Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-05-04 -- 1897.zenb

- Espainiako Gobernuak berriz eragin du zalaparta handia Irakaskuntzaren Kalitate Lege Dekretuaren edukiekin, oraingoan bigarren hizkuntza bat duten autonomietan gaztelania astero gutxienez lau orduz irakatsi beharko dela aginduz. EAEn jadanik betetzen da hori eta, besteak beste, Generalitateak eta CCOOk dekretuaren erretiratzea eskatu dute.
-Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia Ibarretxe lehendakariaren proposamenaren aurka doinu epikoan: ĞEspainiarekin adiskidetasunezko harremanetarako baino, egiazki, Espainiaren aurkako gerrara jotzeko proiektua da, Arzalluzek berak azken egunetan adierazi duen bezalağ.
- Juan Karlos Alduntzin Pasaiako alkatea kargu publikoetan aritzeko 11 hilabetez indargabetu du Donostiako Auzitegiko 5. aretoak, honek Arartekoarekin elkarlanean aritzeari uko egin diola ebatzi ondoren. Alduntzinen abokatuak erabakiaren aurkako helegitea jarri du eta, beraz, Pasaiako alkatea hauteskundeetara aurkeztu ahal izango da, auzi honi dagokionez behintzat.

Valery Giscard dĈEstaing Europako Konbentzioko lehendakariak borobildu du jada bere lan taldeak prestatu duen Europako Batasunerako (EB) Konstituzio proiektua. Besteak beste, EBko lehendakari eta lehendakariorde baten izendapena proposatzen ditu, hauek izendatuko lituzkeen Kongresu bat (ez jadanik dagoen Parlamentua), eta Batzordearen lana bideratuko lukeen Direktorio bat. Batzordeak, Legebiltzarrak eta talde parlamentario handienek ez dute egoki ikusten Frantziako lehendakari ohiaren taldeak landu duen proiektua, haien ustez besteak beste, nahasteketa eta burokrazia handiagoa dakartzalako.

Hendaiako udalak eta Euskal Konfederazioak euskara udal honen zerbitzuetan erabili dadin akordioa sinatu berri dute. Angelu eta Baiona izan daitezke akordioa sinatuko duten hurrengo hiri garrantzitsuak. Miarritz, aldiz, Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluan ezkutatzen omen da halako hitzarmenik ez egiteko.
Maiatzaren 17an, halaber, Euskal Konfederazioarekin halako akordioak sinatu dituzten udalek Ezpeletan bilduko dira, festa egiteaz gain bizi dituzten esperientziak elkartrukatzeko asmoarekin.

Jakoba Errekondo

Udaberria ala udazkena, ujalak edo izuitzeak, bero lama edo horma, artaburua bezalaxe babalorea nonahi eta noiznahi aurkituko duzu. Oraintxe da, baina, baba lore sasoia, artaburuak emango dituzten landareak ereiteko garaian baba berri samurrak jateko aukera emango diguten baba loreen sasoia.

Garai batean, Ameriketatik artoa eta babarruna ekarri baino lehenago, etxeko animali guztion urte osoko elikaduran oinarrizko jakia omen zen baba, hemen bezalaxe Mediterraneo inguru osoan eta Asia mendebaldean. Premia hauek osatu ahal izateko adina baba ereingo zen hemengo soro eta baratzetan. Gaur egun udaberriko luxuzko jakia bilakatu da. Udaberrikoaren anaitzakoa den baba beltx txikia jateko aukerarik ia inon ez denez honen gurtzarako osatutako tripontzi kofradia ere ezagutzen dut. Bada, garai batean bezala, baba lorea edertasunaren eta oparotasunaren adierazle gisa erabiltzen ez diot inori aditzen, bai aldiz ergel edo koitaduari deitzeko. Izan ere, denak sartzeko adina paperik ez nuke izango eta ez dut izenik aipatuko, baina askorentzako egokia izateaz gain eder askoa da, izan: baba lore alaena!

Jabier Agirre

Garrantzi handikoa da kontuan hartzea haurdunaldia bitarteko obesitateak eragin txarrak ekar ditzakeela, bai fetuarentzat eta baita haurdun dagoen emakumearentzat ere. Horrexegatik, konplikaziorik usuenak ezagutzea komeni da.

Nafarroako Klinika Unibertsitarioko Salvador, Caballero, Frühbeck eta Honorato doktoreek diotenez, haurdun dagoen emakume batek behar duen osagai estra hori 300 kaloriakoa da eguneko. Horregatik, haurdunaldi osoan irabazten den pisua 10,7-15,2 kg bitartekoa izaten da normalean; pisu horretatik 3-6 kg koipea dira, erditzearen ondotik edoskitze egokia mantendu ahal izateko. Emakume haurdunari 0,5-1 kg irabazteko gomendatzen zaio aurreneko hiruhilekoan, eta 5 kg gainerako bi hiruhilekoetako bakoitzean. Fetuaren eskakizunak ere, noski, handiagoak dira azkeneko hiruhilekoan, nutrizioari dagokionez.
Bai haurdunaldia bitartean gehiegizko pisua irabazteak, eta baita beharrezkoa den pisua ez irabazteak ere, alterazioak ekar ditzakete haurduntza bitartean eta erditzean. Gerta daiteke erditzea aurreikusi baino lehen agertzea, eta hori saihesteko pazienteak bere jan-neurria birplanteatu egin beharko du, erregimen normalera itzuliz, fetuak etengabeko glukosa ekarpena behar baitu, aminoazidoez gain, eta horretarako ezinbestekoa da dieta normalizatzea


PILOTA HIRUKOAREN GAINERA BERRIZ ERE

Espainiako Auzitegi Gorenak ez du argitu Sozialista Abertzaleen taldeekin zer egin behar den, askoren ustez euskal gizartean bizi den egoera gehiago nahaspilatzeko; korapiloak, beraz, askatu gabe jarraitzen du. Era askotako interpretazioak egon daitezke instituzio desberdinetan, baina, aurretikoak kontuan hartuz, hiruko gobernua eta Espainiako Gobernuaren arteko enfrentamendu gune nagusiena Eusko Legebiltzarrean aurreikusten da. Dirudienez, eta Gorenaren beste agindu zehatzik ez dagoen artean, hirukoak orain arteko egoerari eutsi ahal izango lioke eta Sozialista Abertzaleen taldeak bere horretan jarraitu.


NOLA AURKEZTUKO DA AuB HAUTESKUNDEETARA?

ASPALDIAN airean dagoen galdera da, ea AuBk hauteskundeetara aurkezteko aukerarik izango duen ala ez. Berdin ezker abertzaleko herrietako plataformekin. Gehienen iritzia da Madrildik topatuko dela modurik hori gauzatzeko, eta aitzaki nagusia zerrenda horietako kide ugari aurretik HB, EH edo Batasunako zerrendetan egon direla izango dela. Orain, baimenik gabe ere, AuBk hauteskundeetan partehartuko duela baietsi du eta topatuko duela horretarako modurik. Hipotesi desberdinak egon daitezke, baina bat AuBk berak banatutako zerrendekin bozkatzea litzateke, hori bai boto denak baliogabeak bihurtuz. Gero kontaketak eta interpretazioak datoz. Eta eratu berri izango diren erakunde askoren zilegitasun kontuak.


BOTO GUTXI BATZUEKIN LOR DITZAKE ALKATETZAK PP-K

GIPUZKOAKO herri askotan -beste herrialde batzuetan ere bai, baina gutxiago- oso egoera berezia eman daiteke datozen hauteskundeetan. PPk herrialdeko 88 udalerrietan aurkeztu du zerrenda, nahiz eta hautagai askok jakin ere ez duten egingo herri horiek non diren. Horietako 20 bat herritan bi zerrenda besterik ez dira izango, bata PPrena eta bestea ohikoa den zerrenda independentea, sarritan ezker abertzaleari lotua. Beraz, zerrenda hauetako batzuk legez kanpo geratuz gero, PP litzakete zerrenda bakarra eta, teorian, boto gutxirekin ere alkatetza atera dezake zenbait udalerritan.


MAIATZAREN 1-EAN ELA, LAB, HIRU ETA EHNE ELKARREKIN

ELKARLANA eta jarduera bateratuaren izpirituari eutsiz, ELA, LAB, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarrekin ospatuko dute Maiatzaren Bata Bilbon ĞLangileok, Demokrazia, Justizia eta Autodeterminazioağ lelopean. Badira jada hilabete batzuk ELA, LAB eta ESK-k hitzarmen kolektiborako elkarlan akordioa sinatu zutela eta eremu politikoan aurrerapausoak emateko asmoa ere adierazi zuten. ĞEgunkariağren itxierak pausoa azkartzera behartu duela dirudi eta azken asteetan berriz ere bilakatu dira euskal politikagintzaren erreferentzia nagusietakoa. Horrek alderdi nagusi batzuen kritika eragin badie ere. Sektore abertzale eta aurrerakoi askotan ilusio handia sortu dutela ezin ukatu.


SATORRAK

ZALANTZA handirik ez dago, ĉsatorrakĈ alde guztietan dira eta baita Espainiako Defentsa Ministerioan ere, edo hala dirudi behintzat ikusita ministerio horren idazkariordetzatik Kode Penal Militarraren aurreproiektu legea nola atera den ikusita. Astakeria asko bere edukian, baina horietatik bi behintzat biziki nabarmendu dira: bata, gartzela zigorra proposatzen dela Espainiak nazioarte mailako gerraren batean parte hartu eta honen aurka publikoki egiten bada; bestea, gerra edo gatazka bat egon eta, soldaduen morala kaltetzeko, horren inguruko albiste edo informazio faltsua zabaltzeak zigor kartzela ekarriko luke. Federico Trillo ministroa laster aldendu da eduki horietatik, horren ezagutzarik ez zuela argudiatuz.


ASTE KLABEAK IRLANDAN

TONY Blairrek esan du Ipar Irlandako hauteskundeak ezingo direla maiatzaren 29a baino beranduago burutu eta pilota hori, horrela esan gabe ere, IRAren teilatuan utzi du, hiru baldintza jarriz: era guztietako biolentziarekin amaitzeko prest dagoen argitzea, bere armategia suntsitzea eta, beste aldeek Ostiral Santuko Akordioak betetzen badute, behin-betiko gatazkaren amaiera aldarrikatzea. Sinn Feinek laster erantzun dio esanaz IRAk argi utzi duela bere borondatea zein den. Behin eta berriro ematen den kontua da, aurrera egiteko aukera handiak direnean unionismoak unean bertan bete ezineko baldintzak jartzen dizkio IRAri eta Blairrek egoera hori baliatzen du soka tenkatzeko. Maiatzean hauteskunde horiek egitea lortuko ez balitz, bake prozesuaren egoera asko okertu litekeela pentsatzen da.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan