TORTURAREN IZURRIA ETA ERTZAINTZAREN ZEREGINA
Txema Matanzas
Espainiako legediak baimentzen duen inkomunikazioaren desegokiaz zalantza gutxi dagoela egiaztatu ahal izan da azken hilabeteotan. Nazio Batuen Torturaren Aurkako Batzordea (CAT), Nazio Batuek tortura eta bestelako tratu anker zein laidogarrien aurkako Errelatorea, Amnisty International, Europako Kontseiluaren Torturaren Saihesteko Batzordea (CPT), EAEko Arartekoa bera, Euskal Herriko TAT, denak, giza eskubideetaz eta zehazki fenomeno zehatz honetaz arduratzen diren denak agertu dira salbuespen neurri horien aurka, euren desagertzearen alde. Talde horiek aurkeztu dituzten txostenak, urtekariak eta dossierrek izurri honen frogak jarri dituzte mahai gainean eta beronekin bukatzeko aldi baterako proposamenak egin dituzte. Inkomunikazioa desagertu behar da, tortura praktikagarria izan dadin aukera ematen baitu. Bai, borondate politikorik gabe inkomunikazioak ez lituzke tratu txarrak derrigor ekarri behar. Baina, inkomunikaziorik gabe tortura ia bideraezina izanen litzateke. Edo, behintzat, ez litzateke zigorrik gabe geratuko.
BESTALDETIK, iazko azaroan argi adierazi zuten Eusko Jaurlaritzako agintariek eurak ere inkomunikazioa desagertzearen alde edota talde hauek guztiek proposatzen dituzten neurri konpontzaileak abian jartzearen aldekoak direla. Haratago joan da EA bera berriki, Madrilgo Kongresuan legedi berezi hau baliorik gabe geratu dadin proposamena aurkeztuz.
«Euskaldunon Egunkaria»ren kasuak adierazi du gardenkien, ordea, zein egoeratan gauden euskaldunok kontu honekin. Torturen salaketei euskaldun gehienok sinesgarritasuna ematen diogun bitartean Espainiako agintariek hanka artetik pasatzen dituzte gure mina, sumindura eta haserrea, torturatuak izan direnak auzipetzen dituzte eta, areago, ohiko estilo koldarraz, torturatuetaz trufatu egiten dira (txipiroiak eta abarren txiste merkeak). Bistakoa da, egoera orokorra goitik behera aldatzen ez den bitartean euskaldunok ezin izanen dugula gaurko egoera saihestu. Espainol poliziek euskal lurrera etorri, euskaldunok atxilo hartu, euren kasernetera eraman eta lasaitasun handiz torturatu ahal izanen dituzte. Hori ekiditeko, nonbait, indar nahikorik ez dugu.
Baina, badago egon gaurdanik ekiditen ahal dugun zerbait: euskal polizia batek euskal hiritar bat torturatu edo berari tratu eskasa, legez aurkakoa, desegokia, txarra edo basatia eman diezaiola. Bai, badakit askok ez duela sinesten Ertzaintzak hori egiten duenik. Beste batzuek argudiatuko dute inoiz joaten ahal zaiela eskua, baina, «torturatu» ez dutela «torturatzen». Beste batzuek ez dute espainol polizia eta euskal polizien arteko ezberdintasunik igartzen. Tira. Kontua da ertzainek ereduzko jokaera dutela sinesten dutenak zein ertzainei horrelako jarrerak leporatzen dizkietenak, denak gaudela objektiboki zalantza bera desager dadin interesaturik. Euskaldunon arteko talka Madrilek betiko indarrez bilatzen duen honetan, zergatik ez dugu Ertzaintza zirimola horretatik ateratzen? Ez al geundeke guztiok hobeki gai honen inguruan erabateko konbikziorik balego? «Atxilotugarrien arrisku-talde»ko kideek euren eskubideak errespetatuak izanen direla jakinen lukete. Eta euskal polizia honekin harro sentitzen direnek ingelesek bobby-ei begiratzen omen dieten harrotasunaz begiratzen ahal izanen liekete (Ertzaintza jaio zenean izan genuen eta gero zimeldu den amets hura berreskuratuz). Gure gizartean, gutxienez gure esku dagoenean, atxilotuei ematen zaien tratua makularik gabea dela duda izpirik ez egotea, ez al litzateke guztiontzako gauza ona?
MADRILEK egiten duenaren aurrean gure burua behar den bezala defendatzeko, antza, denbora hobeen zain itxaron beharko dugu. Baina gure esku dagoena, deus ere kostatzen ez zaiguna -kontuan har dezagun inkomunikazioa ez dela legeak behartzen duen zerbait. Hautazkoa da. Nahi izanez gero erabiltzen da, eta nahi izanez gero ez da erabiltzen, eta ez da deus ere gertatzen-, zergatik ez hasi berehala egiten? EA, EAJ eta IU-EBren teilatuan dago pilota. Atera dezatela Ertzaintza eurek sartuta daukaten ataka horretatik.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.