Dok Amairuren inguruan: «Gauzak era hartan hasi ez balira orduan, egun akaso ez zen euskal kanturik izango, edo desberdina izango zen».

Apirila arte, Televisión Españolak EAEn eskaintzen duen Telenorte saioak euskarazko «Gaurkoak» atala zuen, saioaren lapurpena zena. Apirilean, zuzendaritzak atal hori egiten zuen langileari ez zion kontratua berritu eta atala emititzeari utzi dio TVEk. Lehen gutxi ageri bazen, guxiago orain.

Joxean Agirre idazle eta kazetariak Joseba Jaka saria lortu eta bi urtera plazaratu du «Romain zen bere izena» liburua. Bertan, idazle handi eta saritu baten bilaketa kontatzen du.
Aitzol Aramaio ondarrutarraren «Terminal» filma laburra Veneziako film laburren jaialdian lehiatzeko aukeratu dute, maiatzaren 9 eta 10ean.
Juan Luis Zabalak Jesus Artze usurbildar txalapartariaren biografia bat idatzi du. «Jesus Mari Artze, ttakunaren esku isila» liburua Usurbilgo Zumarte musika eskolak eta Jexux Artze elkarteak eman dute argitara txalapartariaren heriotzaren urteurrena dela-eta.
Parasma taldeak «Ekaitzik gabeko bakerik?» izeneko bigarren diskoa plazaratu du Oihukaren eskutik.
Nestor Basterretxearen erakusketa dago ikusgai Donostiako San Telmon ekainaren 29a arte. Erakusketak artista baten tailerra irudikatu nahi du. Honekin San Telmoren etorkizunean ardatz izango den Gaur taldearen aldeko apustua finkatzen da.

Mikel Markez eta Pako Aristiri elkarrizketa egin zieten «Putz» aldizkarian. Honakoak adierazi zituzten bertan:
« P. ARISTI: Guk somatu diagu ekitaldia nork antolatzen duen, ba horren arabera izango dela arrakastaren tamaina. Honen antolatzailea udaletxeko euskara teknikaria baldin baduk, oso jende gutxi mobilizatzen dik, gehienetan. Antolatuko dik, ordainduko dik, kartelen bat jarri, baina ez duk arduratuko hori zabaltzen. (...)
M. MARKEZ: Dena ari duk profesionalizatzen. Lehen, kantaldiak egitera joaten ginenean normalean herriko gazteak, festa-komisioak eta izaten zituan antolatzaileak. (...) Somatzen huan deitu hindutela benetan hire kantaldia nahi zutelako eta ez hilabete osorako egitarau bat bete behar zelako. (...)
P. ARISTI: Guri gertatu izan zaiguk sarri: joan gaituk ez dakit nongo herritara udaletxekoek antolatutako emanaldi batera, eta han aurkitu diagu kultur teknikaria giltzekin zain. Lehenengo galdera, hauxe: æNoiz amaituko duzue?Æ (...). Gauzak antolatzeko modu zikina duk, batere gustatzen ez zaiguna. Horixe zekarrek kulturaren funtzionarizatzeak. (...)
M. MARKEZ: Orain ez zegok galbahe naturalik. Lehen disko bat zuan artelan bat, disko bat erosi eta entzun eta entzun egiten genian; orain, berriz, disko bat duk kontsumo-objektu bat, erosten dena, bi hilean entzun eta kleenexa bezala zakarrontzira botatzen dena».

www.atxukale.com mutrikuarrentzako euskarazko ataria sortu du Pedro Arreitunandiak. Guneak «Kalaputxi» herri aldizkariko albisteak eta informatikari buruzkoak eskaintzen ditu. Era berean, albisteak eta iritziak bidaltzeko parada eskaintzen die herritarrei.


MOBILIZAZIO ASTEA

Demoek deituta, mobilizazio astea izango da maiatzaren 15etik aurrera. «Ez ditugulako ezarri nahi zaizkigun zigorrak onartzen, eta euskara bizitza publikoan zabaltzea nahi dugulako», maiatzaren 24an Baionako tren geltokitik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute Demoek.


SOFTWARE KATALOGOA BERRITUTA

Udako Euskal Unibertsitateak euskarazko software katalogoaren web gunea berritu du (http://softkat.ueu.org). Guneak euskaraz dauden software programa guztiak biltzen ditu, baita haien ezaugarri eta datu ugari eman ere. Horietako asko, web gune bertatik jaitsi daitezke gainera. Halaber, orrialdean euskarazko softwareekin lotutako albiste ugari kontsulta daiteke. Gunearen berrikuntza nagusia behatokia zerbitzua da. Haren bidez, Interneten euskara zenbat erabiltzen den neurtu ahal izango dugu.



EUSKALDUN HIZTUN IAIOAK SORTZEKO

«Ahozkotasuna Ikasgelan: ahozkotasunaren garrantzia eta lanketa curriculum integratuan». Horixe izango da Eukal Herriko Ikastolen Konfederazioak Gasteizko Europa jauregian, maiatzaren 14tik 16ra egingo dituen X. jardunaldi pedagogikoen gai eta ardatza. Azkenaldian usu aipatzen den ikasleen ahozko adierazmen eskasa hobetzea helburu, Europako adituen hitzaldiak, eredu teoriko-praktikoen azalpenak eta egun dauden oztopo, zailtasun eta aukeren gaineko hausnarketak izango dira hiru egunetan zehar.



EUSKALKIAK ETA HEZKUNTZA UZTARTUTA

«Euskalkia eta hezkuntza. Dakigunetik ez dakigunera euskal diglosiaren irazian» liburua plazaratu du Juan Luis Goikoetxea euskaltzain urgazleak Euskaltzaindiaren Iker bildumaren baitan. Goikoetxeak 2001ean defendatutako tesiak euskalkiaren eta euskara batuaren arteko korapiloa askatzetik abiatzen da eta eskoletan bi euskarak erabiltzeko proposamena egiten du.

hemeroteka

1897. zenbakia | 2003-05-04
1896. zenbakia | 2003-04-20

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan